Iragarkia
8. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEITZAKO, GOIZUETAKO, ARESOKO ETA ARANOKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Ordenantza, Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duena.
Behin betiko onespena
Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, 2010eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.
Erabaki hau azaroaren 24an argitaratu zen, 2010eko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Epe hori iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez dituenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantzen aldaketa, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.
Leitzan, 2010eko abenduaren 29an.-Mankomunitateko burua, Javier Zabalo Betelu.
ETXEZ etxeko laguntza zerbitzua
arautzen duen ordenantza
1. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ).
ELZ udal zerbitzua da. Bere oinarrizko premiak ohiko ingurunean asetzeko mugak dituzten herritarrentzako eta banakoarentzako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren arabera. Pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txertatzea da xedea, baita haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea ere.
2. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren esku-hartzearen oinarriak (ELZ).
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen printzipio orokorrak garatzen dituzte:
Erantzukizun publikoa: administrazioak bere gain hartuko du behar diren baliabideak finantza, teknika, jende eta antolaketa aldetik paratzeko ardura.
Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek zerbitzuaz baliatzeko eskubidea bermatuko dio eguneroko jardueretarako mugak dituen edozein pertsonari, betiere horretarako betebeharrak betetzen baditu.
Osagarritasuna: beste zerbitzu eta baliabide batzuen zerbitzu osagarria da, pertsonak ahalik denbora gehiena egon daitezen nork bere etxea utzi beharrik gabe.
Prebentiboa da: laguntza hartzen duenaren gaitasun pertsonalak andeatzea eta sostenguak eta gizarte harremanak galtzea eragotzi edo mugatu nahi du.
Pertsonaren autonomia sustatzea: erraztasunak emanen ditu pertsonak eguneroko jardueretan parte har dezan eta bere familian eta gizartean integratuta egon dadin, esparru guztietan. Ahaleginak eginen ditu pertsonak erabaki dezan nola bizi nahi duen, bere lehentasun eta gustuak adieraz ditzan.
Laguntza pertsonalizatua eta integrala: ELZk laguntza pertsonalizatua emanen du, pertsonaren behar sozialak zein diren jakiteko eta haiek atenditzeko.
Malgutasuna: kasu bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideen konbinazioa eginez.
Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren barren-lotura sozialari laguntzera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatu, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.
Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean gelditzea, eta, ahal dela, bizitza sozialean parte har dezaten ziurtatzea.
Koordinazioa: baliabideekin, horiek instituzionalak izan nahiz sostengu informalekoak izan, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun maila handiagoa bermatu beharrez.
Kalitatea: ematen den zerbitzuak kalitatea izanen du eta zerbitzu horien kreditazioa lortzeko arauetako betebeharrak beteko ditu.
Boluntario-lana bultzatuko du: herrian edo hirian, zerbitzuaren erabiltzaileei modu informalean laguntzeko sarean parte izan dadin.
3. artikulua. ELZren ezaugarriak:
ELZak ezaugarri hauek ditu:
-Balioaniztuna da, autonomia faltagatik berez baliatu ezin diren pertsona edo familien behar sail zabalari erantzuten baitio.
-Normalizatzailea da, behar horiek asetze aldera pertsonaren edo familiaren baliabideak erabiltzen baititu.
-Etxekoa da, zerbitzua gehienbat erabiltzailearen etxean egiten delako.
-Integrala da, bizikidetza-unitateen beharrei modu globalean erantzuten baitie.
-Prebentiboa da, helburu nagusietako batzuk hauek dituelako: gaitasun pertsonalen gainbehera ebitatu edo mugatzea, harreman eta sostengu sozialak ez galtzea, eta beharrik gabeko instituzionalizazioa saihestea, non eta hari esker ez den ziurtatzen bizi-kalitate hobea.
-Osagarria da, helburuak lortzeko bestelako prestazio oinarrizkoak ere erabil daitezkeelako.
-Pizgarria eta bizigarria da, erabiltzailearen beharrak asetzearekin batera, pertsonaren gaitasunak sendotu nahi baitira, bere aldaketez jabetu dadin eta familiaren parte-hartzea bultzatuz.
-Teknikoa da, teknikoki planifikatutako jarduera sail bat egiten delako, profesional egoki prestatu eta gainbegiratuek egina.
-Pertsonalizatua da, pertsona bakoitzak bere beharrei egokitutako programa bat eta jarraipen bat behar baitu, baliabide egokiekin batera.
-Errespetuan oinarritua, kontuan hartzen baititu laguntza behar dutenen eta zaintzaileen lehentasunak.
4. artikulua. Helburuak.
Etxeko Laguntza Zerbitzuak honako helburu hauek lortu nahi ditu:
-Pertsonak beren ohiko inguruan ahalik eta denbora gehiena eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, horrek deserrotzea ekar baitezake.
-Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, autonomia handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.
-Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egin ahal izateko eta haietan sostengua emateko.
-Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorragoa izan dadin.
-Banakoaren oreka pertsonala, haren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, zaintzaileei behar bezalako sostengua eman diezaieten.
-Autonomia pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren mementoko egoeretan laguntza ematea.
-Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak beren komunitate inguruan indartzea, sor litezkeen bakardade eta baztertze arazoei aurrea hartzeko.
