1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
314/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, "Navarra de Servicios, S.A." sozietate publikoaren laborategia izendatu eta homologatzen duena toxikologiako analisiak egiteko, baita gizakien ADNaren auzitegi-analisiak egiteko ere, Foruzaingoak, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak eta Nafarroako Foru Komunitateko beste edozein organo edo erakundek eskatzen dituenean.
Foru Komunitateko organo eta erakundeek egiten dituzten jarduera publikoek toxikologiaren eta gizakien ADNaren auzitegi-analisien arloetan laborategi bat izatea eskatzen dute. Laborategi horrek modernoa izan behar du eta behar beste langile, tresna eta baliabide ekonomiko izan behar ditu, analisi teknika horiek eragimenez, zorroztasunez, objektibotasunez, bizkor eta fidagarritasunez eginen direla bermatu ahal izateko. Berme hori egiaztatzen da kalitateari buruzko araudiak finkatutako oso baldintza zehatzak betez lan sistematiketan.
"Navarra de Servicios, S.A." (NASERSA) sozietate publikoa Nafarroako Gobernuaren entitate instrumental bat da, eta bere laborategia Nafarroako Laborategi Publikoen Sistemaren barruan dago eta, aipatu analisiak egiteko, Nafarroako Foru Komunitatearen laborategi gisa izendatu eta homologatzeko baldintza zehatzak betetzen ditu. Alde horretatik, analisi toxikologikoak eta ADNaren auzitegi-analisiak egiteko laborategi gisa egiaztatu du Entidad Nacional de Acreditación (ENAC) entitateak, UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren arabera, eta, gainera, Comisión Nacional para el Uso Forense del ADN (CNUFADN) batzordeak baimendutako laborategi bat da, ADNaren analisiak egiteko auzitegiko xedeetarako.
Horrenbestez, Justiziako eta Barneko zuzendari nagusiek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. "Navarra de Servicios, S.A." (NASERSA) sozietate publikoaren mendeko laborategia Nafarroako Foru Komunitatearen laborategi izendatzea, toxikologiako analisiak eta gizakien ADNaren auzitegi-analisiak egiteko.
2. Nafarroako Gobernuaren "Navarra de Servicios, S.A." (NASERSA) sozietate publikoaren mendeko laborategia homologatzea toxikologiako analisiak eta gizakien ADNaren auzitegi-analisiak egiteko prozedura judizialetan.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko apirilaren 5ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1106246