75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Taxirako lizentziaren deialdia

Caparrosoko udal mugapean oso-osorik egiten den hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdiaren oinarriak.

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Caparrosoko udal mugapean hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia bat lehiaketa bidez ematea.

Gehienez lizentzia baten titularra izan daiteke.

2.-Araubide juridikoa.

Ondoko araudiak jasotzen du deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea.

-Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko dekretua.

-Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua.

-Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea.

-Caparrosoko Udalean taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza, 2010eko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 15ean.

Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

3.-Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

1. Hauek dira lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) 600 euroko bermea jartzea.

d) Egungo legedian ezarritako betebehar fiskalak, lanekoak eta sozialak betetzea, eta Caparrosoko Udalari egin beharreko ordainketak eguneratuta izatea.

4.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskaerak Caparrosoko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (España plaza, 12, 31.380 PK), 30 egun naturaleko epean, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Proposamenak postaz ere bidaltzen ahal dira eta horretarako, interesdunak posta bulegoan igorpena noiz egin duen egiaztatu beharko du gordekinaren bidez. Orobat eta epearen barrenean, proposamena bidali duela egiaztatu beharko dio kontratazio organoari, fax bidez (948 710 825). Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, proposamenak aurkezteko epea akitu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

5.-Agiriak.

Eskaerak hiru gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat esleitzeko deialdia" eta izen-deiturak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

-1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

-2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.

-3. gutun-azala: Proposamen ekonomikoa.

1. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak hurrengo hau izanen du barrenean:

1.1. Eskaera egiten duenaren nortasun agiri nazional indardunaren fotokopia.

1.2. Bermea: Lizitatzaileek 600 euroko bermea aurkeztu beharko dute Caparrosoko Udalaren alde.

Bermea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin bat, eranskinaren araberako banku-abala aurkezten ahalko da, edo eskudirutan zuzenean Udalaren Kutxan, edo banku transferentziaz Udalaren kontu zenbakira, edo kauzio-aseguru kontratu bidez.

Berme horrek behin-behineko esleipena onetsi arte eskaintzari eusten zaiola bermatuko du.

Organo eskudunak onetsitako lizentzia behin-behinekoz esleitu eta berehala itzuliko zaie bermea interesdunei, baina behin-behineko esleipen hartzaileari atxiki eginen zaio berme hori.

Behin-behineko esleipen hartzaileari atxikitako bermea bahitu eginen da baldin eta, lizentziaren behin-behineko esleipena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, aurkezten ez badu eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, bereziki alor hauen gainekoa: ibilgailua baduela dioena, aseguruen kontratazioa, soldatapeko gidariarena (halakorik bada) eta lizentzia osorik ordaindu izanarena.

Lizentziak behin betiko esleitu ondoren itzuliko zaio atxikitako bermea esleipen-hartzaileari.

1.3. Ibilgailuak gidatzeko BTP motako baimen indardunaren fotokopia edo hura baduela frogatzen duen ziurtagiria.

1.4. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak eguneratuta dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.

1.5. Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiria, indarra duten xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana frogatzen duena, proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoa edo berriagoa.

2. "Dokumentazio teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, 2. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, proposamen ekonomikoa izan ezik, oinarri hauen 6. klausulan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntua dadin.

3. "Proposamen ekonomikoa" izeneko 3. gutun-azalean, 3. eranskineko ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko da.

6.-Esleitzeko irizpideak.

Lizentziak esleitzeko, irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailua elbarriak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 6 puntu.

2. Edukiera handia: gehienez 10 puntu.

-9 lagunendako tokia, gidaria barne: 10 puntu.

-8 lagunendako tokia, gidaria barne: 9 puntu.

-6 lagunendako tokia, gidaria barne: 6 puntu.

3. Eskaintza ekonomikoa, gutxienez 600 eurokoa, gehienez ere 5 puntu. Eskaintza ekonomikoa 300 eurotan handitzen den bakoitzean puntu bat gehiago emanen zaio.

4. Zerbitzua eskaintzea, 3 puntu.

Alderdi honetan gehienez ere 3 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoak, hala nola gauez, jaiegun eta asteburuetan, baita zerbitzua asteko zazpi egunetan ematea ere.

-Gauak, jaiegunak eta asteburuak: 1,5 puntu.

-Asteko 7 egunak: 1,5 puntu.