-Komunitateko boluntarioen sostengua bultzatzea eta bideratzea, erabiltzaileei hobeki laguntzeko.
5. artikulua. ELZren erabiltzaileak.
ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira halako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizkoa osatzen duten udalerrietako batean erroldatutako pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, berez baliatzeko mugaturik badaude eta horien ondorioz beren kasa beren premia pertsonal eta sozialak ase ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.
Pertsona hauek izanen dute lehentasuna zerbitzuaz baliatzeko:
- Autonomia pertsonalean arazoak dituen adinekoak.
- Autonomia pertsonalean eragin handia duen ezgaitasunen bat dutenak.
- Familia unitateak, adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duen norbait izanik, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta eman ezin badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatua bermatze aldera.
Premia maila bera izanik, kargen gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.
6. artikulua. ELZn esku hartzen duten profesionalak:
Etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:
-Gizarte langilea, eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programaren diseinua, eta proiektuaren gainbegiratzea, jarraipena eta ebaluazioa.
-Familia langilea, horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hari laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gainera, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.
Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.
-Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren beste profesional batzuek ere har dezakete parte, prestazioak haien beharrik baldin badu. Hauek dira:
-Hezitzailea: haren ardura dira erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak, bizikidetza gunean familiaren autonomiari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.
-Psikologoa: laguntza psiko-soziala behar den egoeretan hartzen du parte eta zaintzaileei sostengua eta orientabideak ematen dizkie, eta zerbitzuko langileei prestakuntza etengabea.
-Beste profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enpleguaren arloko teknikariak, berdintasuneko teknikariak...
7. artikulua. Zerbitzua jasotzeko irizpideak. Menpekotasuna aztertzeko tresnak.
Etxeko Laguntza Zerbitzua jasotzeko balorazioa egiteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honakoak izanen ditu kontuan:
-Banakakoaren Arreta Programan (BAP) ELZ bermatutako zerbitzua izatea.
-Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.
-Sare naturalaren eta, bereziki, familiaren sostengurik ba ote duten.
-Onuraduna izanen denaren famili eta gizarte egoera.
Araudi indardunari jarraikiz aplikatzekoak diren balorazio-eskalak erabiliko dira.
8. artikulua. Zerbitzu zorroa:
8.1. Etxeko Laguntza Zerbitzuan jarduera hauek denak sartzen dira.
1. Laguntza jarduketak eta arreta pertsonalizatua. Hauek dira eguneroko bizimodurako oinarrizko jarduerak egiteko laguntzak:
a) Higiene pertsonala:
-Garbiketa oinarrizkoa: aurpegia, eskuak, genitalak eta ahoa garbitzea, eta ilea orraztea.
-Bizarra egitea.
-Ohatuaren garbiketa.
-Bainua/dutxa.
-Pixoihalak aldatzea.
-Azala hidratatu eta osasuntsu dagoela gainbegiratzea.
-Oin eta eskuen higienea eta haien zainketa (garbitu eta lehortzea, azazkalak moztu eta limatzea, gogorruneak leuntzea, hidratazioa).
-Ilea garbitu, lehortu eta zaintzea.
-Kaka eta pixa bildu eta botatzea (pixontziak/oheko pixontziak).
Bazter uzten dira profesional espezializatu baten esku-hartzea eskatzen duten jarduketa edo zainketak. Adb: diabetikoei hanketako azkazalak moztea.
b) Jantziak/oinetakoak:
-Arropa jantzi eta eranztea.
-Oinetakoak jantzi eta eranztea.
-Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.
c) Oinarrizko mugikortasuna:
-Ohetik jaikitzeko eta oheratzeko laguntza.
-Leku batetik bestera pasatzea (ohea, aulkiak).
-Etxe barrenean mugitu eta ibiltzeko laguntza.
-Etxetik kanpo mugitu eta ibiltzeko laguntza.
-Laguntza teknikoak aplikatzea.
d) Jarduketa soziosanitarioak:
-Postura aldatzen laguntzea, finkatutako protokoloei jarraikiz.
-Patologietara egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.
-Medikuek agindutako botikak esandako moduan hartzen direla kontrolatzea.
-Errezetak eta botikak biltzea.
-Botikak prestatu eta ematea, injekzio bidezko botikak izan ezik. Baina intsulina injekzioa jarri eta azukre testa egin daitezke.
-Onuradunaren osasunarekin zerikusia duten aspektuei erreparatzea (dietak, kakari edo pixari eutsi ezina, ultzerak, oroimenaren galera ...) eta, beharrezkoa denean, behar den profesionalari abisatzea.
-Gaitasun fisikoak eta mugikortasunari eutsi eta haiek berreskuratu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraikiz (mugimendu pasiboak, kremak ematea, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea...).
-Gaitasun kognitiboei eutsi, eta haiek berreskuratu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraikiz (oroimenerako ariketak, denbora edo toki orientaziorakoak...).
-Osasun kontsultetara laguntzea.
-Pixari eusteko ezintasuna dagoenerako gailuak jartzea (pixa biltontziak, zunden aldaketa...).
-Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalik behar ez denean horretarako.
-Larrialdietan lehen laguntzako teknikak aplikatzea.
