75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

16/2011 FORU DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Nafarroako Apustuen Erregelamendua onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean joko eta apustu arautuen definizio irekia hartzen da, eta honela definitzen dira: jokalaria jokalekuan egon ala ez, eta are informatika edo baliabide telematiko edo elkarreragileen bidez egiten direnak, eta kasuan kasuko ondare eskualdaketen oinarri diren aurreikuspenen, alderaketen edo konparaketen emaitza ausaz emateko balio dutenak. Zalantzarik gabe, definizioan apustuak jokoan duen zeregina azpimarratzen da, joko hori edozein dela ere. Izan ere, 16/2006 Foru Legeak definitzen duen moduan, apustutzat hartzen dira ondasunak, eskubideak edo dirua arriskatzen dituzten jarduerak, zalantzazko edo ausazko bukaera duen eta aurretik adostuta dagoen gertakari baten emaitza asmatzearen edo ez asmatzearen arabera antolatzen direnak. Komentatzen ari garen kasuetan, gertakari hori egindako josteta-jardueraren emaitzan ageri da.

Apustua, beraz, joko guztietan ageri da, baina apustuak, gainera nortasun propioa du, bere dinamika propioa, bereziki beste jarduera batzuen emaitzari lotuta dagoenean: hain zuzen ere, agian jokoarekin inolako zerikusirik ez duten jarduerak dira, besterik gabe emaitza edo amaiera era batekoa edo bestekoa izan dezaketen gertakari sozialak izan daitezke, eta apustulariak ez du inolako eraginik jarduera horietan.

Apustuak tradizionalak dira gure gizartean, bereziki trabesak eta elkarrekikoak, eta kirol jarduera jakin batzuen bilakaerari lotuta daude. Batzuetan, jarduera horiek egiten direneko barruti edo lokalen barnean bertan egiten dira. Hala ere, azken urteotan, Teknologiaren bilakaeraren babesean, beste apustu modu batzuk ustiatzen ari dira, gertakari eta gorabeheren eremu zabalagoa oinarri hartuta.

Foru dekretu honen bidez onesten den erregelamenduaren xedea Nafarroako Foru Komunitatean apustuak arautzea da, jarduera horrek izan ditzakeen aldaera batzuk eta besteak integratzen dituen ikusmoldearekin. Mota askotariko gertakarien gaineko apustuak egitea aurreikusten du, baina horrez gain, eskubide eta askatasunak urratzen dituzten gertakariei buruz edo zigor edo administrazio arloko lege-hausteetan oinarritutako gertakariei, debekatutako gertakariei edo gertakari politiko edo erlijiosoei buruz apustuak egitea debekatzen du.

Erregelamenduak 16/2006 Foru Legearen ondoriozko arauak berritzeko aurreikuspenak garatzen ditu, eta antolamendua sektorearen bilakaerari egokitzea bideratzen du; izan ere, jokoaren eta apustuen sektoreak oso jarduera dinamikoa du.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados egonda, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Apustuen Erregelamendua onestea.

Nafarroako Apustuen Erregelamendua onetsi da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.-Apustu tradizionalak.

1. Foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamendua indarrean jartzen denean Nafarroako Foru Komunitateko frontoietako pilota partidei buruz pilota enpresek antolatzen eta ustiatzen dituzten apustuek bere hartan jarraitzen ahalko dute, ondokoak betez gero:

a) Artikulu honen 1.g) atalean ezarrita dagoena gorabehera, apustu guztiak baimendutako artekarien bitartez egin beharko dira.

b) Partida bakoitzean ezin da egon artekari bat baino gehiago edukierako 100 pertsonako edo zatikiko, eta, guztira, 18 gehienez. Sari-finaletan eta txapelketetako partidetan, artekarien kopurua edukieraren araberakoa baino %30 handiagoa izan daiteke, baina gehienez ere 18 egon daitezke.

c) Trabesak gertakarira bildutakoek soilik egin ditzakete, zuzenean eta lokalean bertan.

d) Trabeseko apustu bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 600 euro izanen da.

e) Gertakaria antolatzen duen enpresak apustuen gordekin gisa balioko duten orri edo txartelak emanen dizkie apustulariei, foru dekretu honen bidez onetsi den erregelamendu honetan ezarrita dagoenaren arabera. Apustu horiek enpesak artekariei eman dizkien taloitegi ofizialaren matrizean geratuko dira erregistratuta.

f) Enpresa antolatzaileak apustu irabazleen zenbatekoen %16 atxiki dezake gehienez komisio gisa.

g) Gertakariaren antolatzailearekin akordioa lortu ondoren, apustu-enpresa baimenduek apustuak egiteko zerbitzuak eskura izaten ahalko dituzte, eta apustu makina osagarriak aldi baterako instalatu, aipatu erabakian ezarrita dagoen bezala. Halaber, instalatuta dauden joko-elementuen erantzukizuna bereganatu behar dute foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduan ezarrita dauden baldintzetan.

2. Herriko jaiak ospatzen diren leku, establezimendu edo lokaletan apustuak antolatzeko baimena joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoak eman beharko du, eta apustuak egiteari dagokionez tradizio frogatua duten ekitaldietara mugatuta egonen da. Antolamendua eta ustiapena xedapen gehigarri honen 1. atalean ezarrita dauden eta baimenaren ebazpenean ezartzen ahal diren eskakizunen arabera eginen dira.

3. Foru dekretu honen ondorioetarako, artekariak dira gertakaria antolatzen duen enpresak egiten diren diruzko apustuetan edo trabesetan bitartekari gisa aritzeko baimentzen dituen pertsonak. Gertakaria egiten den barrutian lan egiten dute, komisionista gisa, eta egindako apustuak benetakoak eta zehatzak direla egiaztatzen dute.

4. Nolanahi ere, apustu-enpresa baimenduek barneko zein kanpoko apustuak antolatzen eta ustiatzen ahalko dituzte xedapen gehigarri honetako aurreko ataletan aipatu diren gertakariei edo beste batzuei buruz, foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduan ezarrita dauden baldintzetan.

Bigarren xedapen gehigarria.-IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) eta prozeduren telematizazioa gehitzea.

Pixkanaka gehituko zaizkio jokoaren eta apustuen kudeaketari informazioaren eta komunikazioaren teknologien egungo garapenak eskaintzen dituen aukerak, eta telematika bidezko kudeaketa ezarriko da baimenetan, baita, oro har, sektorearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko komunikazioan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa Ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Apustu elektronikoak antolatu eta ustiatzea.

1. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten joko-enpresek helbide fiskala Nafarroan ere duten erabiltzaileei zuzentzen dizkieten apustuak antolatu eta ustiatzean, joko elektronikoaren modalitatean, urrutiko moduan, bide elektronikoen bitartez eta formatu birtualean, sistema elkarreragileen eta bide telematikoen bitartez, aplikatzen zaien araudi sektorialean ezarritako determinazioak bete beharko dira, eta nolanahi ere, joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoaren baimena beharko da.

2. Sistemara sartzeko beharrezkoak diren eragiketetan erabiltzaileak erregistratzeko modua eta erregistratu beharreko datuen edukia ezarriko dira. Horrela, jokoan parte hartzen duten erabiltzaileak adin nagusikoak direla eta jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean nahiz foru dekretu honen bidez onetsitako erregelamenduan ezarritako parte hartzeko debekuetan sartuta ez daudela egiaztatzeko mekanismoak ezarriko dira.

3. Nolanahi ere, operadore baimenduek erabiltzaileei erregistra daitezela eskatuko diete, sistemara sartzeko aurretiazko eta nahitaezko baldintza gia. Horretarako, gutxienez, informazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Izen-deiturak, nortasun agiri nazionalaren edo egoitza-txartelaren zenbakia, jaioteguna, helbidea, posta elektronikoko helbidea eta telefono-zenbakia.

b) Erabiltzaileak bere burua identifikatzeko eta apustuen sisteman parte hartzeko aukeratu duen izena edo gakoa.

c) Finantza-informazio garrantzitsua, urrutiko joko-plataforman erabili beharreko bankuko kontuaren edo kreditu- edo zordunketa-txartelaren zenbakia.

4. Operadore baimendueK erabiltzen dituzten plataforma teknologikoek, betiere eta modu argian, honako eduki hauek izanen dituzte:

a) Egiten ahal diren apustuen deskribapena, baita antolaketa eta funtzionamenduko arauena, parte hartzeko moduarena eta balioztatzeko sistemarena ere.

b) Eskuragarri dauden sariak eta sari horiek ordaintzeko baldintza eta mekanismoak.

c) Joko elektronikoko zerbitzuei aplikatzen ahal zaizkien erabilera-baldintza orokorrak.

d) Joko arduratsuari buruzko informazioa.

5. Halaber, apustuak joko elektronikoaren modalitatean ustiatzeko erabiltzen diren plataforma teknologikoek helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten erabiltzaileek egindako eragiketen emaitzak bereizteko beharrezkoak diren funtzioak izanen dituzte.

6. Erreklamazioen ondorioetarako, balioztatzeko sistemek egin den transakzioa identifikatzeko eta modu fidelean berreraikitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen dute.

7. Joko elektronikoen operadore baimendu guztiek Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunei haien zerbitzarietarako urrutiko sarbidea izateko aukera eman beharko diete, organo horiek denbora errealean gutxienez ustiapenaren egoeraren, jokatutako kopuruen eta emandako sarien berri izan dezaten, hori guztia helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten erabiltzaileei buruz.

Laugarren xedapen gehigarria.-Erregistroa balioztatzeko pasabidea.

1. Joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuak xedatuko du Nafarroako Gobernuaren eta enpresa baimenduen artean erregistroaren balioztapenerako pasabideak WEB ingurunean ezartzeko beharrezkoak diren antolaketa, baliabideak eta softwarea, joko elektronikoaren modalitatean apustuak egin nahi dituztenek helbidea Nafarroako Foru Komunitatean dutela, adinez nagusiak direla eta jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean nahiz foru dekretu honen bidez onetsitako erregelamenduan ezarritako parte hartzeko debekuetan sartuta ez daudela egiaztatzeko.

2. Sartzeko parametroak, adjudikaziodunek azaldutakoak, honako hauek izanen dira:

a) Baimenaren adjudikaziodunaren kodea.

b) Pasahitza.

c) Balioztatu beharreko NANa.

3. Irteerako parametroak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko eta apustuen arloan eskumena duen Departamentuak azaldu behar dituenak, hauek izanen dira: baliozkoa, bai/ez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.-Indarrean dauden baimenen araubidea.

Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan apustu-enpresa gisa inskribatuta dauden enpresek, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen babespean foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamendua indarrean jarri baino lehen apustuak antolatu eta ustiatzeko baimena badute, apustuak antolatu eta ustiatzeko jarduerak egiten jarraitzen ahalko dute, eta honako determinazio hauek aplikatuko zaizkie:

a) Apustuen Erregelamenduaren 7. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute erregelamendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo sei hilabeteko epearen barnean.

b) Ez zaie aplikatuko Apustuen Erregelamenduaren 12. artikuluko 2. atalean ezarrita dagoena.

c) Apustuen Erregelamendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamazortzi hilabeteko epea amaitzean gutxienez bi apustu denda izan beharko dituzte, behar bezala baimenduak eta funtzionatzen.

Bigarren xedapen iragankorra.-Apustuen ustiapenaren baldintza eta mugak.

Joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuko kontseilari titularrak, foru dekretu honen bidez onetsitako erregelamenduaren 12. eta 30. artikuluetan aurreikusita dagoenaren arabera beste baldintza eta muga batzuk onesten ez duen bitartean, baimenaren titularrak apustuak ustiatu ahal izan ditzan, honako baldintza eta muga hauei jarraituko zaie:

a) Baimendutako apustu denden kopurua gehienez ere 10 izanen da.

b) Baimenaren titular bakoitzak ustiatzen dituen apustu makina osagarrien kopurua, apustu dendetan, joko aretoetan, bingoetan eta kasinoetan instalatuta daudenak baztertuta, Apustuen Erregelamendua indarrean jarri eta hurrengo bi urteko epea amaitzean, gehienez berrogeita hamar izanen da baimenduta eta funtzionatzen dagoen apustu denda bakoitzeko, eta guztira 180.

c) Apustu bakoitzaren zenbatekoa 100 euro izanen da gehienez elkarrekiko eta kontra-ordaineko apustuetarako, eta 600 euro trabesetarako.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO APUSTUEN ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta eremua, araubide juridikoa, parte hartzeko mugak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Erregelamendu honen xedea, Nafarroako Foru Komunitatean apustuak -Kirol Ongintzako Elkarrekiko Apustuak izan ezik- arautzea da.

2. Apustuen Erregelamendu honetako xedapenak apustuak eta haien merkaturatzea baimendu, antolatu eta ustiatzeko aplikatuko dira, zein diren ere apustuak egiteko erabiltzen diren baliabide eta euskarriak; apustuak egiten direneko leku, lokal eta establezimenduei, erabiltzen diren sistema, material eta instalazioei, eta apustuei lotutako jarduera ekonomikoei ere aplikatuko zaizkie, eta oro har, ustiatzeko baimena duten enpresa titularrei, haien langileei eta jokalariei.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitatean apustu arautuak egiteko, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean, apustuen erregelamendu honetan, Erregistroan eta Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan eta aplikagarriak izaten ahal diren xedapen orokor edo osagarri guztietan ezarritako arauei jarraituko zaie.

2. Apustuak zein gertakariri buruzkoak diren, horien antolatzaile, protagonista edo hornitzaileen eta apustu-enpresa baimenduen arteko harremanak aldeen arteko zuzenbide pribatuaren esparruari dagozkio.

3. Apustuak lehiaketa-jardueretan edo beste gertakari arautu batzuetan oinarritzen badira, jarduera edo gertakari horien bilakaerak haien erregelamenduei jarraituko die.

3. artikulua. Debekuak.

1. Erregelamendu honetan arautzen diren apustuetan parte hartzea debekatuta dute honako hauek:

a) Adingabeek.

b) Borondatez jokoa debeka diezaietela eskatu duten pertsonek, ebazpen judizialaren bidez debekatuta dutenek, ezgai edo zarrastel deklaratuta daudenek, edo maulazko porrotaren errudun deklaratu direnek.

c) Horditasun, droga-intoxikazio edo erotasun sintomak dituzten pertsonek.

d) Armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuekin sartu nahi dutenek.

e) Apustuak antolatu eta ustiatzeko baimenduta dauden enpresen akziodunek, partaideek edo titularrek, enpresetako zuzendaritza taldekoek eta enplegatuek, haien ezkontideek eta odolkidetasun- nahiz ezkontza-ahaidetasuneko lehen eta bigarren mailako aurreko ahaideek eta ondorengoek ere, baimen horren arabera merkaturatzen diren apustuetan.

f) Apustuen xede diren gertakarietan parte hartzen duten entitateetako zuzendariek.

g) Apustuen xede diren gertakarietako kirolari, entrenatzaile eta parte-hartzaile zuzenek.

h) Apustuen xede den gertakarian aritzen diren epaile edo arbitroak, eta epaileon erabakien aurkako errekurtsoak ebazten dituzten pertsonak.

i) Jokoa ikuskatu eta kontrolatzeko ardura duten funtzionarioek.

j) Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen xedapenak urratzeagatik joko lokaletara sartzea debekatuta dutenek.

2. Apustuak debekatuta egonen dira haien formulazioan edo xede dituzten gertakarien formulazioan eskubide eta askatasunak urratzen badira, bereziki pertsonen duintasunaren, pertsonek ohorea, intimitate pertsonala eta nork bere irudia izateko duten eskubideen aurkakoak badira, gazteen eta haurren babesa edo ezgaitasunak dituzten pertsonen babesa urratzen badira, adingabeek edo minusbaliotasun psikikoak edo buruko eritasun larriak dituzten pertsonek soilik parte hartzen duteneko gertakariei buruzkoak badira, eta delituak egitean, indarreko legediak debekatutako gertakarietan edo gertakari politiko edo erlijiosoetan oinarritutako apustuak badira.

II. KAPITULUA

Eskumena

4. artikulua. Jokoan eta jokoaren kudeaketan eskumena duten organoaren eskurantzak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren arloko antolamendu eta kudeaketako eskumenak esleituta dituen Departamentuari -eta haren barnean zeregin horiek esleituta dituen organoari- dagozkio eskurantza hauek, apustuei dagokienez:

a) Apustuen antolaketa eta ustiapenerako nahiz apustuen merkaturatzerako gaitutako toki, lokal eta establezimenduetarako baimena ematea.

b) Eredu edo motak homologatzea eta material, ekipamendu eta instalazioen, sistemen, programen eta, orokorrean, apustuak antolatu eta ustiatzeko beharrezkoak diren bitartekoen adostasuna onestea, indarreko araudia betetzen duten egiaztatzea, eta jokoarekin harreman zuzena izan gabe apustuak egiteko osagarriak direnak gainbegiratzea.

c) Apustuen jarduera ikuskatu eta kontrolatzeko eginkizunak betetzea, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

d) Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea, apustuen erregelamendu hau eta berori garatzen duten arauak aplikatuz esleitzen ahal zaizkion guztiak.

III. KAPITULUA

Apustuak

5. artikulua. Definizioak.

Apustuen erregelamendu honen eta erregelamendua garatzen duen araudiaren ondorioetarako, honako definizio hauek ezartzen dira:

a) Joko establezimendua: Hainbat motatako joko eta apustuak merkaturatu eta praktikatzeko baimenduta dauden lokal edo guneen multzoa; kasinoak, bingoak eta joko aretoak joko establezimendutzat jotzen dira.

b) Jokoetarako lokala: Barruti itxia, berariazko joko modalitate bat ustiatu eta praktikatzeko prestatuta dagoena eta horretarako erabiltzen dena.

c) Apustu denda: Apustuak formalizatzeko bereziki prestatuta eta baimenduta dagoen lokala.

d) Apustuetarako espazioa: Establezimendu batean apustuak egin eta formalizatzeko erabiltzen den eremua.

e) Joko elektronikoa: Bitarteko elektronikoak erabiliz, formatu birtualean, baliabide elkarreragileak eta kanal tematikoak erabiliz urrutitik eskaintzen diren joko eta apustuak.

f) Apustuen antolaketa: Apustuak ustiatzeko proiektua egin eta ezartzea, zein establezimendu, lokal eta elementutan merkaturatu nahi diren, sistema informatikoa, apustuak egitean jarraitu behar diren arauak, bermeak eta sistemaren segurtasuna.

g) Apustuen ustiapena: Apustuak egin eta merkaturatzeko kudeaketa eta kontroleko jarduerak egitea, eta sariak ordaintzea.

h) Apustua: Ondasunak, eskubideak edo dirua arriskatzen dituzten jarduerak, zalantzazko edo ausazko bukaera duen eta aurretik adostuta dagoen gertakari baten emaitza asmatzearen edo ez asmatzearen arabera antolatzen direnak.

i) Apustuaren gehieneko zenbatekoa: Apustu bakoitzeko eta apustu mota bakoitzeko formalizatu daitekeen gehieneko kopurua.

j) Apustua formalizatzea: Apustua egin, berretsi, ordaindu eta balioztatzea.

k) Apustua balioztatzea: Erabiltzaileari egindako apustuaren txartela edo gordekina ematea edo bere esku uztea, hori baita enpresa baimendu batek apustua erregistratu eta onartu izanaren bermea.

l) Apustuaren gordekina: Edukitzailea apustularia dela egiaztatzen duen frogagiri edo euskarria. Apustuaren datuak eta apustuaren balioztapena agertzen ditu, apustua irabaziz gero dirua kobratzeko aurkez daiteke eta, bidezkoa bada, apustuaren gaineko erreklamazioak egiteko ere bai.

m) Hasierako fondoa: Elkarrekiko apustuetan apustulariek egindako apustu guztien batura.

n) Banatzeko fondoa: Elkarrekiko apustuetan, irabazten duten apustularien artean sariak banatzeko erabiliko den diru-kopurua, hasierako fondoari sarietarako portzentajea aplikatuz ateratzen dena.