5. Alderdi teknologikoak 2 puntu.

Tokiak aurkitzen eta nabigazioan laguntza ematen duten elementu teknologikoak eskaintzeari 2 puntu emanen zaizkio: GPS eta nabigatzailea.

6. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak.

Gehienez ere 6 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea dakarten ibilgailuez baliatzeko eskaintzen den konpromisoa. Baremo honi jarraikiko zaio:

A sailkapena (*) 6 puntu.

B sailkapena (*) 4 puntu.

C sailkapena (*) 2 puntu.

(*) Espainiako Gobernuko Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (I.D.A.E.) prestaturiko datu basean oinarrituriko sailkapena.

(http://www.idae.es/index.php/mod.pags/mem.detalle/idpag.84/relca tegoria.1052/relmenu.86).

Guztirako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, Caparrosoko udalerrian taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 5.2 artikulua eta uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betez, emakumea taxiaren sektorean sartzea ahalbidetzen duen eskaintzaren alde eginen da, hau da, emakume eskatzaileen alde. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.

7.-Kalifikazio Batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea hurrengo hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Irene Jiménez Iribarrenl.

-Ordezkoa: Carlos Alcuaz Monente.

-Mahaikidea: Jesús M.ª Antón Lasterra.

-Mahaikidea: Helena Heras Igea.

-Mahaikidea: Alfonso Igea Pérez.

-Idazkaria: Elvira Sáez de Jáuregui Urdánoz.

8.-Dokumentazioaren kalifikazioa.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du, kanpoko jenderik aurrean ez dela.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 5 egun natural igarota, Udalaren iragarki oholean argitaratuko da onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan zehazten den egunean Udalaren iragarki oholean argitara emanen da Caparrosoko udal mugapean taxi zerbitzuaren lizentzia eskuratzeko izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatu eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da gutun-azal ekonomikoak irekitzeko eguna, ordua eta tokia, baita 2. gutun-azalaren puntuazioa noiz irakurriko den ere.

Lizentzia eskuratzeko izangaiak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian esleitzeko bildutako irizpideei jarraituz.

9.-Proposamenak irekitzeko tokia eta egun-orduak.

Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, esleitzeko irizpideekin bat.

Ondoren, Batzordeko idazkariak 3. gutunazala ireki eta irakurriko du.

Biharamunean, Udalaren iragarki oholean lehentasun ordenaren araberako puntuazio zerrenda emanen da argitara, lehiaketan den lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan.

10.-Lizentziaren esleipena.

1. Eskaintzak aztertuta, haietako bakoitzari lehentasun ordena esleituko zaio, guztira lortutako puntuazioarekin bat.

2. Lizentziaren behin-behineko esleipen hartzaile gertatzen den eskatzailea izendatuko du organo eskudunak, erran nahi baita, Alkatetzak.

3. Behin-behineko esleipen hartzaileek esleipena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

-Zein ibilgailuri atxikiko zaion lizentzia, haren gaineko dokumentazioa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta Taxiari buruzko Foru Legean eta arlo hau arautzen duen ordenantzan ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

-Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.

-Lizentziaren zenbateko osoa ordaintzea, aurkeztutako eskaintza ekonomikoarekin bat.

4. Behin-behineko esleipen hartzaileetako batek adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko egiaztagiriak aurkezten ez baditu, bereziki zerbitzurako behar diren ibilgailuak badituela, aseguruak kontratatu dituela eta, hala denean, soldatapeko gidariarena eta lizentziaren zenbateko osoa ordaindu, atxikitako bermea bahituko zaio eta lizentziak esleitzeko prozesutik baztertu. Horrela, bere tokia ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera lizentziaren behin-behineko esleipen-hartzaile izen ez den lehendabiziko hautagaiari emanen zaio.

Prozedura hau dela eta, behin-behineko esleipen-hartzaileen zerrendan berronartutako hautagaiek lehen aldiko esleipen-hartzaileen baldintza berak izanen dituzte, baita 600 euroko bermea jarri beharra ere, behin-behineko esleipena jakinarazi eta astebeteko epean.

5. Dokumentazio hori aurkeztuta, alkateak behin betiko emanen dio taxi lizentzia esleipen hartzaileari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Caparrosoko udal mugapean hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentziaren behin betiko esleipenaren hartzailea nor den.

11.-Instalazioaren titularraren betebeharrak.