2. Etxeko lanak. Hauek hartzen dira etxeko lantzat:
2.1. Erabiltzailearen elikadurarekin zerikusia dutenak, hots:
-Janaria prestatzen laguntzea.
-Otorduetarako laguntza (berotzea, mahaia prestatzea, janaria zerbitzatzea eta janaria ematea).
-Plater eta ontziak eta janaria prestatzen erabilitakoak garbitu eta biltzea.
2.2. Erosketarekin lotuak:
-Erosteko ohituren jarraipena, erosketaren antolamendua.
-Erosi beharren zerrenda egiten laguntzea.
-Erosketa egitea (egunero behar diren oinarrizko produktuak).
-Erositakoa etxera eramatea.
-Erositakoa ordenatzen eta bere lekuan jartzen laguntzea.
2.3. Erabiltzailearen jantzi eta oinetakoen eta etxeko gauzen zainketarekin zerikusia dutenak:
-Arropa eta oinetakoak garbitzen laguntzea.
-Arropa hedatu eta biltzea.
-Arropa lisatzea.
-Arropa eta oinetakoak antolatu eta hautatzea.
-Armairuak ordenatzea.
-Jostun lanean jakitea eskatzen ez duten konponketak egitea jantzietan (botoiak jarri, desjosiak josi).
Lan hori ohiko arroparekin egiten da.
2.4. Etxeko mantentze-lanekin zerikusia dutenak:
a) Etxea txukuntzea eta mantentze-lanak:
Ohiko jarduketak/lanak:
-Oheak egitea.
-Eskobatzea.
-Xurgagailua pasatzea.
-Mopa pasatzea.
-Hautsa kentzea.
-Zolak garbitzea.
-Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sutegia eta mikrouhinen labea).
-Sukaldea garbitzea (sukalde-gainekoa, armairuak kanpoko aldetik).
-Komuna garbitzea.
Jarduketa/Lan bereziak:
"Etxerako otordu zerbitzua" ELZk eman dezakeen prestazio bat da: janari prestatua erabiltzailearen etxera eramatea. Toki entitate bakoitzak, zerbitzu honen funtzionamenduaren arabera, haren berri eman beharko du zerbitzuen zorroan, halakorik baldin badu.
-Sabaiei hautsa-eta kentzea.
-Errezelak garbitzea.
-Lanparak garbitzea.
-Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sutegia eta mikrouhinen labea izan ezik).
-Ate, leiho, azulejo, kristal eta armairuak garbitzea.
-Bestelako gauzak garbitzea (etengailuak, heldutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak, etab.).
b) Etxeko konponketa-lan errazak:
Konponketa-lan hauen artean sartzen dira etxeko eskulan errazak (gauza batzuk egokitzeko edo ordezteko, edo gauzek behar bezala funtzionatzeko...), betiere kontuan hartuta ezinbestekoa dela langilearen laneko arriskuen prebentzioa.
Ez dira konponketa-lan horien artean sartuko lanbide jakin bateko ezagupenak izatea edo teknikari berariazko baten esku-hartzea eskatzen duten lanak.
c) Etxearen ekipamendu eta azpiegituren egoera orokorraren kontrola eta jarraipena.
- Etxebizitzaren egituraren eta instalazioen egoera eta funtzionamendua egokiak diren egiaztatzea (gasa, iturgintza, elektrizitatea, berokuntza eta telefonoa).
- ELZaren esku-hartzea egokia izan den baloratzea (zuzeneko esku-hartzea, edo erabiltzailea, familia edo teknikariak beste norabait edo beste zerbitzuren batera bidali izana).
3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hauek hartzen dira laguntza psikosozialeko jarduketatzat:
Laguntza prozesu baten barrenean pertsonari, eta haren familiari eta inguruari agertzen zaizkien egoerak gainditzeko helburua dutenak, pertsonak aintzat hartuak senti daitezen, gizartearen parte.
1 Lan bereziak, urtean bitan egingo dira, hots, herri bakoitzeko festeen auretik eta eguberri aurretik.
a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:
Hezkuntzaren ikuspuntutik, hezkuntzaren estrategiatik, jarduketa hauek oinarrizko gaitasun, jokabide eta trebeziak lortu, sustatu, berreskuratu, erakutsi eta erabiltzeko dira, erabiltzaileak eta haren inguruko jendea ahalik autonomoena izan daitezen.
-Laguntza emozionala bizitzaren zenbait egoeratan (bakardadea, menpekotasuna/ahalmenen, osasunaren edo autonomiaren galera, dolua...).
-Autoestimuaren sostengua eta sustapena (irudi pertsonala eta nork bere burua onartu eta baloratzea...).
-Jarrera positiboak bultzatzea, familiaren dinamikan planteatzen diren egoerak gainditu ahal izateko (errespetua, onarpena, entzutea...).
-Bizimodu osasungarrietarako hezkuntza (elikadura, norberaren higienea eta etxekoa, ariketa fisikoa...).
-Nork bere burua zaintzeko eta autonomia pertsonala bultzatzeko ohitura eta trebeziak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizitzarako oinarrizko jarduerak eta tresnen erabilera).
-Etxean arriskua dakarten jokabide eta egoerei aurrea hartzeko eta horiek aldatzeko trebeziak eskuratu eta garatzea.
