82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Baztango udal esparruan euskararen erabilera
eta sustapena arautzen dituen ordenantza

Baztango Udalak, 2010eko ekainaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2010eko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 20an, eta jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoan, bidezko da ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldaturiko hartan, xedatuarekin bat.

Baztanen, 2011ko martxoaren 14an.-Jarduneko alkatea, Santiago Aldaco Aleman.

SARRERA

Historikoki euskara Baztango berezko hizkuntza izan da eta egun ere baztandar gehienen ama hizkuntza eta ohiko erabilera hizkuntza da.

Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoak, bere bortzgarren artikuluan, Baztan ere sartu zuen euskara (gaztelaniarekin batera) ofiziala duten Nafarroako udalerrien artean.

Baztango Udalaren eta Batzar Orokorraren xedea da udaleko zerbitzu guztietan euskararen erabilera arautzea eta udalerrian euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta Baztanen nortasuna eta ondare kulturala babestu eta sendotzearren.

Xede hori dutela, Baztango Udalak eta Batzar Orokorrak euskararen erabilera bereziki begiratuko dute, hizkuntza horren alde jokatzeko irizpidean oinarriturik, udalerrian ofizialak diren bi hizkuntzetatik euskara baita, tokiko hizkuntza berezkoa izanda ere, hainbat gizarte esparrutan ahulena eta sustapen berezia behar duena, bertze hizkuntza ofizialaren egoerarekin berdinduko bada.

Baztango Udalak araudi hau prestatu du aipatu xedea erdiesteko tresna egokia izanen delakoan, eta, horren eraginkortasunaren mesederako, juridikoki ordenantza forma eman dio.

I.-Aplikazio esparrua.

1. artikulua. Ordenantza hau Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio eta bulego guztietan aplikatuko da, bai berak kudeatuak izan, nola bertze hirugarren batek kudeatzeko esleituak izan.

II.-Hizkuntzaren erabilera orokorra.

2. artikulua. Baztango Udalak eta Batzar Orokorrak oro har, euskara erabiliko dute, ahoz zein idatziz, bere barneko jarduera administratiboetan nola bere harremanetan, ondoko artikuluek ezarritakoaren arabera.

III.-Barne erabilera.

3. artikulua. Izaera administratiboko barne prozedurak euskaraz edota ele bitan eginen dira, euskarari lehentasuna emanez.

4. artikulua. Itzulpenak egitea langile bakoitzaren eginkizuna da. Hori errazteko, administrazio prozeduran erabiltzen diren idazkien eredu normalizatuak prestatuko dira.

4.1. Bi hizkuntzen trataera orekatuaren alde, itzulpen sistematikoa erabili ordez, lehentasunezkoa izanen da hizkuntza ofizial bakoitzean zuzenean eta jatorriz idatzitako testuak sortzen ahalegintzea.

4.2. Baztango Udalaren menpeko organoek erabiltzen dituzten inprimakiak euskaraz edo ele bietan eginen dira.

5. artikulua. Euskara lehentasunez erabiliko da Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio zein bulegoetako errotulu eta seinaleetan, paperen idazpuruetan, gomazko zigiluetan, tinbre zigilatu edo antzeko elementuetan; ibilgailu, lan-tresna, edukiontzi, hesi eta parkimetroetan; baita langileen uniformeak identifikatzeko hitzetan eta gisa bereko bertzelako ezaugarri guztietan ere.

6. artikulua. Programa informatikoek eta Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio zein bulegoetan erabiltzeko eskuratzen den material orok, euskaraz eta gaztelaniaz funtzionatzeko egokituta egon behar dute, bai eta bakoitzaren eskuliburuak ere.

6.1. Euskarazko bertsioa txukuna eta erabilgarria izanen da, ez gaztelaniazkoaren egokitzapen hutsa. Eta, beharrezkoa izanez gero, euskara teknikariak gainbegiratuko ditu bi bertsioak, egokiak eta ulergarriak izan daitezen.

6.2. artikulua. Ordenagailuetan euskarazko bertsioa lehenetsiko da (sistema eragilea eta gainerako softwarea).

7. artikulua. Internet eta intranet sareak.

7.1. artikulua. Baztango Udalaren ardurapean diren Internet eta intranet sareetako edukiak, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzeko moduan egonen dira.

7.2. artikulua. Udalaren webgune(eta)ra sartzean, euskarazko bertsioa agertuko da lehenbizi, eta orri horretan bertan egonen da gaztelania eta gainerako hizkuntzak hautatzeko aukera, horrelakorik badago.

7.3. artikulua. Internet eta intranet sareen bidez izapideak egiteko aukera ematen denean, izapide horiek euskaraz eta gaztelaniaz egiteko moduan egonen dira.

