1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
565/2011 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabaki da Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko kide anitzeko arbitraje organoetako buru eta kideek jaso beharreko dieten zenbatekoa %5 murriztea eta aipatu Arbitraje Batzordeko kide bakarreko arbitraje organoetako arbitroek jaso beharreko dietak onestea.
Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duen otsailaren 15eko 231/2008 Errege Dekretuak ezartzen duenez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazioak ebazteko eratzen diren arbitraje organoak kide bakarrekoak edo anitzekoak izan daitezke, kasuan-kasuan. Arbitraje organo horiek arbitroek osatuko dituzte, Kontsumoko Arbitraje Batzorde egokiaren aurrean behar bezala baimendurik egon beharko dutenek.
Kide bakarreko organoei dagokienez, otsailaren 15eko 231/2008 Errege Dekretuak xedatzen du Administrazio Publikoak proposaturiko arbitro baimenadunen artetik izendatuko dela arbitro bakar hori, salbu eta alderdiek, ados jarrita, espezializate arrazoiak direla eta, baimendutako beste arbitro bat izendatzeko eskatzen badute.
Bestalde, kide anitzeko arbitraje organoak honela osatuko direla ezartzen da: burua, administrazioak proposaturiko arbitro bat izan beharko duena, eta hainbat arbitro, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek eta enpresa edo profesionalen erakundeek proposaturikoak. Dena den, zehaztu egiten da, halaber, arbitraje organoan administrazio publikoak izendatutakoaz beste organoburu bat egon daitekeela, erreklamazioaren zer-nolakoak hala eskatzen duenean edo baldin eta Kontsumoko Arbitraje Batzordea atxikita dagoen administrazioari lotutako entitate publiko baten kontrakoa bada erreklamazioa.
Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariaren 1994ko martxoaren 8ko Foru Aginduaren bitartez, Arbitraje Elkargo ezberdinetako kideek esku hartzen zuten espediente bakoitzeko jaso beharreko dietak ezarri ziren, kide bakoitzari 36,06 eurokoa zegokiola finkatuz eta 90,15 euro, berriz, buruari.
Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariak abenduaren 13an emandako 162/2001 Foru Aginduaren bitartez, kideen dietak eguneratu eta 43 euroan finkatu ziren, baina ez ziren eguneratu, ordea, buruei zegozkienak.
Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariak 2005eko martxoaren 3ko 23/2005 Foru Aginduaren bitartez, dietak eguneratu egin ziren berriz, hala kideena nola buruena oraingoan, eta 50 euroan eta 100 euroan finkatu ziren, hurrenez hurren.
Oraingo krisialdi ekonomikoaren ondorioz defizit publikoa murrizteko neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitaterako moldatzen dituen ekainaren 11ko 12/2010 Foru Legeak %5 murriztu ditu ordainketa kontzeptuak, legean berean adierazitako zenbait salbuespenetan izan ezik.
Horrenbestez, bidezkoa da orobat murriztea Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko Arbitraje Elkargoetako kideek eta buruek jasotzen dituzten dieten zenbatekoa.
Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko kide anitzeko arbitraje organoetako buruen dieta murriztea, 95,00 euro jasoko baitituzte esku hartzen duten espediente bakoitzeko.
2. Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko kide anitzeko arbitraje organoetako kideen dieta murriztea, 47,50 euro jasoko baitituzte esku hartzen duten espediente bakoitzeko.
3. Eratzen diren kide bakarreko arbitraje organoetako arbitroendako 95,00 euroko dieta onestea, arbitro bakar gisa esku hartzen duten espediente bakoitzeko.
4. Onestea Foru Agindu honetan zehazturiko dietak espediente guztietan aplikatu beharko direla baldin eta dagozkien ikustaldiak 2011ko apirilaren 1aren ondotik egiten badira.
5. Onestea Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordea osatzen duten Arbitraje Elkargoetako kideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileendako ezarritako kopuru eta kasu berberetan jasoko dituztela kilometro-sariak Arbitraje Elkargoko kide diren aldetik Iruñetik kanpo joan behar dutenean.
6. Aditzera ematea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
8. Foru agindu hau Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeari jakinaraztea, eta igortzea hala Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora nola Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko martxoaren 15ean.-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.
Iragarkiaren kodea: F1105303