Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA
Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen ordenantzak,
larreen aprobetxamenduari eta nekazaritzari buruzkoak.
Behin betiko onespena.
Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen Batzar Nagusiak 2011ko martxoaren 3an egindako osoko bilkuran Bardean larreei eta nekazaritzari buruzko ordenantzak aldatzea behin betiko onetsi zuen, legez eskatzen den gehiengoa izanda.
Hasierako onespenari eta jendaurreko epeari buruzko iragarkia 2010eko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2an, baita Komunitatearen iragarki oholean ere. Jendaurreko epea amaiturik, Batzar Nagusiak hurrengo entitateek, elkarteek eta pertsonek aurkeztu zituzten alegazioak, erreklamazioak eta eragozpenak ebatzi zituen bilera berean eta aurretik: 1.-Erronkaribarko Batzar Nagusia; 2.-Zaraitzu Ibarreko Batzar Nagusia; 3.-Bardeako Abeltzainen Elkartea; 4.-Javier Ayechu García, Gonzalo Barber Algarra eta UAGN (Abeltzaintza eta Gazteak); 5.-Jesús Antón Lasterra; 6.-Pedro Antonio Orduna de Miguel; 7.-Juan José Salinas Armendáriz, Rogelio Rodríguez Alonso eta Gustavo Jimeno Minchinela.
Horren ondorioz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ordenantzen aldaketaren behin betiko testua onetsi ondoren, bidezkoa da ordenantzen testu osoa argitaratzea.
Aurrekariak
Lehenik eta behin, Bardeako Komunitateak Natur Baliabideen Antolamendu Planaren (NBAP) aurrerapena egin zuen, Batzar Nagusiak 1997ko abenduaren 23an egin zuen bileran onetsi zuena. Aurrerapen hori oinarri hartuta, NBAPren proiektua idatzi zen, Batzar Nagusiak 1998ko martxoaren 14an egin zuen bileran hasieran onetsi zuena. Ondoren, proiektu hori jendaurrean jarri zen, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluari aurkeztu zitzaion, horrek aldeko txostena eman ziola. Batzar Nagusiak behin-behinean onetsi zuen 1998ko uztailaren 23an. Dena den, behin betiko onespena Nafarroako Gobernuari zegokion, eta hori egin zuen, irailaren 7ko 266/1998 Foru Dekretuaren bidez.
8/1996 Legearen 21.1 artikuluak agindu bezala, NBAP hori oinarrizko agiria izan zen Errege Bardea Natur Parke deklaratzeko. Beraz, Komunitateak eskatuta deklaratu zen natur parke. Komunitateak toki entitatearen izaera du, elkarte tradizionalaren forma hartuta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 1990eko Foru Legean xedatutakoaren arabera.
Bardeako Komunitatearen ekimen horren berri izan ondoren, apirilaren 6ko 10/1999 Foru Legeak natur parke deklaratu zuen ia lurralde osoa, tiroaren poligonoak hartzen dituen 2.572 ha-k eta 1998ko NBAPn bertan erabilera berezietarako sorturiko hiru eremuak izan ezik.
Azaldu den tramitazioan urtarrilaren 13ko 4/1997 Foru Dekretuak Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa onetsi zuen, eta, horien artean, Errege Bardeako lurraldeari dagozkionak daude, hau da, Cortinasko urmaela eta Zapatako urmaela.
Era berean, Bardeako lurraldean bi HBB deklaratu dira: Planoak eta Bardea Zuri Garaiak osatutakoa, eta Rincón del Búk, La Nasak eta Tripa Azulek osatutakoa. Gainera, Bardeako lurraldeak BIL kalifikazioa hartu du Natura 2000 Sarearen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuaren 2000ko maiatzaren 15eko erabakiaren bidez (2000ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 5ekoa).
Azkenean, Bardeak UNESCOren nazioarteko aintzatespena jaso zuen, Biosferaren Mundu Erreserba deklaratu zuen 2000ko azaroaren 7ko ebazpenaren bidez.
Lurralde horren kudeaketari dagokionez, 10/1999 Foru Legearen 3. artikuluak honakoa ezarri zuen: "Natur Parkea kudeatzea Errege Bardeako Komunitateari dagokio, eta berak izanen ditu indarra duen legediak natur parkeetako kudeaketa organoei esleitzen dizkien eskumen eta ahalmen guztiak".
Indarra duen Bardeako NBAPren IV. kapituluak, "Lurzoruaren erabilerak, diagnosia eta sektore irizpideak. Jarduteko proposamenak" izena duenak, lurraldean dauden edo egoten ahal diren erabilera guztiak aztertu eta baloratzen ditu.
4.1 eta 2 idatz-zatiek arreta jartzen dute nekazaritza eta abeltzaintza erabileren azterketan. Halaber, V. kapituluaren ("Zonifikazioa") 3., 4., 5. eta 6. idatz-zatietan nekazaritza eremu estentsiboak, nekazaritza eremu estentsibo berezia, nekazaritza eremu intentsiboa, eta abeltzaintza eta basozaintza eremua zehazten dira, hurrenez hurren.
Horrez gain, VI. kapituluaren ("Araudia, babes araubidea eta sektore politikak bideratzeko irizpideak") 6.1.1 idatz-zatian nekazaritza jarduerez eta 6.1.2 idatz-zatian abeltzaintza jarduerez hitz egiten da.
Azkenik, nabarmendu behar dira Komunitatearen ordenantzak, arauen multzoa direnak eta NBAPra eranskin gisa gehitzen direnak. Historikoak direnez, ordenantza horiek larreen eta ereintzaren erabilerak arautzen dituzte IV. eta V. kapituluetan; IX. kapituluan, berriz, eraikinak eta eskorgak.
Ondoriozta dezakegu Bardeako NBAPk garapen iraunkor gisa onartzen duela "a priori" ingurumenaren eta ekonomiaren arloetako onura dakarten eta ukituriko sektore ekonomikoak hobetzeko aukera ematen duten beste larreratze sistema batzuk ezartzea. Laburbilduz, nekazaritza eta abeltzaintza barrutien bidezko sistema sartzeak ez dakar Bardeako NBAP aldatzerik. Dena den, nabaria denez, ordenantzak aldatzea dakar, Komunitatearen Batzar Nagusiari dagokiola eskumen hori.
Zioen azalpena
NBAPk aztertu bezala, entitate partzuerretako biztanleei eremuan oso finkatuta dauden ekonomia eta lanbide jarduera gisa eskaintzen zaizkien erabilera tradizionaltzat jotzen dira nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak Bardean, ondorio guztietarako. Horrek garrantzi handiko ukipen pertsonala eragiten du, Bardeako herri partzuerretako gizarte ehunean. Jarduera horiek elkarri lotuta daude, biek espazio fisiko bera partekatzen dutelako, eta horrek badakar biak "bidaideak" izatea, funtsezko helburua lortzeko asmoz proposatzen diren jarduketak baloratzeko orduan: haien garapen ekonomikoa hobetzea, Bardeako ekosistemarako ingurumen arloko hobekuntza eskuratuta.
Indarra duen NBAPk bi jarduerak ebaluatu, eta kontserbazioarekin bateragarri egiten ditu, baina garapenean hobekuntzak eta aldaketak egiteko aukera dauka. Hobekuntza eta aldaketa horiek babes helburuak, jarduera horiek egilearentzat errenta batzuk sortzeko duten eskubide logikoa ukatu ezin dutenak, lortzea ahalbidetuko dute.
Alde horretatik, Batzorde Iraunkorrak nekazaritza eta abeltzaintza barrutiak antolatzeko eta kudeatzeko alternatiben azterketa garrantzitsua gauzatu du, Bardean egin ohi den nekazaritza eta abeltzaintza erabileren sistema tradizionala sakon aldatzea dakarrena.
