75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, 2011n Nafarroako liburutegi publikoetan langileak kontratatzeko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi eta 10.000 euroko gastua baimentzen duena.

Liburutegien Zerbitzuak aditzera eman du komenigarria dela laguntza sistema bat ezartzea, 2011n Nafarroako liburutegi publikoetan langileak kontratatzeko. Horretarako, diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onetsi eta 10.000 euroko gastua baimentzea proposatu du.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2011n Nafarroako liburutegi publikoetan langileak kontratatzeko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

10.000,00

G/A21001/4609/332200: liburutegi publikoetako zerbitzua hobetzeko laguntzak

2011

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 22an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2011n Nafarroako liburutegi publikoetan langileak kontratatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak deialdia egin du, 2011n Nafarroko liburutegi publikoetan langile gehiago kontratatzeko eta liburutegien zerbitzua hobetzeko, guztira gehienez ere 10.000 euroko kontsignazioa duena. Honako hauek dira oinarriak:

1. Xedea.

Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak ematea da deialdi honen xede, 2011n liburutegi publikoetarako langileak kontrata ditzaten.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen baliabide materialak koordinatzea proposatu da; izan ere, haiek dira Nafarroako Foru Komunitateko liburutegi publiko irekien arduradunak eta finantzatzaileak.

Hori guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

Liburutegiak ez baldin baditu Nafarroako Gobernuko liburutegietarako langileak, Udalak liburutegiko arduradun izateko langileak kontratatu beharko ditu, gutxienez C mailakoak.

Liburutegiak Nafarroako Gobernuko liburutegietarako langileak baldin baditu, Udalak liburutegiko arduradun izateko C mailako langileak edo laguntzaile izateko D mailakoak kontratatu beharko ditu, laguntza emateko.

2. Diru-laguntzaren xedeko gastuak.

Diru-laguntzaren xede izanen dira toki erakundeek liburutegirako langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

3. Zenbatekoa.

Diru-laguntzetarako deialdi honen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa da eta 2011ko gastuen aurrekontuko "Liburutegi publikoen zerbitzua hobetzeko laguntzak" izeneko A21001 A2420 4609 332200 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

2011ko gastuen aurrekontuan behar adina kreditu bada, diru-kopurua handitzen ahalko da; betiere, deialdian aurkeztutako eskaerak baloratu baino lehen argitaratuko da azken zenbatekoa.

4. Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin eta, diru-laguntza onestean, haien liburutegia Nafarroako Gobernuarekiko hitzarmen bidez kudeatzen bada.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xedeko laguntzen onuradun izan.

5. Prozedura.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, diru-laguntzen deialdia norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, lege hori arautzen duten publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez, kontrol, eraginkortasun eta eragimen printzipioak bermatzeko.

6. Bateragarritasuna.

Diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Hala ere, beste entitate batzuetatik ere diru-laguntzarik edo laguntzarik hartuz gero, emandako laguntza aldatuko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako lanen kostua gainditzen badu.

7. Eskabideak eta agiriak.

7.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan. Eskaera inprimakia Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Eskaerak telematika bidez aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen fitxa erabiliz. http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoarekin. Identifikatzeko, ziurtapen digitala beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten eskatzaileei edo aholkularitza behar dutenei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 guneak ditu haien esku, Iruñeko Orreaga etorbideko 11n eta Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtapen digitala izatea.

7.2. Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Liburutegiko langileak kontratatzeko proposamena, betebehar hauek bildu behar dituena:

Maila: liburutegiko laguntzailea, Foru Administrazioko D mailaren baliokidea.

Gutxieneko kontratazioa: 1.025 ordu urtean, hamabi hilabetetan banaturik. Kostua gutxienez 16.700 eurokoa izanen da, gizarte zamak eta zergak barne.

Maila: liburutegiko arduraduna, Foru Administrazioko C mailaren baliokidea.

Gutxieneko kontratazioa: 1.025 ordu urtean, hamabi hilabetetan banaturik. Kostua gutxienez 20.000 eurokoa izanen da, gizarte zamak eta zergak barne.

b) Eskatzaileak bere eskaera hobeki arrazoitzeko interesgarritzat jotzen dituen agiriak, 9.4 oinarrian aipatzen diren balorazio irizpideei jarraikiz.

7.3. Eskaerak behar diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barrenean zuzen dezala eta adieraziko zaio, bestela, eskaerari uko egin diola pentsatuko dela, eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko da.

8. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9. Emateko prozedura eta oinarri arautzaileak.

9.1. Prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18.etik 24.era bitarteko artikuluetan aipatutakoa izanen da.

9.2. Artikulu horretan ezarritakoa aplikatzeko, hona hemen deialdiaren lehentasunezko jarraibideak, 9.4 atalean aintzat hartuko direnak:

-Liburutegi publikorako liburutegiko langile nahikoak eta kualifikatuak kontratatzea.

-Liburutegi publikoko erabiltzaileentzako zerbitzua handitu eta hobetzea.

9.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. artikuluak agintzen duenari jarraikiz, eskaerak ebaluatzeko organo kolegiatu bat eratuko da, honela:

Batzordeburua: Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria

Batzordekideak:

-Liburutegi Sarearen Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.

-Liburuzaintzako erdi mailako teknikari bat.

-Nafarroako Kultura Kontseiluko Liburutegien Batzordeko kide bat.

Organo kolegiatu horrek arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkua eska dezake.