ñ) Dibidendua: Elkarrekiko apustuetan, irabazle bakoitzari apustu-unitateko dagokion kopurua.

o) Apustuaren koefizientea edo momioa: Kontra-ordaineko apustuetan, asmatzen dutenentzako sariaren zenbatekoa zehazten duen zenbakia: jokatutako diruaren biderkatzailea.

p) Komisioa edo artekaritza: Apustu-enpresari dagokion portzentajea, hasierako fondoaren gainean elkarrekiko apustuetan eta irabazitako kopuruen zenbatekoaren gainean trabesetan.

q) Apustuen unitate nagusia: Apustuak erregistratzeko, zenbatzeko eta kudeatzeko behar diren elementu teknikoen multzoa.

r) Apustu makinak: Mota horretako jarduerak formalizatzeko berariaz erabiltzen direnak. Bi mota bereizten dira: apustuak saltzeko terminalak edo apustu makina osagarriak.

6. artikulua. Apustu motak.

1. Egindako apustuengatik edo jokatutako kopuruengatik lortutako diru-sarreren banaketa kontuan hartuta, apustuak kontra-ordainekoak, elkarrekikoak edo trabesak izan daitezke:

a) Kontra-ordaineko apustuetan, apustulariak enpresa baimenduen aurka jokatzen du eta apustuaren xede den gertakariko emaitzak asmatzen dituenaren saria kalkulatzeko, apustuaren zenbatekoari enpresa baimenduak aldez aurretik balioztatutako koefiziente biderkatzailea aplikatzen zaio.

b) Elkarrekiko apustuetan, enpresa baimenduak hasierako fondoari komisio baimendu bat kentzen dio, eta gainerako zatia, banatzeko fondoa, apustuaren xede den gertakariko emaitzak asmatzen dituzten apustularien artean banatzen da.

c) Trabesetan, enpresa baimenduak bitartekari lanak egiten ditu eta beste batzuek haien artean jokatzen dituzten kopuruak bermatzen ditu, eta lan horren trukean dagokion komisio edo artekaritza baimendua atxikitzen du.

Trabeseko apustuetan erabiltzaileek apustu-proposamenak egiten dituzte, hau da, egin behar diren gertakarien emaitzari buruzko iragarpenak. Proposamen horiek sistemaren bitartez argitaratzen dira, sistemaren beste erabiltzaile batzuek behin-behinean onartu ahal izan ditzaten.

2. Edukiaren arabera, apustuak soilak eta konbinatuak edo anizkoitzak izan daitezke:

a) Apustu soilean, apustulariak gertakari baten emaitza bakar baten alde egiten du.

b) Apustu konbinatu edo anizkoitzean, apustulariak gertakari baten edo batzuen emaitza biren edo gehiagoren alde egiten du.

3. Egiten diren tokiaren arabera apustuak barnekoak edo kanpokoak izan daitezke:

a) Apustuak haien oinarri diren gertakariak egiten diren esparruaren barnean egiten badira, barnekoak dira.

b) Aldiz, apustuak beraien oinarri diren jardueretarako esparrutik kanpo egiten badira, kanpokoak dira.

Halaber, apustu-esparruetan egiten diren apustuetako batzuk ere kanpokotzat hartuko dira, hain zuzen ere, beste esparru batean egiten diren jardueretan oinarritutako apustuak, bertan apustu-xede diren beste gertakari batzuk egiten badira ere, eta joko elektronikoaren modalitatean egiten diren apustuak ere bai.

LEHEN TITULUA

Apustuen antolaketa eta ustiapenaren araubidea

I. KAPITULUA

Apustuak ustiatzeko baimena

7. artikulua. Baldintzak.

1. Apustuak antolatu eta ustiatzeko, aldez aurretik administrazio-baimena beharko da.

2. Apustuak ustiatzeko baimenak Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskribatzeko eta apustuak antolatu eta ustiatzeko balio du. Baimen horren titularrak izan daitezke Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean eta apustuen erregelamendu honetan aurreikusten diren determinazioen arabera eratuta dauden eta honako baldintza hauek betetzen dituzten apustu-enpresak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste edozein estatutakoa.

b) Sozietatearen xedea apustuen antolaketa eta ustiapena eta horrekin zerikusia duten jarduerak egitea izatea.

c) Gutxienez ere, 2000.000 euroko kapital soziala izatea partaidetza edo akzio izendunetan banatua; horiek erabat harpidetu eta ordainduta egon beharko dute.

d) Establezimendu eta helbide fiskal bat Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

e) Administratzaile, ahaldun eta zuzendaritza batzordeko edo sozietateren administrazio-kontseiluko kideetako bat bera ere ez egotea ezgaituta Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean eta apustuen erregelamendu honetan ezarrita dauden kausetako batengatik ere.

f) Kaudimen teknikoa egiaztatzea, eta bereziki, apustuak antolatu eta merkaturatzeko sistema informatiko segurua izatea, horrela apustuen funtzionamendu egokia bermatuko baita apustuen Erregelamendu honetan azaltzen diren baldintzen arabera.

g) Kaudimen ekonomiko eta finantzario nahikoa frogatzea.

h) Erregelamendu honen 18. artikuluan ezarritako fidantza eratzea.

i) Zerga betebeharrak eguneratuta izatea, baita Gizarte Segurantzarekikoak ere, indarra duten xedapenetan ezarritakoak.

3. Apustuak ustiatzeko baimenduta dauden joko enpresetan Europar Batasunetik kanpoko kapitalak zuzenean edo zeharka parte hartzeko, atzerriko inbertsioek Espainian jarraitzen duten araubide juridikoaren arauetan xedatutakoa bete beharko da.

8. artikulua. Mugapenak.

1. Bazkideetako bat ere, pertsona fisikoa zein juridikoa dela ere, ez bere kabuz, ez tartean dagoen beste pertsonen baten bitartez, ezin izanen du parte hartu Nafarroako Foru Komunitatean jarduten duten bi apustu-enpresa baino gehiagoren kapitalean, eta enpresa horietako bitan parte hartzen badute, %5 baino gehiagoko partaidetza-kuota haietako batean soilik izaten ahalko dute.

2. Aurreko atalean aurreikusita dauden ondorioetarako, finantza-talde bereko kide diren sozietateak berdinak direla ulertuko da.

3. Halaber, inork ere ezin izanen du izan zuzendaritza-kargurik Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan jarduten duen apustu-enpresa batean baino gehiagotan aldi berean.

9. artikulua. Apustuak ustiatzeko eskariak.

1. 7. artikuluko baldintzak betetzen dituzten eta apustuak antolatu eta ustiatzeko baimena eskatzen dutenek honako hau egiaztatu beharko dute:

a) Bere identitatea eta ordezkatzen duten pertsona edo entitatearena, baita ordezkatzeko dituen ahalmena eta gaitasuna ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduetako baten bidez.

b) Enpresaren izena eta helbide soziala, haren xede soziala, zer jarduera dituen, kapital soziala, bazkide edo parte hartzaileen identifikazioa eta haien partaidetza kuotak kapitalean.

c) Joko enpresa eratzeari buruzko eskritura publikoa Merkataritza Erregistroan inskribatzea.

d) Enpresa ordezkatzeko ahalmena eman zaien administratzaileen identifikazioa, karguan iraunen duten epea, eta halaber, zuzendaritza batzordeko eta administrazio kontseiluko kideen identifikazioa, ahaldunena (halakorik bada) eta negozioko kudeaketa eta zuzendaritza karguena.

e) Ez dagoela aurreko atalean aipatutako inor joko eta apustuak antolatu eta ustiatzetik desgaitua izateko kasuen artean, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean jaso bezala.

f) Erregelamendu honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela apustuak antolatu eta ustiatzeko.

10. artikulua. Agiriak.

Apustuak ustiatzeko eskariari, betiere, honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio, ezartzen diren modu eta euskarrietan:

1. Ustiapen proiektua, gutxienez honako hauek osatu behar dutena:

a) Enpresaren jarduera azaltzen duen memoria. Antolaketako alderdiak, erabilgarri dauden baliabideak, eta, bidezkoa bada, jokoaren eta apustuen sektorean duen enpresa-esperientzia azaldu behar dira.

b) Aurreikusitako apustuen antolaketa eta merkaturatzea azaltzeko memoria. Memoria horretan, apustuen xede diren gertakari motak azalduko dira, baita jarduera antolatzeko, kudeatzeko, zabaltzeko eta kontrolatzeko erabili nahi diren sistema, toki, lokal eta establezimenduak nahiz bitarteko eta prozedurak ere.

c) Ezarpen plana. Multzoan hartuta koherentea eta harmonikoa izanen da, eta ustiapen proiektuaren araberako proportzioa zainduko du, bereziki hurrengo atalean aurreikusita dagoen negozio planaren araberakoa. Zerbitzuan jarri nahi diren apustu denden eta guneen kopurua eta lurralde banaketa azaldu beharko dira, apustu makina osagarriak jarri nahi direneko ostalaritza lokalen kopurua eta banaketa eta Nafarroako Foru Komunitatean ustiatu nahi diren apustu makinen guztizko kopurua.

d) Negozio plana. Erregelamendu honen 12. artikuluko 2. ataleko baldintza eta mugak bete beharko ditu. Gutxienez honako hauen aipamenak egonen dira: proiektuaren bideragarritasuna, proiektuaren programa eta ezarpen faseak, inbertsio-plana, aurreikusten diren lanpostuak eta langileak hautatu eta trebatzeko plana.

e) Apustuen antolaketa eta funtzionamenduko arauen proposamena. Arau horietan, Erregelamendu honetan xedatuta dagoenaren arabera, modu argi eta osoan bilduko dira apustuak formalizatzean aplikatzen ahal diren arauak, ezarrita dauden kopuru-mugak, emaitzen baliozkotasuna, apustu saridunak, sarien banaketa eta ordainketa eta sariak kobratzeko eskubidearen iraungipena. Nolanahi ere, kontsumitzaileen babesari buruzko araua eta kontratazioaren baldintza orokorrak bete beharko dira.

f) Erabiliko diren teknologia, sistema eta elementuak, haien funtzionamenduaren segurtasuna eta informazioaren segurtasuna bereziki aipatuta.

g) Apustuak zein establezimendu edo lokaletan merkaturatuko diren, horien kalitatea eta segurtasun neurriak.

h) Apustuetarako establezimendu, lokal edo guneen funtzionamenduko ordutegiaren proposamena.