Aipatutako azterketaren helburu nagusia Errege Bardeako Natur Parkean aprobetxamenduak berrantolatzea da, barrutiak ezarrita. Horri esker, nekazaritza eta abeltzaintza erabilerak gehitu eta bateragarri egin, eta bi erabileren errentagarritasuna, haien iraunkortasuna eta ingurumenaren kontserbazioa lagundu eta bermatu beharko dira.
Helburu horretarako, barrutiei aplikatzen ahal zaien laboreen txandaketa proposatuko da, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta ingurumenaren ikuspegitik proiektuaren helburuak neurri handiagoan betetzen dituena. Abeltzaintza Kudeatzeko Institutu Teknikoak (ITG) egin du proiektuaren fase hori, elkarri lotutako honako helburu hauek lortu nahian:
-Nekazaritza jarduerari eusten dion laboreen txandaketa zehaztea.
-Larreetako baliabideen arrazoizko aprobetxamendua zehaztea barruti bakoitzean 650 ardi gehi aurrerakoak (750 abelburu) dituen abeltzaintza UTH baterako.
-Nekazaritza eta abeltzaintza erabileren ondorioak eta ingurumen arloko balizko hobekuntzak ebaluatzea.
Jarraituriko metodologiak nekazaritza jatorria duten larreen egungo baliabideak eta balizko alternatibak aztertzea, beste labore batzuen balizko txandaketak aztertzea, haien erkaketa analisia egitea eta gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik egokia den proposamena gauzatzea dakar.
ITGk aplikaturiko informazioaren zati handia ITGg-k 1994tik kudeatzen duen eta Valtierra udal mugapean, Bardearen ondoan, hain zuzen, dagoen "El Serrón" finka esperimentaletik eskuratu da; izan ere, haren ingurumen eta klimatologia ezaugarriak, besteak beste, Bardeara estrapolatzen ahal dira. Era berean, beste informazio iturri batzuk erabili ziren, adibidez, ITGg-ren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, TRACASAren edo Errege Bardeako Batzarraren beraren azterketak.
Azterketa hori gauzatu da, eta balizko laboreak aztertu dira, etekinak, horiek dakartzaten lanak, larreratze aldia, kostuak eta oztopoak hausnartuta horiek deskribatzen dituzten fitxen bidez. Horrez gain, lugorriaren produktibitatea eta larreen bestelako baliabideak (zuhaiztiak -pinudiak-, zuhaixkak eta abar) aztertu dira. Horren ondoren, azterketak balizko honako txandaketa hauek baloratu ditu: sistema tradizionala, Bardean betidanik garatu dena eta urtea/aldia izenarekin ezagutzen dena; sistema tradizionala, nekazaritza eta ingurumen arloetako neurriak aplikatzen dituena; sistema tradizionala + nekazaritza eta ingurumen arloetako neurriak + haziak; 4 urteko txandaketa, larreratzeko labore sailaren erdia erabiltzen duena; 8 urteko txandaketa, larreratzeko labore sailaren erdia erabiltzen duena; 4 urteko txandaketa, larreratzeko labore sail osoa erabiltzen duena; eta 8 urteko txandaketa, larreratzeko labore sail osoa erabiltzen duena.
Labore sistema horien guztien erkaketa analisia gauzatzeko, gizarte, ingurumen eta ekonomia alderdiak oinarri hartuta sortu ziren irizpide batzuk erabili ziren. Guztira, 38 adierazle erabili ziren. Haien azken eskemarako kolore sistema erabili da: berdea aldekoa da, horia arrunta eta gorria, aldiz, kontrakoa.
Azterketa horren ondorioa honako hau da: 8 urteko nekazaritza txandaketa, larreratzeko labore sailaren erdia erabiltzen duena, "a priori" gizarte, ingurumen eta ekonomia emaitza hobeak ematen dituen formula da. Formula horren arabera, oinarrian 8 urteko txandaketa ziklikoa eginen da, horretan bai labore saila bai atseden tradizionalekoa lau zatitan azpibanatzen direla. Labore sailaren erdian (txandaketaren %25) zereala ereiten da. Horren uzta bilduko da, hiru metroko zerrenda periferikoan izan ezik. Beste erdian zerealak eta olo-ilarrak ereinen dira erdi bana, zuzenean larreratzeko. Atseden tradizionaleko sailaren erdia lugorrian utziko da. Gainerakoan iraka (%12,5) eta iraka-zalkea (%12,5) ereinen dira.
Hortik abiatuta, Batzorde Iraunkorrak, erabilgarri zegoen informazio osoa erabiliz, lurraldean abeltzaintza barrutiak mugatzeko eskatu zion TRACASA enpresari. Horretarako, lurraldeari buruzko informazioa erabiltzeko aukera ematen duten SIG tresnak erabili zituen, honako irizpide objektiboak aplikatuz: lurraldearen larreen balorazioa (ITGg-k emandakoa), balorazio kartografikoa (Nekazaritzako Baliabideak Ebaluatzeko Atalaren laboreen mapa/aprobetxamenduak eta 1/25.000 lurzorua), Herri Lan Departamentuaren 1/5000 eskalako koloretako ortoargazkiak, IGNren 1/25.000 eskalako lurraldearen eredu digitala, katastroko datu-basea, landarediaren inbentarioa (flora eta egitura), eta abar.
Horrek guztiak lurralde mugaketa ekarri zuen, hasieran zenbait eremu jotzen zituena larreratuezintzat eta, larreratzeko egokiak izanda, larreen proposamen ezberdina (sail ureztatua, 1., 2., 3. eta 4. kategoriako lehorreko sailak, arbendolondoak eta zainzuriak) eskaintzen dutenak zehazten zituena.
Eremu larreratuezinetan kontuan hartzen ez den larreratze eskaintza dutenak sartu ziren: ingurumen arrisku handia dutenak edo %20tik gorako maldak dituztenak, arrazoi biologikoak (habiagintza) dituztenak, segurtasunagatik (errepideak, tiro poligonoak...) zaindu behar direnak, eta abelbideak barne hartzen dituztenak.
Barrutiak mugatzeko, zenbait irizpide aplikatu ziren, joan-etorriak gutxitzen dituen forma erregularra ezartzea ahalbidetu zutenak, artalde ertain bati (750 abelburu) larreratze erantzuna ematen ziotenak eta egitura elementu egonkorren (errepideak, abelbideak, bideak, sakanak edo lurzatietako mugak) bidez mugatzeko aukera ematen zutenak.
Azterketa horren ondorioz, 87 barruti mugatu ziren, horietan laboreen 8 urteko txandaketa gauzatzen ahal dela, ITGg-ren proposamenean ezarri bezala. Era berean, nabarmendu behar da barrutiak egungo nekazaritza eta abeltzaintza sistema aplikatuta ere mugatu zirela estimazio gisa, eta, azterketa horren ondorioz, 66 barruti mugatu zirela.
Horregatik, ondorioztatu behar da hasieran ezarritako helburuarekin neurri handiagoan bat datorren proposamena 8 urteko txandaketa izanen duten 87 barrutiren mugaketa dela.
Barruti bakoitzean azalera osoa, larreratze azalera osoa, nekazaritza eremuetako larreratze azalera, nekazaritzarekin zerikusirik ez duten eremuak, larreratzeko ez direnak, larreen eskaintza eta anoak deskribatu dira, hori guztia kokapenaren eta lurraldearen euskarri kartografikoan.
Helburuak betetzeko nekazaritza arloko txandaketa sistema onena 8 urteko txandaketakoa dela erabakita eta laboreen txandaketa horretarako 87 abeltzaintza barruti sortzen direla ezarrita, finkak berrantolatzeko sistema zehaztu behar da, finken titularrari txandaketa egitea ahalbidetzen diona.
Alde horretatik, lurzatiak titularren eta nekazarien arabera berrelkartzea proposatu da, barruti berean titular baten nekazaritza ustiapen osoa egon dadin. Horrela, Bardeako labore finken erabiltzaile bakoitzak barruti bakarrean multzokatuta izanen ditu, eta, horri esker, aurrezki adierazgarria egonen da ustiategiaren gastuetan eta, aldi berean, larreratzeko barruti hori erabiltzen duen abeltzain bakarrarekin ulertze aukerak nabarmen gehituko dira.
