82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2011 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Osasunerako Eskolen Europako Sarean sartzeko deialdia arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat.

Osasunaren hezkuntza eta sustapen proiektuak garatzen dituzten Europako ikastetxeak elkartzen dituen sarea sortzea OMEko Europako Eskualde Bulegoak, Europar Batasuneko Batzordeak eta Europako Kontseiluak bultzaturiko proiektua da. Haren helburua eskola osasungarriak lortzea da, hezkuntzako komunitate osoari bizimodu osasungarriak izaten laguntzeko, osasuna sustatzeko giroan.

Hezkuntza Departamentuak eta Osasun Departamentuak, 1994an, lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu zuten, eskolaren eremuan Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko, eta sinadura haren ondorioz garatzen ari da aipatu den proiektua Nafarroako Foru Komunitatean. Urte hartan sinatutako proiektuaren lehentasunezko xedea zen "ikastetxeei Osasuna Sustatzen duten Eskolen zeregina betetzen laguntzea, Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste erakunde batzuek bultzatutako ildoan".

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak OSEESen sartzeko deialdia arautzen zuten urteko deialdien bidez osatzen joan da Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarea.

Nafarroako Foru Komunitatean komeni da Osasunerako Eskolen Europako Sarea (OEES) bultzatzea. Horrek Hezkuntza Departamentua behartzen du deialdi publiko bat egitera, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori hartu ahal izateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe gehiago Osasunerako Eskolen Europako Sarean (OEES) sartzeko deialdia baimentzea, 2011. urterako, ebazpen honen 1. eranskinean ageri diren arauei jarraikiz.

2. 6.000 euroko gehienezko gastua onestea, eskolaren esparruan osasunaren hezkuntza eta sustapen proiektuak garatzeko, 2011ko gastuen aurrekontuan gaitu den "Bizikidetzako eta balioetan oinarritutako hezkuntzako programa" izeneko 425004 42350 2269 321202 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Hezkuntza Berrikuntzaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 18an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Osasunerako eskolen Europako sarean (OEES)
sartzeko 2011ko deialdiaren oinarriak

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie, Osasun Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuak aurkez ditzaten, Osasunerako Eskolen Europako Sarean (OEES) sartzeko, 2011. urtean.

Bigarrena.-Proiektuen baldintzak.

Ikastetxe bat OEESen sartzeko proposa dadin, osasunerako hezkuntza eta osasunaren sustapena garatzeko proiektu bat aurkeztu behar du, eta baldintza hauek bete behar ditu:

a) OEES bultzatzen duten erakundeek gomendatutako printzipio orokorrak kontuan hartzea:

-Ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan Osasunerako Hezkuntzaren edukiak sartzea zeharka, adibidez, elikadura, ariketa fisikoa egin beharra, gorputz eta jarrera higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, droga-mendekotasunen prebentzioa, afektibitate eta sexu hezkuntza, emozio osasuna eta abar.

-Bizimodu osasungarriak eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izaten laguntzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.

-Haurren gaitasuna handitzea, beren osasunaren inguruan egokienak diren erabakiak har ditzaten.

-Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak eta osasun eta segurtasun arloetako neurriak hartuz, neurri horiek betetzen diren begiratuz eta kudeaketa egitura egokiak ezarriz, behar baldin badira.

-Lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean lankidetza harremanak ezartzea, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.

-Irakasleei osasun kontuetarako funtsezko eginkizunak eman eta Osasunerako Hezkuntzan dagokien ardura handitzea, osasuna sustatzeko prestakuntza egokia emanez.

-Osasun zerbitzuek Osasun Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuetan laguntza emateko duten hezkuntza ahalmenaz baliatzea, eta hezkuntza zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen erantzukizun partekatua eta lankidetza estua bultzatzea.

-Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikaskuntzan, eta zainketaren etika berri bat ere sartzea, berdintasunean oinarritutako gaitasun pertsonalak eta harremanetakoak garatzen laguntzeko.

-Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea laneko osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari buruzko alderdiak.

Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo osasun arloko lehentasunei buruzko beste irizpideren bat sartzen ahalko dute.

b) Lan plan bat agertzea, III. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.

c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsia izatea, eta proiektuko jarduketetan irakasleen eta ikasleen %25 gutxienez inplikatuko dela agertzea.

d) Familiek, osasun etxeetako profesionalek, inguruko gizarte zerbitzuek eta toki entitateen ordezkaritzak parte hartzeko ekintzak zehaztea.