-Laguntza teknikoak erabiltzeko orientabideak eta entrenamendua.
-Etxeko antolamendurako aholkuak (tresnen eta janarien antolamendua eta ordena...).
-Denbora pasatzeko jarduerak egin ditzaten bultzatzea, betiere bakoitzaren gustu eta interesen arabera, jarrera aktiboa pizteko (zaletasunak).
-Bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko aholkuak (trebetasun sozialak, asertibitatea...).
-Arriskuko jokabide eta egoerak identifikatzea, eta horiek aldatzeko informazioa eta aholkua.
b) Familiari eta zaintzaileei laguntzeko jarduketak:
Erabiltzaileentzako arreta eta zainketak egiterakoan eta horiek hobeki egiteko, familiari eta zaintzaileei laguntzeko egiten diren jarduera eta lanak dira.
-Zaintzaileentzako sostengu emozionala.
-Erabiltzailearentzako laguntzarekin eta zainketarekin zerikusia duten orientabidea, aholkua eta jarraipena.
-Jarraibide eta trebetasunak eskaintzea, laguntzan eta zainketan izaten diren egoera desberdinei aurre egiteko, eta sortzen diren errealitate berrietara egokitzen laguntzeko.
-Laguntza teknikoei, baliabideei eta bestelako sostenguei buruzko informazio eta orientabideak ematea.
-Jarraibide, trebetasun eta jokabideetan laguntzea eta orientabideak ematea, nork bere burua hobeki zaintzeko eta estresari eta gainkargari aurrea hartzeko.
-Jarrera positiboak bultzatzea, ulermena, parte-hartzea eta komunikazioa errazteko.
c) Laguntza soziokomunitarioko jarduketak. Hauek dira laguntza soziokomunitarioko jarduketak:
Erabiltzaileak gizartean sarturik jarraitzeko eta harremanak bultzatzeko jarduera eta zereginak, eta gizartean dituen baliabideen berri ematen dizkiotenak, haietaz balia dadin. Zehazki, jarduera hauek dira:
-Etxetik kanpora laguntzea, kudeaketa pertsonalak egiteko.
-Erabiltzaileak jarduera sozialetan eta aisialdikoetan parte hartzeko erraztasunak ematea.
-Erabiltzaileari laguntzea, jarduera sozialetan eta aisialdikoetan parte hartzeko.
-Lagun egiteko jardueretan boluntarioek parte har dezatela erraztea.
-Informazioa eta aholkua ematea antolatutako jarduerei buruz, baita baliabide komunitarioen erabilerari buruz ere.
-Gizarteari mezuak helaraztea, menpekotasunak dituzten pertsonak aintzat har ditzan.
4. Laguntza teknikoak eta beste baliabide lagungarri batzuk. Hauek dira laguntza teknikoak eta bestelako baliabide lagungarriak:
Etxea erabiltzailearen beharretara egokitzeko lanak, eta etxez aldatzera edo ohiko etxetik ateratzera daramaten bestelako egoeretarako trantsizioa.
a) Laguntza teknikoko jarduketak etxebizitzan:
-Etxean autonomia izateko eta prestazioa etxean bertan emateko bide ematen duten laguntza teknikoei buruzko balorazio, informazio eta orientabideak.
-Etxearen egokitzapenari eta arriskuak eta oztopo arkitektonikoak kentzeko lanei buruzko balorazio, informazio eta orientabideak.
-Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera antolatu eta egokitzeko aholku eta laguntza.
b) Beste baliabide lagungarri batzuk.
-Etxeko laguntzarako beste baliabide osagarri batzuk aintzat hartu, haiei buruzko informazioa eman eta horietara bideratzea (materialen mailegua, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...).
-Baliabide alternatiboak aintzat hartu, haiei buruzko informazioa eman eta horietara bideratzea, pertsonak bere etxea utzi beharrik izan ez dezan.
8.2. Zorroa aplikatzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Zerbitzuen Zorroa aplikatzerakoan, erabiltzaileari laguntzeko harremana sortzea da helburua, hori baitu xede nagusia. Horri dagokionez, zorro honen jarduerak horretarako egiten dira eta helburu hauek dituzte: laguntzea, gainbegiratzea, sostengua ematea, eta hezkuntza eta prestakuntza eskaintzea, betiere kasu bakoitzerako finkatzen den Laguntza Pertsonalizaturako Planean oinarriturik.
b) ELZko profesionalek etxeko lanetan duten parte-hartzea ez da lan horiek egite hutsa. Horien baitan espresuki bilatzen da laguntza-harremana sortzea, merkatuan eskaintzen diren etxeko lanetarako zerbitzuetan ez bezala.
c) Zerbitzuen Zorroa prestazio edo jarduera multzo bat da, baina horrek ez du ezinbestean esan nahi kasu guztietan den-denak eman behar direnik. Prestazioak Laguntza Pertsonalizaturako Planean geldituko dira zehazturik eta bildurik.
d) Bestelako profesional berariazkorik behar ez duten lan edo jarduerak eginen dira, ohiko toki edo egoitzetan egiten direnak, erabiltzailearen bizitzaren ohiko jarduerak egiteko premia-premiazkoak direnak.
e) Zerbitzuen Zorroan aipatu edo bildu gabeko bestelako jarduketa/lanak ere egin litezke, salbuespenez, honako baldintzei jarraikiz:
-ELZko profesional-taldeak balorazio bat egin badu.
