Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
114/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 28koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak gauzatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.
Nafarroako erakundeek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, garapenerako laguntza ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen gisa, Milurteko Garapen Helburuak lortzeko asmoz.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Bereziki, 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetza sustatzeko.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, beharrezkoa da diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko berdintasuna eta eraginkortasuna ere.
Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehendabizikoa.-Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, foru agindu honen I., II. eta III. eranskin gisa jasotakoak, onestea.
Bigarrena.-17.935.000,00 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, honela banatuta:
2011ko ekitaldirako, 10.935.000,00 euro, "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900001 91200 4819 143102 kontu-sailaren kargura.
2012ko eta 2013ko ekitaldietarako, 3.500.000,00 euro eta 3.500.000,00 euro bideratuko dira, hurrenez hurren; betiere, 2012. eta 2013. urteetako gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren kontu-sailetan kreditu nahikoa bada.
Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko martxoaren 25ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK,
GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEETAN ESKU-HARTZE
SOZIAL ETA EKONOMIKOAK EGITEKO
Lehena.-Xedea eta helburua.
1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzetarako dei egiten du 2011., 2012. eta 2013. urteetarako, garapen bidean diren herrialdeetako populazio andeatu eta ahulen alde. Diru-laguntza horiek Garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeekin, unibertsitateekin eta lankidetzako eta esku-hartze sozial eta ekonomikoetako beste agente batzuekin batera finantzatuko dira. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten esku-hartze horiek, herrialde horietan dituzten solaskideekin elkarlanean burutzen direnek, pobretasunaren aurkako borroka eta giza garapena sustatzea dituzte helburu.
2. Esku-hartzeak lau mota edo modalitatetakoak izaten ahal dira:
A modalitatea: garapeneko mikroekintzak; ekipamendu ondasunetan edo beste gauza batzuetan inbertsioak egitea helburu duten esku-hartzeak dira garapenerako proiektu batean erabiltzeko edo denboraren eta diruaren aldetik proiektu horiek bezain garrantzitsuak ez diren jarduketak egiteko.
B modalitatea: garapeneko proiektuak; herritarren bizimodua hobetzeko esku-hartzeak dira, urtebeterako diseinatuak, nahiz geroan fase gehiago izaten ahal dituzten.
C modalitatea: lankidetza teknikoko proiektuak; aholkua edo laguntza teknikoa emateko esku-hartzeak dira, gizabanakoen eta erakundeen gaitasuna indartzen dutenak; alegia, jarduketa ekonomikoak, produkziokoak, transferentzia teknologikoari lotuak, teknikak edo prestakuntza arlokoak arrakastaz kudeatzeko behar diren gaitasunak sortu, handitu, egokitu eta iraunarazten dituen prozesua, zer eskualdetan egiten den esku-hartzea, hango giza garapen iraunkorra laguntzeko. Entitate eskatzaileko kideak gehiengoa izanen dira esku-hartzea aurrera eramaten duen lantalde teknikoan.
D modalitatea: garapeneko programak; esku-hartze integralak dira edo jarduketa eremuan edo eskualdean eragin handia dutenak, urtebetetik gorakoak, haien iraupena eta jasangarritasuna lortze aldera.
3. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.
Bigarrena.-Aurrekontuaren erabilgarritasuna.
2011ko ekitaldian, helburu horietarako zenbatekoa 10.935.000,00 eurokoa izanen da, guztira, "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900001 91200 4819 143102 kontu-sailaren kargura. 2012ko eta 2013ko ekitaldietarako, 3.500.000,00 euro eta 3.500.000,00 euro bideratuko dira, hurrenez hurren; betiere, 2012. eta 2013. urteetako gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren kontu-sailetan kreditu nahikoa bada.
2011ko zenbatekoa honela banatuko da lau modalitateen artean:
A) modalitatea: garapeneko mikroekintzak, 700.000,00 euro.
B) modalitatea: garapeneko proiektuak, 6.575.000,00 euro.
C) modalitatea: lankidetza teknikoko proiektuak (aholkua edo laguntza), 160.000,00 euro.
D) modalitatea: garapeneko programak, 3.500.000,00 euro.
Modalitateren batean kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: garapeneko programak (D modalitatea), garapeneko proiektuak (B modalitatea), garapeneko mikroekintzak (A modalitatea) eta laguntza teknikoko proiektuak (C modalitatea).
2012ko eta 2013ko guztirako zenbatekoak D modalitaterako bakarrik dira.
Hirugarrena.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honen xedeko diru-laguntzen onuradunak izateko, Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 19. artikuluan aipatzen diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE), unibertsitateek eta lankidetzako beste agente batzuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona juridikoak izatea, beren izaera juridikoarekin bat legez osatuak. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute egoitza edo ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak eta C modalitaterako lehiatzen diren.
c) Esku-hartzea egin behar den eskualdean bertako bazkide edo kontraparte bat izatea, hura gauzatzeko. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.
e) Azken 5 urteetako batean gutxienez Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak garapenerako nazioarteko lankidetzarako emandako diru-laguntzen onuradun izatea, mikroekintzak (A modalitatea) eta lankidetza teknikoko proiektuak (C modalitatea) eskatzen duten entitateak izan ezik.
Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, entitateek frogatu beharreko antzinatasuna errespetatuko da elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoan bakarrik aldaketa izan badute, baldin eta hori entitate juridiko berriaren estatutuetan egiaztatzen bada; edo entitateen batasun bateko kide izan badira eta horrek lehenago Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren diru-laguntzarik jaso badu garapenerako lankidetzaren arloan.
f) Gainera, bi entitate edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, elkarteko entitate bakoitzak lehen aipatu baldintza guztiak bete beharko ditu.
Laugarrena.-Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartze sozial edo ekonomikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdiaren 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei egokitzea.
b) C) eta D) modalitateetako esku-hartzeak herrialde hauetako batean gutxienez egin beharko dira, nahiz ez hor bakarrik: Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Nikaragua, Herri Sahararra, Kongoko E.D., Tanzania, Kenya, Mali, Mozambike, Ruanda, Uganda eta Herri Palestinarra.
c) Jarduerak 2011n hasiko dira. Entitate onuradunak adierazpen espresik egin ezean, laguntza ematen duen ebazpenarena izanen da hasiera data. D modalitatean (programak), 2012an eta 2013an ere jarduerak egin beharko dira.
d) Finantzaketaren %20, gutxienez, funts propioetatik, beste administrazio publiko batzuetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuen eta erakunde autonomoen funtsak kenduta- edo beste entitate batzuetatik aterako da.
e) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, esku-hartzearen kostua.
f) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eta urtebeterako, zein den kasua, eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:
A modalitatea: 20.000,00 euro.
B modalitatea: 100.000,00 euro (136.000,00 eskaera elkartean egiten bada).
C modalitatea: 40.000,00 euro (54.400,00 eskaera elkartean egiten bada).
D modalitatea: 220.000,00 euro (300.000,00 eskaera elkartean egiten bada).
g) D) modalitateko esku-hartzeak behartuta daude ebaluazioa (kanpokoa edo mistoa) egitera, hura burutu eta gero.
Bosgarrena.-Eskaerak aurkeztea.
1. 15 egun naturaleko epea izanen da D modalitateko eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. B (garapeneko proiektuak) eta C (laguntza teknikoko proiektuak) modalitateetarako eskaerak 2011ko maiatzaren 9tik maiatzaren 23ra bitartez aurkeztuko dira, bi egun horiek barne.
3. A modalitaterako (mikroekintzak) eskaerak 2011ko ekainaren 1etik ekainaren 10era bitarte aurkeztuko dira, bi egun horiek barne.
4. Eskatzaile bakoitzak gehienez hiru eskaera aurkezten ahalko ditu modalitate bakoitzeko. Programetarako (D modalitatea) finantzabidea eskatzen duten entitateek ezin dute mikroekintzetarako (A modalitatea) finantzabiderik eskatu.
5. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea, 7, 31005-Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (848 423818), eskaera igorri dela. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu baino lehen.
Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzaileek, eskabidearekin bat, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, euskarri informatikoan betiere:
A) Entitate eskatzailearen agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.
a.1) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren frogagiria; bereziki adieraziko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek gehienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita. Gainerako kasuetan, kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko da, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.
a.2) Hirugarren oinarriko d) atalaren arabera onuradun izatea galarazten duten gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
Gainera, D) modalitateko eskaeren kasuan, honako hauek gehituko dira:
a.3.) Administrazio publikoaren ziurtagiria, entitate eskatzaileak azkeneko bost urteetan kudeatutako diru-laguntzei buruz.
a.4) Erantzukizuneko aitorpena, azkeneko bosturtean kudeatutako funts pribatuei buruz.
a.5) 2009. urteko kontu-ikuskatzailetzaren txostenaren kopia.
a.6) Entitatearen plan estrategikoa edo antzekoa, haren egitura eta haren barne antolaketa biltzen dituen agiria, salbu eta eskabidearen inprimaki ofizialari dagokion atalean aipatzen dena bada.
a.7) Lan sare edo plataformetan aritzen direla frogatzen duen agiria, haien legezko ordezkariek sinatua.
Entitate elkarteak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:
a.8) Entitate elkartearen eraketa agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da elkarteari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.
a.9) Elkarteko kide edo bazkide den entitate bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu proiektua burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.
B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa:
b.1) Estatutuak.
b.2) Legezko osaeraren frogak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko berezko legeen araberakoak.
b.3) Legezko ordezkariaren egiaztagiria.