Hirugarrena.-Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Osasunerako Eskolen Europako Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek ondokoetarako konpromisoa hartuko dute:

a) Eskola osasungarriko proiektu bat garatzea hiru urtean, gutxienez.

b) Ikastetxeko Osasun Batzordea eratzea, kide hauekin: irakasleak, ikasleak, familiak, ikastetxeko irakaskuntzaz kanpoko langileak eta osasun etxeen eta tokiko erakundeen ordezkariak.

Batzorde horren zereginak izanen dira proiektua dinamizatzea, hezkuntza komunitatearen ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.

c) Ikasturte bakoitzaren uztailaren 15a baino lehen, urteko txostena aurkeztea Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da. (ikusi IV. eranskina).

Era berean, urriaren 30a baino lehen hurrengo ikasturterako lan proiektua aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrendarekin batera (ikusi V. eranskina).

Baldintza horiek bete ezean, OEESetik baztertuko da.

d) Hiru urteak bukatutakoan, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikusi VI. eranskina), aplikazioko aldi osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

Laugarrena.-Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Osasuna sustatzen duten eskolek laguntza hauek izanen dituzte: Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarearen Batzorde Teknikoaren aholkularitza eta jarraipena; osasunerako baliabideak eta material didaktikoak; prestakuntzarako berariazko jardueren eskaintza, ikastetxeko irakasleek osasunerako hezkuntzaren arloan prestakuntza izan dezaten; sareko eskolek esperientzen jarraipen eta trukerako urtero egiten dituzten topaketen deialdia; jardueretarako diru-laguntzak; eta Osasuna Sustatzen duen Eskola gisa egiaztatzea, proiektuaren hirugarren urtea bukatutakoan eta Batzorde Teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

Osasuna Sustatzen duen Eskolaren egiaztagiria lortu ondoren, ikastetxeek OEESen kide izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta hirugarren oinarriko b), c) eta e) ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskaera orria, II. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko osasun batzordea eratu dela azaltzen duten aktak.

-Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako betebeharrak biltzen dituena, III. eranskinaren arabera.

Seigarrena.-Eskaerak aurkeztea.

Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskaera.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan aurkeztuko dira, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautu duen Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari zuzenduta.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Seigarrena.-Ikastetxeak hautatzea.

Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapenaren Koordinaziorako Batzorde Autonomikoak edo horrek bidezkotzat jotzen duen organoak baloratuko ditu proiektuak. Baloraziorako, VII. eranskinean ageri diren irizpideak aplikatuko dira.

Hautatzen diren ikastetxeak Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarean (OEES) sartuko dira, aurreko deialdietan sartu diren gainerako ikastetxeekin batera. Sarean sartu diren ikastetxe guztien zerrenda deialdiaren VIII. eranskinean ageri da.

Zortzigarrena.-Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

OEESeko Batzorde Teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada (txosten horretan proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda agertuko da), ikastetxe bakoitzeko Osasuna Sustatzen duen Eskolaren lan taldean parte hartu duten irakasleei 2011-2012 ikasturtean hezkuntza berritzeko proiektuan esku-hartzearen ziurtagiria emanen zaie, gehienez 35 orduz, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da, gehienez 50 orduz.

Bederatzigarrena.-Argitalpena eta zabalkundea.

Saritutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

Hamargarrena.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak deialdi hau ebatziko du, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak, Eskolan Osasun Hezkuntzaren eta Osasunaren Sustapenaren Koordinaziorako Batzorde Autonomikoaren burua baita, egiten duen proposamena ikusi eta gero.

II. ERANSKINA

Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarea (OEES):
parte hartzeko eskabidea

............................................. jaunak/andreak, ................................. ikastetxeko zuzendaria den aldetik Nafarroako Foru Komunitateko .................................... herria.

eskatzen du, .........(e)an egindako Eskola Kontseiluak eta ...........(e)an egindako Irakasleen Klaustroak onetsi ondoren, "Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarea (OEES)" izeneko hezkuntza berrikuntzako proiektuan parte hartzea.

Horretarako, ikastetxe honek agiri hauek aurkezten ditu:

Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren aktak.

Horrekin batera, ..............................................., jauna/andrea, Klaustro honetako irakaslea, proiektuko koordinatzaile arduradun izendatu da.

.........(e)n, 2011ko ......aren ....(e)an.

Stua.: .................................

Ikastetxeko zuzendaria

III. ERANSKINA

Proiektuaren lan plana prestatzeko eskema

1. Aukeratu den proiektuaren justifikazioa.

2. Testuinguruaren azalpena.

3. Lehentasunak ezartzea.

4. Helburuak.

5. Familien, osasun etxeetako profesionalen, gizarte zerbitzuen eta toki entitateen ordezkarien parte hartzea.

6. Jarduerak.

7. Metodologia.

8. Epeak.

9. Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

10. Aurreikusiriko antolamendu mota eta funtzionamendua.

IV. ERANSKINA

2010/2011 ikasturtean egindako lanaren memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektuaren datu orokorrak: izenburua, helburuak, edukia eta ikasle hartzaileak.

