75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Parlamentuak 2011ko martxoaren 24ko Osoko Bilkuran hartua, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren aldaketa onesten duena.

Nafarroako Parlamentuak, 2011ko martxoaren 24an egindako Osoko Bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren aldaketa onetsi zuen. Hona edukia:

NAFARROAKO PARLAMENTUKO ERREGELAMENDUA ALDATZEA

Artikulu bakarra.-Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua aldatzea.

Legebiltzarreko Mahaiaren 2007ko urriaren 8ko Erabakiaren bitartez onetsitako Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Testu Bategineko artikulu, idatz-zati, xedapen eta idazpuru hauetan, ondotik adierazten diren aldaketak sartzen dira, adierazitako moduan:

15. artikulua.

Beste idatz-zati bat, 4.a, erantsiko zaio 15 artikuluari. Honela dio, hitzez hitz:

"4. Urtero, urtarrilean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira foru parlamentari guztiek aurreko urtean jasotako ordainsariak, edozein dela ere aukeratu duten ordainsari-mota."

23. artikulua.

23. articuluaren amaieran honako testua gehitzea proposatzen da:

"Eta Nafarroako Gobernuko kideak lotzen dituzten printzipio etiko eta jokabidezko berei lotuta egonen dira."

31. artikulua.

31. articulua aldatu eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"31. artikulua.1. Honakoak hartuko dira atxiki gabeko parlamentaritzat:

a) Aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera, hauteskundeetara aurkeztu ziren hauteskunde-zerrendako alderdi politiko, hauteskunde elkargo edo koalizioari dagokion parlamentu-taldean sartzen ez diren foru parlamentariak.

b) Kide diren parlamentu-taldetik joaten diren edo hartatik kanporatuak diren foru parlamentariak. Bi inguruabar horiek Parlamentuko Mahaiari jakinarazi beharko zaizkio, ezagut ditzan eta behar diren eraginak izan ditzaten.

2. Atxiki gabeko parlamentariek legegintzaldi osoan eutsiko diote izaera horri, salbu eta hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagai-zerrendako alderdi politikoari dagokion parlamentu-taldera berriz sartzen badira, betiere haren eledunak berariaz horretarako baimena eman ondoren.

3. Parlamentari ez atxikiaren izaerak berarekin ekarriko du parlamentu-organoetan jatorrizko parlamentu-taldeak proposatuta betetzen diren karguak eta postuak galtzea.

4. Atxiki gabeko parlamentariek izanen dituzte foru parlamentariei banaka erregelamendu bidez aitortutako eskubide berak. Mahaiari egokituko zaio, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eskubide horietaz baliatzearekin zerikusia duten gai guztiak ebaztea.

5. Atxiki gabeko parlamentari bakoitzak eskubidea izanen du batzorde bateko kidea izateko. Batzorde hori zein den Parlamentuko Mahaiak zehaztuko du, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren.

6. Legebiltzarreko Mahaiak egokitzat jotzen dituen bitarteko materialak emanen dizkie atxiki gabeko parlamentariei, beren eginkizunak bete ditzaten, eta soilik 15. artikuluan aurreikusitako sari ekonomikoak egokituko zaizkie."

32. artikulua.

32. artikulua aldatu eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"32. artikulua.1. Foru parlamentari izaera Nafarroako Parlamentuaren eratze bilkuraren ondoren lortzen duten foru parlamentariek hauteskundeetara aurkeztu ziren hauteskunde-zerrendaren taldeari atxiki beharko zaizkio izaera lortu eta bost eguneko epean, Legebiltzarreko Mahaiari egindako idatzi baten bidez. Idatzi horretan jasota geratu beharko da taldeko eledunaren oniritzia. Hauteskunde-zerrenda horretako kideek ezin badute talde berekirik sortu, Askotariko taldean sartuko dira.

2. Dagokien taldean sartzen ez diren parlamentariak atxiki gabeko parlamentaritzat hartuko dira."

33. artikulua.