Laburbilduz, lurren ustiapena barruti bakarrean kokatuta duen nekazariak laboreen txandaketak gauzatzen ahalko ditu, barruti horretako larreak esklusiboki erabiltzen dituen abeltzainarekin ados jarrita.
Laboreen txandaketa sistemara egokitzeko nekazariaren eta abeltzainaren artean akordioak lortuz gero, larreak ugariagoak izanen dira, denboran zehaztuta egonen dira, eta, zalantzarik gabe, abeltzainak hobeto aprobetxatuko ditu.
Horregatik, lurzatiak katastroko titularren eta nekazarien arabera elkartzeko plana egin behar da, eta, (mugak desagertzea ez dakarrenez) lurzati berrantolamendua izan gabe, horrek lurzatiak titularren arabera berrelkartzea ahalbidetuko du. Ekarritako lurraren kalitateari zein kantitateari dagokienez aldaketaren oreka bermatzeko asmoz, prozesu horrek lurzati berrantolamenduen prozesuaren antzekoa garatzea behar du, administrazio tramiteei dagokienez.
Ondorioa eta helburuak:
1. Bardeako lehorreko sailetako nekazaritzak ekoizpen kostuak gutxitu behar ditu finkak berrantolatuz, horiek katastroko titularren eta nekazarien arabera berrelkartuta.
2. Laboreen txandaketa sistema ezarri behar da, nekazaritza etekin hobea eskuratzea ahalbidetzen duena, larreak uzta gisa lortuta.
3. Abeltzaintza banakako erabilerako barrutiak ezarriz berrantolatu behar da.
4. Barruti bereko nekazarien eta abeltzainen arteko akordioak nekazaritza eta ingurumen arloetako politiken bidez babestu behar dira.
5. Barruti bakoitzean gutxieneko abeltzaintza azpiegitura (hesia eta aska) instalatzeko laguntza ekonomikoa, abereek urmaelak zuzenean erabil ez ditzaten.
6. Erabileraren zonifikazioak larreak eta denbora muga edo muga orokorra duten larreak zehaztu behar ditu.
7. Abeltzaintza jarduketek abereen osasun egoera ona bermatu beharko dute, kutsaduren arriskua murriztuta.
8. Barrutiak esleitzeko irizpideek hautatzeko lehentasuna emanen diete egun erabiltzen diren eskorgak edo artegiak dituzten abeltegiei eta azken 10 urtean larreak erabili dituzten abeltegien titularrei.
Aldaketak ukitzen dituen kapituluak:
III. kapitulua.-Bardeako luperketak. 3. artikulua.
IV. kapitulua.-Larreak. 4. - 29. artikuluak.
IX. kapitulua.-Eraikinak eta eskorgak. 79. artikulua.
XIII. kapitulua.-Zehapenak. 87., 88., 90., 91., 92., 93., 94., 95., 96., 100. eta 101. artikuluak.
XIV. kapitulua.-Prozedura. 102., 103., 104., 105. eta 106. artikuluak.
Aldaketa honi aurka egiten dioten ordenantzak.
Ordenantzen aldaketa eta gehikuntza
Ordenantza orokorrak
Larreak
1. artikulua. Bardean ardiak eta behiak banakako erabilerako abeltzaintza barrutien sistemaren bidez larreratuko dira, Batzorde Iraunkorrak barrutian erabilera komuna zehaztu ezean.
Azterketa teknikoak oinarri hartuta, Batzorde Iraunkorrak barruti bakoitzaren azalera, barrutien erabilera (ardiak edota behiak larreratzeko barrutiak), lehentasunez larreratzeko eremuak (labore lurrak), denbora muga duten zuhaixketan edota basoetan larreratzea, eta larreratuezinak diren eremuak zehaztuko ditu. Halaber, erabilera komunerako izanen diren barrutiak zehaztuko ditu.
2. artikulua. Barrutiaren esleipenduna den abeltzainak azienda xeheko 750 abelburu (ardiak) eta 100 behi, gehienez, izanen ditu barrutian.
Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak baimena eman ondoren, 750 ardi baino gehiago izaten ahalko ditu kasu berezietan eta larre asko dituzten aldi laburretan. Ez da inola ere baimenduko 1.500 ardi edo 200 behi baino gehiago dituen talderik.
450 ardi baino gutxiago dituzten abeltegietarako Batzorde Iraunkorrak barruti partekatuak esleitzen ahalko ditu, esleipendun bakoitzarentzat larreak zehaztuta.
Erabilera komuneko barrutiei dagokienez, betekizunak eta oinarrizko irizpideak beteta, banakako erabilerako barruti baten esleipendunak ez diren biztanleak baino ezin izanen dira sartu horietara. Banakako barruti baten esleipendunak ezin izanen dira sartu erabilera komuneko barrutietara.
3. artikulua. Abeltzainak urte osoan gauzatzen ahalko du banakako erabilerako barruti bakoitzeko larrearen aprobetxamendua, larreratzea onartzen duten eremu eta lurzatietan.
Barruti bakoitzaren barnean, Batzorde Iraunkorrak larreratze eremuak mugatzen ditu labore lurzatietan, honela: lehentasunez larreratzeko eremuak, larreratzeko baso eremuak eta eremu larreratuezinak.
4. artikulua. Finkak edo labore lurrak, lehorreko sailak zein sail ureztatuak izan, lehentasunez larreratzeko eremuak izanen dira. Horietan esleipendunak belarren aprobetxamendua egiten ahalko du, nekazariaren uzta errespetatuta eta Batzorde Iraunkorrak muga gisa ezartzen dituen egunak beteta.
Nekazarien eta barrutiaren esleipenduna den abeltzainaren arteko borondatezko akordioek larreratze egunak aldatzea eta uzta zuzenean bazkatzea ahalbidetuko dute.
5. artikulua. Baso eremuetan larreratzea Batzorde Iraunkorrak barruti bakoitzerako zehazten dituen garaian eta egunetan baino ez da gauzatuko, horiek zehazteko lehendik dauden espezieen izaera biologikoa kontuan hartuta.
6. artikulua. Abereei ura hornituko zaie obrako asketan. Horrenbestez, debekatuta egonen da abereek urmaelak zuzenean erabiltzea, Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak kasu bakoitzean baimentzen dituen salbuespenezko kasuetan izan ezik.
7. artikulua. Banakako erabilerako barruti bateko larreratze luperketak urte batetik hogei urtera bitarteko iraupena izanen du. Batzorde Iraunkorrak zehaztuko du denbora hori kasu zehatz bakoitzean, abeltzainaren adina, jarraitzeko aurreikuspena eta abeltzaintza konpromisoa ikusita. Aprobetxatzeko epea Batzorde Iraunkorrak esleipena zehazteko egiten duen erabakian ezarriko da.
8. artikulua. Hurrengo labore egoerak larretzat joko dira:
Labore lurretako larrea:
1. Lehorreko lurretako zereal laboreetan: uzta erabat bildu ondoren. Lastoa nekazariarena izanen da bakarrik, eta uztatzat joko da, uztailaren 30era arte. Abereak ezin izanen dira larreratzera joan uztondo berrietan, nekazariak lastoa erabat bildu arte edo, bildu ezean, abuztuaren 1etik aurrera joaten ahalko dira.
2. Sail ureztatuetako laboreak: Abeltzaintza barrutien esleipendunek belarrak aprobetxatzeko honako epe hauek errespetatu beharko dituzte:
a) Lehenbiziko uztan (udaberria-uda), uzta erabat bildu ondoren, 7 egun, gutxienez, eman beharko dira abereek larreak aprobetxa ditzaten.
b) Bigarren uztan (udazkena-negua) 15 egun, gutxienez, eman beharko dira.
3. Mahasti, olibondo eta fruta arbolen laboreak: Debekatuta dago abereak barrutira sartzea, landarearen bizi zikloaren lehenbiziko lau urteetan.
