82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28/2011 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Laguntza Judizialeko kidegoetarako praktikaldi baztergarriari hasiera ematen diona. Praktikaldi hori Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 2ko 212/2011 Foru Aginduaren bidez ezarri zen.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde teknikoa den aldetik, bere ardurapean du, besteak beste, Nafarroako sektore publikoa hobetzen duen edozein jarduera osagarri egitea, haren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 2an emandako 212/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari agindu zaio Laguntza Judizialeko kidegoetarako praktikaldi baztergarria emateko. Praktikaldi hori maiatzaren 31ko JUS/1653/2010 Aginduan xedatu zen, hura baliatu baitzen txanda irekiko sistema orokorraren bidez Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko hautapen prozesurako deia egiteko.

Aurrekoa ikusirik, beharrezkotzat jotzen da ebazpen bat prestatzea alderdi teknikoak arautzeko, aipatutako deialdian emandako jarraibideekin bat. Horiek kontuan hartu beharko dira praktikaldi baztergarria ematerakoan.

Horrenbestez, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Estatutuen 15. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laguntza Judizialeko kidegoetarako praktikaldi baztergarrirako oinarriak ezartzea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Agindu honen ondoriozko gastuak ordainduko dira Justizia Zuzendaritza Nagusian indarra duen gastuen aurrekontuko "Nafarroan justiziako langileak prestatzeko jarduerak" izeneko 060001-06000-2266-112100 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Justizia Zuzendaritza Nagusira, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira eta interesdunei. Azken horiek epatzen dira Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan ager daitezen (Iratxeko Monasterioa, 22, Iruñea), 2011ko apirilaren 4ko 10:00etan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 24an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

ERANSKINA

Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarriaren oinarriak

Lehena.-Praktikaldi baztergarria.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen du Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarria. Adierazi bezala, baztergarria izanen da, eta maiatzaren 31ko JUS/1653/2010 Aginduak (horren bidez Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko txanda irekiko hautapen prozesurako deialdia egin zen) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenek arautuko dute.

Justizia Ministerioak izendatutako praktiketako funtzionarioek hartuko dute parte praktikaldian, maiatzaren 31ko JUS/1653/2010 Aginduan ezarritakoarekin bat, eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoaren mende egonen dira. Errege dekretu horren bidez Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zen.

Bigarrena.-Praktikaldi baztergarriko ikasgaiak eta balorazioa.

Hasteko, funtzionarioek berariazko prestakuntza teorikoa jasoko dute, behar diren ezagupenak eta trebetasunak har ditzaten Nafarroako Justizia Administrazioan erabiltzen diren tresna eta aplikazio informatikoak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko.

Prestakuntza horrek, nolanahi ere, gai hauek jasoko ditu:

-Artxiboak.

-Nafarroako egitura judiziala.

-Informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak.

-Jendeari harrera egitea eta gatazken ebazpena.

-Erregistro Zibila.

Aldi teorikoa bukaturik, hari ateratako probetxua ebaluatuko da proba objektibo baten bidez. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio proba hori prestatzea eta kalifikazioa jartzea.

Prestakuntza teorikoaren kalifikazioa 25 puntukoa izanen da gehienez. Horietarik 15 prestakuntza informatikoari ateratako probetxua ebaluatzeko izanen dira eta 10 prestakuntzako gainerako kontzeptuei ateratako probetxua ebaluatzeko.

Era berean, praktiketako funtzionarioek tutoretzapeko praktikak eginen dituzte organo judizialetan. Horietan ondoko hauek behintzat praktikatuko dira: jakinarazpenak, enbargoak, botatzeak eta epaiketa aretoak kudeatzea.

Tutoretzapeko praktiken bigarren aldi hau amaitzean emanen da kalifikazioa: GAI edo EZ GAI.

Ikastaro baztergarria gainditzeko, lehenengo fasean gutxienez ere 12 puntu lortu behar dituzte eta bigarren fasean Gai kalifikazioa izan behar dute. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak ikastaro baztergarriko izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarrian bertaratzea nahitaezkoa da, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Halakoetan behar bezala frogatu beharko da eta balorazio batzordeak onartu beharko du. Justizia Administrazioko edozein kidegotan ari diren izangaiek, azken bost urteotan sei hilabete baino gehiago egon badira benetako zerbitzuak ematen Laguntza Judizialeko Kidegoko bitarteko funtzionario gisa (lehen Justizia Administrazioko agente), ez dituzte organo judizialetan tutelaturiko praktikak egin beharko, "gai" kalifikazioarekin baliozkotuko baitzaizkie.

Hirugarrena.-Praktikaldi baztergarriaren balorazio batzordea.

Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Estrella Lamadrid Morón.

-Ordezkoa: Tomás Rodríguez Garraza.

-Epaimahaikidea: Alfredo Amestoy Ibarra.

-Ordezkoa: Carmen Cirauqui Osés.

-Mahaikide idazkaria: Rosa Muro Hermosilla.

-Ordezkoa: Ana Román Puerta.

Praktikaldi baztergarria hasi baino lehen eratu beharko da batzordea.

Batzordea ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, batzordeburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Balorazio batzordeko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute batzordekideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Batzordeak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak eta praktikaldi baztergarrian izan daitezkeenak.

Balorazio batzordeak ikastaro baztergarriko izangaiei emandako kalifikazioak lotesleak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarentzat.

Batzordeak aholkulari adituen laguntza izan dezake gai batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza batzordeari.

Laugarrena.-Ikastaro baztergarria.

Praktikaldi baztergarriak bi asteko iraupena izanen du.

Prestakuntza teorikoa 2011ko apirilaren 4an hasiko da, eta ordutegia goizeko 09.00etatik 14:30era izanen da, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iratxeko Monasterioa, 22, Iruñea) eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) bulegoetan (Navarrería kalea 39, Iruña).

Prestakuntza teorikoaren ondoren, prestakuntza praktikoaren aldia hasiko da. Astebete iraunen du, 2011ko apirilaren 11tik 15era bitarte, aurretik zehaztutako Foru Komunitateko organo judizialetan. Epaitegietako ohiko lanaldiaren barneko ordutegia izanen du.

Bosgarrena.-Tutoreak.

Foru Komunitateko organo judizialetan egiten den praktikaldian beharrezkoa izanen da Justizia Administrazioaren zerbitzuan Nafarroan ari diren funtzionarioek laguntzea eta tutoretza lana egitea. Laguntzaile eta tutore diren horiek, prestakuntza prozesua bukatutakoan, tutoretzapeko izangaien gaitasunari eta aprobetxamenduari buruzko kalifikazioa eman beharko dute.

Iragarkiaren kodea: F1105613