33. artikulua aldatu eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"33. artikulua.1. Askotarikoa ez beste parlamentu-talde bat osatu eta gero, talde hori bi kide baino gutxiagorekin gelditzen bada, taldea automatikoki deseginen da, eta haren kideak Askotariko taldeko kide izatera pasatuko dira automatikoki.

2. Taldea eratu eta gero kide bat aldi baterako galtzeagatik bi parlamentari baino gutxiagorekin gelditzen diren parlamentu-taldeek parlamentu-talde moduan iraunen dute, foru parlamentari berriak bere kargua hartu eta bost egun pasatu arte.

Bost egun pasatuta, foru parlamentaria talde izaten jarraitu duen parlamentu-taldean sartzen ez bada, taldea desegin eginen da eta haren kideak Askotariko taldea osatzera pasatuko dira automatikoki."

34. artikulua.

34. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"1. Aurreko artikuluan aipatzen diren parlamentariez gainera, Askotariko taldea osatuko dute beren parlamentu-taldea eratzeko 29.1 artikuluan exijitutako gutxieneko parlamentari kopurura iristen ez diren alderdi politiko, hauteskunde elkargo edo koalizioetako foru parlamentariek."

40. artikulua.

40. artikuluko 2. idatz-zatiari beste lerrokada bat gehitu zaio. Hauxe dio:

"Mahaikide batek proposatuta, Legebiltzarreko Mahaiak parlamentu-eztabaidetan sortutako zalantzazko gaiei buruzko aginduzko irizpideak finkatu ahalko ditu ondoren."

44. artikulua.

44. artikuluan zortzigarren eginkizuna gehituko da, eta orain arteko zortzigarrena bederatzigarrena izatera pasako da. Hona testua:

"Zortzigarrena. Erregelamenduko 37.2 eta 129.2 artikuluetan aurreikusitako errekurtsoak ebaztea."

45. artikulua.

3. idatz-zatia gehituko zaio 45. artikuluari. Honela dio, hitzez hitz:

"3. Parlamentariek batzorde aretoan eserlekua hartuko dute, atxikita dauden parlamentu-taldearen arabera. Talde bakoitzarentzako gordetako tokia Mahaiak zehaztuko du, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, talde bakoitzak adierazitako lehentasunen arabera eta hauteskundeetan lortutako boto-kopuruaren hurrenkeran."

58. artikulua.

58. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"1. Batzorde arruntak dira Foru Araubidekoa, Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordea eta Mahaiak legegintzaldi bakoitzaren hasieran zehazten dituenak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren; betiere, foru erkidegoko Administrazioaren departamentuen araberakoak izanen dira."

IV. tituluko III. kapitulua

IV. tituluko III. kapituluan 4. atala sortzen da. Hona bere izena:

"Europako Gaietarako lan-taldea"

63 bis artikulua.

63.bis artikulua sortzen da, IV tituluko III. kapituluko 4. atalaren barruan, honako edukiarekin:

"63.bis artikulua.

1. Europako Gaietako Lan-taldea izanen da organo eskuduna Gorte Nagusiek igortzen dituzten Europar Batasuneko legegintzako egintza proiektuek subsidiariotasunaren printzipioa urratzen ote duten esateko. Lan-talde horrek, zenbat parlamentu-talde egon, hainbeste kide izanen ditu. Parlamentu-taldeek beren ordezkaria izendatuko dute batzordeetako kideak izendatzen dituzten aldi berean.

2. Subsidiariotasun printzipioa Europar Batasuneko legegintzako egintzetako proiektuetan betetzen den kontrolatzeko prozedurak honako arauak izanen ditu:

Lehena. 1.-Europar Batasuneko legegintzako proposamen bat jaso ondoren, Parlamentuko lehendakariak aipatu lan-taldeko kideei igorriko die, posta elektronikoaren bidez. Halaber, Nafarroako Gobernuari ere igorriko zaio, bide bera erabilita, Gobernuak, bi asteko epean, proposamenari buruzko txostena eman dezan, eta, zehazki, legegintzako ekimena subsidiaritatearen printzipioarekin bat etortzeari buruz duen iritzia eman dezan. Txosten hori, jaso ondoren, lan-taldeko kideei igorriko zaie.