Mendian, zuhaixketan eta zuhaiztietan larreratzea:
-Denbora aprobetxamendua: Bidezko txostenak egin ondoren, Batzorde Iraunkorrak baimentzen ahalko du eremu horietan larreratzea, horien izaera biologikoaren arabera, baita komenigarritzat jotzen dituen barrutietan ere. Hala ere, kasu bakoitzean larreratzeko garaiak, egunak eta eremuak zehaztuko ditu.
9. artikulua. Debeku orokorra: Egun euritsu eta elurtsuetan ezin izanen da larreratu, ezta hurrengo hiru egunetan ere, euriak 5 l/m²-tik gorakoak izan badira.
10. artikulua.
1. Banakako erabilerako barrutiaren esleipenduna den abeltzainaren erabiltzaile eskubideak.
a) Esleitzen zaion barrutiko lurralde esparruan zehazten diren larreratze eremuetan bere abereak larreratzea.
b) Asmo horrekin abeltzaintza azpiegituratzat jotzen direnak erabiltzea.
c) Esleitzen zaion barrutia erabiltzea urte batetik hogei urtera bitartean, esleipen erabakiaren eta barruti motaren arabera. Luperketaren denbora baimen hori esleipendunari baino ez zaio emanen, abeltegia aktibo badago eta Bardeako araudi orokorra betetzen badu.
d) Barrutian dauden nekazariekin akordioak gauzatzea, larreak lantzea sustatzeko eta larreratze egunak aldatzeko edo, hala denean, uzta zuzenean bazkatzeko.
e) Barrutiaren erabiltze eta lupertze lagapenak Batzorde Iraunkorraren erabakiaren bidez baimenduko dira, eta bakarrik onartuko dira esleipenduna den abeltzainaren gurasoen, seme-alaben eta neba-arreben artean. Lagapen horrek lehenbiziko esleipendunari geratzen zitzaion denbora muga izanen du.
f) Esleipenduna hiltzen bada, luperketa eskubidea sortuko da haren lege jaraunsleentzat, baldin eta abeltzaintza jarduerarekin jarraitzen badute zuzenean eta, nolanahi ere, entitate partzuerreko auzotasun eta bizileku betekizunak betetzen badituzte.
2. Erabilera komuneko barrutietako abeltzainaren erabiltzaile eskubideak.
1. Ordenantza hauen 21. artikuluko irizpideak eta oinarrizko betekizunak beteta, banakako erabilerako barruti baten esleipendunak ez direnek baino ezin izanen dituzte horiek erabili larreratzeko.
2. Erabilera komuneko barrutietan sartzeko, 22. artikuluaren lehen idatz-zatian zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
Pertsona fisikoa:
-Entitate partzuerreko auzotasun ziurtagiria (erroldatzea), eskaeraren aurreko 10 urteko gutxieneko antzinatasun etengabea duela adierazten duena.
-Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.
-Ogibide nagusia abeltzaintza duela egiaztatzen duen agiria.
Sozietateei dagokienez:
-Sozietatearen eskrituraren kopia.
-Entitate partzuerreko auzotasun ziurtagiria (erroldatzea), bazkide bakoitzak eskaeraren aurreko 10 urteko gutxieneko antzinatasun etengabea duela adierazten duena.
-Bazkide bakoitzaren Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.
-Sozietatearen IFKren kopia.
Ogibide nagusia abeltzaintza dutela egiaztatzen duen agiria.
Bi kasuetan "Abereen jatorri eta osasuneko gida" aurkeztu beharko da.
Eskabidean erabilera komuneko barrutien artean bere abeltegirako egokienak omen direnak zehaztu beharko ditu, lehentasun ordenaren arabera.
Lehendik dagoen erabilera eta barruti baten barnean dauden abeltzainen kopurua ikusita, Batzorde Iraunkorrak erabakiko du zein esleituko dion eskatzaileari, baimenean erabilera epea eta abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko kanona zehaztuta.
3. Erabilera komuneko barrutiak erabiltzen dituen abeltzaina horretara sartzen ahalko da 750 ardirekin edo 100 behirekin, gehienez.
4. Batzorde Iraunkorrak edo, hala denean, lehendakariak zehaztuko ditu haren jarduerarako erabiltzen ahalko dituen instalazioak (hesiak, eskorgak, askak...). Abeltzainek banan-banan erabiliko dute instalazio hori.
5. Nolanahi ere, barruti horietako abeltzainek denbora muga duen aprobetxamendua duten zuhaixketako edo zuhaiztietako larreratze eremuak errespetatu beharko dituzte, baita ordenantza hauetan larrearen aprobetxamendu osorako ezartzen diren laboreak, larreratze egunak eta baldintzak ere.
6. Erabilera komuneko barruti baten erabilerak ez du hirugarrenei lagatzeko eskubiderik sortuko, banakako barrutien esleipendunekin gertatzen den bezala.
7. Epea amaituta, baimenduriko abeltzainak epearen luzapenak eskatzen ahalko ditu, banakako erabilerako barruti batera sartzeko aukera izan arte.
11. artikulua. Banakako erabilerako esleipenduna den edo erabilera komuneko barrutietan baimenduta dagoen abeltzainaren erabiltzaile eskubideak.
1. Komunitatearen gobernu organoek larreei buruz zehazten dituzten arau guztiak, orokorrak zein barruti bakoitzerako berariazkoak, bete eta gordetzea.
2. Arau orokorretan zehazten diren abereen saneamendu eta ongizaterako arauak eta Komunitateak bereziki ezartzen dituenak errespetatu eta betetzea.
3. Komunitateak urtero barruti edo abelburu bakoitzarentzat ezartzen duen kanona, tasa edo zerga ordaintzea.
4. Komunitateari aziendari bat-batean sortzen zaion edozein gaixotasun jakinaraztea berehala, eta osasun arloko agintariek edo Komunitatearen organoek gai horri buruz zehazten dituzten determinazioak betetzea.
5. Emandako erabilera epea amaituta edo abeltzainak bere borondatez uko eginda, barrutian dauden abeltzaintza instalazio guztiak (eskorgak, hesiak, askak) egoera onean eman beharko ditu, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe, instalazio horietan inbertsiorik egin duen ala ez kontuan hartu gabe.
6. Bere borondatez jarduera gauzatzeari utzi edo barrutia uzten duen edo, zehapen ebazpena dela-eta, esleituriko erabilera eskubidea galtzen duen banakako erabilerako barruti baten esleipendunak ezin izanen du beste barrutirik eskatu hiru urteko epean, esleipenaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatuta.
7. Arrazoi justifikaturik gabe urtebeteko aldian (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra) larreratze jarduerarik gauzatzen ez duen banakako erabilerako barruti baten esleipendunak barrutiari buruzko luperketa eskubidea galduko du, emandako epearen gainerako denborarako.
Horretarako, lehendakariak espedientea eginen du, eta, interesdunari entzunaldia eman ondoren, Batzorde Iraunkorrak bidezkoa dena ebatziko du.
Lehorreko sailetako finketako ereintza-laborantza
12. artikulua. Lehorreko sailetako laboreen finken titularra den erabiltzaileak lurzatiak aprobetxatuko ditu nekazaritzaren aldetik, urtea/aldia sistemaren bidez. Halaber, atsedeneko sailak erabiltzen ahalko ditu Batzorde Iraunkorrak zehazten dituen barietateen txandakako laborantzarako.
13. artikulua. Atsedenean dauden eta nekazaritza eta ingurumen arloetako neurriak edo laborantza ekologikoagatiko laguntzak edo antzekoak hartzen dituzten laboreen finkei dagokienez, Batzorde Iraunkorrak zehaztuko du nola aprobetxatu larre gisa, laguntza horiek ezartzen dituen araudiak zehazturiko epeen arabera.
