82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

100/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2011. urtean Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa duten Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 16.3 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, kontsumo gaietan eskumena duen departamentuaren bidez, kontsumitzaileei informazioa emateko bulegoen lana koordinatuko duela eta haien ezarpenerako eta funtzionamendurako laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen duela.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da beste deialdi bat onestea, kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazio, prestakuntza eta aholkularitza zerbitzuak ematen dizkieten udal bulego guztiak barnean hartu ahal izateko. Deialdi honetan jendeari arreta emateko ordutegi zabalagoa eskaintzen duten eta biztanle gehiagori zerbitzu ematen dieten eta, beraz, estaldura handiagoa eskaintzen duten toki entitateak lehenetsiko dira.

Horrenbestez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2011. urtean Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa duten Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak foru agindu honen eranskinean jaso dira.

2. 86.520 euroko gastua baimentzea gehienez, 2011ko Aurrekontu Orokorretako "Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko jarduerak" izeneko 951001 92410 4609 492300 kontu-sailaren kargura, foru agindu honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontu Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 22an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2011. urtean Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa duten Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak ematea kontsumitzaileentzako argibideetarako bulegoak izan ditzaten, 2011. urtean horien oinarrizko eginkizunak doan eskaintzeko.

2. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntza ez da izanen Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa (aurrerantzean KAUB) aurrera eramateko toki entitateek eskaeran adierazitako aurrekontuaren %50 baino handiagoa.

2. Toki entitateek beren funtsekin berdindu beharko dute falta den dirua.

3. oinarria. Toki entitate onuradunen betebeharrak.

Nafarroako toki entitateek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen aldeko jarduerak egin beharko dituzte, doan, jendearentzat irekita dagoen Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulego baten bidez. Bulegoak urtean hogeita hamahiru orduz gutxienez eskainiko ditu zerbitzuak eta egoitza udalaren lokal batean izanen du.

4. oinarria. Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Toki entitateak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen alde egiten duen jarduera hau izanen da diru-laguntzaren xede: Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa ezartzea eta martxan jartzea. Haren funtzioak Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 17. artikuluan zehazten dira.

5. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak entitateko alkate udalburuak sinatuko ditu, eta deialdia argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztuko dira.

Parte hartu nahi duten toki entitateek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Erregistroan (González Tablas, zk.g.) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietakoren batean aurkeztuko dituzte eskaerak.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena eta eguna jarriz. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, 3. oinarrian ezarritakoarekin bat, honakoa adieraziko duena:

-Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa non jarriko den, helbide osoa adieraziz.

-Jendeari arreta emateko aurreikusitako ordutegia, hilabeteko egunak eta orduak zehaztuta eta urteko ordu guztien kopurua adierazita.

-2011. urterako gastuen aurrekontu zehaztua.

b) Hala behar izanez gero, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko eskaera.

c) Jardueren garapenean aurreikusitako ingurumen arloko zehaztapenak.

d) Toki entitateak garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein egoera.

3. Bai aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, bai Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoaren funtzionamenduari dagokionez, paperaren neurrizko erabilera bultzatzeko ingurumen arloko jardunbide egokiak kontuan hartu beharko dira, konparazio batera, paper birziklatua eta klororik gabe zuritutako papera erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu eta fotokopiatzea.

6. oinarria. Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpideak.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Hala ere, aurrekontuetako dirua aski ez bada, diru-laguntzaren gehieneko zenbateko osoa onuradunenen artean hainbanatuko da.

2. Estatistikako Institutu Nazionalak bi mila eta hamaikako urtarrilaren batean emandako azken datuen arabera udalerrian dauden biztanle eskubidedunak hartuko dira kontuan diru-laguntza onuradunen artean hainbanatzeko irizpide gisa.

Halaber, herritarrei urtean bostehun ordutik gorako zerbitzua eskaintzen dien Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoak diru-laguntzaren zenbatekoaren %25 gehiago jasoko du. Eskainitako zerbitzua mila ordutik gorakoa bada, %50 gehiago jasoko du.