2. Halaber, Parlamentuko zerbitzu juridikoei igorriko zaie, txosten bat egin dezaten legegintzako egintza proiektuak Nafarroak arlo horretan dituen legegintzako eskumenetan duen eraginari buruz, subsidiaritatearen printzipioa betetzeari dagokionez. Txosten hori bi asteko epean eginen da, eta legelari nagusiak lan-taldeko kideei igorriko die.

3. Parlamentuko lehendakariak zilegi izanen du aurreko idatz-zatietan aipaturiko epeak luzatzea, beharrezkotzat jotzen duenean.

Bigarrena.-Kasuan kasuko txostenak jaso ondoren, Parlamentuko lehendakariak lan-taldearen bilkura deituko du, gutxienez ere 48 ordu lehenagotik, eta deialdian adieraziko da lan-taldearen lanak amaitzeko epemuga.

Hirugarrena.-Ezarritako epearen barruan, lan-taldeak eskatu ahalko du arau-proiektuari dagokion alorrean adituak diren funtzionarioen eta pertsonen agerraldia. Lan-taldeak zehaztuko du bere lanen egutegia, halako moduz non egin dezakeen irizpena amaituta egonen baita deialdian ezarritako egunerako.

Laugarrena.-Lan-taldeak uste badu aztertu duen proiektuak subsidiaritatearen printzipioa urratzen duela, arrazoitutako irizpen bat egin eta Parlamentuko lehendakariari igorriko dio, horrek Gorte Nagusietara igor dezan. Aldiz, uste badu arau-proiektua aipatu printzipioarekin bat datorrela, iritzi horren berri emanen dio lehendakariari, horrek Gorte Nagusiei jakinaraz diezaien, lan-taldeak hala eskatzen badu espresuki.

Bosgarrena.-Irizpen arrazoitua Gorteetara igortzeko epea lau astekoa izanen da gehienez, legegintzako egintza proiektua Nafarroako Parlamentuan jasotzen denetik hasita.

3. Lan-taldearen lanak ohiko bilkuraldietatik kanpo egin behar direnean, legebiltzarreko lehendakariaren esku geratuko da lan horiek egiteko beharrezkoak diren egunak gaitzeko ahalmena."

65. artikulua.

65. articuluko 1. idatz-zatiari lerrokada bat gehitzen zaio, hauxe dioena:

"Talde bakoitzarentzako gordetako eserlekuak Mahaiak zehaztuko ditu, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, talde bakoitzak adierazitako nahiaren arabera eta hauteskundeetan lortutako boto-kopuruaren hurrenkeran."

70. artikulua.

70. articuluko 3. idatz-zatia aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"3. Lehendakariak Parlamentuko legelarien, Comptos Ganberako legelarien edo Nafarroako Gobernuko aholkulari juridikoen artetik legelari bat proposatuko du legelari nagusi izateko, eta Mahaiak izendatuko du eta kenduko du kargutik."

71. artikulua.

71. articuluko 1. idatz-zatia aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"1. Parlamentua urtean bi bilkuraldi arruntetan bilduko da: lehenengoa irailetik abendura, eta bigarrena urtarriletik ekainera."

74. artikulua.

74. articuluko 6. idatz-zatia kentzen da.

76. artikulua.

76. articuluko 2. idatz-zatiko lehenengo esaldia aldatzea. Hona testu berria:

"Batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango."

82. artikulua.

82. articuluko 2. idatz-zatia aldatzea. Hona testu berria:

"2. Lehendakaritzak errespetua, ordena eta adeitasun parlamentarioa gordetzen direla zainduko du uneoro".