-Oinarrizko behar bat betetzen badu, eta hori ez betetzeak arriskua ekartzen badu bizi-baldintzek okerrera egiteko.
-Behar hori asetzeko beste modu edo baliabiderik ez badago.
-Behin-behinekoz egiten bada, beste bideren bat bilatu bitartean, ohiko zeregin bihurtu ez dadin.
f) Zorroaren aplikazioa partez alda liteke, edo bertan behera utzi, baldin eta egoerak arriskurik ekartzen badio erabiltzailearen edo profesionalen osasunari edo segurtasunari.
g) Zorroa behar bezala aplikatu dadin, ezinbestekoa izanen da zerbitzu espezializatuekiko koordinazioa, osasun arloarekin batik bat, halakorik behar den kasuetan, betiere erabiltzailearen baimenarekin.
h) Zerbitzuek berdintasuna bultzatuko dute erantzukizun eta lanen banaketan, genero bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta haren ingurune sozio-familiarrari dagokienez.
i) Zorroaren aplikazioak eta Etxeko Laguntza Zerbitzuaren prestazioak ez diote familiari kentzen erabiltzailearen gaineko erantzukizun legal, sozial eta emozionala.
9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.
Finantzabide sistemaren irizpide eta printzipioak honakoak dira:
-Familia Unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea denboran neurtzen da (etxean ordenantzan eskaintzen diren zerbitzuetako edozeinetan egindako denbora, betiere bi ordu izanik laguntza denbora gehienezkoa).
-Familia Unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko kontuan hartuko den familia unitatea PFEZean definitutakoa da:
-Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
-Legeria berariazkoaren arabera bikote egonkor batek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
-Legezko bereizketaren kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
-Gaitasun ekonomikoaren kalkulua: errenta eta gastu kengarriak.
-Errenta: PFEZaren etekin garbiak, pentsioak edo prestazio salbuetsiak.
-Gastu kengarriak: arrazoi pertsonalengatik edo etxebizitzaren alokairu edo erosketagatik kuotaren desgrabazioen oinarria osatzen dutenak, eta mendekotasunaren ondoriozko laguntza zerbitzuen gastuak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak eta bestelako lanak).
-Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptuen arteko aldea zati familia unitatea osatzen duten kideen kopurua, zati 12 hilabete.
Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldiko diru-sarreren arabera kalkulatuko da gaitasun ekonomikoa.
-Kostu unitate oinarrizkoaren kalkulua:
Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko metodoa (laguntza ordu bakoitzeko kostu osoaren balioa zein den lortu arte) honakoa izanen da:
Urtero kostu-zentro bat zehaztuko da, eta hari egotziko zaizkio zerbitzuaren kostu zuzeneko eta zeharkako guztiak: lanaldi osoan dagoen famili langile baten kostua, eta gizarte langile baten eta administrari laguntzaile baten kostuaren %15, azkeneko profesional horiek zuzenean hartzen baitute parte zerbitzuaren kudeaketan.
Kostu osoa zati famili langile batek lanaldi osoan etxeko laguntza zerbitzuan egin ditzakeen ordu kopurua (lanaldi osoaren %80). Horrela laguntza-orduko kostua lortzen da.
-Tarifa unitate oinarrizkoaren kalkulua:
Tarifa unitate oinarrizkoa etxeko zerbitzuan lanean egindako ordua da.
Tarifa edo prezio publikoa ordu batean laguntzak duen kostuaren %50 da.
-Prezio publikoaren tasaren eskala progresiboa:
Kargaren eskala familia unitatearen per capita errenta garbiaren arabera egina dago, eta errentak urteko IPREMarekin duen proportzioa izanen da oinarria (Eragin Anizkoitzeko Errentaren Adierazle Publikoa):
ERRENTA MAILAREN TARTEA | TARIFA MAILA |
EGPC (errenta garbia per capita)<IPREM | 3 euro hilabeteko tarifa finkoa |
IPREM<EGPC>IPREMaren >%105 | 6 euro hilabeteko tarifa finkoa |
IPREMaren %105<EGPC>IPREMaren >%120 | Prezio publikoaren 0,15 |
IPREMaren %120<EGPC>IPREMaren >%135 | Prezio publikoaren 0,30 |
IPREMaren %135<EGPC>IPREMaren >%150 | Prezio publikoaren 0,45 |
IPREMaren %150<EGPC>IPREMaren >%165 | Prezio publikoaren 0,60 |
IPREMaren %165<EGPC>IPREMaren >%180 | Prezio publikoaren 0,75 |
IPREMaren %180<EGPC>IPREMaren >%195 | Prezio publikoaren 0,90 |
EGPC > IPREMaren %195 | Prezio publikoa |
10. artikulua. -Esku-hartze teknikorako protokoloa.
Esku-hartze teknikorako protokoloan ondotik aipatzen diren faseak daude (edukia 1. eranskinean dago azaldurik):
-Harrera eta orientabide soziala.
-Kasuaren azterketa.
-Egoeraren diagnostikoa.
-Laguntza Pertsonalizaturako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.
-Konpromisoak gauzatzea, parteen artean.
