75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

470E/2011 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, enpresen produktibitatea eta hazkundea hobetzeko proiektuei laguntzak emateko deialdia onesten duena krisiaren aurkako 2011ko neurrien esparruan.

Nafarroako Gobernuak, krisiaren aurkako 2011ko neurri gisa, laguntza berezi batzuk ezarri ditu, Nafarroako enpresen lehiakortasuna, batez ere enpresa txiki eta ertainena, sustatzeko, haien produktibitatea eta hazkundea hobetuko dituzten proiektuen bitartez.

Gaur egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, enpresen marjina ekonomikoak murriztu egin dira. Hori horrela, produktibitatearen eta hazkundearen hobekuntzan zuzeneko eragina izanen duten jarduketak sustatu behar dira enpresetan.

Moderna Planak, bestalde, helburutzat ezarri du enpresen produktibitatea etenik gabe hobetzea.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresen produktibitatea eta hazkundea hobetzeko proiektuei laguntzak emateko deialdia onestea krisiaren aurkako 2011ko neurrien esparruan.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

1.750.000,00

G/830002/7709/467300: Krisiaren kontrako neurriak. ETEen lehiakortasuna sustatzea. Enpresen produktibitatea eta hazkundea

2011

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2011ko apirilaren 8an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresek lehiakortasun handiagoa lor dezatela, beren produktibitatea eta hazkundea hobetuko dituzten eta, gainera, lanpostuak sortu edo iraunaraziko dituzten proiektuak eginez.

2. oinarria. Onuradunak.

Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Nafarroan kokatutako enpresa izatea, eta produktibitatea edota hazkundea hobetzeko proiekturen bat egitea, enpresaren arazo edo gabezia larrienak konpontzeko eta lehiakortasunaren gehikuntza nabarmena, berehalakoa eta iraunkorra lortzeko.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak. Eskabidearen inprimakiarekin batera aurkeztuko den erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da horiek betetzen direla.

Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola Departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria. Proiektuen ezaugarriak eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntza jasotzeko aurkezten diren proiektuek xede hauetakoren bat izan behar dute:

a) Produktibitatea hobetzea, produktu edo zerbitzuak, prozesuak edota antolaketa hobetzeko proiektuak direla medio, adibidez "lean manufacturing", TPS edo "just in time" proiektuak, prozesuen berringeniaritza, "sei sigma" proiektuak, TPM proiektuak, minifabrikak, ekodiseinua eta abarrekoak.

b) Enpresaren hazkundea lortzea, ekoizmena handituta eta/edo produktu edo zerbitzu berriak gehituta.

Planetan, antolaketan, produktuetan, produkzio lerro eta prozesuetan eta zerbitzuetan aldian behin egiten diren aldaketak eta bestelako eragiketa arruntak ez dira diru-laguntza jaso dezakeen proiektutzat joko.

2. Proiektuetan, halaber, hobekuntzaren adierazleak sartu behar dira, enpresak zehazturikoak, aurreikusten dituen helburuen arabera.

Adierazle horiek produktuari, zerbitzuari, prozesuari edo antolaketari buruzko datuen multzoak izanen dira, ezarritako helburuak zenbateraino bete diren erakutsiko dutenak.

Esleitutako diru-laguntzaren %25aren ordainketa baldintzapean egonen da, aurreikusitako hobekuntza mailak lortu beharko baitira adierazleetan, laguntzaren zati hori kobratu ahal izateko.

3. Diru-laguntzaren xede izanen dira proiektuak eragindako kanpoko gastuak (kontsultoretza, ingeniaritza eta aholkularitza, inbertsio materialak eta ez-materialak eta beste gastu batzuk) eta barneko gastuaren zati bat, proiektuarekin lotura zuzena duten langileen soldata gordinari dagokiona.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 66.3 artikuluko e) letran ezarritakoaren ondorioetarako, Ezagutzaren arloko Zerbitzu Intentsibotzat (EZI) joko dira proiekturako kanpoko kontsultoretza, ingeniaritza eta aholkularitzaren gastuak.

4. Diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontua gehienez 120.000 euro izanen da. Gehieneko zenbateko hori 80.000 euro izanen da aktibo materialen kasuan eta 20.000 euro barneko gastuen kasuan.

4. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa

Diru-laguntza, diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko portzentaje baten bidez neurtua, enpresaren tamainaren arabera zehaztuko da, ondoko taulan xedatutakoari jarraituz:

ENPRESAREN TAMAINA

DIRU-LAGUNTZAREN %

Handia

%20

Ertaina

%30

Txikia

%40

Portzentaje hori handitu ahal izanen da, %10 handitu gehienez ere, proiektu bakoitzaren balorazioari buruz 7. oinarrian xedatutakoa aplikatuz.

5. oinarria. Gastuen hautagarritasun epea.

Hautagarritzat joko dira 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako gastuak.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa epe horren barnekoa denean. Gastu horiek ordaintzeko eta frogatzeko, onuradunek 2012ko urtarrilaren 10era arteko epea izanen dute, 9. oinarrian ezarri bezala.

6. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2011ko maiatzaren 20an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es atariko zerbitzuen katalogoan dagoen fitxa erabiliz.. Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoarekin. Identifikatzeko, ziurtapen digitala beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta guneak jarriko ditu, zerbitzuen katalagoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak.

