75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

123/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Iruñeko "Clínica Padre Menni" egoitzako egoiliarrei laguntzeko gutxieneko eta funtsezko zerbitzuak arautzen dituena, deitutako greba dela eta.

Apirilaren 1ean Nafarroako Gobenuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan 2011ko martxoaren 30eko data duen idazki bat sartu da, Nekane Auge Tolaretxipi andreak sinatua, Padre Menni klinikako enpresa batzordeko buru den aldetik, eta enpresa batzordeko ordezkariak ordezkatuz, non adierazten baitu Padre Menni klinikan lanuzte partzialak egiteko deia egin dela 2011ko apirilaren 12, 13, 19 eta 20 egunetarako, goizeko txandan 10:30etik 12:30era, arratsaldeko txandan 17:30etik 19:30era eta gaueko txandan 2:00etatik 4:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan greba egiteko onartzen den eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, Konstituzioak berak dioen bezala. Konstituzioari buruzko jurisprudentziak behin eta berriz adierazi duenez, gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak hartuko dira kontuan eta horretarako arrazoiak eman beharko dira.

Adinekoen nahiz mendekontasuna duten pertsonen egoitzak ezin dira eskutik utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke; are gehiago Padre Menni klinika bezalako gizarte eta osasun zentro baten kasuan, paziente psikiatrikoak eta psikogeriatrikoak baititu, ospitalizaturik edo egoiliar.

Klinika honetako paziente psikiatriko gehienek buru nahasmendu larria dute eta, beraz, etengabeko gainbegiratzea behar dute, bai beren babeserako bai ingurukoen babeserako. Ospitaleratze ertain eta luzeko plazek eta laguntza behar dutenentzako egoiliar-plazek arreta handia behar dute, ez mendekotasun mailarengatik, baizik diagnostikoak eragindako beharrengatik.

Paziente psikogeriatrikoei dagokienez, zaintza pertsonala behar dute oinarrizko beharrak asetzeko, eta horrelakorik gabe haien osasuna asko kaltetu daiteke. Horregatik, erabiltzaileek arreta egokia izateko nahitaezkoak diren zerbitzuak, programak eta tratamenduak bermatuko dituzten gutxieneko zerbitzuak ezartzea beharrezkoa da.

Erabiltzaile psikogeriatrikoentzako gutxieneko arretan sartuta daude, batetik, oinarrizko beharrei erantzuteko jarduera guztiak, otorduak, adibidez, eta bestetik zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkien guztiak, osotara edo alderdi batzuetan berez egiteko gai ez direnak, izan daitezkeen aldaketei behar den garaian egokituz, eta ahalik eta bizimodu normalena izan dezatela sustatuz.

Beraz, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu eta herritar horiei ongizate pertsonala bermatzen dieten gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, egoiliarrek greba orduetan hartu behar dituzten zerbitzuak eta laguntza hartu dira aintzat, bai eta zentroaren ezaugarriak, egoiliarrak zenbateraino diren gai beren kasa baliatzeko, egiten diren jarduerak, langileek esleituta dituzten eginkizunak, egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak eta grebaren deialdiaren ezaugarriak ere.

Zentroaren ezaugarriei dagokienez, Padre Menni klinika hiru kokaleku fisikotan banatzen da:

a) Psikiatria eremua (1. eraikina) eta Psikogeriatria eta BELE (Buru-eritasuna duten pertsonentzako laguntzarekiko egoitza) unitateak (2. eraikina).

-Psikiatria eremua (1. eraikina).

Hiru solairutan antolatzen da. Horietako bakoitzean psikiatriako hiru unitateak jasotzen dira: OPU (ospitaleratze akutua), EEU (egonaldi ertaina, paziente azpiakutuak) eta BELE programa (buru-eritasun kronikoa dutenen egoitza).

-Psikogeriatria eta BELE unitateak (2. eraikina).

Hiru solairutan antolatzen da. Horietan sartzen dira 1. eta 2. psikogeriatria unitateak (buru nahasmendu larria eta dementziak dituzten adineko pazienteak, mendekotasun maila handikoak), 1. eta 2. egoitza psikogeriatrikoa (buru-eritasuna eta 65 urtetik gora dituzten pazienteak, mendekotasun moderatukoak) eta BELE (Buru-eritasuna duten pertsonentzako laguntzarekiko egoitza) programaren zati bat.

b) Eguneko zentroa eta EPSZ (Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroa).