7.4. artikulua. Udaleko zerbitzuen helbide elektronikoek euskarazko izena izanen dute.

IV.-Erakunde publikoekiko harremanak.

8. artikulua. Baztango Udalak euskaraz edo ele bietan idatziko du, betiere euskarari lehentasuna emanez, euskara ofiziala den lur eremuetako administrazio publiko nahiz erakunde ofizial guztietara igorri edo zuzentzen duen dokumentazioa, Nafarroako Foru Komunitatekoak nola Nafarroatik kanpokoak izan.

9. artikulua. Baztango Udalak, oro har, ele bietan idatziko du, betiere euskarari lehentasuna emanez, euskara ofiziala ez den lur eremuetako administrazio publiko nahiz erakunde ofizial guztietara igorri edo zuzentzen duen dokumentazioa, Nafarroako Foru Komunitatekoak nola Nafarroatik kanpokoak izan.

10. artikulua. Baztango Udalak eskatuko du euskaraz edo ele bietan igor diezaiotela Nafarroako Foru Komunitatekoak nola Nafarroatik kanpokoak diren Administrazio Publiko nahiz erakunde ofizialetatik jasotzen duen dokumentazio guztia.

11. artikulua. Kanpotik bidalita, Baztango Udalak jasotzen dituen dokumentu guztiak ez dira bertzerik gabe itzuliko. Dokumentua aztertu eta bideratu behar duen pertsonak dokumentu hori ulertzeko hizkuntza gaitasunik ez duela egiztatzen denean, dokumentua laburturik emanen da eta, ezinbertzekoa dela ziurtatzen denean soilik, itzuliko da.

V.-Administratuekiko harremanak.

12. artikulua. Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio eta bulegoetako langileek eskuarki euskaraz eginen diete herritarrei ahozko agurra edota lehen harrera, buruz burukoa, telefono bidezkoa nola ikus-entzunezkoa izan. Hala ere, harrera euskaraz egin ondotik, herritarrek beraiek hautatu hizkuntza ofizialean jarraituko dute hortik aurrerakoan.

13. artikulua. Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio eta bulegoetan sortzen diren herritarrendako informazio oharretan, ahoz zein idatziz, megafoniazko mezuak barne, euskarari lehentasuna emanen zaio.

14. artikulua. Baztango Udalak udalerrian nahiz Euskal Herriko bertze edozein herritan bizi diren pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendutako komunikazioak, oro har, ele bietan eginen ditu. Baztango Udalarekin harremanak euskaraz bakarrik izan nahi dituztenei, Udalak eskubide hori bermatuko die.

15. artikulua. Edozein pertsona fisiko nahiz juridiko Baztango Udalari idatziz euskaraz zuzentzen bazaio, Udalak hizkuntza horretan erantzunen dio; eta gaztelaniaz zuzentzen zaionari, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz.

16. artikulua. Baztango Udalak inprimakiak euskaraz edo ele bietan eskainiko dizkie herritarrei, betiere euskarari lehentasuna emanez.

17. artikulua. Baztango Udalak onartuko ditu euskaraz nahiz gaztelaniaz bidaltzen zaizkion idatzizko komunikazio guztiak.

18. artikulua. Euskarri fisiko bereizietan eginen dira agiri, inprimaki, jakinarazpen eta komunikazioak; batzuk euskara hutsean eta besteak ele bietan.

VI.-Erakunde pribatuekiko zein hirugarren pertsonekiko harremanak.

19. artikulua. Baztango Udalak bertze hirugarrenei manatzen dizkien azterlanak, ikerketak, proiektuak edo antzeko lanak euskaraz edo ele bietan aurkeztuko dira, horiek pertsona fisiko nahiz juridikoak izan.

20. artikulua. Baztango Udalarentzat ari diren esleipendun eta emakidun enpresek, bai eta ustiapen mistokoek ere, ordenantza honek ezartzen dituen irizpideen arabera erabiliko dute euskara, eta horrelaxe jakinaraziko da zehatz-mehatz kontratuko agirietan.

21. artikulua. Udalerrian zerbitzuak emateko bertze erakunde publiko zein pribatuekin hitzartuak dituen hitzarmenetan, Baztango Udalak herritarrei bermatuko die haiek hautatzen duten hizkuntza ofizialean zerbitzua jasotzeko eskubidea, eta begiratuko du langileak elebidunak izan eta materialak ele bietan egon daitezen.

22. artikulua. Udalak izenpetzen dituen kontratazio agiriak, oro har, euskaraz edo hizkuntza bietan idatziko dira.

VII.-Ohar, argitalpen, iragarki, errotulazio eta jarduera publikoak.