14. artikulua. Debekatuta dago lehorreko sailetako laboreen finketan herbizidak eta pestizidak erabiltzea, uztondoak daudenean. Sail ureztatuetako finkek eta lehorreko sailetako labore lurrek, katalogazioaren arabera, ingurumenerako kaltegarriak ez diren produktuak erabili beharko dituzte, laboreak dituztenean.
Sail ureztatuetako finketako ereintza-laborantza
15. artikulua. Sail ureztatuetako laboreen finkak urtero lantzen ahalko dira, urtea/aldia sistema aplikatu gabe.
Zehapen araudia:
16. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Esleituriko barrutiaren mugetatik kanpo larreratzea.
b) Larreratzeko debekua duten eremuetan bazkatzea.
c) Batzorde Iraunkorrak egun zehatzetara mugaturiko larreratzea duten eremuetarako ezartzen dituen garai edo egunetatik kanpo bazkatzea.
d) Barrutian baimenduriko abelburu kopurua baino gehiago larreratzea.
e) Abeltzaintza instalazioak behar ez bezala erabiltzea.
f) Nekazariak uzta bildu ez duen finketan larreratzea.
g) Lastoa ez errespetatzea urte bakoitzeko abuztuaren 1era arte.
h) Nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzak, Natura Sarea edo nekazaritza iraunkorragatiko neurriak hartzen dituzten laboreen finketan larreratzea baimendu gabeko garaietan.
i) Esleipendunaren titulartasunekoa ez den azienda sartzea barrutian, Komunitatearen gobernu organoek egoera hori baimendu ezean.
j) Urteko kanona edo ezartzen diren isunak eta zehapenak ez ordaintzea.
k) Osasun araudia eta Komunitateari gaixotasun kutsakorrak daudela jakinarazi beharra ez betetzea.
l) Egun euritsuetan eta hurrengo hiru egunetan larreratzea.
m) Lehorreko sailetako laboreen lurretan urtea/aldia sistema ez betetzea, Komunitatearen gobernu organoek uztondorako baimenik eman gabe.
n) Lehorreko sailetako laboreen lurretako uztondoetan pestizidak edo herbizidak erabiltzea.
o) Ordenantza orokorrak edo barrutiaren berariazkoak haustea dakarren edozein ekintza.
p) Esleipen aldian barrutira sartu ahal izateko oinarrizko betekizunak betetzeari uztea.
17. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
a) a), b), c), d), e), i), k), l), m), n) eta o) ataletako arau-hausteak direla-eta, 300 eta 3.000 euro arteko isuna ezarriko da.
b) f), g) eta h) ataletako arau-hausteei dagokienez, eragindako kaltearen zenbatekoaren bost eta hamar aldiren artekoa dena duen isuna ezarriko da. Balio hori zehazterik ez badago, 1.000 eurotik 3.000 eurora arteko zehapena ezarriko da. Teknikari eskudunak kaltearen balioa zehazten badu, isunari peritatze gastuak gehituko zaizkio.
c) Arau-hausteak behin eta berriro egiteak bigarren arau-haustean erdiko balioa eta hirugarrenean eta hurrengoetan gehieneko balioa aplikatzea ekarriko du. Barrutiaren esleipen aldian metatzen den bosgarren arau-haustetik aurrera, Batzorde Iraunkorrak emakida iraungitzea ezartzen ahalko du zehapen gisa.
d) j) eta p) ataletako arau-hausteak esleipena iraungiz zehatuko dira.
18. artikulua. Abeltzaintza barrutirik esleituta ez duten edo erabilera komuneko barrutietan bazkatzeko baimenik ez duten abeltegiek Bardeako lurralde esparruan larreratzea. Lehendakariak edota Batzorde Iraunkorrak salaketa aurkeztuko du ohiko jurisdikzio zibilaren edo ohiko zigor jurisdikzioaren aurrean, bidezko kalte-ordainak erreklamatzeko asmoz.
19. artikulua. Zehapen prozedura.
Komunitateko lehendakariak zehapen espedienteak tramitatzeko ardura izanen du, eta, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, espedientea abiaraziko du, eta arau-hausleari salaketak eta kargu-orriak helaraziko dizkio, 20 eguneko epean bere interesen alde komenigarri iruditzen zaizkion alegazioak eta frogak egin ditzan.
Tramiteak amaituta, Batzorde Iraunkorra espedientea ebazteko organo eskuduna izanen da.
20. artikulua. Arau-hausteak 6 hilabeteren buruan preskribatuko dira, gertaeraren berri izaten den egunetik zenbatuta. Tramiteetarako 6 hilabeteko epea eteten ahalko da, txostenak edo peritatzeak egiteko eskatzen denean.
21. artikulua. Barrutiak esleitzeko irizpideak.
Oinarrizkoak:
1. Pertsona fisikoa, adinez nagusia, herri partzuerretako biztanlea, 10 urteko antzinatasun etengabea duena eta urtean 9 hilabetez benetan bertan bizi dena. Pertsona hori abeltegiaren titularra izan behar da, eta abeltegia aktibo egon behar da.
2. Sozietate zibilak edo merkataritza sozietateak, entitate partzuerretako edozeinetan egoitza soziala dutenak. Haien bazkide guztiak herri partzuerreko biztanleak izan beharko dira, 10 urteko antzinatasun etengabea dutenak eta urtean 9 hilabetez benetan bertan bizi direnak. Sozietatearen xedeak abeltzaintza jarduera barne hartu beharko du.
3. Komunitatearen bulegoetan abeltzaintza barrutiaren eskabidea (inprimaki ofiziala) egin eta aurkeztea.
4. Esleitzen zaion barrutian abereen osasun, ongizate, larreratze moduen eta abarren inguruan azienda maneiatzeko zehazten diren betebeharrak norberaren gain hartzeari buruzko berariazko aitorpena.
5. Komunitatean ordainketak egunean izatea.
6. Abeltzaintza barrutiaren eskaerak berekin ekarriko du esleipendunaren titulartasunekoak diren edo horri eskubideren bat ematen dioten instalazio eta eraikinei buruzko erabilera eskubideak eta kalte-ordainak ukatzea, hurrengo kasuetan izan ezik:
-Erabiltzen den abeltzaintza instalazio baten titularra izatea, eta esleituriko barrutia bat ez etortzea instalazioaren kokapenarekin, lehentasun hobea duen eskatzailea baitago.
-Bi instalazio edo gehiagoren titularra izatea, eta, esleipenaren bidez, Komunitateari laga behar izatea esleitzen zaion barrutian ez dauden instalazioak. Kasu horretan, esleitzen zaion barrutitik kanpo dagoen instalazioagatik kalte-ordaina emanen da.
-Ingurumen eta paisaia arrazoiak direla-eta, Batzorde Iraunkorrak erabiltzen den instalazioa erabiltzeari utzi behar zaiola erabakitzea.
-Erabiltzen den eskorga baten titularrak barrutiak ezarri aurreko hiru hilabetean jarduerari uztea.
-Erabiltzen den eskorga edo instalazio baten titularra erabilera komuneko barruti baten barnean egotea.
Kasu horietan Batzorde Iraunkorrak instalazioaren balorazio teknikoa gauzatu, eta peritatze horretatik ondorioztatzen den zenbatekoa proposatuko du. Balioarekin bat ez datorrela uste badu, ukituak bere balorazio tekniko propioa aurkeztu beharko du hilabeteko epean, Batzorde Iraunkorrak ordaindu beharreko zenbatekoa zehaztu ahal izateko.
Borondatezko ukoak edo barruti baten esleipenaren amaierak (nahitaezkoa zein luperketa epearen amaierak eragindakoa) Komunitateari barruti horretan dauden abeltzaintza instalazioen erabilera eskubide osoa itzultzea ekarriko du. Hala ere, barrutia uzten duen esleipendunari ez zaio kalte-ordainik eman behar itzulketa horrengatik, nahiz eta luperketaren erabilera aldian abeltzainak hobekuntzak edo inbertsioak egin instalazioetan.
22. artikulua. Banakako erabilerako barrutiak esleitzeko sistema.