Taxi lizentzia baten esleipen-hartzaileak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi lizentziaren titular izateko.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, hark indarra duen bitartean.

12.-Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lehendabizi, lizentziak esleitzen dituen organo eskudunak erabakiko du oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen goiti-beheiti guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat inpugnatzen ahal dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

13.-Informazio eta adostasun klausulak.

Caparrosoko Udalak adierazten du:

1. Jasotako datu pertsonalek taxi zerbitzua egiteko lizentziak esleitzea dutela helburu.

2. Datuak ikusi, zuzendu eta haien tratamenduari kontra egiteko eskubideak. Eskubide horiek erabili ahal izateko Caparrosoko Udaleko Erregistro Orokorrera agertu beharko dute.

Emandako datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako edo jakinaraziko, legean ezarritako kasuetan izan ezik.

Caparroson, 2011ko martxoaren 31n.-Alkate udalburua, Irene Jiménez Iribarren.

1. ERANSKINA

Abal eredua

Entitateak (kreditu entitatearen edo elkarren bermerako sozietatearen izena), IFZ, helbidea (jakinarazpen edo errekerimenduetarako) karrika, plaza, etorbide, posta kodea, herria, eta bere izenean (ahalordedunen izen-deiturak), egintza honetan behartzeko ahalmen askirekin, dokumentu honen beheko zatian azaltzen den ahalmenen askiestea dela eta, hurrengo hau abalatzen du: (abaldunaren izen-deiturak edo izen soziala), IFZ, honako hauen indarrez: (berme hau eratzera behartzen duten arau eta artikuluak) hurrengo betebehar hauei erantzuteko: (zehaztu bermedunak bere gain hartzen duen betebeharra), organo administratiboaren, erakunde autonomoaren edo ente publikoaren aurrean; zenbatekoa, ondokoa: ................... (letraz eta zenbakiz).

Entitate abal emaileak bere erantzukizunpean deklaratzen du Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorraren 56.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituela. Abal hau solidarioki ematen da betebeharpeko nagusiarekiko, eskusio-eskubideari espresuki uko eginez eta Gordailuen Kutxa Orokorrean edo gainontzeko administrazio publikoen organo baliokideen lehendabiziko errekerimenduarekin ordaintzeko konpromisoarekin, administrazio publikoen kontratuen legerian, berau garatzen duten arauetan eta Gordailuen Kutxa Orokorren araudian ezarritakoari jarraikiz.

Abal hau indarrean egonen da (aipatu kontratazio organoa) edo haren izenean jarduteko legez gaituak itzultzeko edo kitatzeko baimena ematen duen arte, Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legean eta legeria osagarrian ezarritakoarekin bat.

(Tokia eta eguna).

(Entitatearen izena).

(Ahaldunen sinadura).

Gordailuen Kutxa Orokorren aholkularitza juridikoak edo Estatuko Abokatutzak ahalmenak askiestea.

Probintzia Data Zenbakia edo kodea.

2. ERANSKINA

Dokumentazio teknikoa

Izena: ............................; NAN zenbakia: ..........; bizitokia: ....................................................

Nire ardurapean honako hau azaltzen dut:

Funesen hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia bat esleitzeko baldintzen berri izanda, eskaintzaren sinatzaile gisa, konpromisoa hartzen dut esleipen hartzailea izanez gero ondoko baldintza hauek betetzeko:

-Ibilgailua elbarriak garraiatzeko egokitzeari buruz, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin:

-Edukiera handiari buruz

-Zerbitzuaren eskaintzari buruz

-Alderdi teknologikoei buruz:

Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak. Eskainitako ibilgailuaren sailkapena: Espainiako Gobernuko Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (I.D.A.E.) prestaturiko datu basean oinarrituriko sailkapena.

Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau luzatu eta sinatzen dut.

Caparroson, 2011ko ...........aren .....(e)an

3. ERANSKINA

Proposamen ekonomikoaren eredua

Izena: .................................... NANa ............ Nire izenean ez bada hau ordezkatuz: .......................................... IFZ: ................................. Caparroson hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko oinarriak ezagututa, lizentzia dela-eta hurrengo kopurua ordaintzeko konpromisoa hartzen dut (letraz eta zenbakiz): ...................

....................., ........................(e)n, ...................aren .....(e)an.

Iragarkiaren kodea: L1106096