Gainera, D) modalitateko eskaeren kasuan, honako hauek gehituko dira:
b.4) Entitatearen plan estrategikoa, haren egitura eta barne antolaketa biltzen dituen agiria.
b.5) Administrazio publikoen ziurtagiriak, haiek finantzatzaile direla, azken bosturtean gauzatu dituzten proiektu edo programei buruz.
b.6) Erantzukizuneko aitorpena, azkeneko bosturtean kudeatutako funts pribatuei buruz.
b.7) Lan sare edo plataformetan aritzen direla frogatzen duen agiria, haien legezko ordezkariek sinatua.
Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek programan (D modalitatea) parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.
C) Esku-hartzearen gaineko dokumentazioa:
c.1) Esku-hartzearen gaineko txostena, inprimaki ofizialean; zein den modalitatea, haren araberakoa. Esku-hartzea aurreko urtean hasitako beste baten jarraipena bada eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen badu, eranskin bat gehituko da, esku-hartzea egun zertan den eta jarraitzeko arrazoiak azalduta.
c.2) Esku-hartzea zehazki non kokatzen den azaltzen duen mapa (herrialdea, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).
c.3) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.
c.4) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek programako zikloaren edozein fasetan parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.
C) modalitaterako, honako hauek gehituko dira:
c.5) Lankidetza teknikoa hartzen duen erakundearen, hau da, tokiko bazkide edo kontrapartearen eskaera espresa, non honako hauek adieraziko baitira, gutxienez ere: proiektuaren xedeko gaitasuna indartzeko premia, nola gauzatu nahi den, laguntza hartzen ahal duten pertsona eta erakundeen ezaugarriak eta zergatik eskatzen den lankidetza teknikoa. Eskaerarekin batera entitate eskatzaileak eta tokiko bazkideak sinatuko duten hitzarmen edo kontratuaren eredua aurkeztuko da. Agiriak jatorrizkoak izanen dira, tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatuak.
c.6) Aholkularitza taldeko kide bakoitzaren curriculum zehatza (prestakuntza akademikoa, lan arloko esperientzia eta argitalpenak).
D) modalitaterako, honako hauek gehituko dira:
c.7) Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen aldez aurreko akordioa, programaren aurkezpenari eta bi aldeek diru-laguntza lortuz gero sinatuko duten hitzarmen ereduari buruzkoa; hitzarmenak arautuko du nola gauzatuko duten programa bi aldeek.
Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.
1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da instrukzio organo. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.
3. Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskatutako diru-laguntzarenak, entitate eskatzailearenak eta/edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aipatzen direnak, interesdunari eskatuko zaio hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala hamar egun balioduneko epean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.
Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak zein bere modalitatean (bigarren oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Diru-laguntzaren eskaera onartzeko, esku-hartzeak 500 puntu gutxienez lortu beharko ditu guztira; horietatik, 65 puntu gutxienez III eranskineko zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideetakoak izanen dira, eta D) modalitateko eskaeren kasuan, gainera, 120 bederen izanen dira egokitasun instituzionalagatik.
3. Diru-laguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.
4. Esku-hartzeko modalitate bakoitzean positiboki baloratzen diren eskaerei dagozkien zenbatekoek, guztira hartuta, aurrekontuan helburu horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, honela jokatuko da:
a) Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 15.1 artikuluan jasotako berdintasun printzipioa aplikatuz, diru-laguntza jasotzen duten esku-hartzeen kopurua bikoa izanen da entitate eskatzaile eta modalitate bakoitzeko, A eta B modalitateetan, eta batekoa C modalitatearen kasuan.
b) Gainera, B modalitatearen kasuan, tarte proportzional hauek ezarriko dira eskatutako zenbatekoaren gainean, lortutako puntuazioaren araberako diru-laguntza kalkulatzeko: 500,00 eta 624,99 punturen artean, eskatutakoaren %70; 625,00 eta 749,99 punturen artean, eskatutakoaren %85; 750,00 puntu edo gehiago, eskatutakoa. Portzentaje tarteak aplikatzetik ateratzen diren kopuruak zehazteko, haien osoko zatia biribildu eginen da, dezimalik gabe.
c) Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere, aurrekontuan modalitate bakoitzerako aurreikusitakoa gainditzen bada, lehentasun hurrenkera ezarriko da, balorazioan lortutako puntuazioaren araberakoa, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.
Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.
1. Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
2. Proposameneko diru-laguntzaren zenbatekoa eskaeran ageri dena baino txikiagoa bada, instrukzio organoak eskaera berriz formulatzeko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal den diru-laguntzari egokitzeko eta, zein den kasua, laugarren oinarriko f idatz-zatian adierazitako baldintzak betetzetik salbuesten ahalko da. Birformulazioaren aurrekontua ez da proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa gehi hasieran modu homogeneoetan aurreikusitako kofinantzaketarena baino txikiagoa izanen.
Hamargarrena.-Balorazio epea eta ebazpena.
1. Instrukzio organoak eskaeren balorazio txostena igorri beharko du haiek aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.
2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz, eta esku hartzeko modalitateen arabera eginen da, zein bere aldetik.
3. Modalitateen araberako ebazpenetan diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileen zerrenda, helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea eta haiek justifikatzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
4. Eskaerak ukatutzat joko dira, baldin eta aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresik jakinarazten ez bada.
Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.
Deialdiaren ebazpenak administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaizkie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira.
Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.
1. 2011. urteko diru-laguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean, diru-laguntzak emateko ebazpenaren ondotik.
2. 2012an eta 2013an, aldez aurretik ordainduko dira diru-laguntzak, aurreko urteko justifikazio txostena, ebazpenean finkatzen den modukoa, aurkeztu ondoren.
3. Instrukzio organoak 2011ko frogagiriak aztertuko ditu, eta aurreratutako diru-laguntza erregularizatuko du, behar izatera, 2013ko diru-laguntzaren aurrerakinarekin bat eta, betiere, espedientea itxi baino lehen.
4. Instrukzio organoak 2012ko frogagiriak aztertuko ditu, eta aurreratutako diru-laguntza erregularizatuko, behar izatera, espedientea itxi baino lehen.
Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den epean, entitate onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute esku-hartzearen betetze mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, edo Nafarroako Ataritik jaitsi (www.cooperacion.navarra.es). Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak betetze epe luzeagoa baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.
2. Bai txosten partzialak bai azken txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Kontu hori gastuen frogagiriak edo kontuen auditore baten txostena emanez aurkezten ahalko da, eta elementu hauek osatuko dute:
a. Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b. Hamaseigarren arauko c) idatz-zatian aipatzen diren banku kontuko mugimenduen laburpena.
c. Aplikatutako truke tasak frogatzen dituzten agiriak.
d. Tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, diru-laguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.
e. Programaren betetze mailari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa, gutxienez kontu hauek bilduko dituena: lortutako helburuen zehaztapena, egindako jarduerak eta, esku-hartzeak bukatuta direla, haien kudeaketa eta transferentzia prozesuaren deskripzio zehatza.
f. Esku-hartzeari dagozkion diru-sarreren eta gastuen balantzea.
g. Gastuaren frogagiriak aurkezteko, gastu guztien zerrenda aurkeztuko da, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, frogagiriaren zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze mailari buruzko memoria zehatza aurkeztuko da.
Aurkezten diren gastu guztien frogagiriak entitate onuradunaren egoitzan edo ordezkaritzan gorderik egonen dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiazta ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez aztertzen ahalko ditu. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.
h. Kontuen auditore baten txostena emanez aurkezten den kontu justifikatiboa hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da; kontuen auditorearen kontu justifikatiboari buruzko txosten-ematea atzerrian egiten bada, programa gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontuen auditoretza gauzatzeko gaitze araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, diru-laguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.
Kontuen auditoreak kontu justifikatiboa maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du. Agindu horren bidez onetsi zen kontuen auditoreek diru-laguntzen kontu justifikatiboak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua (2007ko 125. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 25ean). Hona hemen berezitasunak:
a) Frogagiriak aztertu eta berrikusteko, auditoreek laginketa teknikak erabiltzen ahalko dituzte, kontuen auditoretzan oro har onartzen diren ohiko praktikekin bat.
b) Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko kontraparteak gauzatu badu, ezin izanen da eskatu diru-laguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo kontrapartearen kontuak ere berrikusiko ditu.
i. Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.
3. Edonola ere, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako finantzabidea duen gastua frogatzeko, entitateak berak emandako ziurtagiria aurkeztuko da funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, hamalaugarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.
4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.
5. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuak, diru-laguntzaren xede den jarduera egoki justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruzko espediente administratiboa itxiko du, zerbitzuaren txostenaren bidez edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Betiere entitate onuradunari jakinaraziko zaio.
Hamalaugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaz bestelako ekarpenak.
1. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontu-sail hauetakoak izan daitezke:
A) Zuzeneko gastuak:
a.1) Lurrak eta higiezinak erosi edo alokatzea.
a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, laneskua, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia, eta eraikuntzako tasa eta materialak.
a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, diru-laguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatika ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko gastuak, bai eta programa gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere.
a.4) Langileen gastuak, honako hauek barne: lansariak, gizarte aseguruak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kontu, eta beste edozein aseguru, langileen izenean sinatua; haien lehen mailako senitartekoak izaten ahalko dira onuradun. Hiru kategoria bereiziko dira:
a.4.1. Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xedeko esku-hartzea burutzen deneko eta haiek lanean ari direneko herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.
a.4.2. Egoitzako langileak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta Nafarroan lanean ari direnak, kontuan hartu gabe bere eginkizunengatik ekintza burutzen deneko herrialdera noizean behin edo maiz joan behar duten. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kasu guztietan, egozpena osoa edo hein batekoa izaten ahalko da, aurkezten den esku-hartzean diharduten denboraren arabera. Haien eginkizunak ez dira jarraipenekoak bezalakoak, gastu horiek zeharkakotzat joko dira eta.
a.4.3. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta esku-hartzea burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izanen da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.