1. Esleipenaren organo arduraduna: Batzorde Iraunkorra.
2. Batzorde Iraunkorrak esleipen prozesua abiaraziko du, Batzar Nagusiak ordenantzen aldaketa hau behin betiko onetsi ondoren.
3. Batzorde Iraunkorrak esleipenak eginen ditu, hurrengo sistema aplikatuta:
-Lehen idatz-zatia: 15 egunetik beherakoa ez den epea zehaztuko da, oinarrizko irizpideak betetzen dituzten guztiek barrutiaren eskabidea aurkez dezaten. Horrela, Batzorde Iraunkorrak eskatzaile bakoitzaren puntuazioa ezarriko du, honako baremo irizpide hauek aplikatuta:
- Lehentasun irizpidea: Erabiltzen den eskorga baten titularra izatea Bardean. Ez da puntuaziorik ematen: eskorga barne hartzen duen barrutia esleitzeko eta erreserbatzeko lehentasunezko eskubidea ematen du.
- Puntuazio irizpidea:
- 5 puntu azken 10 urteetan deklaratutako urte bakoitzeko. (Denboraldiak urte oso gisa zenbatuko dira).
- Familia irizpidea:
- Ezkonduta egotea edo erregistraturiko izatezko bikotekidea izatea: 5 puntu.
- Seme/alaba adingabe bakoitzeko: 5 puntu.
- Haien ardurapean seme-alaba adingabeak dituzten dibortziatuak, bananduak, ezkongabeak edo alargunak: 5 puntu seme/alaba bakoitzeko.
- Sozietatea izatea: 5 puntu, bazkideetako bakoitzeko. (Sozietateetan ez da kontuan hartuko bazkideen egoera zibila, ezta seme-alaben kopurua ere).
- Irizpide profesionala: Ogibide nagusia abeltzaintza izatea: 10 puntu. Eskatzailea sozietatea bada, 10 puntu zenbatuko dira ogibide nagusia abeltzaintza duen bazkide bakoitzeko.
Eskatzaile guztiek aurkeztu beharreko agiriak:
Pertsona fisikoa:
-Entitate partzuerreko auzotasun ziurtagiria (erroldatzea), eskaeraren aurreko 10 urteko gutxieneko antzinatasun etengabea duela adierazten duena.
-Erregistro Zibilak ezkontzari buruz edo Udalak izatezko bikoteen zerrendan inskribatuta egoteari buruz egindako ziurtagiria, hurrenez hurren.
-Erregistro Zibilak haren ardurapean seme-alabak izateari buruz egindako ziurtagiria.
-Agiri judiziala, seme-alaben zaintza eta babespea esleitzen dizkiona, dibortziatuta edo bananduta badago.
-Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.
-Ogibide nagusia abeltzaintza duela egiaztatzen duen agiria.
Sozietateei dagokienez:
-Sozietatearen eskrituraren kopia.
-Entitate partzuerreko auzotasun ziurtagiria (erroldatzea), bazkide bakoitzak eskaeraren aurreko 10 urteko gutxieneko antzinatasun etengabea duela adierazten duena.
-Bazkide bakoitzaren Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.
-Sozietatearen IFKren kopia.
-Ogibide nagusia abeltzaintza dutela egiaztatzen duen agiria.
-Bigarren idatz-zatia: Banakako erabilerako barrutiak esleitu baino lehen, Batzorde Iraunkorrak erabilera komuneko barruti gisa erreserbatzen direnak zehaztuko ditu.
-Hirugarren idatz-zatia: Eskatzaile bakoitzaren puntuazioa jakinda, Batzorde Iraunkorrak puntuazio hori jendaurrean jarriko du, eta eskatzaile bakoitzari jakinaraziko dio posta ziurtatuaren bidezko jakinarazpenaren bitartez.
Era berean, jakinarazpen horretan erabiltzen den eskorga baten titulartasuna nori aitortzen zaion eta zein barrutitan dagoen adieraziko da.
-Laugarren idatz-zatia: Batzorde Iraunkorraren arabera, erabiltzen den eskorga baten titularrak diren eskatzaileek 10 eguneko epea izanen dute, haien eskorga barne hartzen duen barrutia eskatzeko.
Barruti berean hainbat eskorga badaude, eskubide hori aitortuta duten eskatzaileen artean barrutia esleituko zaio puntuazio handiena duenari. Barruti horretan eskorga duten gainerako eskatzaileek haien titulartasuneko eskorgaren ondoan dauden barrutien artean edo eskorgarik ez duen beste bat aukeratzen ahalko dute, horretarako lehentasunezko eskubidea izanda (lehentasuna duten hainbat eskatzailek barruti bera eskatzen badute, puntu gehien dituenak eginen du hautaketa). Era berean, Batzorde Iraunkorrak barrutien arteko iraganbideak ezarriko ditu. Eskatzaileek beren artean zeini zein barruti esleitu erabakitzea onartuko da, bakoitzak dituen puntuak kontuan hartu gabe.
-Bosgarren idatz-zatia: Erabiltzen den eskorgaren titularrak izatearen ondoriozko lehentasun irizpidea aplikatu ondoren libre geratzen diren gainerako barrutiei dagokienez, Batzorde Iraunkorrak 10 egunetik beherakoa ez den epea zehaztuko du, gainerako eskatzaileek banakako erabilerako zein barruti geratu diren libre jakin dezaten.
Horiek esleitzeko, Batzorde Iraunkorrak eskatzaile guztiak deituko ditu entzunaldi publikora joateko, eta ekitaldi bakar batean barrutiak hautatuko dituzte, puntuazio ordenari jarraikiz.
-Seigarren idatz-zatia: Esleipendunik gabeko barruti hutsak: Aurreko prozesua gauzatu eta gero oraindik esleipendunik gabeko barrutiak badaude, Batzorde Iraunkorrak barruti libreen publizitate egokia eginen du, beste barruti bat jada eskuratu duten abeltzainek edo sozietateek eskatu ahal izateko.
Bigarrenez esleitzeko barruti horiei dagokienez, bigarren barrutia eskatzen ahalko dute abeltegian 1.500 ardi baino gehiago inskribatuta dituzten esleipendunek. Behien abeltegiek bakarrik eskuratzen ahalko dute bigarren barrutia, abeltegi mota horretarako erabilera aitortua duten barrutiak esleitu gabe daudenean. Hainbat eskatzaile badaude, puntuazio baremo bera aplikatu, eta hautaketa puntuazio handienetik txikienera eginen da.
Bigarren barrutirako luperketa 5 urtekoa izanen da, eta horren gaineko erabiltzea eta lupertzea dela delako urteko abenduaren 31n iraungiko dira.
Urte bakoitzeko urtarrilean Batzorde Iraunkorrak banakako erabilerako barruti huts guztien publizitatea eginen du, oinarrizko irizpideak beteta, barruti baten esleipena hartu nahi dutenek horiek eskatu ahal izateko. Kasu horretan, esleipenean lehentasuna izanen dute beste barrutirik esleituta ez dutenek, beste barruti bat dutenen aurrean. Hainbat eskatzailek nahi badute barruti bera, Batzorde Iraunkorraren balorazio irizpideak izanen dira eskatzailearen adina (gazteenak lehenetsita), ezkonduta egotea eta haren ardurapean seme-alabak izatea. Eskatzailea sozietatea bada, puntuazioa esleituko zaio, baremo irizpideari buruzko idatz-zatian ezarritakoaren arabera; horretarako, irizpide horietarako ezarri den puntukako baremo sistema aplikatuko du. Halaber, 5 puntu emanen dira erabilera komuneko barruti batean bazkatzen emandako urte bakoitzeko. Berdinketa badago, lehentasunezko hautaketa eginen du haren ardurapean seme-alaba gehien dituenak, eta, oraindik ere berdinketa badago, eskatzaile gazteenak.
Lehen esleipenetik aurrera jada ezin izanen dira aplikatu edo zenbatu puntuazio gisa aurreko urteetan abeltzaintzan emandako urteak.
