82. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

333/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxe publikoetan lanaldi erdian ari diren administrari laguntzaileentzat lanaldiaren banaketa berariazkoa baimentzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2000ko lan egutegia eta Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen lanaldiaren urteko lanordu-kopurua eta ordu konpentsazioak finkatu ziren. Foru dekretu horren arabera, urteko lanordu-kopuru orokorra 1592 ordukoa da, eta ordu horien eguneko banaketa zehatza urte bakoitzerako ezartzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru aginduaren bidez.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 20ko 782/2010 Foru Aginduaren 2. artikuluak urteko lanorduen banaketa xedatu zuen 2011. urterako: astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, 7 ordu eta 20 minutukoa. 8:00etatik 15:00ak arte nahitaez aritu beharko da, eta gainerako 20 minutuak modu malguan sartu ahalko dira, 7:40etik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2011ko lan egutegia onetsi zen.

624/1999 Foru Dekretuaren 4. artikuluko E) atalean ezartzen denez (abenduaren 20ko 782/2010 Foru Aginduaren 2.5 artikuluan jasotakoaren antzera), zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan lan ordutegi ezberdina izateko baimena ematen ahalko du, aitzinetik dagokion Mahai Orokorrean edo sektorialean negoziatu eta, betiere, ezarritako urteko lanordu-kopurua errespetatzen bada.

Aurrekoarekin bat, Hezkuntza Departamentuak lanaldiaren banaketa berariazko bat proposatu du berari atxikitako ikastetxe publikoetan lanaldi erdian ari diren administrari laguntzaileentzat, ikastetxeek ikasturtean zehar, zenbait unetan, izan ditzaketen beharrei hobeto erantzuteko asmoz, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile guztientzat ezarritako urteko lanordu-kopurua errespetatuta. Proposamen hori Administrazio Erroko Mahai Sektorialean eztabaidatu da.

Horrenbestez, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da lanaldiaren banaketa berariazkoa baimentzea Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxe publikoetan lanaldi erdian ari diren administrari laguntzaileentzat.

2. artikulua. Lanaldia.

1. Hezkuntza Departamentuko ikastetxe publikoetan lanaldi erdian ari diren administrari laguntzaileek lau orduko lanaldia izanen dute ikastetxea ikasturtean zehar zabalik dagoen egunetan, eta oro har, goizez arituko dira, ordutegi jarraiarekin.

2. Lanaldi erdia baino ordu gehiagoko lanaldia egiten badute, ikastetxe publikoa itxita dagoen aldietan konpentsatuko zaie.

3. Lanaldi erdia hertsiki bete ahal izateko, langile hauek urtean egin beharreko lanorduei dagokienez, eguneko lanaldia luzatzen ahalko da, ikastetxeak unean-unean dituen beharrei erantzuteko, aurrematrikula eta matrikula egiteko aldietan (arruntetan zein ohiz kanpokoetan), bai eta Zuzendaritzak behar bezala arrazoitutako beste kasu batzuetan, gehienez ere 30 ordu urtean.

Eguneko lanaldiaren luzapen puntual hori orduka konpentsatuko da, aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan.

4. Ikastetxeko Zuzendaritzak ikasturtearen hasieran, eta betiere ikasturte bakoitzaren irailaren 30a baino lehen, jakinaraziko du eguneko lanaldia zein garaitan eta kasutan luza daitekeen. Era berean, gutxienez ere 15 egun lehenago jakinarazi beharko die lanaldi erdiarekin kontratatutako administrari laguntzaileei ikasturteko zein garaitan eskatuko zaien artikulu honen lehen lerroaldean ezarritako eguneko lanaldia baino luzeagoa egiteko.

3. artikulua. Ikastetxe publikoetan lanaldi erdiarekin kontratatutako administrari laguntzaileen oporrak.

Ikastetxe publikoetan lanaldi erdiarekin kontratatuta dauden administrari laguntzaileek oporrak izanen dituzte, edo kasua bada, konpentsazio ekonomikoa. Horretarako, beren kontratuen indarraldian egindako benetako lan denbora hartuko da kontuan, eta langileen benetako lanaldiaren urteko ordu-kopuruaren arabera kalkulatuko dira oporrak nahiz konpentsazioa.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko apirilaren 13an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1107004