a.5) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak. Langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, esku-hartzerako behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lana, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatua hartzea.
a.6) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak, auditoretza gastuak barne, kontu justifikatiboa hautatzen bada kontu auditorearen txostenarekin (diru-laguntzari gehienez egozten ahal zaiona:15.000 euro), egiaztatzeko.
a.7) Txandakako funtsak; kreditu osagarri bat duten esku-hartzeen kasuan, txandakako funtsak ezin izanen du finantzatutako zuzeneko gastuen %10 gainditu.
a.8) Funtzionamendua. Esku-hartzen den eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lana eta segurtasuna, besteak beste), Nafarroako Gobernuari diru-laguntza gisa eskatutako zenbatekoaren %2 bitarte, gehienez ere.
a.9) Identifikazioa eta ebaluazioa. Bakarrik eta zuzenean identifikazioaren ondoriozkoak direnak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede. Kasu horretan, gehienez deialdia argitaratu baino lehenagoko sei hilabeetan egindako gastuak aplikatzen ahalko dira (diru-laguntzari %1 egozten ahal zaio, gehienez ere). Orobat, garapeneko programen kasuan (D modalitatea), diru-laguntza izaten ahal dute nahitaezko ebaluazioaren ondoriozko gastuek hamaseigarren oinarriaren idatz-zatian ezarritako baldintzetan.
B) Zeharkako gastuak.
Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunak dituen gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraitzearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne.
Gastuak frogatzeko hamahirugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta egiaztatzen zailak diren gastuak badira. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.
2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, baldin eta jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.
3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xedeko jarduerari ere aplikatuko zaizkio.
4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta laneskuaren gaineko balioztatzeak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Egiaztatu egin behar dira tokiko bazkidearen edo kontrapartearen, proiektuaren onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta horren zenbatekoa zehaztuko da, eta unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balioztatze osoa adieraziko dira. Balioztatzeak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatu beharko dira.
5. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
6. Diru-laguntzaren xedeko gastuak, obrak burutzeko badira, eta 30.000 eurotik gorakoak, GGKE onuradunak, tokiko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta diru-laguntzaren xedeko gastuen eta/edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonda ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruz.
7. Ez dira inola ere diruz lagunduko protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, diruz lagunduko dira soilik turista-klasean edo antzekoan egiten direnak.
Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin esku-hartzearen zati bat gauzatzeko; diruz lagundutako aurrekontuaren %15i dagokiona, gehienez; betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamaseigarrena.-Betebeharrak.
Esku-hartze baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Esku-hartzea diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea. Gauzatzeko epea betetzeko eragozpen larriak sortzen dituen inguruabarren bat gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.
b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, hura burutzen ari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan esku-hartzea garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea, tokiko bazkidea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik, bai eta diruz lagundutako kontu-sailen arteko aldaketak ere, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak, edo 20.000 eurotik gorakoak, eta guztirako kostuaren %5eko murrizketa edo handiagoa Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako ekarpen txikiago baten ondorioz. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea barne dela, arrazoituta jakinaraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean.
c) Garapeneko urte anitzeko programen kasuan (D modalitatea), entitate onuradunak hartzen duen zenbatekoa banku kontu batean sartu beharko du. Kontu hori diruz laguntzen den programa bakoitzerako irekiko da, ez beste ezertarako.
d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean eta bertako produktuen bidez erosiko dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.
e) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Egiaztatze txosten partzialean edo azkenekoan egin beharko da jakinarazte hori.
f) Kontraparteari edo tokiko bazkideari diru-laguntza nondik datorren espresuki ematea.
g) Organo emailearen aurrean frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera burutu dela eta diru-laguntza emateko helburua lortu dela, deialdiaren hamahirugarren arauan aipatzen diren txosten partzialean eta azkeneko txostenaren bidez.
h) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.
i) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren zanbalkundea egiten, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
j) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan). Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.
k) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren oinarriaren 2. idatz-zatian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.
l) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
m) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamazazpigarren eta hemezortzigarren oinarrietan aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.
n) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak diru-laguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hamabost urterako, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urterako bestelako ondasunak izanez gero.