9.4. Organo kolegiatuak, aurkeztutako eskaerak baloratu eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko ditu irizpide objektibo eta gehieneko puntuazio hauek:

9.4.1. Liburutegi publikoa zein herritan dagoen, herri horrek zenbat bizilagun dituen:

-10.000 bizilagun baino gehiago: 30 puntu. Iruñean, liburutegi publikoa zein barrutitan dagoen, barruti horretako bizilagunak hartuko dira kontuan.

-10.000tik 5.000ra bitarte: 25 puntu.

-5.000tik 3.000ra bitarte: 20 puntu.

-3.000 baino gutxiago: 15 puntu.

9.4.2. Liburutegiko arduradun edo, kasua bada, laguntzaile lanetan aritzeko proposatzen diren langileen curriculum profesionala: 25 puntu.

9.4.3. Jendearentzako orduak gehitzea: 25 puntu.

9.4.4. Kontratazio berria: 20 puntu. Nafarroako Gobernuak aurreko ekitaldietan diruz lagundutako kontratu urte bakoitzeko bi puntu kenduko dira.

9.5. Organo kolegiatuak onartutako aurrekontuak kontuan hartuta, puntuazio altuena lortu duen eskaera finantzatzeko portzentajea proposatuko du, betiere, diru-laguntzaren xedeko gastuaren %30 gainditu gabe; gainerako eskaerei puntuazioaren araberako diru-laguntza emanen die, hau da, puntuazioaren arabera dagokien zuzeneko portzentajea, baina, guztira, diru-laguntzak emateko aurrekontuaren kreditua gainditu gabe.

9.6. 55 puntu lortzen ez dituzten eskaerei ez zaie dirurik emanen.

9.7. Aurrekontuan behar adina diru ez badago, diru hori agortu arte eginen da esleipena, puntuazio hurrenkerari jarraikiz.

10. Ebazpena.

10.1. Organo kolegiatuak, eskaera guztiak aztertu ondoren, Kulturako zuzendari nagusiari proposamen arrazoitua eginen dio, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epearen barrenean, ebazpena eman dezan.

10.2. Deialdiaren xedeko diru-laguntzen banaketa jakinarazi ondoren, toki entitateak hamabost eguneko epea izanen du, diru-laguntza hori jasotzeko baldintzak onartzen dituela jakinarazteko.

Emandako diru-laguntza onartzen dela jakinarazten ez bada, toki entitateak haren eskaerari uko egin diola uste izanen da eta aldez aurretik ebazpena emanen da, hura Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halakoetan, Liburutegien Zerbitzuak gerakina erabiltzen ahalko du, diru-laguntzak emateko deialdiaren baldintzak bete arren dirurik ez egoteagatik laguntzarik jaso ez duten toki entitateei.

10.3. Onetsitako diru-laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren webgunean jarriko dira jendaurrean, honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein programa eta zein aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

11. Diru-laguntzaren ordainketa

11.1. Laguntzen diru zenbatekoa erdietsitako puntuazioaren arabera ezarriko da, deialdiaren 9.4 oinarriak xedatzen duen moduan.

11.2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza bi ordainketa agindutan eginen da. Lehenbiziko ordainketa agindurako, toki erakunde onuradunak Liburutegien Zerbitzuan aurkeztuko ditu liburutegiko langileekin sinatutako kontratua eta ordaindutako lehen sei hilabeteetako frogagiriak, eta TC1 eta TC2 erantsiko ditu.

Bigarren ordainketa agindurako, 2011ko azaroaren 30a baino lehen, urtean ordaindutako gainerako hilabeteetako ordainagiriak aurkeztu beharko dira, TC1 eta TC2 gehituta; orobat, kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, ordaintzeko falta diren egunetarako soldata badagoela bermatuko duena.

7.1 oinarrian aurreikusitako tokietan aurkeztuko dira frogagiriak.

11.3. Diru-laguntza Liburutegien Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren pagatuko da, Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

12. Onuradunaren betebeharrak.

12.1. Toki entitate onuradunek liburutegiko langileak 11. oinarrian ezarritako moduan kontratatu direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.

12.2. Liburutegien Zerbitzuak kasuan kasuko ordainketak egin baino lehen, kontratazioaren egiaztapena egin dadila eskatzen ahalko du.

12.3. 11. oinarrian aipatzen diren dokumentuak aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da ordainketak diru-laguntza osoaren adinakoak izateko.

12.4. Toki entitate onuradunek diru-laguntzen berri eman beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoa betez.

13. Gorabeherak eta eginbeharrak ez betetzea.

13.1. Deialdiaren 7. oinarrian ezarritako moduan egiten den kontratazioaren baldintzak aldatu nahi izanez gero, aldez aurretik, Liburutegien Sarearen Atalaren txosten idatzia izan beharko da, haren alde.

13.2. Oinarriotan edo lehenengo oinarrian aipatzen den araudian ezarritako eginbeharretakoren bat betetzen ez bada, edo emandako datuak faltsuak badira, Administrazioak ahalmena izanen du laguntza kentzeko eta, kasua bada, hartutako dirua itzul dadila eskatzeko.

13.3. Beste entitate batzuetatik ere diru-laguntzarik edo laguntzarik hartuz gero, emandako laguntza aldatuko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako lanen kostua gainditzen badu.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da. Halaber, dirua itzuli beharko da, egiaztatzen denean organo kudeatzaileak diru-laguntzaren helburu kulturalak osorik betetzen direla bermatzeko emandako jarraibideak behin eta berriro ez direla bete.

14.2. Zehapen prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 46. artikuluan aipatutakoa izanen da.

15. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek betearazteko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iragarkiaren kodea: F1106133