77. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104/2011 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arroizko (Nafarroa) udal mugapeko 2. poligonoko 589. lurzatian 13,2 kV-eko lurpeko linea elektrikoa ezartzeko proiekturako. Sustatzailea María Carmen de Izco Ollo da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da aireko linea bat lurpean sartzea; horretarako, zanga bat eginen da Arroizko (Nafarroa) 2. poligonoko 589. lurzatiaren ekialdeko ertzean.

Espedientean Arroizko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak jaso dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jakinarazi duenez, proiektu horrek ez du ingurumen ukipen nabarmenik eraginen.

Espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arroizko (Nafarroa) udal mugapeko 2. poligonoko 589. lurzatian 13,2 kV-eko lurpeko linea elektrikoa ezartzeko proiekturako. Sustatzailea María Carmen de Izco Ollo da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Aireko linea lurpeko linea bihurtzen den euskarrian elektrokuzio arriskua murrizte aldera, lineako eroaleak eta XS ebakigailuak lotzeko zubi lasaiak eta horiek eta tximistorratz autobalbulak eta terminalak lotzeko zubi lasaiak isolatu beharko dira, guztiz, goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko material isolatzaile egokiaren bidez. Tximistorratz autobalbulak eta terminalak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldekatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Proiektua gauzatzean uki daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, Administrazio Publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Arroizko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 15ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1105474