2. Administratzaileen, zuzendaritza batzordeko eta administrazio kontseiluko kideen, ahaldunen (halakorik bada) eta negozioko kudeaketa eta zuzendaritza karguen erantzukizunpeko aitorpena, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen arabera joko eta apustuak antolatu eta ustiatzetik desgaitua izateko kasuen artean ez daudela adierazten duena.

3. 18. artikuluan ezarrita dagoen fidantza eratu eta gordailutu izanaren frogagiria.

4. Baimena zein jardueratarako eskatzen den, horri dagokion epigrafeko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren altaren kopia konpultsatua.

5. Nafarroako Zerga Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko.

6. Enpresaren kaudimen ekonomikoari eta finantza kaudimenari buruzko txostena, finantza-entitate batek egina.

7. Segurtasun informatikoaren ikuskaritzetan kreditatuta dauden langileak dituen ikuskaritza-enpresa baten ziurtagiria, apustuen antolaketa eta merkaturatzerako aurreikusita dagoen sistema informatikoaren kaudimen teknikoari buruz.

11. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1. Prozedura instruitu, 7. artikuluan ezarrita dauden baldintzak betetzen direla egiaztatu, eta apustuen funtzionamendu eta antolaketako arauak balioztatu ondoren, joko eta apustuen arloan eskuduna den organoak apustuak ustiatzeko eskatutako baimena emanen du, eta egokia den bezala Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ezarrita dagoen Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskripzioak eginen ditu ofizioz.

2. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartu zen egunean hasita.

Epea onesteko edo ezesteko ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe iraungita, interesdunak zilegi izanen du baimena ezetsitzat emateko, administrazioaren isiltasunagatik.

3. Baimena emateko ebazpenean gutxienez zehaztapen hauek bilduko dira:

a) Baimendutako enpresaren izena, helbidea eta kapital soziala, eta kapital horretako partaidetza soziala ere bai.

b) Apustuak ustiatzeko eta merkaturatzeko aurreikusita dagoen merkataritza marka.

c) Baimendutako enpresaren administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

d) Apustuen xede diren gertakariak.

e) Merkaturatu beharreko apustu motak.

f) Apustuen antolaketa eta funtzionamenduko arauak.

g) Apustuak formalizatzeko bitartekoak eta eragiketa-multzoa.

h) Gaitu beharreko apustu denden eta guneen kopurua, eta instalatu nahi diren apustuetarako makinen kopurua eta banaketa.

i) Erabili beharreko sistemak eta formatua eta, bidezkoa bada, domeinua eta bestelako identifikazio- eta sarbide-elementuak, baldin eta apustuak joko elektronikoaren modalitatean egiten badira.

4. Baimena emateko kontuan hartutako betebehar eta baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero, baimenaren titularrak joko eta apustuen arloan eskuduna den organoari horien berri eman beharko dio, gehienez aldaketa hori gertatu eta hilabeteko epean.

5. Apustu denda eta guneetan eta, orokorrean, apustuak egiteko makinak instalatzea baimen daitezkeen barrutietan, apustuen ustiapena babesten duen administrazio baimenaren aipamena agerraraziko da jendeak ondo ikusteko moduko leku batean eta onesten diren formatuen arabera.

Apustuak joko elektronikoaren modalitatean merkaturatzen direnean, halaber, eman den administrazio baimenaren aipamena agertu beharko da sisteman.

12. artikulua. Apustuak ustiatzeko baimenaren titularren eskubide eta betebeharrak.

1. Apustuak ustiatzeko baimen bat ematean, titularrak apustuak antolatzen eta ustiatzen ahalko ditu, baimena zein modalitatetarako eman zaion, horretarako, baimenean ezarrita dauden baldintza eta mugekin. Hori gorabehera, eskatzen ahal zaizkion bestelako lizentzia eta baimenak beharko ditu.

2. Baimenaren titularra bere jarduera hasteko eta garatzeko, honako baldintza eta muga hauek ezarriko dira:

a) Baimena ematen denetik gehienez urtebeteko epean hasi beharko da apustuak merkaturatzen.

b) Apustuak merkaturatzen hasteko, betiere, baimena beharko da, eta titularrak apustu denda bat ireki beharko du, erregelamendu honetan ezarrita dauden baldintzen arabera.

c) Baimenaren titularrak gutxienez bi apustu denda izan beharko ditu behar bezala baimenduta eta funtzionatzen apustuak merkaturatzen hasten denetik urtebeteko epean.

3. Joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuko kontseilari titularrak ezarri beharko du baimenaren titularrak Nafarroako Foru Komunitatean ustiatzen dituen apustu denden eta makinen gehieneko kopurua.

4. Apustuak ustiatzeko baimenaren titularrak, erregelamendu honetan ezarrita dagoena ere bete beharko duen arren, betebehar hauek ere bete beharko ditu:

a) Erabiltzaileei apustuen funtzionamendu arauen berri ematea.

b) Erabiltzaileek egindako apustuak balioztatu eta erregistratzea eta apustu mota bakoitzean jokatutako kopuruak zenbatzea.

c) Apustuen koefizienteak edo momioak ezartzea, sarietarako portzentajea aplikatzea edo komisio gisa atxiki beharreko portzentaje edo kopurua aplikatzea, dagokion apustu modalitatearen arabera, eta apustu saridun bakoitzean sari gisa ordaindu beharreko kopurua kalkulatzea.

d) Baliogabetutako apustuak itzultzea.

e) Apustu saridunak ordaintzea.

f) Eragiketa guztien erregulartasuna kontrolatzea eta, orokorrean, indarreko araudia bete dadila zaintzea.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunetan 16/2006 Foru Legearen ondoriozko informazio betebehar guztiak betetzea, bai eta apustuen erregelamendu hau eta berori garatzen duen araudia aplikatzeko betebeharra.

13. artikulua. Baimenaren indarraldia.

1. Apustuak antolatu eta merkaturatzeko baimenak hamar urteko epeetarako emanen dira.

2. Baimenak iraupen bereko aldietan berrituko dira baldin eta berritzeko unean indarrean dagoen araudiko baldintzak betetzen badira.

Titularrak berritzeko eskaria indarrean dagoen baimena iraungi baino sei hilabete lehenago gutxienez aurkeztu beharko du.

II. KAPITULUA

Baimena emateko baldintza aldaketak, ustiatzeko baimenen titulartasuna eskualdatzea eta ustiatzeko baimenak amaitzea

14. artikulua. Baimena emateko baldintza aldaketak.

1. Ustiatzeko baimena ematean zehaztu ziren baldintzak aldatuz gero, lokalen edo apustuetarako makinen kopuruak 12. artikuluan ezarrita dauden mugak gainditzea ere bai, joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoaren baimena beharko da.

2. Eskariarekin batera, eskatu den aldaketa egokia dela egiaztatzen duen memoria eta bere garaian indarrean dagoen baimena emateko balio izan zuen ustiapen proiektuaren eguneratzea aurkeztu beharko dira.

3. Baimen horiek ezetsitzat hartuko dira hiru hilabete iraganez gero ebazpen espresurik eman gabe.

15. artikulua. Apustu enpresen akzio eta partaidetzak eskualdatzea.

1. Kapital sozialean aldaketak egiteko eta apustuak ustiatzeko baimenen titular diren joko enpresetako akzio eta partaidetzak eskualdatzeko, aldez aurretik idatzita jakinarazi beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentuari, aldaketa gauzatu baino hilabete lehenago.

2. Apustu enpresetan administratzaile eta ahaldunen eta zuzendaritza edo ordezkaritza organoetako gainerako kideen kopuruaren eta titulartasunaren aldaketak, halaber, Departamentu horri idatzita jakinarazi beharko zaizkio gehienez hilabeteko epean, benetan aldaketak egiten direnetik aurrera.

3. Administratzaile eta ahaldun bat, zuzendaritza batzordeko eta administrazio kontseiluko kide bat edo apustu enpresetako negozioko kudeaketa eta zuzendaritza eta administrazioko kargu bat eta antzeko izaera duten zuzendaritza organoetako kide bat gerora Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen arabera joko eta apustuak antolatu eta ustiatzetik desgaitua izateko kasuren batean egonez gero, eta inguruabar hori antzematen denetik gehienez hiru hilabeteko epean ordezten ez bada, eman diren ustiatzeko baimenak galduko dira, baimen horren arabera ireki ziren lokal edo establezimenduak itxiko dira, enpresa apustuak antolatzeko ezgaituta geratuko da eta kausa horretan dagoen pertsona bere lanbide jarduera jokoaren eta apustuen arloko enpresa eta establezimenduetan jarduteko ezgaituta geratuko da.

