75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

48/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen dira martxoaren 18ko 40/2009 Foru Agindua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura egin beharreko ordainketa zatikatuen autolikidaziorako 130 eredua onesten duena, eta martxoaren 18ko 41/2009 Foru Agindua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako ordainketaren ordainketa zatikatuaren autolikidazio proposamenak igortzea eta bankuko helbideratzea arautzen duena.

Martxoaren 28ko 22/2011 Foru Dekretuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 92. Bat artikulua aldatu du, lehenengo modalitatean ordainketa zatikatuak egiteko kontuan hartu behar diren etekin garbien gutxienekoa 4.500 eurotik 6.500 eurora igotzeko. Halaber, Erregelamendu horren 92. Bi artikulua aldatu du eta, beraz, kendu egin da ordainketa zatikatuaren modalitatea urteko edozein hiruhilekotan aldatzeko aukera. Hortaz, bigarren modalitatea aukeratzen ahalko da, bakar-bakarrik, lehenengo hiruhilekoko aitorpena aurkeztearekin batera, eta horrek urte horretako hiruhileko guztietan izanen ditu ondorioak. Aldaketa horiek foru agindu honetan garatzen dira, zeinaren bidez aldatu baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 18ko 40/2009 Foru Agindua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura egin beharreko ordainketa zatikatuen autolikidaziorako 130 eredua onesten duena.

Ordainketa zatikatuaren autolikidaziorako proposamenen sistemari dagokionez (indarra martxoaren 18ko 41/2009 Foru Agindua onetsitakoan hartu zuen), aldaketa batzuk egin dira. Lehenik, trataera bera aplikatzen zaie, bai autolikidaziorako proposamena eskaera bidez espresuki errefusatzeari, bai subjektu pasiboak autolikidazioa aurkeztuz errefusatzeari, bai eta entitate laguntzaileak zergadunaren kontuan kargua ez sartzeari eta geroratzea eskatu ez eta ordainketa osoa edo zati bat ordaindu gabe uzteari ere. Hortaz, ondorioak berberak izanen dira kasu horietan guztietan. Lehenik, aipatu egoera horietakoren bat gertatu den hiruhilekoan ez da bankuko helbideratzea egiten jarraituko, ez eta urteko hurrengo hiruhilekoetan eta hurrengo urtekoetan ere. Gainera, kasu horietan, ez dira autolikidaziorako proposamenak igorriko aipatu aldietan. Kasu horietan guztietan, subjektu pasiboa behartuta dago ordainketa zatikatuen autolikidazioa aurkeztera eta ateratzen diren diru kopuruak sartzera.

Bestalde, proposamenen errefusatzearen ezeztapena garatzen da, eta zehazten da urte bakoitzeko otsailaren ondoren eginez gero ez duela ondoriorik izanen urte horretarako, baina hurrengoetarako eskatutzat joko dela.

Azkenik, araubide iragankor bat ezarri da 2011rako, hau da, 2010. urtean igorritako ordainketa zatikatuen autolikidaziorako proposamenak errefusatu dituzten zergadunek Nafarroako Zerga Ogasunak 2011rako igorritako proposamenak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta errefusatze horrek 2010. urterako bakarrik izaten baditu ondorioak, ekitaldi horretako araudian ezarritakoarekin bat.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak arlo hori arautzeko duen eskumena Zergari buruzko Erregelamenduaren 93. artikuluak ematen du, eta kontseilaria gaitzen du aitorpena eta ordainketa zatikatuen sarrera egiteko baldintzak eta modua zehatz ditzan.

Ordainketa zatikatuen autolikidaziorako proposamenen igorpena eta helbideratzea arautzeko eskumena Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 80.6 artikuluan oinarrituta dago. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezartzen dituen baldintzen arabera eginen dira proposamenak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Martxoaren 18ko 40/2009 Foru Aginduaren aldaketa.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura egin beharreko ordainketa zatikatuen autolikidaziorako 130 eredua onesteko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak martxoaren 18an emandako 40/2009 Foru Aginduaren manuak, jarraian azaltzen direnak, honela idatzita agertuko dira:

Bat.-1.3 artikulua.