2. Ikastetxearen antolamendua osasun hezkuntzarako edo osasunaren sustapenerako proiektua garatzeko.

3. Eginiko jarduerak. Hasiera bateko asmo eta epeak noraino bete diren.

4. Baliabideak eta langileak. Proiektuan esku hartu duten irakasleen zerrenda.

5. Proiektuaren ebaluazioa eta bertan egindako doiketak.

V. ERANSKINA

2011-2012 ikasturteko lan programa egiteko gidoia

1. Proiektuaren izenburua.

2. Helburuak.

3. Proiektuaren edukiak.

4. Ikasle hartzaileak.

5. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea.

6. Gehituko diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

7. Proiektuaren faseak eta epeak.

8. Aurreikusitako prestakuntza jarduerak.

9. Taldeko partaideak.

10. Proiektu berriaren azalpen laburra.

VI. ERANSKINA

Proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko eskema

1. Proiektua garatu deneko egoeraren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.

2. Proiektuko helburuak betetzea:

-Hasiera batean proposatuak.

-Proiektua bukatzean lortuak.

3. Proiektuko partaideak: irakasleak, osasun langileak, hezkuntza komunitatekoak (ikasleen gurasoen elkarteak, etab.). Erakundeak.

4. Eginiko jarduerak.

5. Proiektuan izaniko aldaketak hura egiten ari zela:

-Helburuak.

-Edukiak.

-Jarduerak.

-Metodologia.

-Baliabideak.

-Ebaluazioa.

-Bestelakoak.

6. Proiektuan erabilitako ebaluazio-prozesuaren laburpena.

7. Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak.

8. Prestatutako materialak.

VII. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

Proiektuan ondoko alderdi hauek azaldu beharko dira, proiektua bera eta irakasle parte-hartzaileen orduen ziurtapena baloratzeko oinarrizko alderdiak izanen baitira:

1. Testuinguruaren azterketa eta ikastetxeko osasun beharrak egokitzea.

2. Ikastetxearen izaera eta baliabideak erabiltzeko aukerak.

3. Osasuna sustatzeko jardueretan orain arte izandako esperientzia.

4. Proposatutako helburuen zehaztapena eta bideragarritasuna. Atzemandako osasun beharrekin koherentzia izatea.

5. Hautatutako edukien eta proposatutako jardueren zehaztapena eta koherentzia.

6. Metodologia berritzailea.

7. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea sustatzea.

8. Prozesuaren ebaluazioaren deskribapena.

9. Proiektua eremu bereko ikastetxeetan koordinatzea.

10. Berdintasunerako irizpideak aplikatzea.

VIII. ERANSKINA

Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarea (OEES)
osatzen duten ikastetxeak eta haien proiektuaren izenburua

Ribera del Arga BHI. Azkoien. Hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Eunate BHI. Iruña. Teoriaren eta praktikaren aldetik iraunkorra den ikastetxea lortzeko bidean.

Marqués de Villena BHI. Martzilla. Osasunaren sustapena.

María Inmaculada LH. Iruña. Eskola osasungarria.

San Adriango Ega BHI. Elikadura osasungarria.

Iturrama HLHI. Iruña. Haurren obesitatearen prebentzioa.

Navarro Villoslada BHI. Iruña. Ongizatea eta emozio osasuna.

Cuatrovientos BHI. Iruña. Kontsumo arduratsua.

Joaquín Romera DBHI. Mendabia. Osasuna sustatzeko hezkuntza jarduerak.

El Molino HBI. Iruña. Osasunerako hezkuntza, desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatearen alde.

Angel Martínez Baigorri HLHI. Lodosa. Jarrera osasungarrien garapena, erabakiak hartzeko gaitasuna eta gatazken ebazpen ona.

Virgen de la Cerca HLHI. Andosilla. Harremanak izaten ikastea.

Santa María la Real ikastetxea. Sarriguren (Eguesibar). Osasunaren sustapena.

Pitillasko HLHI. Osasun sarea.

Toki Ona BHI. Bera. Toki Ona-OEES.

Iberoko "Isterria" HBI. Osasunerako hezkuntza.

Monte San Julián HLHIP. Tutera. Elkarbizitza osasungarria.

Azpilagaña IP. Iruña. "Eskola osasungarrien sarea".

Iragarkiaren kodea: F1105206