82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, Lanbide Heziketako goi mailako tituludunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten duena. Beka Turismo Zuzendaritza Nagusian aritzeko da (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua).

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen. Diru-laguntzak emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Turismo Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Lanbide Heziketako goi mailako tituludunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea; beka hori Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuan aritzeko da, eta haren xedea da bekadunen prestakuntza akademikoa osatzea ezagutza espezializatuekin eta esperientzia praktikoarekin, administrazio publikoen nahiz enpresa pribatuen eskaerei aurre egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Deialdia onestea, Administrazio eta Kudeaketa arloko edo balio bereko Lanbide Heziketako goi mailako tituludunentzako prestakuntza beka bat emateko. Beka Turismo Zuzendaritza Nagusian aritzeko da (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua).

2. Prestakuntza bekaren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

8.179,96

G/A10001/4800/432300: praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak

2011

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 9an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

TURISMO ZUZENDARITZA NAGUSIKO TURISMOKO PRODUKTUAK ANTOLATU ETA GARATZEKO ZERBITZURAKO LANBIDE HEZIKETAKO ADMINISTRAZIO ETA KUDEAKETAKO EDO ANTZEKO ARLO BATEKO GOI MAILAKO TITULUDUNENTZAKO PRESTAKUNTZA BEKA BAT EMATEKO DEIALDIAREN
OINARRI ARAUTZAILEAK

1.-Sorrera.

Turismo Zuzendaritza Nagusian prestakuntza beka bat sortu da Administrazio eta Finantzen arloko edo Idazkaritza arloko goi mailako teknikarientzat, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuan aritzeko.

2.-Iraupena.

Prestakuntza beken iraunaldia beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasiko da, eta 2011ko abenduaren 31n bukatuko. Zernahi dela, luzatzen ahalko da, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskatuz gero, gehienez hamabi hilabeteko epeetarako; hasierako prestakuntzaldiak eta luzapenek hiru urte hartuko dituzte gehienez, denak batuta.

3.-Diru-zuzkidura.

Prestakuntza bekaren zuzkidura 908,52 eurokoa da hilean. Diru hori edo, hala behar izanez gero, dagokion zati proportzionala hilabetea bukatutakoan ordainduko da.

Bekaren iraupena luzatuz gero, diru kopurua eguneratu eginen da, KPIak Nafarroan duen urteko aldaketa aplikatuz.

4.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza beka hartzen ahalko dute, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Administrazio eta Kudeaketa arloko Lanbide Heziketako goi mailako titulu ofiziala edo balio bera duen beste bat edukitzea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua, lehenengo oinarrian ezarrita dagoen bezala.

f) Eskatutako titulua deialdi honen aurreko hiru urtean eskuratu izana.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

5.-Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea.

Beka deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogei egun naturaleko epean eskatzen ahal da.

Eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoarekin. Identifikatzeko, ziurtapen digitala beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 guneak ditu haien esku, Iruñeko Orreaga etorbideko 11n eta Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Haietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtapen digitala izatea.

Behar bezala betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabide-orria, lortu nahi duen beka adierazten duena.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Curriculum vitaea, ondokoak adieraziz: egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, informatikako ezagupenak eta aipatu nahi dituen gainerako merezimenduak. Dena ziurtagirien bidez erakutsi beharko da, baloratzeko.

e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu ziren espresuki aipatuta.

f) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatuak.

Eskatzen den dokumentazio guztia bide telematikoaz tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

6.-Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio Batzordea prestakuntza bekaren eskatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeaz, alegatzen dituzten merezimenduak baloratzeaz eta ebazpen proposamena egiteaz arduratuko da eta kide hauek osatuko dute: Fermín Villanueva Ferreras jauna, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria, mahaiburu gisa; Enrique Jaurrieta jauna, Antolamendu Ataleko burua eta Margarita Cueli Erice andrea, Turismo Produktuen Garapenerako eta Kalitaterako Ataleko burua, idazkari gisa.

7.-Eskaeren ebaluazioa.

Eskatzaileek alegatutako merezimenduak ondorengo baremoaren arabera baloratuko dira:

a) Ikasketa espedientea: 5 puntu gehienez.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: 2 puntu gehienez.

c) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: 2 puntu gehienez.

d) Hizkuntzak: puntu 1 gehienez.

e) Informatikaz jakitea: 2 puntu gehienez.

8.-Bekak ematea.

Beka Turismoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onartuko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen zehatzik jakinarazi edo argitaratu gabe bukaturik, eskaerak administrazioaren isiltasunez ezetsi direla ulertuko da.

Ebazpenean beka eskuratuko duen eskatzailearen zerrenda jasoko da eta espresuki agerraraziko da, halakorik izanez gero, zein eskaerari esan zaion ezetz, eskatzaile horien izenak eta emandako puntuazioak adierazirik.

Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta jendaurrean jarriko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña) eta deiladiaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/

9.-Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak hamar eguneko epean hasi beharko du lanean, emateko ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez diren.

Jarduerak hasten direnean, eta Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzeko.

Edozein arrazoi dela-eta emandako bekari uko eginez gero, ukoa idatziz jakinarazi beharko zaio Turismo Zuzendaritza Nagusiari (Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzua), gutxienez ere jarduerak eten baino hamabost egun natural lehenago. Uko eginez gero, zilegi izanen da beka hori Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

10.-Jarduerak.

Bekaduna Turismo Zuzendaritza Nagusian arituko da lanean, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratuta. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Bekadunek, astero, gehienez 30 ordu emanen dituzte lanean eta bekaldiko hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen dute.

11.-Bekadunaren betebeharrak eta eskubideak.

Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako betebehar eta eskubideak izanen dituzte.

12.-Bateraezintasuna.

Prestakuntza beka bateraezina da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

13.-Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

14.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1105793