16. artikulua. Apustuak ustiatzeko baimenak eskualdatzea.

1. Apustuak ustiatzeko baimenen titulartasuna eskualdatzeko, aldez aurretik joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoaren baimena beharko da.

2. Titular berriak, eskualdaketa gauzatu aurretik, 18. artikuluan ezarritako fidantza lortzeko eta eratzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko du.

3. Titular berria eskuratu duen apustuen ustiapenerako baimenaren eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da. Baimen horren indarraldiak bere horretan jarraituko du.

17. artikulua. Baimena amaitzea.

Baimenak kasu hauetan amaituko dira:

a) Iraungitzeagatik, baimena eskuratu eta urtebeteko epean apustuak ustiatu eta merkaturatzeko jarduerak ez hasteagatik, edo jardueren ustiapena geldituta urtebete baino gehiago iragan izateagatik, borondatez izan edo beste edozein arrazoirengatik izan.

b) Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 14. artikuluaren 5. idatz-zatian adierazitako kasuetako edozein gertatzeagatik.

III. KAPITULUA

Bermeak

18. artikulua. Fidantzak.

1. Jarduerak hasi baino lehen, apustuak ustiatzeko baimenaren titularra den joko enpresak 500.000 euroko fidantza eratu beharko du Nafarroako Zerga Ogasunaren alde.

2. Erregelamendu honetan eskatzen den fidantza esku-dirutan, banku-abalaren bidez edo banakako kauzio polizaren bidez ordaintzen ahalko da eta Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ezarritako betebeharrei lotuta geldituko da, bereziki, sariak ordaintzeari, zehapen araubidea aplikatzearen ondoriozko erantzukizunak hartzeari eta jokoaren eta apustuen gaineko tributu berariazkoen ondoriozko betebeharrei lotuak.

Fidantza abal baten bidez egiten denean, ezin izanen da Foru Berriari buruzko 525 Legeak aipatzen duen eskusio onura erabili.

Fidantza aski ez bada dauden erantzukizunei aurre egiteko, ordaindu gabeko zorra ordainarazteko premiamendu prozedura erabiliko da.

3. Fidantzaren kopurua murrizten bada, fidantza hori eratu duen enpresak gehienez bi hilabeteko epea izanen du nahitaezko kopuruan osatzeko, eta aipatu epe horretan birjartzen ez bada baimena ezeztatuko da.

4. Fidantza iraungiko da hura jartzea ekarri zuten arrazoiak desagertuz gero, eta bete gabeko erantzukizunik ez dagoela egiaztatu ondoren. Fidantza iraungita, itzuli eginen da, litekeen likidazioa egin ondoren.

IV. KAPITULUA

Apustuak egiteko materialak

19. artikulua. Materialekiko adostasuna eta haiek ikuskatzea.

1. Apustuen unitate nagusia, apustu makinak, apustuaren gordekinak, eta domeinuaren nahiz apustuak joko elektroniko gisa merkaturatuz gero erabili beharreko sistemen formatua eta edukia, eta orokorrean, apustuak kudeatu eta ustiatzeko beharrezkoak diren sistema, material eta instalazioak, eredu edo mota homologatuen araberakoak izan beharko dira edo indarreko araudia betetzen duten egiaztatzeko adostasun frogak gainditu beharko dituzte.

2. Sistema, material eta instalazio osagarri edo lagungarriak eta, orokorrean, jokoaren bilakaerarekin harreman zuzena ez duten guztiak, halaber, joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoak gainbegiratuko ditu.

3. Aurreko ataletan aurreikusitako ondorioetarako, apustuak ustiatzeko baimenen titularrak behartuta daude dokumentazioa aurkeztera, edo behar diren egiaztapenak egin daitezen onartzera eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izendatzen dituen agenteei probak egiteko behar duten laguntza ematera, proba horiek egin behar izatera.

20. artikulua. Sistemaren betekizun orokorrak.

1. Apustuak antolatu eta ustiatzeko erabilitako sistemak, gutxienez arriskuak eta negozioaren jarraitutasuna aztertzeko aukera eman beharko du, baita negozioaren ahultasunak zehaztu eta konpontzeko ere.

2. Betiere zainduko ditu apustulariarekiko nahiz sistema informatikoko osagaien arteko komunikazioen konfidentzialtasuna eta osotasuna, apustuen nahiz haien zenbaketaren benetakotasuna, apustuen funtzionamendu egokia eta, orokorrean, jokoen eta apustuen arloko araudia bete dadila.

3. Adingabeek parte-hartzeko debekuaren eragingarritasuna indartuko du, baita datu pertsonalen babesa ere, presentzialak ez diren kanaletan.

4. Egindako apustuen eragiketen erregistroari buruzko trazagarritasunerako mekanismoak izanen ditu, horrela eragiketen osotasuna eta denbora-iturri fidagarriekiko lotura bermatzen baitira. Halaber, sistema informatikoaren ustiapenari lotutako autentikazio mekanismoak eta sistema informatikora langile baimenduak soilik sartzen direla bermatuko duten gailu fisikoak baliatuko ditu.

21. artikulua. Apustuen unitate nagusiaren betekizunak.

1. Baimenaren titularrak apustuen unitate nagusi bat izanen du. Unitate horrek berari konektatuta dauden ekipamendu eta erabiltzaile guztiak kudeatzeko gai izan beharko du, eta betiere apustuen funtzionamendu eta ustiapen egokia bermatu beharko ditu.

2. Apustuen unitate nagusiaren konfigurazioari esker, uneoro egiaztatzen ahalko dira apustuen eragiketak eta haien emaitzak, eta egindako transakzioak modu fidelean berreraikitzen ahalko dira. Horrela, egindako eragiketa edozein modutan aldatu edo moldatzea eragotziko da.

3. Apustuen unitate nagusirako sarbidea izateko, kontrol neurriak hartu beharko dira, unitate horretan egindako jarduketa edo eragiketa guztiak erregistratu ahal izateko, eta beharginen autentikaziorako mekanismoak erabili beharko dira.

4. Baimenaren titularrak bere apustuen unitate nagusiaren kopia bat izan beharko du, sistema erredundante bat baliatu ahal izateko. Sistema horrek, unitate nagusia edozein arrazoirengatik zerbitzutik kanpo geratuko balitz ere apustuak baldintza berberetan eta segurtasun berme berberekin ustiatzen jarraitzeko prestatuta egon beharko du.

5. Apustuen unitate nagusia eta haren kopia baimenaren titularra den enpresak kontrolatu eta zainduko ditu.

6. Apustuen unitate nagusiak konexio informatiko seguruak izanen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ogasunean joko eta apustuen arloan eskudunak diren organoen sistema informatikoekiko bateragarriak, denbora errealean apustuen egoeraren, balioztatutako zenbatekoen eta emandako sarien kontrola eta jarraipena egiteko, eta bidezkoa bada, ezeztatutako apustuak itzultzeko.

22. artikulua. Apustuetarako makinen betekizun orokorrak.

1. Apustu makinak dira apustu makina osagarriak eta apustuak saltzeko terminalak.

2. Apustuak saltzeko terminalak eta apustu makina osagarriak apustuen unitate nagusiarekin lotuta egonen dira eta horiei esker apustuak egin eta balioztatzen ahalko dira. Horretarako, apustuaren gordekina eginen dute.

3. Apustuak saltzeko terminalak jokalariarekin zerikusirik ez duen eta terminalak instalatuta daudeneko establezimenduan zerbitzua ematen duen operadore batek maneiatuko ditu.

4. Apustu makina osagarriak automatikoak izanen dira, eta apustua formalizatzeko, bidezkoa bada kobrantzako eta ordainketako txartelak kudeatzeko, eta haien funtzionaltasun guztiak betetzeko prestatuta egonen dira. Jokalariak beste inoren esku-hartzerik gabe maneiatuko ditu.

23. artikulua. Apustu makina osagarrien berariazko betekizunak.

1. Joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoak ezartzen dituen marken edo identifikazio elementuen bitartez ezagutuko dira.

2. Makinetan, modu argian eta ikusteko moduan agerrarazi beharko da adingabeek debekatuta dutela apustuetan parte hartzea eta jokatzeak mendekotasuna edo ludopatia sortzen ahal duela.

3. Apustu makina osagarriek lortzen diren sarien zenbatekoa ezin dute eskudirutan eman.

24. artikulua. Apustuaren gordekinen betekizunak.

1. Apustuaren gordekina apustua formalizatu dela egiaztatzen duen agiria da.

2. Enpresa baimenduek apustuaren gordekinetan segurtasun neurriak eta benetakotasunerako eta maularen aurkako bermeak txertatu beharko dituzte, estandarrak ez diren paper kalitateak, ur-markak, segurtasuneko tintak, mikrotestua edo, orokorrean, teknologia aldetik eskuragarria dagoen eta nahi den erabilerarako egokia den beste edozein gailu erabiliz.

3. Apustuaren gordekinak gutxienez honako alderdi hauek egiaztatuko ditu:

a) Apustuak ustiatzeko baimenduta dagoen enpresaren identifikazioa, bere identifikazio fiskaleko zenbakia eta Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroko inskripzioaren zenbakia adierazita.

b) Apustua zein terminal edo makina osagarritan egin den, haren identifikazioa.

c) Apustua zein gertakariri buruz egin den.

d) Egindako apustuaren modalitatea eta zenbatekoa.

e) Apustuaren koefizientea, halakorik bada.

f) Egindako iragarpena.

g) Apustua formalizatu deneko ordua, eguna, hilabetea eta urtea.

h) Apustuaren gordekina modu bakar eta esklusiboan identifikatu ahal izateko zenbakia edo konbinazio alfanumerikoa eta barra-kodea.

