82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO MERKATARITZAKO 1. EPAITEGIA

Ediktua. 72/2009 prozedura

Aditzera ematen da 72/2009 borondatezko konkurtsoaren prozedura bideratzen ari dela epaitegi honetan, eta hitzez hitz hauxe dioen enkante ediktua eman dela:

Ediktua:

Resurrección Ganuza Jacoistik, Iruñeko Merkataritzako 1. Epaitegiko idazkariak,

Aditzera ematen dut: organo judizial honetan Kataforesis Recind, S.A. enpresaren 72/2009 konkurtso arruntaren autoak bideratzen ari dira. Haietan erabaki da ediktu honen atal nagusian azaltzen diren ondasun higiezinen eta higigarrien enkante publikoa egitea. Ekoizpen unitate bat osatzen dute, eta inbentarioan ondasun higiezinak 3.553.708 euroko balioa du eta higigarriek 634.500 eurokoa, 4.188.208 euro guztira. Halaxe adierazten da, ekitaldia Merkataritzako 1. Epaitegian egin dadin, bi mila eta hamaikaiko maiatzaren hogeita seian, bederatzi eta erdietan, baldintza hauei jarraikiz:

Lehenbizikoa.-Posturak egiteko baldintzak.

Enkantean parte hartzeko, lizitatzaileek beren nortasuna frogatu beharko dute. Enkantearen baldintzak ezagutzen dituztela aitortu beharko dute. Epaitegi honek Baneston duen gordailu eta kontsignazioen kontuan, 3188000052007209 zenbakidunean, 225.000 euro sartu izanaren gordekina aurkeztea, edo, bestela, diru kopuru hori adinako banku-abala jarri izanarena (gordailu hori osorik edo partez hirugarren batengandik jasotako diruarekin egiten bada, halaxe adierazi beharko da diru-sarreraren gordekinean).

Bigarrena.-Idatzizko posturak.

Idatzizko posturak enkantea iragartzen denetik hura hasi arte egin daitezke. Gutun-azal itxietan aurkeztuko dira, lehenago adierazitako baldintzetan. Gutun-azalak enkantearen hasieran irekiko dira. Gutun-azaletako posturak jendaurrean eginen dira, besteekin batera, eta ahoz egiten direnen ondorio berberak izanen dituzte (PZLaren 648. artikulua).

Hirugarrena.-Titulazioa eta zamak.

Enkantean parte hartzeak berarekin dakar posturagileek autoetan agertzen den titulazioa askitzat hartzea edo, hala bada, titulaziorik ez dagoela onartzea.

Erregistroko ziurtagiriak eta, hala badagokio, ondasunen titulazioa epaitegiko idazkaritzan daude ikusgai (PZLaren 668. eta 669.2 artikuluak).

Ondasunak oraingo egoeran besterentzen dira. Interesdunek egoera hori egiazta dezakete dauden lekura joanez (Altsasuko Ondarria industrialdea, 12. eta 13. lurzatiak), gero azalduko den moduan.

Laugarrena.-Lizitatzaileak.

Behin betiko zerrendan kredituak onartzen zaizkien hartzekodunak, barnean direla enkantean den ondasunaren gainean lehentasun berezia aitorturik dutenak, hirugarrentzat joko dira ondorio guztietarako eta ez zaie aplikatuko Prozedura Zibilari buruzko Legearen 647. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoa.

Dena dela, esleipen-hartzaileak betearazpenpeko ondasunaren gaineko lehentasun berezirik baldin badu, behin errematea onetsirik, kontsignatu beharreko azkeneko kantitatearen kalkulua egin dezakete administratzaileek, ikusirik haren lehentasuna, enkantean ateratako ondasunaren gainean dauden gainerako lehentasunak eta enkantean parte hartzeko jarritako kantitatea. Administratzaileek likidazio hori egin ondoren, hartzaileak, kasua bada, kendura kontsignatu beharko du likidazioa jakinarazi eta 20 eguneko epean.

Bosgarrena.-Errematea onesteko baldintzak, onartzen diren posturak.

1.-Ez da onartuko 450.000 eurotik (laurehun eta berrogeita hamar mila euro) beherako posturarik.

2.-Enkantean eskainitako posturarik onena tasazio-balioaren %50 baino gehiago bada, errematea onartu eginen da. Posturarik onena, aurreko lerroaldean adierazitako minimoa adinakoa edo handiagoa izanik, ondasunen tasazio-balioaren %50 baino txikiagoa bada, posturarik onenaren aldeko errematea onetsiko da baldin eta likidatzaileek ez badute postura hori hobetzen duen hirugarrenik aurkezten 5 eguneko epean, tasazio-balioaren %50 dena gutxienez. Ez da onartuko portzentaje horretatik beherako hobekuntzarik.

3.-Errematea onetsirik, esleipen-hartzaileak, ondoko 20 egunean, jarritakoaren eta errematearen guztizko prezioaren arteko kendura kontsignatu beharko du.

Seigarrena.-Errematearen prezioaren banaketa ondasun higiezinaren eta gainerako ondasunen artean.

Ikusirik enkantea lote bakarrean dela, ondasun higiezina lehentasun bereziko kredituetara loturik dagoenez, errematearen prezioaren banaketa egin beharko da ondasun higiezinaren eta gainerako ondasun higigarrien artean.

