82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2011 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, berrikuntza proiektuetarako 2011-2012 ikasturteko deialdiaren arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa eta Europar Batasunak hezkuntza arloan emandako gidalerroak bat datoz gazteen hezkuntzaren helburua zein den esatean: "Hezkuntza horrek egungo gizartean beharrezkoak diren oinarrizko jakintzak eta gaitasunak hartuko ditu kontuan, herritartasun demokratikoaren praktikaren, elkarbizitzaren eta gizarte-kohesioaren euskarri diren balioak garatzeko aukera eman behar du, eta gazteengan ikasten jarraitzeko gogoa eta haien kabuz ikasteko gaitasuna piztu behar du".

Hezkuntza ikerkuntzaren eta berrikuntzaren sustapena hezkuntza politika ororen oinarrizko helburuetako bat da. Era berean, hezkuntza politika hainbat jarduketatan oinarritzen da, besteak beste, irakasleek ikastetxeetan irakaskuntzan aritzen direnean hezkuntza eta pedagogia berritzeko egiten duten lanean laguntza ematean. Lan hori berrikuntza proiektu gisa aurkezten da, eta modu horretan, deialdi honen eta beste hainbaten bidez, funtsezko tresnak diren berrikuntzan eta ebaluazioan oinarritutako aldaketa-prozesuak bideratzen dira.

Lan garrantzitsu horri bultzada handiagoa emateko, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntzan jarduteko hainbat programa sustatu du, eta berrikuntza horretarako pizgarriak eman ditu erakundeen laguntza gisa, berrikuntza proiektuen finantzaketarako deialdien, kulturartekotasunari laguntza emateko deialdien eta ezarritako berrikuntza arloetako proiektuetarako sari deialdien bitartez.

Deialdi honen bidez, hezkuntza berrikuntzako jarduketa-ildoen lehentasunak definitu nahi dira, eta ahal den neurrian, hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako programen eta laguntzen modalitate batzuei zein besteei laguntza emateko deialdiak taldekatu, deialdi horiek batzuetan ikastetxeei eta bestetan irakasleen lantaldeei ematen baitzaizkie, hori guztia hezkuntza berrikuntzako proiektuak ikastetxeen hezkuntza jardueran eta ikastetxe horien urteko programazioan txerta daitezela bultzatzeko, eta izaera berritzailea duten hezkuntzako material eta baliabideak lantzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2011-2012 ikasturtean hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko deialdia onestea. Deialdia ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarriek arautuko dute.

2. Ikastetxe publikoetako proiektuei dagokien gastua, gehienez 7.800 eurokoa, baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza berrikuntzako programak" izeneko 425004 42350 2269 321200 kontu-sailaren kargura.

3. Ikastetxe itunduetako proiektuei dagokien gastua, gehienez 2.600 eurokoa, baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza berrikuntzako programak" izeneko 425004 42350 4819 321200 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Hezkuntza Berrikuntzaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 21ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Ikastetxeetako berrikuntza proiektuetarako deialdiaren oinarriak, 2011-2012 ikasturterako

0.-Xedea.

Hezkuntza berrikuntzako esperientziak garatzen dituzten proiektuen deialdia arautzea. Esperientzia horiek oinarrizko trebetasunen hobekuntzari buruzkoak izanen dira, baita Hezkuntza Departamentuak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan azaldutako hezkuntza berrikuntzako lehentasunezko ildoen garapenari buruzkoak ere.

1.-Deialdiaren helburuak.

1.1. Irakasleek, curriculumari begira, oinarrizko gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntua har dezaten sustatzea, proposamen errealista eta bideragarrien bitartez.

1.2. Nafarroako irakasleen jardunbide egokiak sustatu eta ezagutaraztea hezkuntza berrikuntzako lehentasunezko ildo hauetan:

-Ikasleen irakurtzeko gaitasuna garatzea eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatzea.

-Matematikarako gaitasunaren eta mundu fisikoa ezagutu eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna garatzea.