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira eskabideak.

3. Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal den ereduan eginen da eskaera. Ondoko agiri hauek erantsiko zaizkio, eta, bide telematikotik aurkezten badira, eskaneatuta aurkeztuko dira, dokumentu banatan, bakoitzari bere izena jarrita (adibidez, "Hautatutako aurrekontuak"):

a) Hautatutako aurrekontuen kopia, egin beharreko lanen zenbateko xehakatuekin batera.

b) Aurrekontua (BEZik gabe) 12.000 eurotik gorakoa denean, eskatzaileak "Hornitzailea hautatzeko justifikazioa" izeneko atala bete beharko du eskabidean, eta, bertan, hura eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela bermatuko da. Horrekin batera, hautapen prozesuan aztertutako eskaintzen kopia erantsiko da.

4. Eskabidearen barneko memorian adierazi beharko da proiektuan parte hartzen duten pertsonetako bakoitzak zein kargu duen enpresan, zein jarduera eginen duen proiektuan, diru-laguntza jaso dezakeen kostu aurreikusia, hartan egotzi beharreko orduak, eta haietako bakoitzaren orduak kontrolatzeko aurreikusitako sistema.

Barneko kostuei buruzko informaziorik ematen ez bada edo orduak kontrolatzeko aurreikusitako sistema fidagarria ez bada, litekeena da kostu horiek guztiak edo haietako batzuk diru-laguntzaren xedetzat ez hartzea.

Diru-laguntza emateko ebazpenean adieraziko da barneko kostuak frogatzeko zein agiri aurkeztu behar diren.

5. Eskabideak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen edo aurkeztu beharreko dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bidez (www.navarra.es), okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, errekerimendua argitaratzen denetik hasita, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diru-laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da. Hala, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu ondoko irizpideei jarraituz, lehentasunaren araberako ordena ezartzeko:

a) Enpresa mota: jarduera, produktu edo zerbitzua eta merkatua.

b) Esku hartzen duten enpresako esparruen aniztasuna.

c) Proposamenen berritasuna eta zehaztasuna.

d) Kanpoko lankidetzak, eta horien egokitasuna egin beharreko jardueretarako.

e) Adierazleak eta aurreikusitako hobekuntza balioak.

Irizpide horiek 0 eta 3 puntu bitarteko balorazioa izanen dute (0= Txikia; 1= Ertaina; 2= Ertain-handia; 3= Handia), eta aurkeztutako proiektuek, diru-laguntza jaso ahal izateko, gutxienez puntu bat lortu behar dute aipatutako irizpideetako bakoitzean.

Gutxieneko balorazio horretatik gorako puntuak portzentaje gehigarri bihurtuko dira, 4. oinarrian aurreikusi bezala (puntu horietako bakoitzeko %1 gehituko zaio diru-laguntzari). Diru-laguntza gehigarri hori gehienez ere %10ekoa izanen da.

8. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurreko arauan ezarririko balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, beharrezko baderitzo, argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Enpresak eskaera hori ezarritako epean bete ezik, ebazpen bat emanen da, eskatutako laguntzak ukatuko dituena.

Eskaerak baloratu ondoren, Zerbitzuak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta gero, onuradunek gastuak eta ordainketak frogatu beharko dituzte. Horretarako epea 2012ko urtarrilaren 10ean amaituko da. Frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 6. oinarrian adierazitako moduan:

-"Jarduketaren eta gastuen justifikazioa" izeneko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es atariko laguntzen fitxan eskuragarri dagoena.

-Fakturen eta ordainketak frogatzeko agirien kopiak.

-Orduen kostua eta proiektuari egotzitako orduak frogatzeko agiriak.

-Adierazleen hobekuntza frogatzeko agiriak.

2. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Laguntzen ordainketa honela eginen da:

-Benetan egindako gastuaren frogagiriak egiaztatu eta gero, laguntzaren %75 ordainduko da.

-Adierazleetan aurreikusitako hobekuntza mailak lortzen baldin badira, gainerako %25a ordainduko da.

3. Diru-laguntza osoa ordaindu aurretik egiaztapen-bisita eginen da enpresa onuradunaren instalazioetara, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen badu.

10. oinarria. Onuradunen eginbeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Aurreko oinarrian ezarririko moduan egin eta justifikatu beharko dituzte onuradunek diru-laguntzen xede diren jarduerak.

b) Diruz lagundutako proiektua burutu bitartean enpresako langileen kopuruari eustea edo langileen kopurua handitzea.

c) Diru-laguntzaren xede diren inbertsio materialak eta ez-materialak diru-laguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dira 2 urtean gutxienez, eskuratze-egunetik hasita.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

11. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta "de minimis" diru-laguntzen izaera.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera bererako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi hauek "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunek eskabidearen inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak.

12. oinarria. Bestelako laguntzak eskatzeko aukera.

Diru-laguntzetarako eskaerako jarduerak beste laguntza batzuen xede izan badaitezke, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak araubide hartara bideratzen ahalko ditu eskaerak, betiere interesdunei kalterik egiten ez bazaie eta horren berri behar denean ematen bazaie.

13. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1106621