4. Gordekinean jokatzeak mendekotasuna edo ludopatia sortzen ahal duela adierazteko oharra agerrarazten ahalko du.

BIGARREN TITULUA

Apustuak

I. KAPITULUA

Apustuak egitea

25. artikulua. Apustuak formalizatzea.

1. Apustuak honela formalizatzen ahalko dira:

a) Modu presentzialean, establezimenduetan, apustu guneetan eta lokal baimenduetan kokatutako apustuak saltzeko terminalen eta apustu makina osagarrien bitartez.

b) Joko elektronikoaren bidez, urrutitik, establezimendu eta lokaletatik eta, orokorrean, barruti baimenduetatik kanpo, elektronika erabiliz, formatu birtualean, baliabide elkarreragileak eta kanal tematikoak erabiliz.

Dagokion konexioaren segurtasun neurriek hartzailearen benetakotasuna eta komunikazioen isilpekotasun eta osotasuna bermatu beharko dituzte.

2. Enpresek erabiltzaileei apustuak sinadura elektronikoa edo, bidezkoa bada, erabiltzailearen nortasun pertsonala egiaztatzeko balio duten antzeko beste bitarteko batzuk erabiliz formalizatzeko aukera ematen ahalko diete, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean ezarrita dagoenaren arabera.

26. artikulua. Apustuak modu presentzialean egitea.

1. Hala egiteko, apustuak establezimendu, lokal eta barruti baimenduetako mostradore edo leihatiletan eskatzen diren zerbitzuen bitartez formalizatzen ahalko dira, baldin eta apustuak saltzeko eta kontrolatzeko terminalak badituzte; bestela erabiltzaileak zuzenean egiten ahalko ditu, apustu makina osagarriak erabiliz.

2. Apustuak baliozko eran formalizatuko dira apustuak saltzeko terminalak eta apustu makina osagarriak une horretan eraginkorrak badira.

3. Apustu bat baliozko eran formalizatuta dagoela ulertuko da apustulariak hala egin izanaren gordekina jasotzen duenean.

4. Apustua egin ez dela ulertuko da, betiere, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko arrazoiengatik apustua balioztatu eta, ondorioz, formalizatzea, ezinezkoa bada.

5. Elkarrekiko apustuen kasuan, apustuak haien xede diren gertakariak hasi baino lehen formalizatu beharko dira beti, eta enpresa baimenduak ixteko adierazi duen unean apustu berriak balioztatzeko aukera automatikoki blokeatu beharko da terminaletan eta makina osagarrietan.

6. Kontra-ordaineko apustuak edo trabesak izanez gero, terminal eta makinek apustuak haien xede den gertakaria amaitu baino lehen balioztatzeko aukera blokeatu beharko dute.

27. artikulua. Apustuak modu ez presentzialean egitea.

1. Apustuak joko elektronikoaren eta urrutiko jokoaren modalitateetan formalizatzeko prozedura erabiltzailearentzat segurtasun eta berme baldintzarik handienarekin garatu beharko da.

2. Erabiltzaileen datu pertsonalak biltzean, informazioa tratatzean eta gerora erabiltzean, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legedia bete beharko da.

3. Nolanahi ere, apustuak urrutiko moduan ustiatzeko, erregelamendu honetako xedapenei, berori garatzen duen araudiari eta, bidezkoa bada, urrutitik baliabide edo sistema elkarreragileak, telematikoak edo urrutiko komunikaziokoak erabiliz egindako joko elektronikoaren antolamenduari jarraituko zaie.

28. artikulua. Apustuak egin direneko gertakariak atzeratu, eten edo deuseztatzeak egin diren apustuen gainean dituen eraginak.

1. Apustuen formalizazioaren xede diren emaitzei dagokion gertakaria atzeratu, eten edo deuseztatuz gero formalizatutako apustuek zein baldintza bete beharko dituzten, enpresak apustuen antolaketa eta funtzionamenduko arauetan arautu beharko du.

2. Nolanahi ere, gertakariaren emaitzak baliogabetzat hartuko dira baldin eta atzerapen edo eteteak antolaketa eta funtzionamendu arau horietan gertakariaren emaitzen balioaren ondorioetarako ezarri den gehieneko epea gainditzen badute.

3. Halaber, gertakari bat deuseztatzen denean, haren emaitzak ere deusezak direla ulertuko da.

4. Apustu batean gertakari baten edo batzuen emaitza deusezei buruzko iragarpenak badaude, iragarpen horiek ere deusezak direla ulertuko da; horrenbestez, apustua aldatuko da, eta emaitza baliodunei buruzko iragarpenekin soilik formalizatuta dagoela ulertuko da. Emaitza deusezei buruz egindako iragarpenak apustutik baztertuko dira.

5. Apustu bateko iragarpen guztiak deusezak direla ulertuz gero, apustua deuseztatu eginen da.

6. Kontra-ordaineko apustu konbinatu edo anizkoitz batean iragarpen deusezak badaude, apustu horretatik ateratzen den koefizientea kalkulatzeko, deuseztatutako iragarpen bakoitzari bat koefizientea aplikatuko zaio.

29. artikulua. Deuseztatutako apustuen zenbatekoa itzultzea.

1. Edozein inguruabarrengatik apustu bat deuseztatzen bada, enpresa baimenduak erabiltzaileei apustuaren zenbatekoa osorik itzuliko die, deuseztatu izana egiaztatu ondoren. Hori gorabehera, deuseztapena enpresa baimenduari egozten ahal zaizkien arrazoiengatik gertatu bada, eskatzen ahal diren erantzukizunak hartu beharko ditu.

2. Aurreko atalean adierazten diren zenbatekoak sarien ordainketarako 34. artikuluan azaltzen diren baldintzen arabera itzuliko dira.

30. artikulua. Apustuen zenbatekoen mugak.

Jokoen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuko kontseilari titularrak ezarri beharko ditu apustuen gehieneko zenbatekoak.

II. KAPITULUA

Deuseztatutako emaitza, sari eta apustuak

31. artikulua. Emaitzen baliozkotasuna.

1. 32. artikuluan ezarrita dagoena gorabehera, enpresa baimenduak era berean apustuen antolaketa eta funtzionamenduko arauetan ezarri beharko du zein baldintzatan joko den baliozkotzat apustuen xede diren gertakarien emaitza, baita zein arau aplikatzen ahal diren emaitza bat, hasieran baliozkotzat jo arren, gerora aldatzen bada.

2. Enpresa baimenduak baliozko emaitzak argitaratu beharko ditu, apustuetarako lokal eta guneetan nahiz apustuak egiteko erabilitako baliabide edo sistema elkarreragileen edo urrutiko komunikazioko baliabideen bitartez.

32. artikulua. Saria lortzen duten apustuak.

Apustu batek saria lortu duela ulertuko da apustu horretako iragarpenak baliozkotzat jo den emaitzarekin bat datozenean, enpresa baimenduak ezarritako apustuen antolaketa eta funtzionamenduko arauen arabera.

33. artikulua. Sarien banaketa.

1. Elkarrekiko apustuetan, sarietarako erabili beharreko fondoa banatzeko fondoaren %65 izanen da gutxienez, eta banaketarako honako arau hauei jarraituko zaie:

a) Apustu bakoitzeko dibidendua, sarietarako erabili beharreko fondoa apustu saridunen kopuruarekin zatitzearen ondoriozko kopurua izanen da. Apustu bakoitzeko edozein sari zehazteko egiten diren zatiketetan, zatidura bi hamarrenekin kalkulatuko da, eta goitik edo behetik biribildu beharko da, bidezkoa dena.

b) Gertakari jakin bati buruzko elkarrekiko apustu batean asmatzailerik egon ezean, sarietarako fondoa metatu eginen da geroko antzeko gertakari bati buruzko modalitate bereko apustu baten fondoan -enpresa baimenduak erabaki beharko du-, joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoari jakinarazi ondoren.

2. Kontra-ordaineko apustuetan, apustu bakoitzeko saria kalkulatzeko, enpresa baimenduak aldez aurretik balioztatutako koefizientea jokatutako zenbatekoarekin biderkatuko da. Hala ere:

a) Apustu bateko iragarpenen xede den gertakariaren emaitzak bi iragarpen diferente edo gehiago asmatzaile gisa onartzeko aukera ematen duenean, eta horren ondorioz iragarpen horietako bakoitzari buruz egindako apustuak saridunak direnean, apustuaren koefizientea aldatzen ahalko da enpresa baimenduak bere antolaketa eta funtzionamenduko arauetan ondorio horietarako ezarritako erregelei jarraituz.

b) Apustu bateko iragarpen bat edo gehiago deuseztatzen direnean, lortutako saria zehazteko aplikatzen ahal den koefizientea 28. artikuluko 6. atalean ezarrita dagoenaren arabera kalkulatuko da.

3. Trabesetan, saria jokalari bakoitzak jokatu duen kopurua izanen da. Enpresa baimenduak apustu galtzaileen zenbatekoen %5 atxiki dezake gehienez komisio gisa.

34. artikulua. Apustu saridunen edo deuseztatuen ordainketa.

1. Sarien banaketarako eragiketak egiteko beharrezkoa den denbora gehienez ere hogeita lau ordu izanen da, apustuaren xede den gertakariaren emaitzen baliozkotasuna zehazten denetik aurrera zenbatuta.

2. Apustu saridunak edo deuseztatuak ordaintzeko, ordainketarako legezko bitartekoak erabiliko dira, enpresa baimenduaren antolaketa eta funtzionamenduko arauetan ezarrita dagoen moduan.

3. Aurrekoa gorabehera, erabiltzaileak sariak inolako kosturik gabe kobratuko ditu, apustu dendetan zein enpresa baimenduak xedatzen ahal dituen beste leku batzuetan, dagokion gordekina aurkeztu ondoren, sariak banatzeko eragiketak amaitu direnean. Dena dela, jokalariak komisioen ordainketa edo kudeaketa-gastuak eskatzen dituzten beste alternatiba batzuk aukera ditzake askatasunez.