23. artikulua. Batzorde Iraunkorrak eskorgen titulartasuna aitortzea, erabilera egoera eta jarduteko proposamenak.
Lehena: Batzorde Iraunkorrak eskorga baten titulartasuna aitortuko du hurrengo kasuetan:
-Komunitatearen katastroko datu-basean titular aitortua dagoenean.
-Batzorde Iraunkorrak hura eraikitzea edo biztanleen artean lagatzea baimentzeko hartzen duen erabakia dagoenean.
-Hildako biztanle baten izenean egonda, lege oinordekoek hori erabiltzen dutenean.
-Biztanle baten (jarduera utzi duen lehengo abeltzaina) izenean egonda, egun haren seme-alabak arduratzen direnean abeltzaintza jardueraz eta abeltegiaz.
-Abeltzaintza jarduera gauzatzen jarraitzen duten titularraren oinordekoak edo seme-alabak hainbat badira, titulartasuna horietako bati baino ezin izanen zaio aitortu. Kasu horretan, titulartasuna aitortuko zaio Bardean larreratzen emandako urte gehien deklaratzen dituenari. Berdinketa badago, zaharrenari aitortuko zaio. Nolanahi ere, Batzorde Iraunkorrak ukituen arteko borondatezko akordioa onartuko du.
-Eskatzaile batek eskorga edo instalazio baten baino gehiagoren titulartasuna badu, lehentasunezko eskubidea aitortuko zaio barruti bakar baterako.
Bigarrena: Erabiltzen ez diren edo, familiak hori gauzatzen jarraitu gabe, jarduera utzi duen titularrarenak diren eskorgak ez zaizkio inori aitortuko, egun instalazio horiek erabiltzen dituzten abeltzainak egon arren.
Hirugarrena: Batzorde Iraunkorrak abeltzaintza instalazio guztien azterketa eginen du, zein dauden aurri funtzionalean, zein aurri teknikoan edo zeinek eusten ahal dioten abeltzaintza erabilerari zehazteko asmoz.
Laugarrena: Aurri egoera deklaratuta duten eraikinei dagokienez, egoera horri aplikatzen ahal zaion hirigintza araudiaren arabera jokatuko da.
Bosgarrena: Elkarturiko abereak izateagatik balio etnografikoa edota biologikoa aitortuta duten eraikinak kontserbatu eginen dira, eta, hala denean, mantentze eta kontserbazio neurriak hartuko dira.
Seigarrena: Abeltzaintza erabilera duten, paisaian eragin handia omen duten eta balio etnografikorik ez duten eskorgei dagokienez, Batzorde Iraunkorrak kasu bakoitzean zehaztuko du nola konpondu eragin hori. Eraistea erabakitzen bada, abeltzainak jarduera ohi bezala garatzea ahalbidetzen duten moduak bilatuko dira, eta, nolanahi ere, eskorga eraitsi baino lehen, barrutiak gutxieneko azpiegiturak (hesia eta aska) izan beharko ditu. Egun horretara arte, barrutiaren esleipenduna den abeltzainak eskorga erabiltzen jarraitzen ahalko du.
Zazpigarrena: Abeltzaintza erabilera gauzatzen jarraitzen ahal duten eta, paisaian integratzeko, aldatu beharreko egiturak, materialak eta abar dituzten eskorgei dagokienez, Batzorde Iraunkorrak titularrari agindu eta eskatuko dio aldaketa horiek egiteko, baita aplikatzen ahal zaion araudira egokitzeko ere, jarduera sailkatuaren lizentzia eskuratzeko.
24. artikulua. Barrutien ezarpena.
1. Esleipenduna den abeltzain bakoitzak hari dagokion barrutiari buruz Batzorde Iraunkorrak hartzen duen erabakiaren jakinarazpen ofiziala jasoko du. Barruti bakoitzak honako hauek izanen ditu: identifikazio zenbakia, azaleraren eta Bardearen barneko lurralde mugen planoak, lantzen diren larreratze eremuak, aldi baterako larreak, eta garai osoan larreratzea debekatuta dutenak izanen.
2. Jakinarazpen ofizial horretan esleipendun bakoitzak barrutia erabiltzean bete behar dituen eskubideak eta betebeharrak adieraziko dira.
3. Jakinarazpena jaso eta gero, esleipendun bakoitzak 15 eguneko epea izanen du, barrutiari uko egiteko. Uko hori Komunitateari bidalitako idazkiaren bidez egin beharko da. Ezer jakinarazten ez badu, esleituriko barrutiarekin ados dagoela ulertuko da.
4. Barrutiaz jabetzea: 2011 osoan eta mailaka, barruti bakoitzaren arabera, gauzatu eginen da, kasu zehatz bakoitzean baloratu beharko direlako barrutiak dituen azpiegiturak eta obra eta instalazio gehiago egin beharra.
5. Barruti bat ezarrita, beste abeltzainak ezin izanen dira sartu barruti horren eremuan larreratzeko. Bardeako gainerako lurretan gainerako abeltzainek sistema tradizionalari jarraikiz larreratzen jarraituko dute. Hala ere, haren barrutian jada ezarrita dagoen abeltzaina ezin izanen da sartu Bardeako gainerako lurretara larreratzeko. Ezartzen den barruti bakoitza behar bezala seinaleztatu beharko da, esleipendunarentzat larrea errespetatu ahal izateko.
6. Jada operatibo dauden barrutien barnean larreratuko du esleipenduna den abeltzainak, hari dagokion barrutiaren erabilera araudiaren arabera. Era berean, Batzorde Iraunkorrak larreratze eremuen arteko iraganbideak ezarriko ditu barruti bakoitzean.
7. Laboreen txandaketa aplikatzen duen larreratze mota:
Barrutien bidez larreen aprobetxamendua berrantolatzen ari den bezala, nekazaritza lurzatiak titularren eta nekazarien arabera elkartzeko formularen bidez berrantolatuko da. Horrela, nekazariak bere nekazaritza ustiapen osoa izanen du, abeltzaintza barruti bakar baten barnean. Nekazariak txandaka ezartzen diren laboreen bidez lantzen ahal duen finken ustiapena izanen du, larre hobeak eta ugariagoak izateko.
Formulak prestatu eta sistemak sustatuko dira ingurumen politiken bidez, nekazariak laboreak txandaketa sistemara egoki ditzan.
8. Nekazarien eta abeltzainen artean formula bat erabakiko da, laboreen finketan larreratze egunak zehazten dituen nekazaritza arloko txandaketa sistema ahalbidetzen duena.
25. artikulua. Barrutien denbora eta esleipen epeak.
Barruti bakoitzaren banakako esleipenari buruzko erabakian Batzorde Iraunkorrak esleipen epea ezarriko du. Epe hori hurrengo parametroak kontuan hartuta zehaztuko da:
Lehena:
-Esleipendunaren titulartasuneko eskorga egoteagatik lehentasun eskubidearen bidez esleituriko barrutiak:
Honakoak izanen dira epeak:
-22 urte, esleipendunak 50 urte edo gutxiago baditu.
-21 urte, esleipendunak 51 urte baditu.
-20 urte, esleipendunak 52 urte baditu.
-19 urte, esleipendunak 53 urte baditu.
-18 urte, esleipendunak 54 urte baditu.
-17 urte, esleipendunak 55 urte baditu.
-16 urte, esleipendunak 56 urte baditu.
-15 urte, esleipendunak 57 urte baditu.
-14 urte, esleipendunak 58 urte baditu.
-13 urte, esleipendunak 59 urte baditu.
-12 urte, esleipendunak 60 urte baditu.
-11 urte, esleipendunak 61 urte baditu.
-10 urte, esleipendunak 62 urte baditu.
-9 urte, esleipendunak 63 urte baditu.
-8 urte, esleipendunak 64 urte baditu.
-7 urte, esleipendunak 65 urte baditu.
Esleipendunak sozietateak badira, epea bazkide guztien batez besteko adinari eskala berdina aplikatuz zehaztuko da.