93. artikulua.

93. articuluko 2. idatz-zatia aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"2. Foru parlamentarien botoa pertsonala eta delegaezina da, honako kasuetan izan ezik:

a) Amatasuna dela-eta Osoko Bilkuraren saioetara joaterik ez duen parlamentariak bere botoa beste parlamentari baten esku utzi ahalko du, erditzearen ondorengo sei asteetan.

b) Behar bezala egiaztatutako ospitaleratze baten edo gaixotasun larri baten ondorioz Osoko Bilkuraren saioetara joaterik ez duten parlamentariek beren botoa beste parlamentari baten esku utzi ahalko dute.

Botoa delegatzeko eskaria Parlamentuko Mahaiari zuzendutako idazki batez eginen da. Idazki horretan, botoa delegatzen duen pertsonaren izena eta boto-delegazioa jasotzen duen pertsonaren izena agertuko dira, bai eta delegazio hori zein osoko bilkuratan erabili beharko den edo, kasua bada, delegazioak zenbat iraunen duen. Mahaiak, eskaerari buruz ebazterakoan, boto delegatua emateko prozedura ezarriko du."

104. artikulua.

104. articuluko 4. idatz-zatia aldatzea. Hona testu berria:

"4. Ez da onartuko nork bere botoa azaltzea."

106. artikulua.

106. articuluko 2. idatz-zatia aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"2. Zenbaketa honetatik salbuetsiko dira uztaila eta abuztua, salbu eta gaia bilkura berezi baten gai zerrendan sartuta ez badago edo Erregelamendu honetako 14.3 artikuluan aurreikusitako epea baldin bada. Legebiltzarreko Mahaiak ezarriko du zer egun bihurtu baliodun, betiere aipatu bilkura berezia egin ahal izateko izapideak betetzeko, ez beste ezertarako."

114. artikulua.

114. articuluko 1. idatz-zatia aldatzea. Hona testu berria:

"1. Legebiltzarreko Mahaiak kasuan-kasuan hartu beharreko neurriak hartuko ditu hedabideei Parlamentuko organoen jarduerei, proposamenei eta ebazpenei buruzko informazioa emateko."

156. artikulua.

156. articuluko 4. idatz-zatia aldatzea. Hona testu berria:

"4. Kontuen Auzitegiak Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18. bis artikuluko 3. idatz-zatiak aipatzen duen irizpena Parlamentuari bidaliz gero, Mahaiak, Eledunen Batzarrarekin adostu ondoren, behar diren neurriak hartuko ditu, kasua bada."

157. artikulua.

- 157. articuluko 2. idatz-zatiari lerrokada bat eranstea; honela dio, hitzez hitz:

"Halaber, gutxienez ere Legebiltzarreko kideen gehiengoa ordezkatzen duten parlamentu-taldeek Osoko Bilkurako eztabaida hasi aurretik aurkezten dituzten "in voce" zuzenketak izapidetzera onartuko dira."

- 157. articuluko 3. idatz-zatiaren bukaeran esaldi bat sartzea, honakoa dioena:

"Eztabaida horretan, lehenbizi, ekimena proposatu duenak hitz eginen du."

VI. tituluko IV. kapituluaren idazpurua

VI. tituluko IV. kapituluko idazpurua aldatzea. Hona testu berria:

"Foru legearen indarra duten Gobernuaren xedapenak"

159. bis artikulu berria.

159. bis artikulu berria gehitzen da, VI. tituluko IV. kapituluan. Hona haren testua:

"159.bis artikulua.

1. Foru lege dekretu bat baliozkotzeari edo indargabetzeari buruzko eztabaida eta bozketa Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eginen dira edo, kasua bada, Batzorde Iraunkorrean, hura aldarrikatu eta 30 eguneko epearen barruan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 21.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, foru lege dekretu bat gai zerrendan sartu ahalko da, eztabaida eta bozka dadin, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman bezain laster.