Konkurtsopekoaren ondasun eta eskubideen inbentarioan ondasun horiek duten balioaren proportzioan egin beharko da banaketa hori, halako moduz non, azalpeneko lehen puntuan azaldu bezala, errematearen preziotik higiezinari dagokio %84,85, eta gainerako ondasunei, zeinak ez baitaude loturik lehentasun orokorreko kredituei, gainerako %15,15a.

Zazpigarrena.-Zergak eta beste gastu batzuk.

Enkanteko ondasunen salmenta zergapean badago, erosleak ordainduko ditu zergak, eta eragiketak BEZa baldin badu erosleak ordaindu beharko du zerga hori, errematearen prezioarekin batera.

Nolanahi ere, ondasun higigarriei dagokien errematearen zatia BEZari loturik dago.

Gainera, alderdi esleipen-hartzaileak hala nahi badu, enkantearen ekitaldian bertan aipatu beharko da BEZaren salbuespenari uko egiten zaiola. Kasu horretan, errematearen prezioan ondasun higiezinari dagokion zatia ere zerga horri loturik egonen da; hortaz, esleipen-hartzaileak, errematearen guztizko prezioaz gain, BEZaren zenbateko osoa ordaindu beharko du, %18ko tasan (edo esleipenaren unean indarrean den tasan).

Halaber, esleipen-hartzailearen kargura izanen dira Erregistroan erabat inskribatu arte ondasunen eskualdaketan sor daitezkeen era guztietako gastuak, esaterako eskritura publikoaren gastuak (bai beharrezkoa denean bai esleipen-hartzaileak eskaturik egiten denean), jabetza erregistroan inskribatzearen gastuak, lurren balioa handitzearen gaineko zergaren edo udal gainbalioaren ordainketa eta era guztietako zergen ordainketa, direla probintziakoak, udalekoak nahiz finkak dituen bestelakoak, bai esleipenaren aurretik sorrarazi eta ordaindu gabe daudenak, bai ondokoak, baita sor litekeen beste edozein gastu ere. Konkurtsopekoari ezin zaio berreskaerarik egin inolako kantitateren ordainketa dela-eta.

Zortzigarrena.-Posturak egin ahal izateko gordailuen xedea.

Errematea onetsita, posturagileei jarritako dirua itzuliko zaie, posturagile onenari izan ezik. Gainerako posturagileek eskatzen ahalko dute bakoitzak jarritako dirua epaitegiaren esku gelditzea, erremategileak gainerako dirua ordaindu ezean haren ondotik daudenen aldeko errematea onets dadin, egindako posturen arabera. (PZLaren 652. artikulua).

Bederatzigarrena.-Enkantearen porrota.

Erremategileak falta den dirua ezarritako epean ordaintzen ez badu edo bere erruagatik salmenta ondoriorik gabe gelditzen bada, egindako gordailua galduko du (PZLaren 653. artikulua).

Hamargarrena.-Kargak ezereztea.

Ondasuna esleiturik, konkurtsoa deklaratu aurreko karga guztiak ezerezteko agindua emanen da, baita gerokoak ezerezteko ere, PLZaren 674.2 artikuluan eta likidazio planean ezarritakoarekin bat.

Hamaikagarrena.-Nabera eta instalazioetara joatea.

Enkantean atera beharreko ondasunak "Kataforesis Recind, S.A." konkurtsopekoaren egoitza sozialean daude, Altsasuko (Nafarroa) Ondarria industrialdeko 12. eta 13. lurzatietan. Enkantean parte hartzeko interesa dutenek bisita egin dezakete enkantearen xede diren nabera, instalazioetara eta ondasunetara, aurretik telefonoz hitzordua jarriz konkurtsoko administratzaileekin honako telefono zenbakien edo helbide elektronikoen bidez: Isabel Ezponda: 948-25.34.50 isabel@ezpondaabogados.com; Javier Flamarique 948-24.71.29 jflamarique@terra.es, eta Félix Ruiz Marfany 948-246678 fjruiz@micap.es, enkantea egin baino bi egun lehenago arte.

Hamabigarrena.-Beste baldintza batzuk.

Esleipen-hartzaileei ohartarazten zaie enkantean esleitzen diren informazioa prozesatzeko ekipamenduak eman aurretik barnean dituzten datuak ezabatu behar direla. Datuak ezabatu direla ziurtatzeko legezko gaikuntza duen enpresa batek eginen du lan hori, eskuratzailearen kargura. Eskuratzaileak nahiago badu, esleitutako ondasunetatik halako ekipamenduak kenduko zaizkio, eta txatarra bihurtuko dira, edo konkurtsoko administratzaileek egokitzat jotzen dutena eginen da.

Lote bakarra diren eta enkantearen xede diren ondasunak:

1.-Altsasuko (Nafarroa) 4.067. finka, Iruñeko 8. Jabetza Erregistroan inskribatua (3.183 liburukia, 102. liburua, 174. orria), honako ondasun higiezinari dagokiona:

11.240 metro koadroko lurra eta hartan eraikitako industriarako nabea, 4.758,54 metro koadrokoa (jabetza erregistroaren arabera).

2.-Makina multzoa, ekipamendu lagungarriak, instalazio orokorrak, altzariak eta informazioa prozesatzeko ekipamenduak. Xehetasunak interesdunen eskura daude epaitegian, edo konkurtsoko administrazioaren bidez.

Iruñean, 2011ko apirilaren 15ean.

Idazkaria.

Eta enkantea jendaurrean iragartzeko balio izan dezan, hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2011ko apirilaren 15ean.-Idazkari judiziala, Resurrección Ganuza Jacoisti.

Iragarkiaren kodea: J1107353