ñ) Garapenerako urte anitzeko programen kasuan (D modalitatea), nahitatez egin beharko da bukaeran kanpoko ebaluazio bat, edo mistoa. Ebaluazioaren kostua proportzionala izanen da programaren zuzeneko kostuekiko eta gehienez ere 20.000 euroko aurrekontua izanen du. Horretan, esku-hartzearen emaitza eta helburuen betetze maila baloratuko da, Lankidetza Ekonomikorako eta Garapenerako Erakundeko Garapenerako Laguntzarako Batzordearen irizpideen arabera. Eraginkortasuna, eragimena, eragina, bideragarritasuna, egokitasuna, bestelako irizpideak eta marko logikoa osatzen duten bestelako metodologiak galarazi gabe (partaidetzaren ebaluazioa, genero ikuspegiaren araberako ebaluazioa, ebaluazio ekonomikoa, eta abar). Ebaluazio prozesua bukatzean, erakundeak parte hartu duten entitateak sozializatzeko tresnak bildu beharko ditu. Txosten bat prestatuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean Lankidetza Zerbitzura igorri beharko dena. Ebaluazio taldeak eta bereziki parte hartu duten kanpoko entitateak abalatu beharko dute txosten hori. GGKE onuradunak hautatuko ditu ebaluazioa eginen duten entitateak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eragozpenik ez badu, eta betiere ebaluazioak egiteko gaitasuna duen Espainiako edo nazioarteko entitate batek egin beharko du. Entitate horrek ezin izanen du lankidetza publikoko funtsik hartu eta ez da herrialdean edo Nafarroan proiektua gauzatzen duen entitatearen bazkide edo kontraparte izanen.
o) Diru-laguntzen aurrerakinak herrialdera berehala ezin igorri badira, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende utzi eta inbertsioak bakarrik onartuko dira funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.
p) Diru-laguntzaren entitate onuradunaren eta tokiko bazkidearen arteko hitzarmenaren kopia aurkeztea (seigarren oinarriaren c.5 eta c.7 idatz-zatietan aipatzen da).
Hamazazpigarrena.-Inbertitu gabeko gerakinak.
Diru-laguntzaren xedeko helburuak erabat bete eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeagatik inbertitu gabeko gerakinik bada, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabe izan daitezkeen finantza etekinak barne, eskaera egiten ahal zaio organo emaileari diruz lagundutako esku-hartzeari edo antzeko beste bati dagozkion jarduera gehiagotan erabiltzeko.
Eskaeran, bukatuta edo abian den proiektuko zer helburutara zabaltzen den zehaztuko da, baita aurrekontua ere.
Organo emaileak erabakia hartuko du, ebazpena (zein diru-laguntzari aplikatuko zaion gerakina, hari dagokiona) aldatzeko edo aipatu gerakinak itzultzeko.
Hemezortzigarrena.-Ez betetzeak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.
2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamaseigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzat joko da. Orobat, esku-hartzea bukatua dela eta ezinbestekoetan salbu, %50az azpiko betetze teknikoa eta aurrekontukoa ez-betetzat joko da; gainontzeko kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen betetze maila apala eragin dituen inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izateko edo ez.
3. Hamahirugarren oinarrian aipatzen diren txosten partzial egiaztatzaileak edo azkenekoak epe barrenean aurkezten ez badira, ez-betetzea izanen da.
3. Inbertitu gabeko gerakinak, aurreko oinarrian aipatuak, ez dira inoiz ez-betetzeak izanen.
4. Balizko ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:
-Esku-hartzearen betetze maila, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta munta.
-Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.
-Txostenak zenbat egunen ondoren aurkezten diren epetik kanpo.
5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hemeretzigarrena.-Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
II. ERANSKINA
Modalitateka baloratzeko irizpide objektiboak
A) modalitatea: garapeneko mikroekintzak.
a. Egokitasun instituzionala (%20):
a.1. Tokiko bazkidearen gaitasun operatiboa (120 puntu bitarte).
a.2. Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen arteko harremana (80 puntu bitarte).
b. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (%45):
b.1. Esku-hartzearen barne koherentzia (350 puntu bitarte).
b.2. Aurrekontua osatzen duten kontu-sailen eraginkortasuna eta beharra (100 puntu bitarte).
Nafarroako Gobernuak azken hiruetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,2rekin biderkatuko da, 450 puntu bitarte, gehienez ere.
c. Egokitasuna III. eranskineko zeharkako ikuspegiekin eta sektore eta geografia arloko lehentasunekin (%35):
c.1. Egokitasuna Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegiekin (100 puntu bitarte):
Giza garapenaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
Genero ikuspegia (20 puntu bitarte).
Garapen jasangarriaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (20 puntu bitarte).
Parte-hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
c.2. Egokitasuna sektoreko lehentasunekin (150 puntu bitarte).
c.3. Egokitasuna lehenetsitako geografia eremuekin eta jarduketaren eskualdeko (Estatu barrenekoa) ezaugarriekin (100 puntu bitarte).
B) modalitatea: garapeneko urteko proiektuak.
a. Egokitasun instituzionala (%20):
a.1. Entitate eskatzailearena: Nafarroako oinarri soziala (15 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (25 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), gaitasun operatiboa (25 puntu bitarte).
Entitate elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarentzako baloratuko da; elkartea bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 90 puntu bitarte, gehienez ere.
a.2. Tokiko bazkidearena: proiektuaren sektorean edo eskualdean lanean izandako esperientzia (25 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (20 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), entitate eskatzailearekiko harremanak (10 puntu bitarte), herritar onuradunekiko harremanak (20 puntu bitarte) eta arloari edo lurraldeari dagokionez sare zabalagoetako kide izatea (10 puntu bitarte).
b. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (%45):
b.1. Esku-hartzearen barne koherentzia: esku-hartzearen jatorria (50 puntu bitarte), helburu orokorraren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (40 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (70 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (40 puntu bitarte).
b.2. Aurrekontua: gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (60 puntu bitarte), gastuaren beharra (60 puntu bitarte).
b.3. Bideragarritasuna: politikoa (20 puntu bitarte), instituzionala (30 puntu bitarte), teknikoa (40 puntu bitarte) eta soziala (40 puntu bitarte).