2. Gobernuko kide batek Legebiltzarrean azalduko ditu hura aldarrikatzeko izan dituen arrazoiak, eta ondorengo eztabaida osoko eztabaidetarako ezarritakoaren arabera eginen da.

3. Eztabaida amaituta, bozketa eginen da, eta hartan ulertuko da baiezko botoak baliozkotzearen aldekoak direla, eta ezezko botoak, berriz, indargabetzearen aldekoak.

4. Foru dekretu lege bat baliozkotu ondoren, lehendakariak galdetuko du ea parlamentu-talderen batek nahi ote duen foru lege proiektu baten gisara izapide dadila. Baiezkoan, Legebiltzarrak eskaera horri buruz erabakiko du. Alde bozkatzen baldin badu, foru lege proiektu baten gisara izapidetuko da presako prozeduraz, eta ez dira onartuko proiektua itzultzea eskatzen duten osoko zuzenketak.

5. Batzorde Iraunkorrak presako prozeduraren araberako foru lege proiektuen gisara izapidetu ahalko ditu kasua bada, Gobernuak legegintzaldien artean ematen dituen foru lege dekretuak.

6. Foru lege dekretu bat baliozkotzeko edo indargabetzeko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da."

163. artikulua.

163. articuluko 1. idatz-zatia aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"1. Foru Diputazioak, foru lege bat aldatzea edo indargabetzea ekartzen duten edo betearazpenerako legegintzako neurriak eskatzen dituzten hitzarmenak Estatuarekin formalizatzeko, aurretik Parlamentuaren baimena lortu beharko du."

165. artikulua.

165. articuluko 1. idatz-zatiaren amaieran esaldi hau gehitzea, amaierako puntuaren ordez koma bat ipiniz:

", baldin eta horrek foru legeren bat aldatu edo indargabetzea edota betearazpenerako legegintzako neurriak hartu behar izatea badakar."

171. artikulua.

171. articuluko lehenengo hitzak aldatzea. Honela agertuko da idatzita:

"Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria,".

172. artikulua.

172. articuluko azken hitzak aldatzea. Hauxe izanen da testua:

", Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaritzarako hautagai bat proposatuko du."

173. artikulua.

- 173. articuluko zazpigarren araua aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

"Zazpigarrena. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin eta gero hiru hilabete iragan eta hautagairik aurkezten ez bada edo aurkeztu direnetarik inor hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta beste hauteskunde batzuk deituko dira. Hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak lau urteko legealdi osoa iraunen du."

- 173. articuluko zortzigarren arauko azken hitzak aldatzea. Honako testua izanen du aurrerantzean:

", hautagaia Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izendatua izan dadin."

183. artikulua.

183. articuluko 3. idatz-zatiko lehen hitzak aldatzea. Hona testu berria:

"3. Bigarren bilkuraldia bukatzen denean".

184. artikulua.

184. articuluko 3. idatz-zatiko azken-aurreko esaldia aldatzea. Hona testu berria:

", Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren,".

190. artikulua.

190. articuluko 7. idatz-zatia aldatzea. Hona testu berria:

"7. Bigarren bilkuraldiaren amaieran erantzuteke dauden galderak idatziz erantzunen dira hurrengo bilkuraldia hasi baino lehenago, non eta galdera aurkeztu duen foru parlamentariak ez duen adierazten galderari hurrengo bilkuraldi horretarako eutsi nahi diola, amaitu den bilkuraldiaren amaieraren ondoko bost egunetan."

191. artikulua.

- 191. articuluko 2. idatz-zatia aldatu eta testu hau ipintzea:

"2. Aurreko artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoaren arabera izapidetuko dira."

- 191. articuluko 4. idatz-zatiko lehen hitzak aldatzea. Hona testu berria:

"4. Bigarren bilkuraldia bukatzen denean".

194. artikulua.

194. articulua kentzea.

195. artikulua.