-Ikasten ikasteko gaitasuna garatzea.

-Gaitasunak diziplina anitzeko ikuspuntutik garatzea.

-Hezkuntza Departamentuak bultzatzen dituen plan eta programekin lotutako hezkuntza-esperientziak garatzea, honako lehentasun hauekin:

  • Eskolako bizikidetza.
  • Berdintasuna eta hezkidetza.
  • Eskolaren esparruan zeharkako gaiak txertatzea: osasunaren sustapena, ingurumena, garapenerako hezkuntza, kontsumoa, bide-hezkuntza eta beste batzuk.
  • Aniztasunarekiko arreta eta kultur aniztasuna.
  • Hezkuntza orientabidea.
  • Atzerriko hizkuntzak: eleaniztasuna.
  • Kalitatea ikastetxeetan.
  • Antolatzeko autonomia.
  • Hezkuntza komunitateko sektoreen inplikazioa ikastetxeetan.

1.3. Ikasgelako eta ikastetxeko eguneroko zereginetan irakasleek egiten duten lana aintzat hartzea.

2.-Finantzaketa.

Berrikuntza proiektuetarako deialdiak bi fase izanen ditu:

Lehenengo fasean, 2011-2012 ikasturtean garatuko den proiektuaren lan plangintza aurkeztuko da hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurkeztutako proposamen guztien artean, 6. idatz-zatian xedatuta dagoenaren arabera puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuak aukeratuko dira. Aukeratzen diren proiektuek gehienez 1.300 euro jasoko dituzte garapen gastuak finantzatzeko laguntza gisa.

Bigarren fasean, aukeratutako proiektuek ikasturtean egindakoaren memoria aurkeztuko dute. Memoria 2012ko maiatzaren 31 baino lehen entregatuko da. Egindako lanen memoriak baloratu ondoren, 8. idatz-zatian aipatzen diren ziurtagiriak emanen dira.

3.-Deialdiko partaideak.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ari diren irakasle guztiek parte har dezakete deialdian. Aukera hauek izanen dira:

a) Departamentu didaktiko batek parte hartzea, Bigarren Hezkuntzan, edo ziklo batek, Haur eta Lehen Hezkuntzan.

b) Diziplina anitzeko lan talde batek parte hartzea, ikastetxe bereko irakasleek osaturik.

c) Hainbat ikastetxetako irakasleek osatutako lan talde batek parte hartzea. Arlo edo irakasgai bereko irakasleak elkar daitezke, edo bestela arlo desberdinetakoak, diziplina anitzeko ikuspuntuaren bila.

4.-Proiektuen ezaugarriak.

4.1. Proiektuak bi fasetan aurkeztuko dira, 2. idatz-zatian xedatutakoarekin bat. Lehenengo fasean, 2011-2012 ikasturtean garatuko den proiektuaren lan plangintza aurkeztuko da.

Bigarren fasean, ikasturte horretan zehar gelan edo ikastetxean egindakoaren memoria aurkeztuko da. Azken memoria horrek programazioa, gelako garapena eta ebaluazioa bilduko ditu.

4.2. Proiektuetan honako baldintza hauek kontuan hartu beharko dira:

a) Ahal dela, planteamendu errealista eginen da, irakasle guztientzat eta gelako ohiko egoera guztietarako balioko duena.

b) Proposamenek prestakuntza integralean oinarritutako ikuspuntua agertuko dute, gaitasun mota guztiak bilduko dituena: kognitiboak, afektiboak eta sozialak.

c) Parte-hartzaileek nahi duten ikuspuntu didaktikoa hartzen ahalko dute.

4.3. Parte-hartzaileek Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari aholkua eskatzen ahalko diote.

4.4. Memoriak euskarri informatikoan aurkeztuko dira, IV. eranskineko ereduaren arabera.

5.-Eskabideak tramitatzea.

