70. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO EHIZARI ETA ARRANTZARI BURUZKO ABENDUAREN 22KO 17/2005 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legean erantzukizun sistema desberdina ezartzen da zirkulazio istripuen kasuetarako eta gainerako gorabeheretarako. Azken urteotan, areagotu egin dira Nafarroako zenbait eskualdetan ehiza-espezieek laboreetan eragindako kalteak, eta bereziki azpiegiturekin lotutakoak eta zenbait espezierentzat babesleku direnekin lotutakoak.

Halatan, aldaketa zor zaio egungo erantzukizun-sistema egokitze aldera legegileak erakutsitako interesari, bideen, ubideen edota antzeko azpiegituretan mantentze-, zaintza- eta prebentzio-lanak egiteko konpromisoa eta erantzukizuna ezar daitezen, halako moduz non erantzukizunen banaketa hutsaren gainetik, garrantzi berezia emanen zaion prebentzioari eta kalteak minimizatzeari.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea honela aldatuko da:

Bat. 20.2.i) artikulua.

"i) Kalteak ekiditeko behar diren neurriak hartzea. Hala eta guztiz ere, ehiza-barrutietan horiek zeharkatzen dituzten bide publikoak, ubideak edo antzeko azpiegiturak badaude, beren luzera osoan hesituta daudenak, edota halakoekin muga egiten badute, bide, ubide edo azpiegitura horien titularrei dagokie beharrezkoak diren zaintza- eta prebentzio-lanak egitea, bertan bizi diren animaliek besteren ondasunetan kalteak eragin ditzaten saiheste aldera".

Bi. 45.1 eta 2 artikulua.

"1. Monteria esaten zaion ehiza larriko modalitatean ehiztariak zakurren laguntzaz aritzen dira. Postuetan paratutako ehiztariek aldez aurretik inguratu duten mendi eremua arakatu egiten da. Betiere postuetan ezarritako ehiztariak 40 baino gehiago dira eta zakurrak 30 baino gehiago. Monteriak egitea kasuan kasuko ehiza antolatzeko planean aurreikusita eduki behar da. Planean zehaztuko dira monteria bakoitzerako ehiza eremuen mugak eta ehiza kanpaina osoan eginen diren monterien kopurua. Halako ehiza saioak egin baino 15 egun lehenago, gutxienez, jakitun jarri behar da eskuduna den Departamentua.

2. Ehizaldiak egitea, monteriaren antzekoa den ehiza larriko modalitate gisa, kasuan kasuko ehiza antolatzeko planean aurreikusi behar da, baldin eta postuetan jarrita parte hartzen duten ehiztari kopurua 4 eta 40 bitartekoa bada, ehiztariak guztira 50 baino gehiago ez direla, eta gehienez ere 30 zakurrek parte hartzen badute".

Hiru. 86.2 artikulua.

"2. Ehizarako edo arrantzarako basa animaliek eragindako gainerako kalteengatiko ordaina legedi zibilaren arabera erantzukizuna dutenek ordaindu beharko dute, salbu eta segurtasun arrazoiengatik ehizarako debekatuak diren eremuen barrualdean -esate baterako, autobideak, autobiak edo bestelako bide- nahiz ureztatze-azpiegiturak, eguzki-baratzeak, eta abar- bizi diren ehizarako basa animaliek sortutako kalteen kasuan, baldin eta haietan bere luzera osoan hesitutako eremu mugakideak badituzte; haietan, izan ere, haien jabea, titularra edo lagapen-hartzailea joko da erantzuletzat".

Lau. Xedapen gehigarri berri bat eransten zaio, honako testuarekin.

"Zazpigarren xedapen gehigarria.-Kalteen prebentziorako planak.

Nafarroako Gobernuak, gaian zerikusia dutenen lankidetza eta partaidetzarekin, prebentzio planak prestatu eta aplikatuko ditu, ehizarako animaliek sor ditzaketen kalteak ekiditeko edo gutxitzeko".

Azken xedapena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko apirilaren 1ean.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1106321