Bi solairutan, buru-eritasuna eta mendekotasun maila desberdinak dituzten ospitaleratze partzialeko pazienteak hartzen dira, kalera ematen duen solairuan.

Buru-eritasuna dutenentzako tutoretzapeko etxebizitzetan dauden pazienteen jarduerak egiten dira bigarren solairuan.

c) Buru-eritasuna dutenentzako tutoretzapeko etxebizitzak.

Arrotxapean, zentrotik hurbil, dauden hiru etxebizitza dira, buru nahasmendu larria duten pazienteentzat.

Horrenbestez, zentroaren ezaugarriek eskatzen dituzten gutxieneko zerbitzuek ahalbidetu behar dute ez bakarrik Padre Menni klinikako solairuez arduratzea, baizik eta hura osatzen duten eraikinez ere arduratzea.

Zentroaren erabiltzaileek mendekotasun eta behar mailak hauek dituzte:

Psikogeriatriako eremuan eta eguneko zentro psikogeriatrikoan badira mendekotasuna duten pertsona asko, zainketa behar handia dutenak eguneroko oinarrizko jardueretan eta beren osotasun pertsonalaren babesean. Psikiatria eremuan mendekotasun handiko 53 lagun zaintzen dira, mendekotasun moderatuko 57 eta mendekotasunik ez duten 13.

Psikiatria eremuan (OPU - EEU - BELE - Buru-eritasuna dutenentzako tutoretzapeko etxebizitzak), Buru nahasmendu larria duten pertsonak daude. Lehen esan bezala, jokaera nahasmenduarengatik arreta behar dute. Arlo horretan mendekotasun ertaineko 36 lagun zaintzen dira, eta mendekotasun handiko 4 lagun.

Greba deialdiari dagokionez, apirilaren 12, 13, 19 eta 20 egunetarako aurreikusi da, bi ordutarako goizeko txandan (10:30etik 12:30era), arratsaldekoan (17:30etik 19:30era) eta gauekoan (02:00etatik 04:00etara).

Ordutegi horretan jarduera eta zerbitzu hauek gauzatzen dira:

a) 10:30etik 12:30a arte egitekoak.

-Klinikako laguntzaileak:

a) Psikogeriatria: pazienteak geletan gainbegiratzea, ohe-unitateetako arropak biltzea eta unitateak eta pazienteak otorduetarako prestatzea.

b) Psikiatria: jardueretan pazienteak gainbegiratzea, solairuko erregimenean dauden pazienteak gainbegiratzea eta pazienteak otorduetarako prestatzea.

-Erizaintza:

a) Psikogeriatria: osasuneko banakako zainketak (bizi konstanteak, sendaketak), medikuaren bisita eta otorduetarako botikak prestatzea. Pazienteak zaintzea.

b) Psikiatria: sartzen direnei harrera egitea, lekualdaketak, altak, sendaketak, bizi konstanteen kontrola, injektagarriak jarraibideei segituz administratzea, jarraipenari buruzko oharrak idaztea, dagokion balorazioa egitea, administrazioan jakinaraztea ea biharamunean analitikarik egin behar ote den...

-Medikuntza: medikuaren kontsulta eta larrialdiei erantzutea.

-Garbiketa: gelak, korridoreak, komunak, gune komunak (telebistaren gela, terapiarako gela, botikina, etab.) garbitzea.

-Garbitegi zerbitzua: arropa zuri komuna eta pazienteena eta langileena garbitzea, lehortzea, lisatzea, tolestea eta banatzea.

-Mantentze-lana: larrialdiez arduratzea.

-Harrera: sarrera-irteerak zaintzea. Sartzen diren deiei eta irteerakoei erantzutea.

-Farmazia: medikazioa prestatu eta horrekin lotutako gorabeherei kasu egitea.

b) 17:30etik 19:30a arte egitekoak.

-Klinikako laguntzaileak:

a) Psikogeriatria: pazienteak geletan, askarietan eta paseoetan gainbegiratzea, eta pazienteak afarirako prestatzea.

b) Psikiatria: jarduerez eta kanporako irteerez arduratzea eta solairuko erregimenean dauden paziente akutuak gainbegiratzea. Pazienteekin izaten diren gorabeherak.