Nafarroako Gobernuak azken hiruetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,2rekin biderkatuko da, 450 puntu bitarte, gehienez ere.
c. Egokitasuna III. eranskineko zeharkako ikuspegiekin eta sektore eta geografia arloko lehentasunekin (%35):
c.1. Egokitasuna Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegiekin (100 puntu bitarte):
Giza garapenaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
Genero ikuspegia (20 puntu bitarte).
Garapen jasangarriaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (20 puntu bitarte).
Parte-hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
c.2. Egokitasuna sektoreko lehentasunekin (150 puntu bitarte).
c.3. Egokitasuna lehenetsitako geografia eremuekin eta jarduketaren eskualdeko (Estatu barrenekoa) ezaugarriekin (100 puntu bitarte).
C) modalitatea: lankidetza teknikoko proiektuak (laguntza).
a. Pertinencia institucional de la entidad solicitante (30%):
a.1. Gaitasun finantzarioa (40 puntu bitarte).
a.2. Gaitasun estrategikoa (60 puntu bitarte).
a.3. Gaitasun operatiboa (100 puntu bitarte).
a.4. Talde teknikoaren gaitasun operatiboa (100 puntu bitarte).
Entitate elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarentzako baloratuko da; elkartea bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 300 puntu bitarte, gehienez ere.
b. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (%45):
b.1. Esku-hartzearen barne koherentzia (200 puntu bitarte): eskariaren jatorria (80 puntu bitarte), orotariko helburuaren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (40 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (40 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (40 puntu bitarte).
b.2. Aurrekontua (80 puntu bitarte): gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (40 puntu bitarte), gastuaren beharra (40 puntu bitarte).
b.3. Metodologia (170 puntu bitarte): gaitasunak atzematea (40 puntu bitarte), proiektua burutzeko metodologia (70 puntu bitarte), xede-populazioa (40 puntu bitarte) eta partaidetza (20 puntu bitarte).
Nafarroako Gobernuak azken hiruetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,2rekin biderkatuko da, 450 puntu bitarte, gehienez ere.
c. Egokitasuna III. eranskineko zeharkako ikuspegiekin eta sektoreko lehentasunekin (%25):
c.1. Egokitasuna Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegiekin (100 puntu bitarte):
Giza garapenaren ikuspegia (25 puntu bitarte).
Genero ikuspegia (25 puntu bitarte).
Garapen jasangarriaren ikuspegia (25 puntu bitarte).
Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (25 puntu bitarte).
c.2. Egokitasuna sektoreko lehentasunekin (100 puntu bitarte).
c.3. Egokitasuna geografia arloko lehentasunekin (50 puntu bitarte).
D) modalitatea: urte anitzeko programak.
a. Gaitasun instituzionala (%20):
a.1. Entitate eskatzailearena: Nafarroako oinarri soziala (15 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (25 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), gaitasun operatiboa (25 puntu bitarte).
GGKEen elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarentzako baloratuko da eta bi GGKEk osatzen badute 1,2rekin biderkatuko da eta elkarteak bi GGKE baino gehiago baditu 1,4rekin, 90 puntu bitarte, gehienez ere.
a.2. Tokiko bazkidearena: programaren sektoreetan lanean izandako esperientzia (25 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (20 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), entitate eskatzailearekiko harremanak (10 puntu bitate), herritar onuradunekiko harremanak (20 puntu bitarte). Tokiko bazkidea entitate elkarte bat baldin bada, 10 puntu bitarte.
b. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (%45):
b.1. Esku-hartzearen barne koherentzia: esku-hartzearen jatorria (50 puntu bitarte), helburu orokorraren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (50 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (50 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (50 puntu bitarte).
b.2. Aurrekontua: gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (40 puntu bitarte), gastuaren beharra (40 puntu bitarte).
b.3. Bideragarritasuna eta iraunkortasuna: politikoa (35 puntu bitarte), instituzionala (40 puntu bitarte), teknikoa (40 puntu bitarte), soziala (40 puntu bitarte) eta ekonomikoa (40 puntu bitarte).
Nafarroako Gobernuak azken hiruetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,2rekin biderkatuko da, 450 puntu bitarte, gehienez ere.
c. Egokitasuna III. eranskineko zeharkako ikuspegiekin eta sektore eta geografia arloko lehentasunekin (%35):
c.1. Egokitasuna Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegiekin (100 puntu bitarte):
Giza garapenaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
Genero ikuspegia (20 puntu bitarte).
Garapen jasangarriaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (20 puntu bitarte).