4. Enpresa baimenduek Nafarroako Ogasuneko organo eskudunari hilean behin jakinaraziko diote aurreko hilean ordaindu diren 3.000 eurotik gorako sarien zerrenda. Gainera, sari horiek jaso dituzten jokalarien nortasuna (izena, deiturak eta identifikazio fiskaleko zenbakia) agerraraziko dute, haiei jakinarazita.

35. artikulua. Sariak kobratzeko eskubidearen iraungipena.

Sariak kobratzeko eskubidea erabiltzailearen eskura jartzen diren egunetik hiru hilabeteko epean iraungiko da, aurreko artikuluan ezarrita dagoenaren arabera.

36. artikulua. Gordekinak gorde eta zaintzea.

1. Gordekin saridunak, sarien zenbatekoa edozein salmenta guneren bitartez ordaindu ondoren, baliogabetuta geratuko dira.

2. Enpresa baimenduak gordekin saridunak gutxienez hamar urtez eduki beharko ditu Nafarroako Zerga Ogasuneko joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoaren eskura, egiaztatzeko, gorabeherak ebazteko eta zerga aitorpenetan ageri diren datuekin erkatzeko.

III. KAPITULUA

Publizitatea

37. artikulua. Apustuen publizitatea.

1. Apustuen babesa eta merkataritzako publizitatea baimenduta egonen dira, eta Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 10. artikuluan eta lege hori garatzen duten arauetan ezarrita dauden baldintza eta mugekin egin beharko dira.

2. Idatzizko eta ikus-entzunezko hedabideetan apustuen publizitatea egitean jokoa behar ez den bezala erabiltzeak mendekotasuna edo ludopatia sorraraz dezakeela aipatu beharko da beti.

HIRUGARREN TITULUA

Apustu-lokalak eta haien baldintzak

I. KAPITULUA

Apustuak merkaturatzeko baimenduta dauden lokalen araubidea

38. artikulua. Apustuak merkaturatzeko baimenduta dauden lokalak.

Apustuak erregelamendu honetan ezarrita dauden baldintzetan merkaturatzen ahalko dira apustu dendetan, joko aretoetan, bingoetan eta kasinoetan, berariaz baimendutako ostalaritzako establezimenduetan, esaterako tabernetan, taberna berezietan, kafetegietan eta ikuskizunetarako kafetegietan, eta kirol gertakariak egiten direneko barrutietan.

39. artikulua. Apustu dendak.

1. Legearen arabera irekitzeko eska daitezkeen baimen eta lizentziak xedatzen ahal dira. Hori gorabehera, apustu dendak joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoak baimendu beharko ditu.

2. Apustu dendek gutxienez 50 metro karratuko azalera erabilgarria izan beharko dute bereziki jokoaren eta apustuen jarduerarako. Azalera horretatik kanpo geratzen dira harrera gunea, halakorik egonez gero, eta bulegoak, komunak, biltegiak eta jarduera horretarako zuzenean erabiltzen ez diren guneak.

3. Apustu dendetan gehienez 10 apustu makina instalatzen ahalko dira.

4. Apustuak antolatu eta merkaturatzeko baimenduta dauden enpresei apustu dendak baimentzeko eskariak aurkeztean, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Lokalaren erabilgarritasuna zuzenbidean baliozkoa den edozein tituluren bidez egiaztatzen duen agiria.

b) Proiektuan txertatutako ebazpideen ezaugarriak modu justifikatuan definitzeko eskala egokiak dituzten planoak: establezimenduaren kokalekua, establezimendua dagoen eraikinarekin eta hurbileko bide eta eraikinekin alderatuta duen kokalekua, atondu aurretik zuen oinplanoa eta proiektuaren arabera atondu ondokoa, banaketa barnean dagoela. Plano guztietan kotak azaldu beharko dira.

5. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartu zen egunean hasita.

Epea onesteko edo ezesteko ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe iraungita, interesdunak zilegi izanen du baimena ezetsitzat ematea, administrazioaren isiltasunagatik.

6. Baimenak, hasieran, apustu enpresa baimenduari apustuak ustiatzeko emandako baimena -eskaria aurkeztean indarrean dagoena- mugaeguneratu arte geratzen den denboran iraunen du, eta automatikoki eta epe berberetan berrituko da baimen hori berritzen den bakoitzean.

7. Apustu dendek erabiltzaileentzako edari zerbitzua izaten ahalko dute. Zerbitzu horrek joko aretoetarako ezarrita dauden ezaugarriak izanen ditu.

40. artikulua. Joko aretoak, bingo aretoak eta kasinoak.

1. Baimen egokia lortzeko ondorioetarako, joko areto, bingo areto eta kasino gisa baimendutako joko establezimenduetan aurreikusten diren apustu guneei aurreko artikuluko 1., 4., 5. eta 6. ataletan xedatuta dagoena aplikatuko zaie.

2. Joko establezimendu guztietan, apustuak ustiatzeko erabili beharreko azalerak gune diferentea izan beharko du, establezimendu horietarako baimenduta dauden gainerako jokoak ustiatzeko erabili beharreko azaleratik bereizia.

41. artikulua. Apustuetarako gunea duten joko aretoak.

1. Joko aretoen barnean apustuetarako guneak egoten ahalko dira artikulu honetan ezarrita dauden baldintzekin.

2. Apustuak ustiatzeko azalera erabilgarria gehienez jokoaren eta apustuen jarduerarako azalera osoaren %20 izanen da. Azalera horretatik kanpo geratzen dira harrera gunea, halakorik egonez gero, eta bulegoak, komunak, biltegiak eta jarduera horretarako zuzenean erabiltzen ez diren guneak.

3. Joko aretoan edari zerbitzurik egonez gero, konpartitua izanen da eta erabiltzaile guztiek -apustuetarako gunearen erabiltzaileek ere- erabiltzeko modukoa izanen da.

4. Apustuetarako gunea duten joko aretoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Apustu makina bat instalatzen ahalko da establezimenduan edo zatikian ustiatzen ari diren joko makinen multzoan erabilgarri dauden bost jokalari-postutik behin, betiere gehienez bost makina.

b) Lortzen diren sarien zenbatekoa ezin izanen da eskudirutan ordaindu, edozein bitarteko erabiltzen dela ere.

c) Gertakarien transmisioko edo informazioko pantailetarako erabili beharreko azalera gehienez hiru metro karratu izanen da.

42. artikulua. Apustuetarako guneak bingo aretoetan eta joko-kasinoetan.

1. Apustuetarako gunearen gutxieneko azalera erabilgarria 35 metro karratu izanen da. Azalera horretatik kanpo geratzen dira harrera gunea, halakorik egonez gero, eta bulegoak, komunak, biltegiak eta jarduera horretarako zuzenean erabiltzen ez diren guneak.

2. Guneen eta baimendutako apustu makinen ezaugarriek proiektuaren ezaugarriak eta baimenaren baldintzak bete beharko dituzte.

3. Bingoetan eta joko-kasinoetan sarien zenbatekoa ezin izanen da eskudirutan ordaindu, edozein bitarteko erabiltzen dela ere.

43. artikulua. Ostalaritzako lokalak.

1. Berariaz baimendutako establezimenduetan, hala nola tabernetan, taberna berezietan, kafetegietan eta ikuskizunetarako kafetegietan, apustu makina osagarri bat soilik instalatzen ahalko da. Dena dela, lokal horretan sari programatua duen BR motako joko makina bat instalatzen ahalko da.

2. Ostalaritzako lokalek sarien zenbatekoa ezin izanen dute eskudirutan ordaindu, edozein bitarteko erabiltzen dela ere.

44. artikulua. Barrutiak.

1. Kirol gertakariak egiten direneko barrutietan guneak gaitzea eta apustu makinak instalatzea baimentzen ahalko da, gertakari horiek egiten ari diren bitartean barneko edo kanpoko apustuak merkaturatzeko.

2. Halaber, kirol jarduerekin zerikusi zuzena duen azoka-jarduera bat egiten ari den bitartean apustuetarako guneak gaitzea eta barneko edo kanpoko apustuak merkaturatzea baimentzen ahalko da, soilik aldi baterako, kirol jarduera egiten ari den bitartean.

3. 1. eta 2. ataletan aipatzen diren apustuak enpresa baimendu batek antolatu eta merkaturatu beharko ditu beti.

4. Apustuak antolatu eta merkaturatzeko baimenaren eskaria apustuak antolatu eta merkaturatzeko baimenduta dagoen enpresak aurkeztuko du, honako agiri hauekin batera:

a) Apustu enpresa baimenduak jardueraren antolatzailearekin sinatutako kontratu edo hitzarmena, apustuak egiteko adostasuna ematekoa.

b) Planoak, proiektuari erantsitako soluzioen ezaugarriak zehazteko moduko eskaletan:

-Barrutiaren kokalekua.

-Hurbileko bide eta eraikinekin alderatuta duen kokalekua.

-Oinplanoa, kotekin, banaketa azaltzeko. Plano horretan adierazi beharko da non dauden apustuetarako gunea eta apustu makinak.

5. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartu zen egunean hasita.

Epea ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraungita, interesdunak zilegi izanen du baimena ezetsitzat emateko, administrazioaren isiltasunagatik.

6. Baimenen indarraldiari dagokionez 39.6 artikuluan xedatuta dagoenari jarraituko zaio, artikulu honetako 2. atalean aurreikusitako kasuan emandako baimenari dagokionez izan ezik. Kasu horretan, dena delako azoka-jardueraren iraupen berbera izanen du.

II. KAPITULUA

Apustuetarako lokal eta guneen baldintzak

45. artikulua. Apustu denda eta guneen baldintzak.