-Erizaintza:

a) Psikogeriatria: familiei erantzutea, zainketen orria prestatzea, afarirako botikak prestatzea. Gorabeherez arduratzea.

b) Psikiatria: jarduera pazientearekin, unitateaz arduratzea, paziente akutuak gainbegiratzea, botikak prestatzea. Pazienteekin izaten diren gorabeherak.

-Medikuntza: medikuaren kontsulta eta larrialdiei erantzutea.

-Garbiketa: 1. eta 2. eraikinetako gune komunak garbitzea.

-Garbitegi zerbitzua: arropa zuri komuna eta pazienteena eta langileena garbitzea, lehortzea, lisatzea, tolestea eta banatzea.

-Mantentze-lana: larrialdiez arduratzea.

-Harrera: sarrera-irteerak zaintzea. Sartzen diren deiei eta irteerakoei erantzutea.

c) 02:00etatik 04:00ak arte egitekoak.

-Klinikako laguntzaileak:

a) Psikogeriatria: errondak, jarrera aldaketak, pixoihalak aldatzea. Loa gainbegiratzeko erronda. Asteazkena: aulki gurpildunak garbitzea. Gorabeherez arduratzea.

b) Psikiatria: paziente akutuak zaintzea, loa gainbegiratzea. Gorabeherez arduratzea.

-Erizaintza:

a) Psikogeriatria: baterako erronda bi eremuetan, gorabeherei erantzutea.

b) Psikiatria: baterako erronda bi eremuetan, paziente akutuak zaintzea.

-Medikuntza: larrialdiei erantzutea.

-Mantentze-lana: larrialdiez arduratzea.

Horrenbestez, kontuan hartuta hori guztia, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-"Clínica Padre Menni" egoitzan grebarako deialdia egin da 2011ko apirilaren 12, 13, 19 eta 20 egunetarako, goizeko txandan 10:30etik 12:30era, arratsaldeko txandan 17:30etik 19:30era, eta gaueko txandan 2:00etatik 4:00etara, eta greba hori gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuz eginen da:

a) Padre Menni klinikan: 1. eta 2. eraikinetan.

-Klinikako laguntzaileak:

gutxienez langile horien %85 goizeko eta arratsaldeko txandetan, eta %100 gaueko txandan. Portzentaje horri dagokion langile kopurua biribildu eginen da: 18 klinikako laguntzaile izanen dira goizeko txandan, 17 arratsaldekoan eta 6 gauekoan.

-Erizainak:

lau lagun goizeko txandan, hiru arratsaldekoan eta bi gaueko txandan zentro guztirako.

-Medikuak:

guardiako mediku bat zentro osoan, hiru txandetan.

-Farmaziako langileak:

ohiko langileen %50 goizez eta arratsaldez, eta gutxienez ere pertsona bat.

-Garbitzaileak:

1. eraikina: garbitzaile bat solairu bakoitzean goizez eta 1 eraikin osoan arratsaldez.

2. eraikina: garbitzaile bat solairu bakoitzean goizez eta 1 eraikin osoan arratsaldez.

-Mantentze-lanetako langileak:

guardiako pertsona bat zentro osoan, hiru txandetan.

-Harrerako langileak:

pertsona bat goizez eta arratsaldez.

b) Eguneko zentroa / EPSZ.

zaintzaileen, teknikarien eta sukaldeko langileen erdiak gutxienez, eta gutxienez pertsona bat hiru talde horietako bakoitzeko.

c) Buru-eritasuna dutenentzako tutoretzapeko etxebizitzak.

Gutxienez jaiegunetarako ezarritako lan erregimena mantentzeko adina langile, salbu zentrotik kanpoko eguneko jarduerako ordutegian, kasua bada.

Bigarrena.-Aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak zentroko erabiltzaileak zaindu ohi dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileek eginen dituzte.

Hirugarrena.-Lehen atalean aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.

Laugarrena.-Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak langileentzako onartzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.-Foru agindu hau jakinaraztea Nekane Auge Tolaretxepi andreari , Padre Menni klinikako enpresa batzordeko ordezkari den aldetik (hauxe du helbidea, jakinarazpenaren ondorioetarako: Zaragozako etorbidea, 12, 5. solairua, 31003, Iruña), eta Padre Menni klinikako zuzendaritzari (Marcelo Celayeta etorbidea, 10, 31014, Iruña), eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzara igortzea.

Seigarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Zazpigarrena.-Foru agindu honek ez du bide administratiboa amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko apirilaren 8an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1106783