5.1. Eskabideak eta agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten irakasleek II. eranskineko ereduaren araberako eskabidea egin beharko dute, eta Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariari zuzendu. Eskabidearekin batera proiektuaren lan plangintza aurkeztuko da, III. eranskineko ereduaren arabera.

5.2. Aurkezteko epea eta lekua.

Eskatutako dokumentazioa 30 egun naturaleko epean aurkeztuko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, 8, 31001 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautu duen Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan. Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari zuzendutakoa izan beharko du..

5.3. Zuzenketa.

Eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta hamar eguneko epean zuzen ditzan. Hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

6.-Hautapen prozesua.

6.1. Hautapen batzordea.

Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak. Batzordean honako hauek izanen dira: Hezkuntza Berrikuntzaren Ataleko burua, batzordeburu; Irakasleen Prestakuntzako Ataleko burua, edo berak izendatzen duena; Berrikuntza Programen Bulegoko Burua, idazkari; Ebaluazio Ataleko ikuskatzaile bat, eta Baliabide Didaktikoen Bulegoko Burua.

6.2. Hautatzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak hautatzeko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

-Proposamenaren justifikazioa: eduki berritzailea eta hezkuntza aukera berriak: 10 puntu.

-Ezarritako planaren kalitatea (helburuak, edukiak eta metodologia): 10 puntu.

-Deialdi honetan lehenetsitako arloekiko egokitasuna: 5 puntu.

-Proiektuaren originaltasuna: 10 puntu.

-Oinarrizko gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntua: edukiaren eta metodologiaren eragina praktikaren hobekuntzan eta oinarrizko gaitasunen garapenean.

-Proiektuaren garapenean IKTak erabiltzea: 5 puntu.

-Inplikatutako irakasle-taldea eta proiektuaren diziplinartekotasuna: 5 puntu.

-Gelako lanerako bideragarria izatea: 10 puntu.

-Hura orokortzeko interesa: 10 puntu.

-Eskola-elkartearen parte-hartzea: 5 puntu.

Guztira: 80 puntu.

6.3. Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak puntuazioen arabera ordenatuko ditu aurkeztutako proiektuak. Hautatutako proiektuen kopuruak eta proiektuetarako laguntzen zenbatekoa hautatutako proiektuen kopuruaren eta deialdi hau finantzatzeko erabili beharreko aurrekontuko zuzkiduraren araberakoak izanen dira. Zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko da. Hezkuntza Departamentuak eskatzaileei jakinaraziko die aurkeztutako proiektua hautatu den ala ez, eta jakinarazpen hori telematika bidez bidaltzen ahalko da, baldin eta interesdunak Helbide Elektroniko Bakarra badu, eta eskabide telematikoan erantzun hori espresuki eskatzen badu.

6.4. Proiektuen jarraipena.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak deialdi honetan hautatutako proiektuen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko neurriak hartzen ahalko ditu.

7.-Zuzkidura.

7.1. Proiektu bakoitzerako zuzkidura, gehienez, 1.300 eurokoa izanen da. Kopuru hori aurrerakin gisa ordainduko da 2011ko gastuen aurrekontuaren kargura, 2. oinarrian aurreikusten den deialdiaren lehenengo fasea ebatzi ondoren.

7.2. Gastu hauek justifikatuko dira: material inbentariaezina, bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroetara joatea eta bibliografia, eta proiektua garatzeko beharrezkoak diren beste gastu arrunt batzuk. Inola ere ez dira laguntza honen kargura ordainduko proiektuan parte hartzen duten irakasleen soldata eta haborokinak.

8.-Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Hautatutako proiektuetan parte hartzen duten irakasleek 2011-2012 ikasturtean horietan esku hartzearen ziurtagiria jasotzen ahalko dute, gehienez 35 orduz, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da, gehienez 50 orduz.

9.-Argitalpena eta zabalkundea.

Saritutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

10.-Jatorrizko agiriak jasotzea.