23. artikulua. Baztango Udalaren menpeko erakunde edo zerbitzuen errotulazio, kartel edo afixa, ohar, eskuorri, berripaper edo bestelako argitalpenetan euskarari lehentasuna emanen zaio.

24. artikulua. Baztango Udalak eta haren menpeko erakunde eta zerbitzuek egiten dituzten bando, iragarki edo publizitate guztietan, hedabide idatzi, elektroniko nola ikus-entzunezkoetan, euskarari lehentasuna emanen zaio.

25. artikulua. Baztango Udalak antolatzen dituen prentsaurreko, agerraldi eta jendaurreko ekitaldietan, berak bakarrik antolaturik nola bertze erakunderen batekin batera eginik, euskara erabiliko du lehentasunez, ahozko komunikazioetan nola idatzizkoetan.

26. artikulua. Kargodunen jarduera publikoetan lehentasuna euskarari emanen zaio.

VIII.-Toponimia eta seinaleztapena.

27. artikulua. Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio eta bulegoetan udalerriko leku izen ofizialak erabiliko dira. Baztango udalerriko toponimia nagusia 16/1989 Foru Dekretuan, urtarrilaren 19koan, eta 1994ko apirilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako aldaketan jasota dago. Baztango udalerriko toponimia xehea 103/1995 Foru Dekretuan, maiatzaren 8koan, ezarrita dago.

28. artikulua.

28.1. Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio eta bulegoetan udalerriko karriken izen ofizialak erabiliko dira. Baztango udalerriko herrietako karriken izenek euskaraz izanen dute izendapen ofizial bakarra.

28.2. Karrika berriei izena emateko (edo izena aldatzeko), aldian-aldian, udalerriko herriek Baztango Udalari euren izendapen proposamena eginen diote, eta Udalak, bere eskumenen barnean, karrika berriaren izen ofiziala ezarriko du.

28.3. Baztango Udalak, udalerrian etxeen izenek historikoki izan duten ohiko erabileraz jabeturik eta Baztango ondasun kulturalaren zatia direla sinetsirik, udalerriko etxeen izenak bereziki begiratuko ditu, eta Baztango Udalaren menpeko zerbitzu, instalazio eta bulegoetan euskararen arau ortografikoei loturik idatziko dira.

28.4. Baztango Udalak udalerriko Karriken Izendegi Ofiziala onartuko du, eta horri loturik erabiliko dituzte Baztango Udalak eta bere menpeko zerbitzu guztiek udalerriko karriken izenak.

29. artikulua.

29.1. Baztango Udalak udalerriko leku publikoetan jartzen dituen seinalizazioetan, goiti-beheitiko nola ezker-eskuinekoetan, interes orokorreko, informatibo, turistiko nola trafiko eta aparkalekuak arautzekoetan, eta antzeko guztietan, euskarari lehentasuna emanen zaio.

29.2. Seinalizazioen testua euskara hutsean idatziko da ondoko kasuetan:

a) Seinalizazioen hitzek euskaraz eta gaztelaniaz antzeko grafia dutenean.

b) Mezuak piktograma batez lagundurik direnean eta haren bitartez ulergarriak direnean.

IX.-Erregistroak.

30. artikulua. Baztango Udaleko Erregistroan agiriak idatzita dauden hizkuntzan inskribatuko dira, eta dokumentua euskaraz eta gaztelaniaz badago, euskaraz. Erregistrotik luzatutako ziurtagiriak euskara hutsez edo ele bietan idatziko dira, euskarari lehentasuna emanez.

X.-Langileen euskalduntzea eta euskarazko alfabetatzea.

31. artikulua. Baztango Udalaren helburua bere menpeko zerbitzu guztietan euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatea da.

32. artikulua. Aipatu helburua erdiesteko, Baztango Udalak bere lanpostuen hizkuntza eskakizunak zehaztuko ditu. Euskara Zerbitzuak proposatu eta Udaleko Euskara Batzordeak hizkuntza eskakizunak aztertuko ditu eta proposamena Udal Osoko Bilkurari helaraziko dio, horrek onets dezan. Hizkuntza eskakizunak Hizkuntza eskakizunak onartutakoan, eranskin gisa gaineratuko zaizkio ordenantza honi.

33. artikulua. Euskara ikasten lagunduko zaie Udaleko langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen. Hortaz, Baztango Udalak hizkuntza prestakuntzako planak antolatuko ditu helburu horiek betetzeko. Haietan lanaldiaren murrizketak, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak aurreikusiko dira.