Bigarrena: Eskorgaren titulartasuna dela-eta lehentasun eskubiderik gabe esleituriko barrutietarako epea urte batetik 10 urtera artekoa izanen da, esleipendunaren adinaren arabera.
Hirugarrena: Eskatzaileak 65 urte baino gehiago baditu, Batzorde Iraunkorrak 5 urtetik gorakoa ez den epea zehaztuko du, gehienez, kasu bakoitzean dauden inguruabarren arabera. Epea aldatzen ahalko du, erretirorako edo aziendaren salmentarako dauden iguripenen arabera.
Laugarrena: Esleipenduna hiltzen bada, abeltegiarekin jarraitzen duen/duten alargunak, seme-alabek edo lege oinordekoek barrutia erabiltzen jarraitzen ahalko dute esleipenaren gainerako denboran. Nolanahi ere, Batzorde Iraunkorrak lagapena baimendu beharko du.
Bosgarrena: Barruti baten esleipendunak esleipena lagatzen ahalko du aprobetxamenduaren gainerako denborarako hurrengo kasuetan bakarrik: seme-alaben eta neba-arreben alde, esleipena nori lagatzen dion zehaztuta. Nolanahi ere, esleipendun berriak barruti bat aprobetxatzeko oinarrizko betekizun guztiak bete beharko ditu: auzotasuna, bizilekua, etab.
Seigarrena: Sozietateak desegitea: Sozietateak desegiten direnean, bazkideetako baten batek abeltzaintza jarduera gauzatzen jarraitzen badu, esleipenaz baliatzen ahalko da esleipenaren gainerako denboran. Banan-banan eta zuzenean abeltzaintza jarduera gauzatzen jarraitzen dutenak hainbat bazkide badira, horietako bakoitzari esleipenaren gainerako denboraren aldi proportzionala emanen zaio, eta gazteena hasiko da barrutia erabiltzen.
26. artikulua. Nekazaritza eta abeltzaintza barrutiko erabilerak:
1. Erabilera onartuak, baimengarriak eta debekatuak.
Bardeako Natur Baliabideen Antolamendu Planean ezarritakoaren ondorioetarako, Natur Parkean zehaztutako abeltzaintza barrutien barneko jarduerak eta erabilerak onartuak, baimengarriak eta debekatuak izaten ahalko dira.
Lurzoru kategoria bakoitzaren babes helburuekin berez bateragarriak diren erabilera eta jarduerak izanen dira onartuak; debekatuak, bateraezin direnak; eta baimengarriak, zenbait baldintzatan bateragarriak izan daitezkeenak.
2.1. Onarturiko erabilerek eta jarduerek ez dute Komunitatearen gobernu organoen baimenik beharko, horiek garatzeko administrazio esleipena edo, hala denean, beste administrazio publiko batzuen baimena behar izateari kalterik egin gabe.
2. Erabilera eta jarduera baimengarriek Komunitatearen organoen berariazko baimena beharko dute.
3. Abeltzaintza esparruan debekatuta dauden erabilerak.
Abereek esleipendunaren barrutiaren lurralde esparruan dauden lehorreko sailetako laboreen finketan bazkatzen ahalko dute, lurzatian dagoen laborearekin bateragarriak diren garaietan.
Lehorreko sailetako laboreen finketako laborantza eta bazkatze egunak:
-Zerealak (garagarra eta garia) laborantza tradizionaleko sailean: Nekazariak uzta erabat bildu eta lastoa kendu ondoren. Ondorio horretarako, lastoa utzitzat joko da eta larre gisa aprobetxatzen ahalko da abuztuaren 1etik aurrera, lurzatiak denbora luzeagoa eskatzen duten nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzak edota laborantza ekologikoa hartu ezean. Halaber, nekazariak ezarrita bildu gabeko laboreen zerrenda duten lurzatietan bazkatzen ahalko da abuztuaren 1etik aurrera.
-Lugorri edo atsedenean dagoen saileko laboreak: Txandaren arabera uztondo egoeran dauden lurzatietan nekazariaren eta abeltzainaren artean adosten ahalko dute zereal batzuk berriro ereitea, larre gisa erabiltzeko. Aprobetxamendu hori nekazariak hartzen ahal dituen laguntzek zehazturiko epeak bete ondoren gauzatzen ahalko da. Lurzatiak nekazaritza eta ingurumen arloetako edo bestelako politikengatiko laguntzarik hartzen ez badu, abeltzainak eta nekazariak larreratze egunak adosten ahalko dituzte nahierara.
4. Lehorreko sailetako finkak lantzeko egunak:
Urtea/aldia sistema edo txandaketa betez uztondo egoeran dauden laboreen finkak nekazariak lantzen ahalko ditu, otsailaren 1etik aurrera. Abereek aprobetxatzen ahal duten uztondo gisa mantendu beharko da, uzta erabat bildu eta lastoa kentzen den unetik hurrengo urteko otsailaren 1era arte. Nekazariak lastoa kentzen ez badu, abereek ezin izanen dute bazkatu abuztuaren 1era arte.
Uztondo egoeran dauden finketan nekazariak ezin izanen du inolako produktu kimikorik edo herbizidarik erabili.
5. Barrutiko erabilera baimengarriak:
Basotzat jotako eremuetan edo zuhaiztietan: Lehendik dauden flora eta fauna espezieen egoera biologikoaren arabera Batzorde Iraunkorrak barruti bakoitzerako zehazten dituen garaietan baino ez da larreratuko.
Ondorio horretarako, Batzorde Iraunkorrak eta, horrek eskuordetuta, lehendakariak, eremu horretan larreratzea baimentzen ahalko du, aurretik egindako aldeko txosten teknikoa ikusita hori erabakitzen denean.
6. Abeltzaintza instalazioen erabilera:
Barruti baten esleipenduna den abeltzainak abeltzaintza instalazioak erabiltzen ahalko ditu, eta haren erantzukizun bakarra izanen da horiek behar bezala mantentzea, egiturei eta osasun mailari dagokienez.
7. Urmaelak eta askak:
Lehendik dauden urmaelek eta Komunitateak eraikitzen ahal dituenek ura emanen diete abereei eta basoko faunari. Uraren osasun mantentze egokiari laguntzeko asmoz, barruti bakoitzak obrako aska izanen du, hornidura hurbileko urmaelean edo urmaeletan hartuko duena. Abeltzaina ponpatzeko eta ura biltzeko sistemak mantentzeaz arduratuko da.
8. Simaurra:
Nekazariek abeltzaintza azpiegituretan sortzen den simaurra erabiltzen ahalko dute, elkarren adostasunez hori erabakitzen dutenean.
27. artikulua. Xedapena: klausula indargabetzailea
Indarrik gabe geratuko dira ondokoak:
1961eko ordenantzak: 3. artikulua (2. paragrafoa), 4.a, 5.a, 6.a, 11.a, 13.a, 14.a, 15.a, 16.a, 17.a, 18.a, 19.a, 20.a, 21.a, 22.a, 23.a, 24.a, 27.a, 28.a, 32.a, 34.a, 55.a (1. paragrafoa), 73.a, 74.a (1. paragrafoa), 76.a, 77.a, 81.a, 84.a, 87.a, 88.a, 90.a, 91.a, 92.a, 93.a, 94.a, 95.a, 96.a, 97.a, 99.a, 100.a eta 103.a.
2007ko ordenantzak: 1.a, 2.a eta 6.a.
Ordenantza honi aurka egiten dioten, horiekin kontraesanean dauden edo bateraezinak diren maila bereko edo beheragoko edozein ordenantza.
28. artikulua. Erregelamenduz garatzeko baimena.
Batzorde Iraunkorrari baimena ematen zaio ordenantzen aldaketa eta gehikuntza hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.
Tuteran, 2011ko martxoaren 16an.-Lehendakaria, José Antonio Gayarre Bermejo.
Iragarkiaren kodea: L1104958
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