-Esku-hartzearen hasiera.
-Jarraipena eta ebaluazio etengabea.
11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua onartzeko prozedura administratiboa.
a) Prozeduraren hasiera:
ELZ onartzeko prozedura ofizioz has daiteke, edo interesatuak eskaturik:
Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.
Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, ofiziozko prozedura abiatzea erabakitzen duen ebazpenaren eguna izanen da, hain zuzen ere, hasiera eguna.
Dena dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 68. artikulutik 72.era bitarte ezarritakoari lotuko zaio prozedura.
Parte batek eskaturik. Parte batek eskaturik abiatzen bada, eskabidearekin batera dokumentu honen 2. eranskinean aipatzen den dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da beti (eta eskabidea, jakina, ongi beterik).
Aipatutako dokumentazioa edozein izanik ere, bestelako dokumentu osagarriak ere eska litezke, baldin eta espedientea tramitatzean beharrezkoak direla ikusten bada egindako eskabiderako.
Eskabideak zerbitzuaren entitate titularraren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deusetan ere ukatu gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritakoa. Eskabidea aipatu erregistroan aurkeztu den eguna hartuko da prozedura tramitatzeko hasiera-eguntzat.
b) Tramitazioa: interesatuari errekerimendua eginen zaio eskabidean behar diren datu eta agiri guztiak biltzen ez badira, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, tramite gehiagorik gabe artxibatuko da.
Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.
Behar den organoari bidaliko zaio proposamena, honek onets edo baztertu dezan. Aldi honetan ELZaren eskaera ebazteko proposamen-agiria sortzen da.
c) Ebazpena: zerbitzua baiesteko edo ezesteko ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, edo Mankomunitateko edo udalen arteko Batasuneko burua, beste inor espresuki eskuordetu ezean.
Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, erabakiko da sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna, baldin eta laguntza emateko ordurik batere badago. Ordu librerik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.
Ematen den ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.
Ebazpenean, besteak beste, hauek adieraziko dira:
1. Zerbitzua onartu edo ukatu den.
2. Onarpenaren baldintzak, hauek zehaztuta:
-Laguntza programa pertsonalizatua.
-Egin beharreko lanak.
-Laguntzaren iraupena.
-Laguntzaren ordutegia.
-Astean zenbat egun.
-Onuradunak zerbitzuagatik ordainduko duen prezio publikoa.
3. Onuradunari jarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.
4. Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.
Interesatuak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.
Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz aparte, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.
d) Jakinarazpena:
Zerbitzua onarturik, horren berri emanen zaio onuradunari edo haren lege ordezkariari. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Bestetik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta behar den profesionalei emanen zaie horren berri.
e) Amaiera eta bertan behera uztea:
Amaiera: honako hauengatik gertatuko da:
1. Interesatuak hala nahi duelako, uko egin diolako.
2. Prestazioa izateko betebeharrak bete gabe baliatu delako zerbitzuaz, edo geroago betebehar horiek betetzeari utzi diolako.
3. Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.
4. Beste udalerri batera joan delako bizitzera, zahar-etxe batean sartu delako edo hil delako.
5. Zerbitzuarekin jarraitzea ezinezko bihurtzen duen ustekabeko gertakariren batengatik.
6. Zerbitzuaren prestazioan hiru hilabetetik gorako etenaldian egoteagatik.
7. Etxeko Laguntza Zerbitzua izateko problemak gainditu direlako, edo onuradunak hobera egin duelako.
ELZtik ateratzeko, GZOko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta uzteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.
Behar den organoak zerbitzuaren amaiera erabakitzen duen ebazpena emanen du. Bertan arrazoia azalduko da, baita eragina noiztik aurrera izanen duen ere.
Amaiera bigarren edo hirugarren arrazoiagatik baldin bada, ebazpena eman aurretik, interesatuari entzun behar zaio.
Bertan behera uztea: behin-behinekoz zerbitzua etetea izanen da horren ondorioa.
Gehienez hiru hilabete iraunen du.
Lehenbiziko hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.
Interesatuak eskaturik, berriz ere hasiko da zerbitzua ematen. Hilabete baino motzagoko etenetan, prestazioa berehala jarriko da berriz. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.
f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:
Jarraipena eta balorazioa:
Behin zerbitzua hasita, ELZren teknikari arduradunek eginen dute kasuaren jarraipena, eta jarraipen hori espediente batean jasoko dute.
Urtean behin, ofizioz, familia unitatearen datu ekonomikoak gaurkotuko dira. Behin zerbitzua onarturik, emandako datuak okerrak direla frogatuko balitz, datu horiek zuzendu eginen lirateke.
Berrikuspena:
Behin zerbitzua onartuta, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, hasierako onarpena ekarri zuen egoeran izaten diren gorabeheren arabera.
Aldaketak interesatuak berak eskaturik egin litezke (eskabide bat aurkeztuta), edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesional batek proposaturik, profesionalak ikusi badu zerbitzua onartzeko baloratutako egoera aldatu egin dela.
Zerbitzua emateko ezarritako ordutegia ere alda liteke. Toki entitateak eskubidea du egokiak iruditzen zaizkion aldaketak egiteko, eta zerbitzua erabiltzailearen beharretara eta unean uneko eskarietara egokitzeko.
Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa egitez gero, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.
g) Prozedura berezia.
Premia larriei erantzuteko, ELZk proposamen arrazoitua eginez gero berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua. Hori ez da oztopo, halere, ezarritako prozedurari jarraikiz geroago tramitatzeko.
12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
a) Eskubideak: Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:
-Laguntza Pertsonalizaturako Planaren berri izatekoa.
-Plana aztertu eta alda dadila proposatzekoa, baldin eta behar berririk sortu bada.
-Laguntza egokiro jasotzekoa, ebazpenean erabakitzen den edukiarekin eta ordutegiarekin.
-Bestelako baliabideen berri izatekoa eta haien eskaintza izatekoa, baldin eta egokiagoak badira.
-Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketei buruzko informazioa izatekoa, haiek gertatu eta berehala.
-ELZko profesionalen errespetuzko tratua jasotzekoa.
-Zerbitzuan akats edo okerrik egiten bada, kexak aurkeztekoa.
b) Betebeharrak: Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
-Behar adina informazio eta datu ematea pertsonaz, familiaz eta inguruaz, prestazioa beharrezkoa ote den baloratzeko.
-Laguntzeko prest egotea eta begirunez jokatzea prestazioak behar den bezala funtziona dezan.
-Laguntza Plan Pertsonalizatuan sartutako lan edo jarduerak onartu eta errespetatzea.
-ELZko profesionalak errespetuz tratatzea.
-Prestazioaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.
-Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta aldaketek etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakarte.
13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.
a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko araudi indardunaren arabera, ezin izanen da Etxeko Laguntza Zerbitzua eman baldin eta zerbitzuak arrisku larria baldin badakarkio langilearen segurtasun edo osasunari. Esaterako:
-Hondoratzeko arriskua duten etxebizitzak.
-Etxebizitza osasungaitzak (adibidez: izurriteak...).
-Zerbitzua ematen duenaren segurtasun edo osasunari arrisku handia dakarkioten jokabideak dituzten patologiak.
-Arrisku handiko beste egoera batzuk (adibidez: kontrolik edo berme sanitariorik gabeko animaliak).
b) Arestian aipatutako egoerez gainera, Etxeko Laguntza Zerbitzuak honako betebehar hauek ditu besteak beste:
-Erabiltzaileak ELZk jarritako ordutegia errespetatu behar du, eta etxean egonen da zerbitzua hartu bitarteko denbora guztian. Ez da saiatuko zerbitzuaren iraunaldia luzatzen. Bestetik, behar den denborarekin abisatuko du baldin eta ez badu etxean egon behar.
-Erabiltzaileak lana erraztu behar die zerbitzuko langileei, eta behar diren baliabide materialak emanen dizkie lan horietarako.
-Erabiltzaileak sarrera erraztuko die behar bezala kreditatutako langileei, haiek lana edo jarraipena egitera doazenean. Beharrezkoa baldin bada zerbitzuko langileen lan arriskuen ebaluazioa egitea, sarrera erraztuko die erabiltzaileak ebaluazioaren arduradunei ere.
1. ERANSKINA
Esku-hartze teknikorako protokoloa
ELZak nolako laguntza eskaini behar duen erabakitzeko, profesionalek nola esku hartu erabakitzeko, hauxe da prozesua:
a) Harrera eta orientabide soziala:
Hasierako bilera bat behar da profesionalaren eta eskaera egin duen pertsonaren artean. Lehenbiziko bilera honi esker, kasu egiten zaio hasierako eskaerari, beharren behin-behineko balorazio bat egin eta lehenbiziko erantzuna ematen zaio, eta erreferentziazko harreman profesionala sortzen da.
Profesionalak horrela jakiten du zer eskatzen den, nork eskatzen duen zerbitzua eta norentzat.
Baliabidea zer den esaten zaio eskatzaileari eta horrela argi jakiten du zer dagoen eta zer ez dagoen. Etxerako beste baliabide batzuen berri edo eskatutakorako egokia izan litezkeen beste baliabideren baten berri ere ematen zaio, halakorik baldin badago. Zerbitzuaz argibide hauek ematen zaizkio:
-Nor den zerbitzuaren titularra, eta zerbitzu-emailearen identifikazioa.
-Zerbitzuaren definizioa, eta helburuak eta profesionalak zein diren.
-Horretaz baliatzeko betebeharrak.
-Prestazio motak eta zorroa.
-Antolamendua eta funtzionamendua.
-Zerbitzua emateko oinarrizko baldintzak.
-Eskubideak eta betebeharrak.
Baliabide hori ematea egokia den ala ez aztertu eta gero, eskabide-eredua ematen zaio, hor zehazten baita zer dokumentu behar diren. Beharrezkoa balitz, beste hitzordu bat ere finkatuko da.
b) Kasuaren azterketa: egoera modu globalean ezagutzea da kontua. Horretarako, balorazio tresnak erabiltzen dira, hauek barne direla: beste baliabide batzuekiko koordinazioa (osasuna, hezkuntza...), etxerako bisita, erabiltzailearekiko elkarrizketa, ingurune hurbilean laguntza ematen ahal dutenekiko elkarrizketa, eta dokumentazioa. Bizikideen unitatearen egoera soziosanitario eta sozioekonomikoari buruzko datuak biltzen dira, baita egoerari aurre egiteko pertsonak, familiak eta hurbileko laguntzaile-sareak (adiskide eta auzokideek) dituzten baliabideei buruzkoak ere.
c) Egoeraren diagnostikoa: egoeraren interpretazio juzgua egiten da. Arlo hauek hartzen dira aintzat:
-Erabiltzailearen beharrak.