34. artikulua. Hizkuntza eskakizuna betetzen duten langileek euskaraz eginen dute euren lana. Gainerakoek euskalduntze plangintzaren barnean euskarazko prestakuntza ikastaroak eginen dituzte eta, euskalduntzen doazen heinean, euren lana, egoerak hala eskatzen duenean eta ahal duten neurrian, euskaraz egiten hasiko dira.

35. artikulua. Baztango Udal Administrazioan, oposizio, lehiaketa, lekualdatze, igoera nahiz bertze edozein bidez lanpostu berri batera heltzeko, ezinbertzeko baldintza lanpostuari esleitutako hizkuntza eskakizuna betetzea da. Horretarako, Baztango Udaleko plantilla organikoko lanpostu bakoitzari esleitu zaion hizkuntza eskakizuna jasoko da.

XI.-Langile berriak kontratatzea.

36. artikulua. Baztango Udalak kontratatzen dituen langileak euren lan jarduera euskaraz eta gaztelaniaz egiteko gaitasuna izan beharko dute. Beraz, Baztango Udalaren menpeko erakunde eta zerbitzuetako lanpostuei esleitutako hizkuntza eskakizunak bete beharko dituzte lanpostuan jardun ahal izateko.

37. artikulua. Hizkuntza eskakizuna betetzen duen izangairik ez balego edo eskatutako maila inork gaindituko ez balu, lanpostua hutsik geldiko litzateke, berriz deialdia egiteko.

38. artikulua. Bajak, eszedentziak eta bertzelakoak ordezkatzeko, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna izatea nahitaezkoa izanen da.

XII.-Euskararen erabileraren sustapena Baztango udalerrian.

39. artikulua. Euskara gizarte esparruan erabili dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen erabilera handitzeko, neurri egokiak hartuko ditu Baztango Udalak. Beraz, euskararen ezagutza handitu eta erabilera ziurtatu eta gizartearen esparru guztietan orokortzeko helburuz, ahalegin berezia eginen du Baztango Udalak.

40. artikulua. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu, bere eskumenen esparruan, Baztango Udalerrian abiapuntua, helmuga edo geralekua duten garraio publikoek euren errotulu, inprimaki, ohar eta adierazpen guztiak ele bitan egon daitezen, euskarari lehentasuna emanez.

41. artikulua. Baztango Udalak, udalerrian egiteko, diruz laguntzen dituen kultura, kirol edo bertzelako jarduera eta aktibitateetan, bai eta haien idazki, iragarki nola karteletan ere, euskarari lehentasuna eman beharko diote antolatzaileek.

42. artikulua. Baztango Udalak euskara erabiltzeko gonbita eginen die udal instalazioak eta materiala erabiltzeko eta besta egunetan barrakak paratzeko baimena eskatzen dutenei. Horrekin batera, Udalak jakinaraziko die, behar izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuaren hizkuntza aholkularitzaz baliatzen ahal direla.

XIII.-Ordenantzaren segimendua eta euskararen erabilera sustatzeko azpiegitura.

43. artikulua. Baztango Udaleko Euskara Batzordeak, Euskara Zerbitzuaren bidez, eskumena izanen du ordenantza hau betetzen ote den jarraipena egiteko eta, xedea bermatu beharrez, edozein gairen gainean proposamenak egiteko.

44. artikulua. Udaleko Euskara Batzordea eztabaidarako elkargunea izanen da: Udalaren hizkuntza normalizazioaren ardatzak finkatu eta berrikusteko irizpideak emateaz arduratuko da. Euskara Zerbitzuak laguntza teknikoa eta beharrezko azpiegitura emanen dizkio.

45. artikulua. Euskara Zerbitzua arduratuko da euskaraz egiten den lana planifikatu, idatzi eta gainbegiratzeaz. Horretaz gain, langileei jatorrizko dokumentuak euskaraz idazten lagunduko die.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Baztango Udalak onartzen dituen gainerako ordenantza eta xedapenek ordenantza honetan jasotakoekin bat egin beharko dute.

Bigarrena.-Baztango Udalak, udal zerbitzuetan euskararen erabilera arautzeko eta udalerrian euskararen erabilera sustatzeko ordenantza honen emaitzen azterketa eta berrikuspena eginen du, indarrean sartu eta handik bortz urtetara, lehenago berrikustea egoki ez bazaio iruditzen.

Hirugarrena.-Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako beharrezkoak diren xedapenak onetsi eta bultzatuko dituzte Udaleko organo betearazleek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Baliorik gabe geratzen dira ordenantza honen maila berekoak edo txikiagoak izanik, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo kontrajarrita dauden erabaki guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako beharrezkoak diren xedapen eta programa bereziak erabaki eta bultzatuko dituzte Baztango Udaleko organo betearazleek.

Bigarrena.-Ordenantza honek beraren behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabortz egun iraganda hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1106901