195. articuluari 2. idatz-zatia gehitzea. Egungo testua 1. idatz-zatia izatera pasako da. Hona testua:

"2. Parlamentu-taldeek eskubidea izanen dute gutxienez ere beren mozioetako bat osoko bilkuretako gai zerrendan sar dadin. Halaber, adierazi ahalko dute beren mozioetatik zein sartu nahi duten bilkura horretako gai zerrendan, Osoko Bilkura egin baino hamar egun lehenago Mahaiari jakinarazten badiote."

200. artikulua.

- 200. articuluko 2. idatz-zatiko c) letra aldatzea. Hona testu berria:

"c) Aurreko letrako mintzaldiek ez dute hogeita hamar minutu baino gehiago iraunen."

- 200. articuluko 2. idatz-zatiko f) letra aldatzea. Hona testu berria:

"f) Eztabaida bukatzen denean, epe bat irekiko da, zeinaren iraupena Legebiltzarreko lehendakariak erabakiko baitu, eta epe horretan parlamentu-taldeek eta Parlamentuko Askotariko taldeko foru parlamentariek bost erabaki proposamen aurkeztu ahalko dizkiote Mahaiari, gehienez ere. Mahaiak eztabaidagaiarekin kongruente diren proposamenak onartuko ditu. Haien eztabaida eta bozketa Erregelamenduko 197. artikuluak xedatutakoari jarraituz eginen dira."

202. artikulua.

- 202. articuluko 5. idatz-zatiko lehenengo lerrokada aldatzea. Hona testu berria:

"5. Nafarroako Gobernuak eskatuta deitzen diren informazio bilkurak Foru Diputatuaren azalpenarekin hasiko dira; azalpen horren gehieneko iraupena hogeita hamar minutukoa izanen da. Azalpena bukatu ondoren, lehendakariak aldi baterako eten ahalko du bilkura, batzordeko kideek informazioa aztertzeko beta izan dezaten. Bilkura berriro hasten denean, parlamentu-talde bakoitzeko ordezkariak eta Askotariko taldeko parlamentariak hamar minutuz mintzatu ahalko dira, beren jarrerak argitzeko, zerbait galdetzeko edo oharren bat egiteko. Foru diputatuak edo laguntzen dioten aholkulari edo funtzionarioek horiei erantzunen diete."

- 202. articuluko 6. idatz-zatiko lehenengo lerrokada aldatzea. Hona testu berria:

"6. Eledunen Batzarrak eskatuta deitzen diren informazio bilkurak proposamena egin duen parlamentu-taldeko ordezkariaren azalpenarekin hasiko dira. Azalpena bukatu ondoren, lehendakariak aldi baterako eten ahalko du bilkura, batzordeko kideek eta foru diputatuak azalpena aztertzeko beta izan dezaten. Bilkura berriz hasten denean, foru diputatua mintzatuko da, eskatutako gaiari buruzko azalpenak emateko, gehienez ere hogeita hamar minutuz. Azalpena bukatu ondoren, lehendakariak aldi baterako eten ahalko du bilkura, batzordeko kideek azalpena aztertzeko beta izan dezaten."

- Beste idatz-zati bat erantsiko zaio 202. artikuluari; honela dio, hitzez hitz:

"7. Aurreko bi idatz-zatietan diputatuentzat ezarritako denbora-mugak ez zaizkio aplikatuko Nafarroako Gobernuko lehendakariari."

212. artikulua.

212. articuluko 3. idatz-zatiko azken esaldia aldatzea. Hona testu berria:

", Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren,".

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

1. Erregelamenduaren aldaketa hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da, eta aldaketa onetsi ondoko legegintzaldian Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura egiten den egun berean hartuko du indarra.

2. Ahalmena ematen zaio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari aldaketa honek indarra hartu eta lau hilabeteko epean Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateratua egiteko, zeinean jasoko baitira onetsitako aldaketak.

Iruñean, 2011ko martxoaren 28an.-Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1106420