75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Ordenantza, Orisoainen animaliak edukitzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza 2008ko irailaren 20ko osoko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta jendaurrean egon zen 2008ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 10ekoan, argitaraturiko iragarkiaren bitartez. Testua osorik argitaratzea ahaztu egin zenez, Orisoaingo Udalak, berriki egindako osoko bilkura batean, hau da, 2011ko martxoaren 11n, berariaz erabaki zuen behin betikoz onestea Orisoainen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza, eta agindu zuen orobat testua osorik argitaratzea, indarra har dezan egoki den moduan.

Orisoainen, 2011ko martxoaren 17an.-Alkate udalburua, María Victoria Labiano.

ERANSKINA

UDAL ORDENANTZA, ORISOAINEN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Arriskugarriak izan daitezkeen animaliak edukitzeari aplikatzen ahal zaion araudia ezartzea, bateragarria izan dadin pertsona eta ondasunen segurtasunarekin.

2. artikulua. Arriskugarri gerta daitezken animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legearen 2. artikuluan aipatutakoaz gain, 287/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta 1. eta 2. eranskinetan zehazten diren etxeko zakurrak, baita gero batean 1. eranskinera gehi daitezkeen gainerako arraza berriak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2. eranskinean egindako balizko aldaketen bidez gaineratzen diren zakurrak, Ministerio horrek baitauka aipatu eranskinak aldatzeko eskumena. Arriskugarri gerta daitekeen animaliatzat joko da, halaber, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia, edozein espezietakoa izanik.

3. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

4. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Zakur arrazako animalien jabeek beren animaliak identifikatzeko agiriak eduki beharko dituzte, osasun egoerari eta inmunizazioei dagozkienak barne.

Edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete betetzen dituztenean, legeriak unean-unean ezartzen duen prozeduraren bidez.

5. artikulua. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

6. artikulua. Jabeek edo edukitzaileek animaliak kendu nahi badituzte, behar den agintari publikoaren menpeko zerbitzuen eskuetan utzi beharko dituzte. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

7. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

8. artikulua. Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere.

9. artikulua. Hirigunean ibiltzen ahal dira soil-soilik baldin eta katez edo uhalez loturik badabiltza eta beraiek kontrolatzeko gauza den norbaitek eramaten baditu.

Udal mugapetik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, jostetan, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den inor baldin bada hura kontrolpean izanen duena.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edo 287/2002 Errege Dekretuak zehaztutakoari jarraikiz arriskugarriak izan daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta joan beharko dira, haiek kontrolpean edukitzeko gauza den norbaitek eramanda.

10. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

11. artikulua. Zakurrarekin ibiltzen den laguna beharturik dago galaraztera hark kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

12. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da.

Finka, txalet, landetxe, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenenean, loturik egon beharko dute, behar bezalako itxitura baten barnean daudenean izan ezik, halako tokietara hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren. Esparru itxietan aske egoten ahalko dira, betiere itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik eginen haustura, irekidura, eta abarretatik.

13. artikulua. Debekatuta dago animaliak borroka eta erasoetan oldarkorrago izan daitezen lortzeko xede hutsez heztea, Lege honetan xedatutakoari kontra eginez.

Administrazio agintari eskudunak emandako edo homologaturiko gaitasun agiria daukaten zakur-hezitzaileak arduratu beharko dira zakurrak zaintza eta babes lanetarako hezteaz.

14. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak:

1.-Hauek arau-hauste administratibo oso larriak izanen dira:

a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea, eta orobat edozein zakur, eta animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

b) Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

d) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

e) Gaitasun agiria ez duenak arriskugarri gerta daitezkeen animaliak heztea.

f) Arriskugarri izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

g) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsu gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

2.-Hauek arau-hauste administratibo larriak izanen dira:

a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskugarri gerta daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

e) Arrikusgarri gerta daitezkeen animaliak garraiatzea Lege honen 10. artikuluan xedatutakoa urratuz.

f) Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

g) Animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguetan eta gainerako eremu publiko nahiz pribatuetan uztea.

3.-Aurreko ataletan tipifikaturiko arau-hausteek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak konfiskatzea, antzutzea edo akabatzea, establezimendua ixtea eta arrikusgarriak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia edo hezitzaile izateko gaitasun agiria aldi baterako edo behin betikoz etetea.

4.-Arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan ezarritako betebeharretatik edozein ez betetzea, non ez diren artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan aipatzen.

5.-Aitzineko 1.2 eta 3. ataletan sailkaturiko arau-hausteengatik isun hauek ezarriko dira:

-Arau-hauste arinak, 150 eurotik 300 eurora bitarte.

-Arau-hauste larriak, 300,01 eurotik 2.400 eurora bitarte.

-Arau-hauste oro larriak, 2.400,01 eurotik 15.000 eurora bitarte.

6.-Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

7.-5. atalean aurreikusitako zenbatekoak automatikoki berrikusi eta eguneratuko dira Gobernuak Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean aurreikusitako eguneraketari ekiten dionean.

8.-Arau-hausteen erantzule izanen dira esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea edo, hala behar denean, gertakaria jazo den establezimendu, lokal edo garraiobidearen titularra eta, azken kasu horretan, baita garraioaz arduratu dena ere.

9.-Artikulu honetan izaera administratiboko erantzunbeharra aurreikusten da; horrek ez du erran nahi bide penal eta zibiletan ere eskatzen ahal ez denik.

10.-Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia inkautatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

Azken xedapenetan lehena

Arriskugarriak gerta daitezkeen animaliak edukitzeari buruz onarturik dagoen edo onartzen den araudi orokor eta oinarrizkoa aplikatuko da Orisoainen lehentasunez, eta bereziki abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta martxoaren 22ko 287/2002 Dekretua, lege hori garatzen baitu arriskugarri gerta daitezkeen zakur espezieko etxeko faunakoak diren animaliei dagokienez.

Iragarkiaren kodea: L1106188