Saritu gabeko lanak berreskuratzen ahalko dira, hiru hilabeteko epean, deialdia ebatzi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Hezkuntza berrikuntzako proiektuen deialdian parte hartzeko eskabidearen eredua

1. Parte hartzen duten irakasleen datuak:

Egilea edo koordinatzailea

IFZ

Helbidea:

Herria eta posta kodea

Tel. zk.

Helbide elektronikoa:

Espezialitatea

Parte hartzen duten irakasleak:

IFZ Espezialitatea Ikastetxea

........................ .................................... .........................................

........................ .................................... .........................................

........................ .................................... .........................................

........................ .................................... .........................................

........................ .................................... .........................................

........................ .................................... .........................................

2. Ikastetxe koordinatzailearen datuak:

Izena

Helbidea:

Herria eta posta kodea

Tel. zk.

Helbide elektronikoa:

3. Lanaren datuak:

Izena

Proposatutako arloak / gaiak .......................... /

Lehenetsitako lan-ildoak:

............................................................................................................
.................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................

Hezkuntzako zein etapatan gauzatuko den

4. Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen aitorpena:

............................................... jaunak/andreak, ............ NANa duenak, ........................................................... berrikuntza proiektuaren koordinatzaile arduraduna baita, aitortzen du proiektu hori argitaratzeko eskubideen jabe dela eta Nafarroako Gobernuari argitaratzeko baimena ematen diola.

....................... (e)n, 2011ko ................... aren ........(e)an.
Sinatua: Koordinatzailea

5. Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena:

............................................... jaunak /andreak, ............................... ikastetxeko zuzendariak, ikastetxeentzako 2011-2012 ikasturteko berrikuntza proiektuen deialdiko ........................... (e)ko berrikuntza proiektuaren aldeko txostena eman du, eta uste du proiektu horrek ikastetxearen hezkuntza jarduera hobetzen laguntzen duela.

....................... (e)n, 2011ko ................... aren ........(e)an.
Sinatua: ikastetxeko zuzendaria

III. ERANSKINA

Berrikuntza proiektuaren lan plangintza diseinatzeko gidoia

1. Egiaztagiriak: proiektua justifikatzen duen eduki berritzailea, proiektu horrek hezkuntza aukera berririk ekartzen duen, baita oinarrizko gaitasunen garapenarekin loturarik duen ere.

2. Berrikuntza proiektuaren helburuak.

3. Berrikuntza proiektuaren edukiak.

4. Lan metodologia.

5. Inplikatutako irakasle-taldea.

6. Ikasleak.

7. Eskola-elkartearen parte-hartzea.

8. Gehituko diren IKTak.

9. Faseak.

10. Epeak.

11. Zeharkako gaiak.

12. Aurrekontua.

13. Prestakuntza.

IV. ERANSKINA

Memoriaren eredua

Memoriak 2012ko maiatzaren 31n aurkeztuko dira beranduen, eta atal hauek izanen dituzte:

a) Oinarrizko gaitasunak egindako proposamenean integratzeko planteamenduaren justifikazioa.

b) Programazioa, hautaturiko ikuspuntuaren eta egituraren araberakoa.

c) Gelan nola gauzatuko den. Edozein irakaslek orokortzeko moduko alderdi interesgarrienak aipatuko dira.

d) Proiektuko helburuak betetzea:

-Hasiera batean proposatuak.

-Proiektua bukatzean lortuak.

Proiektuan parte hartu duten eragileak.

Egindako jarduerak:

-Proiektuan izaniko aldaketak hura egiten ari zela:

  • Helburuak.
  • Edukiak.
  • Jarduerak.
  • Metodologia.
  • Errekurtsoak.
  • Ebaluazioa.
  • Beste batzuk.
  • Proiektuan erabilitako ebaluazio-prozesuaren laburpena.

e) Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak.

f) Hautatutako ikuspuntua orokortzeko aukeren balorazio pertsonala eta, kasua bada, taldearena.

g) Erabilitako materialak eranskinean sartuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1105207