"3. Subjektu pasiboek ordainketa zatikatuaren bi modalitateetako bigarrena hautatzen badute (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 92.Bat artikuluan araututako modalitateak), berariaz adierazi beharko dute urteko lehen hiruhilekoari dagokion 130 ereduaren autolikidazioan, foru agindu honen 3.2 artikuluan aipatzen den epean."

Bi.-2. artikulua, bigarren lerroaldea, a) letra.

"a) Ordainketa zatikatuen azken-aurreko urtean enpresa eta lanbide jardueretan gehienez 6.500 euroko etekin garbiak izan dituztenak."

Hiru.-4.1.c artikulua.

"c) Aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezleak, aitorpenak beste inoren izenean egiteko baimendutako pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa, aurreko b) letran aipatzen dena, eduki beharko du."

2. artikulua. Martxoaren 18ko 41/2009 Foru Aginduaren aldaketa.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako ordainketaren ordainketa zatikatuaren autolikidazio proposamenak igortzea eta bankuko helbideratzea arautzeko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak martxoaren 18an emandako 41/2009 Foru Aginduaren manuak, jarraian azaltzen direnak, honela idatzita agertuko dira:

Bat.-2. artikuluari 4. idatz-zati bat erantsi zaio.

"4. Geroratzea eskatu ez eta hiruhileko bakoitzeko kuota guztiak edo batzuk ordaindu gabe uzten badira dagokien epean, foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dira, eta horiek kasuan kasuko hiruhilekoan izanen dute eragina, baita urte horretako ondorengo hiruhilekoetan eta hurrengo urtekoetan ere, baina ez aurreko hiruhilekoetan."

Bi.-3. artikulua.

"3. artikulua. Autolikidazio proposamena errefusatzea.

1. Proposamena prozedura hauetakoren baten bidez errefusatzen ahalko da:

a) Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako gaitutako bideetako edozein, telematikoak barne, erabiliz egindako eskaeraren bidez.

a?) Eskaera telematika bidez aurkezten bada aitorpena eta diru-sarrera egiteko hiruhileko bakoitzerako erregelamenduz ezarritako epearen azkeneko hiru egun baliodunak baino lehen, hiruhileko horri eta hurrengoei dagokien helbideratzea ondoriorik gabe geratuko da.

b?) Paperean aurkezten bada aitorpena edo diru-sarrera egiteko erregelamenduzko epearen barnean, edo telematika bidez aipatu diren azken hiru egunen barnean, eskaeraren oinarri den hiruhilekoari dagokion helbideratze agindua tramitatu eginen da, eta subjektu pasiboak, helbideratze agindu hori ondoriorik gabe uzteko, entitate laguntzaileari jakinarazi beharko dio, entitate horrek helbideratzearen ordainagiria errefusa dezan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan ezarritako epean. Agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua hein batean garatu zen, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez. Epe hori helbideratzeen sorta entitate laguntzaileari igortzen zaion egunean hasiko da eta Nafarroako Foru Komunitateko kontu korronte orokorrean ordainketa egiten den egunean bukatuko. Helbideratzea ondoriorik gabe geratuko da hurrengo hilabeteetarako.

b) Aitorpena aurkeztuz.

a?) Ordainketa zatikatuaren autolikidazioa telematika bidez aurkezten bada aitorpena eta diru-sarrera egiteko hiruhileko bakoitzerako erregelamenduz ezarritako epearen azkeneko hiru egun baliodunak baino lehen, hiruhileko horri eta hurrengoei dagokien helbideratzea ondoriorik gabe geratuko da.

b') Ordainketa zatikatuaren autolikidazioa paperean aurkezten bada erregelamenduz ezarritako epearen barnean, edo telematika bidez aurkezten bada azken hiru egun horien barnean, aitorpen berriaren oinarri den hiruhilekoari dagokion helbideratze agindua tramitatu eginen da, eta subjektu pasiboak, helbideratze agindu hori ondoriorik gabe uzteko, entitate laguntzaileari jakinarazi beharko dio, entitate horrek helbideratzearen ordainagiria errefusa dezan, aipatu 80/2008 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan ezarritako epean. Helbideratzea ondoriorik gabe geratuko da hurrengo hilabeteetarako.

c) Eragiketaren entitate laguntzaileak subjektu pasiboaren kontuan kargua ez egitearen ondorioz. Errefusatze hori 80/2008 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat eginen da, eta berarekin ekarriko du hurrengo helbideratzeak ondoriorik gabe geratzea.