1. Apustu dendek zein apustu guneak dituzten joko establezimenduek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Sarreran eta ikusteko moduan apustu denda edo gunea dela dioen kartela edo errotulua jarrita izatea.

b) Apustuen erregelamendu honen 11.6 artikuluan ezarrita dagoen moduan apustuen ustiapena babesten duen administrazio baimenaren aipamena erakustea.

c) Balioztapen puntu guztietatik ikusteko moduan, adingabeek apustuak egitea debekatuta dutela eta jokoan eta apustuetan gehiegi aritzeak mendekotasuna edo ludopatia sorraraz dezakeela dioten iragarkiak agerraraztea.

Apustu makina osagarrietan iragarki horiek modu birtualean agerrarazten ahalko dira pantailan, eta makina geratuta dagoenean jendeak ikusteko moduan egonen dira.

2. Aipatu lokalek, halaber, pantailak edo panel elektronikoak izanen dituzte apustuei eta apustuen xede diren gertakariei buruzko informazioa emateko, kasuan kasu apustuen erregelamendu honetan ezarrita dauden mugekin.

3. 1. ataleko b) eta c) letretan ezarrita dauden betekizunak, halaber, apustu makina osagarriak instalatzeko baimendutako ostalaritzako establezimenduei ere eskatuko zaizkie.

4. Jokoaren arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuko kontseilari titularrak apustuak merkaturatzeko baimendutako establezimenduetan dauden lokalek eta apustu guneek bete beharreko beste baldintza batzuk ezartzen ahalko ditu.

46. artikulua. Ordutegia.

1. 39. artikuluan aipatzen diren apustu denden irekiera eta itxiera ordutegiak jendaurreko ikuskizunei eta josteta jarduerei buruzko indarreko araudiak joko aretoetarako ezarrita daudenak izanen dira.

2. Araudi hori, halaber, apustuak merkaturatzeko baimendutako gainerako lokaletan aplikatuko da, kasinoetan izan ezik, horiek dagokien baimenean zehaztuta dagoenari jarraituko diotelako.

III. KAPITULUA

Apustu makina osagarriak instalatu eta ustiatzea

47. artikulua. Instalatzeko araubidea.

Apustu dendetan, kasinoetan, bingoetan, joko aretoetan, kirol aretoetan eta ostalaritzako establezimenduetan apustu makina osagarriak instalatu eta ustiatzeko, eta makina horien kokalekuaren berri emateko, joko makinak instalatzeari buruzko indarreko araudian biltzen diren determinazioei jarraituko zaie, erregelamendu honen aurka ez doan guztian. Ondorio horretarako, apustuak merkaturatzeko baimenduta dauden enpresak enpresa operadore gisa hartuko dira. Dena dela, horrek ez du esan nahi apustu makinak ez diren beste joko makina batzuk instalatzeko baimenduta daudenik.

48. artikulua. Ustiatzeko araubidea.

1. Apustu makina osagarriak ustiatzeko, joko eta apustuen arloan eskuduna den organoaren baimen egokia beharko da.

2. Ustiatzeko baimenean makina identifikatuko da, eta Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan inskribatutako modelo batekin bat datorrela egiaztatuko da; halaber, makinaren titulartasuna ere egiaztatuko da.

3. Apustu makina osagarriak ustiatzeko baimenak apustuak ustiatzeko baimenduta eta inskribatuta dauden enpresek edo operadore baimenduek lortzen ahalko dituzte.

Apustuak ustiatzeko baimenaren titularra den enpresa batekin aldez aurretik adostuta, apustu makina osagarriak ustiatzeko baimena joko makinen enpresa operadore batek lortzen badu, makina horren funtzionamenduaren ondoriozko erantzukizuna betiere apustu enpresak eta enpresa operadoreak hartuko dute haien gain modu solidarioan.

49. artikulua. Apustu makina osagarriak ustiatzeko baimenen indarraldia, amaiera eta baliogabetzea.

Apustu makina osagarriak ustiatzeko baimenek indarraldi mugagabea izanen dute. Dena dela, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean eta joko makinei buruzko indarreko araudian aurreikusten diren kasuetan amaitu daitezke.

50. artikulua. Makinen eskualdaketa.

Ustiatzeko baimena duten enpresek soilik eskualda ditzakete haien artean apustu makina osagarriak, eta joko makinei buruzko indarreko araudian aurreikusten diren baldintzekin.

LAUGARREN TITULUA

Langileak

I. KAPITULUA

Enplegatuak

51. artikulua. Apustuak merkaturatzeko baimenduta dauden establezimenduetako enplegatuak.

1. Apustuak merkaturatzeko baimenduta dauden establezimendu eta lokaletako enplegatuei honako hau debekatuko zaie:

a) Jokalariei mailegu edo kredituak ematea, edo halakoak eman diezazkietela onartzea.

b) Establezimendu eta lokaletan instalatuta dauden makina osagarriak erabiltzea, erabiltzaileei laguntzeko erabili behar dituztenean izan ezik.

2. Ostalaritzako establezimenduetako enplegatuek ezin izanen dituzte inola ere ordaindu lortzen diren sariak, ez zuzenean, ez zeharka.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileak

52. artikulua. Erabiltzaileei funtzionamendu arauen berri ematea.

1. Apustu denda edo guneetan, jendeak ikusteko moduan erakutsi beharko da honako informazio hau: apustuen xede diren gertakariak, apustuen antolaketa eta funtzionamendu arauak, apustuen gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak, iragarpenak onartzeko ordu eta mugak, eta apustuen formalizazioan nahiz sarien banaketa eta ordainketan bete behar diren gainerako baldintzak.

2. Lokal eta gune horietan, halaber, apustularien eskura aurreko atalean azaldu diren alderdiak biltzen dituzten doako liburuxkak egonen dira. Liburuxka horietan espresuki azaldu beharko da adingabeek apustuetan parte hartzea debekatuta dutela eta jokoan eta apustuetan gehiegi aritzeak mendekotasuna edo ludopatia sorraraz dezakeela. Gainera, ondo ikusteko moduko leku batean bezeroen eskura jarriko dira jokoarekin zerikusia duen patologiaren bat antzemanez gero zein lekutara jotzen ahal den azaltzeko liburuxkak edo informazioa.

3. Apustuak modu elektronikoan eginez gero, sistemak modu argian eman beharko du 1. eta 2. ataletan azaldu diren alderdien berri, eta erabiltzaileen erreklamazioak formulatzeko eta tramitatzeko jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazioa ere eman beharko du.

53. artikulua. Onartzeko eskubidea.

Apustu lokalen eta guneen titularrek sarrera debekatzeko eskubidea erabil dezakete aplikatzekoa den araudiaren arabera.

BOSGARREN TITULUA

Apustuen kontrola eta ikuskapena

54. artikulua. Apustuen eta enpresa baimenduen kontrola eta ikuskapena.

1. Ustiatzeko baimenen eskatzaile edo titular diren enpresak behartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari hark bilatzen duen informazioa ematera, kontrol, koordinazio eta estatistikako eginkizunak bete ditzan.

2. Aipatu enpresek eta haien zerbitzuko langileek, eta apustuak egiten direneko denda edo guneetako langileek, halaber, edozein unetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izendatzen dituen agenteei haien bulegoetara eta apustuak egiteko baimendutako lokalera sartzen utzi beharko diete, agente horiek egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzatela onartu beharko dute, jarduerak ikuskatzeko eskatzen dituzten informazio eta agiriak eman beharko dizkiete, eta haien zereginak behar bezala betetzeko behar duten laguntza emanen diete.

3. Apustuen kudeaketako sistemaren eta joko eta apustuen arloan eskudunak diren Nafarroako Zerga Ogasuneko organoen artean konexio informatikoa ezarriko da.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldian-aldian apustuen kudeaketako sistemaren ikuskapen informatikoak egiten ahalko ditu, eta baimenaren titularrak diren enpresek horretarako erraztasunak eman beharko dituzte.

5. Baimenaren titularrak diren enpresek joko eta apustuen arloan eskuduna den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoari bi urtean behin kanpoko ikuskapen informatikoa aurkeztu beharko diote. Ikuskapen horrek barnean hartu beharko du baimena emateko eskatutako baldintzak betetzeari buruzko azterketa eta egiztapena.

SEIGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

55. artikulua. Apustuen arloko arau-hauste administratiboak.

Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean ezarrita dagoenaren arabera, apustuen arloko arau-hauste administratiboak dira legean bertan zehaztuta dauden egite eta ez-egiteak, axolagabekeria hutsezkoak badira ere.

56. artikulua. Arau-hauste larriak eta oso larriak.

Aurreko artikuluan xedatutako ondorioetarako, arau-hauste oso larritzat eta larritzat hartzen dira Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 38. eta 39. artikuluetan, hurrenez hurren, sailkatutako egiteak eta ez-egiteak.

57. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean eta erregelamendu honetan ezarrita dauden betekizun edo debekuak urratzea dakarten egiteak eta ez-egiteak, baldin eta arau-hauste larri eta oso larri gisa tipifikatuta ez badaude, eta horien artean honako hauek:

a) Epe barnean ez ordeztea enpresetako zuzendaritza edo ordezkaritza organoetako administratzaileak, ahaldunak eta kideak, desgaitzen direnean.

b) Formari eta epeari dagozkien komunikazioko hutsegiteak, jasotako kasuetan, non ez dauden erregelamendu honetan hutsegite larri edo oso larri gisa sailkatuta.

c) Jokalariek eta apustu egileek jokoaren eta apustu makinak edo materiala manipulatzea.

d) Jokalariei eskupekoa eskatzea, edo norberarentzat onartzea.

58. artikulua. Zehapenak.

Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean aurreikusitako zehapenak ere jarriko zaizkie erantzuleei.

II. KAPITULUA

Prozedura

59. artikulua. Prozedura.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legean bildutako erregulazioaren arabera arautuko da zehapen prozedura.

Iragarkiaren kodea: F1105236