-Erabiltzaileak berak modu autonomoan ase behar dituen beharrak.
-Pertsona horri lagundu ohi dioten pertsonen sareak zer behar asetzen ahal dituen (familiak, auzokideek, boluntarioek).
-Zer behar gelditzen diren bete gabe (erabiltzailea etxetik atera beharrik izan ez dezan), zein behar har ditzakeen bere gain ELZk, eta zer beste baliabide behar diren.
d) Laguntza pertsonalizaturako proposamena edo esku hartzeko diseinua. Honakook sartzen dira bertan:
-Esku-hartzearen helburuak.
-Egin beharreko lanak.
-Laguntzaren maiztasuna.
-Zer profesionalek hartu behar duten parte.
-Laguntzaren ordutegia.
-Laguntzaren iraupena.
-Parteen konpromisoak.
-Kanpora begira eta barrenera begira, norekin egin behar den koordinazioa jarraipen etengabea egiteko, eta zer sistema erabili behar den koordinatzeko.
-Onuradunak zenbat diru jarri behar duen.
e) ELZk erabiltzaileari eta familiari eskainiko dien laguntza azaltzea, eta egin beharreko lanen gaineko konpromisoak zehaztea (egoeran parte hartuko duen bakoitzak zer eta noiz egin behar duen finkatuz).
f) Esku-hartzearen hasiera: famili langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, laguntza zuzena emanez Laguntza Pertsonalizaturako Planaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte langilea eta famili langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek konpromisoen kontratua sina dezaten.
g) Jarraipen eta azterketa etengabea: jarraipenean Laguntza Pertsonalizaturako Planean aldaketak egitea dakarten egoerak harrapatzen ahal dira. Aldaketa funtsezko bat gertatu bada (hala nola: familia unitateko kideen aldaketa, autonomian hobera egin izana, familian edo hurbileko ingurunean laguntza aurkitu izana, laguntza ekonomikoa izatea, etab.) berriz ere aztertuko da kasua. Aldaketak azterketa berririk ez badakar -esaterako, ordutegiaren edo langileen aldaketagatik-, laguntza pertsonalizaturako planean aplikatuko da. Kasuaren jarraipenerako, beharrezkoa da erregistro-euskarri bat izatea, zeinean, gutxienez hauek biltzen baitira: laguntzaren denboraren eta jarduketen gaineko gorabeherak, pertsonaren eta familiaren dinamikaren bilakaera.
Gehienez urtebeteko epean itxaron zerrendan dauden pertsonen egoera aztertuko da.
Espedientearekin batera honako agiriak aurkeztuko dira:
-Txosten soziala.
-Mendekotasuna baloratzeko tresna.
-Zerbitzua ematen hasteko proposamena.
-Laguntza Pertsonalizaturako Planaren proposamena.
-Zerbitzuaren baldintzen agiria.
-Parteen konpromisoen agiria, halakorik baldin badago.
Eskaera eta balorazio profesionala behar bezalako euskarrian erregistratuko dira, bai paperean (espedientea), bai euskarri informatikoan (GZEIS).
2. ERANSKINA
Elz eskatzeko agiriak
ELZren eskabidea toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako emanen den inprimakian. Harekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, familia unitateko kide guztiei buruzkoa (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):
-NANaren fotokopia.
-Osasun txartelaren fotokopia (norbanakoaren osasun txartela).
-Osasun etxearen txostena, onuradunari buruz eta ezintasunak dituzten bizikideei buruz.
-Erroldaren ziurtagiria eta elkarbizitzarena.
-Bankuaren agiria, zerbitzuaren tasa ordaintzeko.
-PFEZaren aitorpenaren fotokopia, azkeneko ekitaldiari dagokiona. Aitorpena egin beharrik ez badu, PFEZaren Aitorpen Negatiboa, Ogasun Departamentuak luzatua. Horrekin batera, aurreko ekitaldiari dagozkion diru-sarreren ziurtagiriak aurkeztu behar dira (nominak, pentsioak eta/edo bestelako prestazioak jaso izanaren ziurtagiriak, kapital higiezinaren eta higigarriaren etekinak...) edo, horiek ezean, diru-sarrerei buruzko zinpeko aitorpena.
-Ordenantzaren 9. puntuan aipatutako gastu kengarriei buruzko ziurtagiriak, behar bezala kreditatuak. Gastu hauenak zehazki:
- Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
- Familia unitateko kideen mendekotasuna dela-eta, haiei eman beharreko arreta: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak, bestelakoak...
Eskaera ebazteko beharrezkotzat jotzen diren beste agiri batzuk aurkezteko eska liteke, familiaren edo bizikideen egoera kontuan hartuta.
Ez da dokumentaziorik aurkeztu behar, dagoeneko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baldin badu, edo zuzenean hura eskuratzeko biderik baldin badu.
Iragarkiaren kodea: L1021609
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