Parte-hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia (20 puntu bitarte).
c.2. Egokitasuna sektoreko lehentasunekin (160 puntu bitarte) eta garapenaren integralitatearekin (40 puntu bitarte).
c.3. Egokitasuna lehenetsitako geografia eremuekin eta jarduketaren eskualdeko (Estatu barrenekoa) ezaugarriekin (50 puntu bitarte).
III. ERANSKINA
Geografia eta sektore arloko lehentasunak eta zeharkako ikuspegiak
A) Berariazko lehentasun geografikoak.
Hego Amerikan: Peru, Bolivia, Ekuador eta Kolonbia.
Erdialdeko Amerikan: El Salvador, Guatemala, Haiti eta Nikaragua.
Afrikan: Herri Sahararra, Kongoko E.D., Tanzania, Kenya, Mali, Mozambike, Ruanda, Uganda.
Eta Ekialde Hurbilean: Herri Palestinarra.
B) Lehentasun geografiko orokorrak.
Garapen gutxiagoko herrialdeak, Nazio Batuen sailkapenaren arabera.
C) Sektoreko lehentasunak
C.1) Giza behar oinarrizkoak (sistema publikoak edo bokazio publioa dutenak indartzea).
-Osasuna:
Oinarrizko Osasun Laguntza,
Ama-haurren osasuna,
Sexu eta ugalketa osasuna,
Oinarrizko nutrizioa eta haurren elikadura urritasunaren aurkako borroka
GIB/HIESaren eta prebalentzia handiko beste gaitzen aurkako borroka garapen bidean diren herrialdeetan.
-Hezkuntza:
Lehen Hezkuntza.
Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa.
Gazte eta helduen alfabetizazioa.
-Ura:
Edateko ura eta oinarrizko saneamendua izatea
-Etxebizitzen oinarrizko bizigarritasuna:
Kolokako giza kokaguneen oinarrizko bizigarritasuna.
Lurralde eta hirigintzako antolamendu iraunkorra, hiri kokaguneen arrisku eta ahultasunak txikituko dituena.
C.2) Gobernantza demokratikoa.
-Giza eskubideak:
Laguntza giza eskubideak aldezten dituzten instantzia publiko eta pribatuei.
Giza eskubideen arloko hezkuntza eta prestakuntza.
Giza eskubideen bortxaketak salatzea eta bortxa horien biktimei arreta ematea.
Lan eta sindikatu arloko eskubideak.
-Tokiko boterea eta erakunde deszentralizatuak:
Erakunde deszentralizatuetako teknika eta politika arloko langileen gaitasunak indartu edo sortzea.
Parte hartze demokratikoa, itunak eta elkarrizketa bultzatzea tokiko boterearen guneetan.
-Gizarte zibilaren erakundeak:
Gaitasunak indartu edo sortzea, liderrenak bereziki.
Sareko lana indartzea.
Bakearen kultura eta gatazka bortitzak prebenitzea.
Gaitasunak indartu edo sortzea.
Gatazka ondoko birgaitzea.
C.3) Gaitasun ekonomikoak eta produkziokoak.
-Ondasunak ekoitzi eta zerbitzuak ematea:
Enpresa txiki eta ertainen bilbea sendotzea, bereziki elkartasunerako ekonomia sustatzen duten enpresena.
LANEren lan duinaren agenda.
Mikrofinantzabidea, finantza etiko eta solidarioen irizpideekin.
Bidezko merkataritzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzea.
-Elikadura, elikagaien segurtasuna, landa garapena eta lurrak edukitzea:
Ekoizle txikiendako laguntza, nekazaritzako ekoipen iraunkorraren aldeko sistemak eta merkatura iristen laguntzen dutenak bultzatuz.
Landa garapen inklusiboa.
Ureztatzeko ura.
Lurra edukitzea.
C.4) Emakumearen ahalduntzea.
-Emakumeen eskubideen erabilera:
Baliabide ekonomikoak eskuratu eta kontrolatzea.
Emakumeen erakundeen gaitasunak indartu edo sortzea.
Gizasemeen erantzunkidetasuna etxeko lanean eta zainketan.
-Emakumeen eskubideen hedakuntza:
Politika publikoak indartzea.
Genero indarkeria prebenitu, atzeman eta deuseztatzeko kanpaina eta jarduketak.
D) Zeharkako ikuspegiak.
Giza garapenaren ikuspegia: gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesua da giza garapena, bai egungo belaunaldiena bai gerokoena; ikuspegi honen arabera, pobretasunaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: iraupena, babesa, maitasuna, adimena, sormena, askatasuna, aisia, partaidetza, identitatea, etab.
Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du, garapenaren helburuak giza eskubideak erabat lortzeari lotuta egotea adierazten du, haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.
Garapen iraunkorraren ikuspegia: garapen horrek ziurtatzen ditu oraingo beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten gaitasuna ahuldu gabe, eta elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.
Parte hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.
Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoetan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizaseme eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.
Iragarkiaren kodea: F1105889
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
