82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

105/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunak prestatzeko beka bat emateko deialdia onesten duena, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea eta hura emateko deialdia egitea, Soziologiako lizentziadunak eraginkortasunez prestatzen laguntzeko, ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa emateko, arlo publikoan zein enpresa pribatuan dagoen eskariari erantzun ahal izateko.

Espedienteko txosten teknikoak eta juridikoak adierazten dute, hurrenez hurren, prestakuntza beka emateak dakarren aukera eta gizartean duen interesa, eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriok foru agindu honen I. eranskinean daude.

2. 2011rako 8.640,00 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza beketarako transferentziak" izeneko 950001 92200 4809 231500 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari, Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari, Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuari eta Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zerbitzuari.

Iruñean, 2011ko martxoaren 25ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian Aritzeko prestakuntza beka baten deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Deialdiaren xedea da Soziologiako lizentziadunentzako prestakuntza beka baten emakida ezartzea, norgehiagokako araubidean.

Beka hori Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko da.

Deialdiaren helburua da Soziologiako lizentziadunen prestakuntza sustatzea, ezagutza zuzenagoa eskura dezaten Nafarroako Gobernuak eta gainerako autonomiek familiaren eta adingabeen arloan gauzatzen dituzten politiken gainean, bai eta arlo horretan Estatu zein Europa mailan dauden politiken gainean ere.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetako zenbatekoa, 2011rako, 8.640,00 eurokoa da, eta 2011ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza beketarako transferentziak" izeneko 950001 92200 4809 231500 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

3. Tutoretza.

Lanak bi tutorek zuzendu eta gainbegiratuko dituzte: Familiaren Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak eta Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuko zuzendariak, edo, bestela, haien ordezkoek. Egin beharreko lanak aginduko dituzte tutoreek, ordutegiak finkatuko dituzte eta bekadunak bere eginbeharrak betetzen dituen begiratuko dute.

4. Iraupena.

Bekaren iraupena 2011ko maiatzaren 1etik, edo emateko ebazpenean finkatzen den egunetik, hori ostekoa balitz, 2011ko abenduaren 31 artekoa izanen da.

Beka hiru urte egin arte luzatzen ahalko da gehienez, hasierako aldia eta luzapenak barne. Beka luzatu ahal izateko, tutoreek aldez aurretik eskatu beharko dute.

5. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka 12.960,00 eurokoa izanen da, urtebeterako. Hilero ordainduko da, 1.080,00 euro gordin edo dagokion zati proportzionala hilean, hala badagokio, urteko berrikuspena kontuan hartu gabe, betiere aurrekontuan horretarako diru erabilgarria badago.

6. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

7. Eskatzaileen betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko Estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin bat.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua eta deialdia argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortua.

f) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

8. Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, behar bezala dokumentatutako merezimenduak baloratuko dira, baremo honen arabera:

a) Ikasketa espedientea.

Espedientearen batez besteko nota 35 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:

BATEZ BESTEKO NOTA

PUNTUAK

7tik behera

15

7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa

20

9 edo 9tik gorakoa

30

9 edo 9tik gorakoa eta "Ohorezko matrikularen" aipamena

35

Atal hau baloratu ahal izateko, unibertsitateak luzatutako noten ziurtagiria aurkeztu beharko da eta, bertan, batez besteko nota berariaz aipatu.

b) Informatika jakitea.

2 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 10 puntu egin arte.

c) Ingelesez eta frantsesez jakitea.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako ziurtagiriak izatea 10 puntu bitarte baloratuko da (5 puntu hizkuntza bakoitzeko), eskala honen arabera:

HEOko IKASMAILA

MAILA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

1.

1

2.

Oinarrizkoa

A2

2

3.

Erdikoa

B1

3

4.

4

5.

Aurreratua

B2

5

Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeen kasuan, ziurtagirian berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zeinen baliokide diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.

d) Familiei laguntzeko politika eta baliabideekin eta adingabe zein nerabeak sustatu, lagundu eta babesteko programekin lotutako prestakuntza ikastaroak.

Puntu bat emanen da hamar ikastorduko, gehienez ere 20 puntu egin arte. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

e) Eskatutako titulazioarekin lotutako beste prestakuntza ikastaro batzuk: 5 puntu gehienez. Alegatzen den ikastaroaren 10 orduko, puntu bat.

f) Lan esperientzia, praktikak edo lankidetza eskuzabala, familiari eta/edo adingabeei lotutako gaiekin lan egiten duten erakunde edo elkarteetan. 0,25 puntu emanen dira bi hilabeteko, gehienez ere 10 puntu egin arte. Bi hilabetetik gorako aldiak baloratuko dira.

g) Buruz buruko elkarrizketa. 10 puntu emanen dira, kontuan hartuta motibazioa, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta bestelako gizarte gaitasunak.

9. Eskabideak.

9.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan, Iruñeko González Tablas kaleko 7an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 20 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaeretan gutun-azalak zabalik egon beharko du, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen.

9.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Prestakuntza bekaren eskabidea, foru agindu honen II. eranskinean agertzen den eredu normalizatuari jarraikiz.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak eta dagozkien frogagiriak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioa eta ikasketa espedientearen batez besteko nota berariaz agertzen dituena. Batez besteko nota irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarri bezala kalkulatuko da; izan ere, dekretu horren bidez kredituen Europako sistema eta kalifikazioen sistema ezarri baitziren, Espainia osoan balio duten unibertsitateko titulazio ofizialetarako.

d) Izangaiak dituen tituluen eta alegatutako prestakuntza ikastaroen fotokopia konpultsatuak.

e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Nafarroako erroldatze agiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Alegatutako gainerako merezimenduak (jatorrizko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira).

h) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

9.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzendu.

9.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

10. Ebaluazio batzordeen osaera eta bekak emateko prozedura.

10.1. Ebaluazio batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Ana Isabel Lete Laurenz andrea, Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Epaimahaikidea: Laura Onieva Larrea andrea, Familiaren Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Idazkaria: María José Baquero Quintana andrea, Familiaren Ataleko burua.

10.2. Prozedura ofizioz hasiko da, behin eskaerak aurkezteko epea amaituta.

10.3. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, eskatzaileek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txostena prestatuko du. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

10.4. Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera dagokien izangaiei beka emateko proposamena eginen du eta haien zerrenda jendaurrean paratuko.

10.5. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da beka, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena Nafarroako atarian jarriko da, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Orobat, beka jaso duen eskatzailearen izen-abizenak jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

Ebazpena hautapen prozesuan onartzen diren eskatzaileei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

11. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabetean, egindako prestakuntza jardueraren amaierako memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Tutorea/turoreak adostasuna eman beharko dio/diote memoriari eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du/dute.

12. Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Eman den bekaren gainean organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jasotako bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez, organo eskudunari jakinaraztea hartutako bekari berariaz uko egiten diola.

g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorio diren argitalpen guztietan bekadun dela adieraztea.

h) Prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen eta jarduerak egiteko erabili dituen datu pertsonalen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez dituen ikusten ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Bekari uko eginez gero, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren lokaletan ariko da, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

15. Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo beretzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. Ez-betetzeak.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Azken memoria ez aurkeztea eta/edo tutoreen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntzarik.

19. Errekurtsoak.

19.1. Foru agindu honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

19.2. Foru agindu honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1105866