7. oinarria. Balorazio batzordea eta ebazteko eskumena duen organoa.

1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.

-Kontsumo Ataleko burua.

-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak izendatutako teknikari bat.

2. Batzorde horrek organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela eta bakoitzari zer diru-kopuru dagokion.

3. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak du deialdia ebazteko eskumena.

4. Diru-laguntza emateko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez, eskaerak aurkeztu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

5. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzen onuradunak diren toki entitateek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, beste hauek ere bete beharko dituzte:

a) Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoak izatea, 2011. urtean horien oinarrizko funtzioak doan betetzen dituztenak.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzetan.

c) Kontsumo Zerbitzuak diru-laguntzaren xedeko jardueraren gainean egin beharreko egiaztapenak erraztea.

d) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarrita dauden betebeharrak betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri dira.

Hala, entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte, kasuen arabera:

-10.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten inbertsio, proiektu eta ekipamenduen kasuan, eraikinaren edo lokalaren sarbide nagusiko atean plaka bat jarri beharko da, "Nafarroako Gobernuak finantzatutako inbertsioa/proiektua/ekipamendua" testua erakusten duena, foru aginduaren I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

-Edozein motatako programak eta jarduerak finantzatzen direnean, entitate onuradunak luzatzen dituen agirietan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean, beti, programaren izena, diruz lagundutako jarduera edo/eta funtzionamendua dela eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala agertuko dira, "Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua" testuarekin batera. Horren neurriak eta zehaztapenak foru aginduaren II. eranskinean xedatutakoaren araberakoak izanen dira.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuliko da.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza jasotzeko eskaera eta frogagiriak aztertu ondoren, laguntzaren ebazpena emanen da. Diru-laguntzaren zenbatekoaren %25 aurreratu ahal izanen da, betiere entitateak frogatzen badu diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Aurrerakin hori diru-laguntza ebazten denean ordainduko da, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimenaren pean egonen da.

2. Toki entitateek, aukeran, diru-laguntza hein batean ordaintzeko eskatzen ahalko dute, justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu ondoren, Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoak urteko lehen seihilekoan egindako jardueraren proportzioan. Horretarako, seihilekoan zehar egindako jardueren memoria aurkeztu beharko dute aldez aurretik. Memoria hori Kontsumo Zerbitzuan aurkeztu beharko da 2011ko uztailaren 29ko 14:30a baino lehen.

Bigarren eta/edo azken ordainketan falta den zenbatekoa emanen da edo, kasuaren arabera, zenbateko osoa, frogagiriak aztertu ondoren. Frogagiriak Kontsumo Zerbitzuan aurkeztu beharko dira 2011ko abenduaren 30eko 14:30a baino lehen.

Bi kasuetan, justifikaziorako memoriak, toki entitatearen zigilua nahitaez edukiko duenak, honako hau jaso beharko du:

-Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoan aurkeztutako kontsulten, erreklamazioen, bitartekotzen eta salaketen zerrenda, jarduera sektorearen eta edukiaren arabera bereizita.

-Kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrei buruzko informazio kanpainak.

-Kontsumitzaileen prestakuntza maila areagotzeko programak.

Gainera, azken memoriarekin batera, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria aurkeztuko da. Haren bidez frogatuko da Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoaren jarduera finantzatzeko jasotako diru-sarrerak ez direla izandako gastuak baino handiagoak izan.

10. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdiko diru-laguntza bateragarria da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek edo norbanakoek xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Dena dela, bestelako diru-laguntzak jaso ondoren Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoaren funtzionamenduak sortutako gastuen zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.

11. oinarria. Errekurtsoak.

Toki entitateek deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek aplikatzeko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. oinarria. Zabalkundea eta publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu emandako diru-laguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

13. oinarria. Araudi osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1105869