2. Autolikidaziorako proposamen bat aurreko 1. idatz-zatian ezarritako moduetako batez errefusatzen denean, subjektu pasiboa ordainketa zatikatuen autolikidaziorako proposamenak igortzeko sistematik eta horiek banku bidez helbideratzearen sistematik kanpo geratuko dira errefusatzeari dagokion hiruhilekorako, baita urte horretako ondorengo hiruhilekoetarako eta hurrengo urtekoetarako ere.

3. Proposamenaren errefusatzea aurreko idatz-zatietan aurreikusitako moduan eskatu arren, subjektu pasiboaren bankuko kontuan okerreko kargu bat egiten bada, Nafarroako Zerga Ogasunak bankuko kontu berean ofizioz ordainduko du ahalik eta lasterren.

4. Artikulu honetan araututako errefusatzea egiten den kasuetan, subjektu pasiboak ordainketa zatikatuaren autolikidazioa aurkeztu beharko du, baita ateratzen diren zenbatekoak sartu ere behartuta egonez gero, Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 80.6 artikuluan eta horren Erregelamenduko 92. eta 93. artikuluetan xedatutakoarekin bat."

Hiru.-4. artikulua:

"4. artikulua. Errefusatzearen ezeztatzea.

1.-Aurretiaz egindako errefusatzea soilik ezezta daiteke. Edozein prozeduraz baliaturik, jasota ez dagoen errefusatze bat ezeztatzeko eskaera aurkezten bada, eskaera hori ez aurkeztutzat joko da, eta beste tramiterik gabe artxibatuko da.

2.-Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako gaitutako bideetako edozein, telematikoak barne, erabiliz eskatzen ahalko da errefusatzearen ezeztatzea.

3.-Urte bakoitzeko otsailaren ondotik egiten den ezeztatze orok ez du ondoriorik izanen urte horretarako, eta subjektu pasiboak hiruhileko bakoitzeko aitorpenak aurkeztu eta dagozkion diru kopuruak sartu beharko ditu, baina eskaera hurrengo urteetarako egintzat joko da."

Lau.-Indarra duen 4. artikulua 5. artikulua izanen da hemendik aurrera.

Bost.-8. artikulua.

"8. artikulua. Pertsona edo entitate laguntzaileak.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, aitorpenak hirugarren pertsonak ordezkatuz eta bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek foru agindu honetan ezarritako zerga arloko betebeharrak betetzen parte hartzen ahalko dute, daukaten ordezkaritzarekin bat."

Xedapen iragankor bakarra.-2010eko proposamenak errefusatu dituzten zergadunei proposamenak igortzea 2011. urtean.

2011. urteari dagozkion ordainketa zatikatuen autolikidaziorako proposamenen ondorioetarako soilik, Nafarroako Zerga Ogasunak proposamenak igortzen ahalko dizkie 2010ean igorritako proposamenak errefusatu zituzten zergadunei, baldin eta errefusatze horrek urte horretarako soilik bazituen ondorioak, ekitaldi horretako araudian ezarritakoarekin bat. Proposamenak igortzeko sistema espresuki errefusatu bada, aitzitik, ez da igorriko 2011. urteari dagokion autolikidaziorako proposamena, baina alde batera utzi gabe aurkezpena eta ordainketa zatikatua egiteko betebeharra.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako ordainketa zatikatuen 2011. urteko eta hurrengoetako autolikidazioei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2011ko apirilaren 5ean.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1106222