68. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAIOTZ

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Larraiozko Kontzejuak, 2010eko abenduaren 8an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larraiozko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia 2011ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11n, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Larraiotzen, 2011ko martxoaren 21ean.-Alkatea, Jesús María Zabalza Milagros.

Ordenantza, Larraiozko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Larraiozko Kontzejuaren (Txulapain) herrilurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Larraiozko Kontzejuari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Larraiozko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako moduan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik -Nafarroako toki entitateen ondasunen erregelamenduan agertzen da horien definizioa- Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Larraiozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Larraiozko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Larraiozko Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari, bere legezko eginkizunak betetzeko.

8. artikulua. Larraiozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Larraiozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.

Larraiozko Kontzeju Irekiak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Larraiozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Larraiozko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Larraiozko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Larraiozko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere toki entitateen ondasunei buruzko legediak zehazten duen moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Larraiozko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurren aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herrilurren bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Larraiozko Kontzejuak ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen eta herrilurrek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du, haien ustiapenaren xede nagusia kontzejuko biztanleen jarduera ekonomikoak babestea dela iritzita.

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua eginen da kontuan hartuta baliabide natural berriztagarriak direla, eta bateragarri eginen dira haien erabilera arrazoizkoa eta zaintza egokia.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Larraiozko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Larraiozko Kontzejuko udal erroldan inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak ordainduta izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Larraiozko Kontzeju Irekiak, Herrilurren Batzordeak, behar denean, txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua

17. artikulua. Herrilurren aprobetxamenduak laboreetarako edo abereentzako larreetarako izan daitezke. Hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Larraiozko Kontzejuak laborantzako edo abereentzako larreetarako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitatearen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

19. artikulua. Modalitate honetan, 25 erreguko azalera hau ezarri da lote tipoarentzat.

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, Larraiozko Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Larraiozko Kontzejuak herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu horretarako.

21. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Laborantza urteanitzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

22. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herrilurretako lurzatien onuradunek 3,01 euro ordaindu beharko dituzte lur erregu bakoitzeko.

Zenbateko hori urtero eguneratuko da nekazaritzako KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Larraiozko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez. Kasua bada, Kontzejuaren gastutzat hartuko da esleipenaren aurretik eginiko inbertsioa, inbertitutako kpuruak egiazki berreskuratzeko ezartzen diren kalkuluen arabera.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Lurzatiak abereentzako larreetarako erabiliz gero, soilik lurzatien onuradunen izenean erroldatutako aziendek bazkatu ahal izanen dute horietan.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Larraiozko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Halaber, ez da kontuan hartuko lan pertsonala ez den beste formula baten bidezko ustiapen gisa berariazko erabilera duten makinekin egin behar diren lanen enkargua, hala nola uzta, nahiz eta enkargua ohikoa izan.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo esleipen zuzeneko aprobetxamendu moduaren bidez. Larraiozko Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek partzuergoa edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren diruzaintzan.

26. artikulua. Larraiozko Kontzejuak edozein unetan egin ahalko ditu komenigarritzat jotzen dituen egiaztapenak, ziurtatzeko lurzatiak onuradunak berak zuzenean lantzen dituela eta larreetan onuradunen izenean erroldatutako aziendek bazkatzen dutela.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleitutako lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean, abereentzako larreetarako erabiltzen ez bada behintzat.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten edota beren izenean erroldatutako abereentzako larreetarako erabiltzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

28. artikulua. Larraiozko Kontzejuak lehentasunezko esleipena egin ondoren zehaztuko du herritarren arteko zuzeneko esleipeneko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

29. artikulua. Esleipenaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Larraiozko Kontzejuak, lurzati bakoitzaren kategoria kontuan hartuta, ezarriko du aprobetxamendu mota horretako herrilurren onuradunek ordaindu beharreko kanona.

Ezarritako kanona urtero eguneratuko da nekazaritzako KPIaren igoera gehituz gehienez ere, ordenantza honetako 22. artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

31. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

Larreak lurzatien onuradunen izenean erroldatutako aziendek aprobetxatuko dituzte, lurzatia larreetarako erabiltzen denean soilik.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrentzako esleipena egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira, edota, bestela, Larraiozko Udalak erabakiko du esleitutako azalerak diru-sarreren arabera murriztea.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Taxoareko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako edo larreetarako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Larraiozko Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazaritzako KPIaren igoera gehituz, ordenantza honetako 22. eta 30. artikuluetan ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Larraiozko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

34. artikulua. Larraiozko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamar egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

35. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta Larraiozko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Familia unitateko kide bakoitzak kontzeju honetan eta beste batzuetan jabetzan dituen erregu kopuruari buruzkoa.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai kotzeju mugape honetan bai besteetan.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal mugape honetan bai besteetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Larraiozko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Larraiozko Kontzeju Irekiak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da hamar egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 19. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak esleituko dira.

Herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Larraiozko Kontzeju Irekiak onetsiko ditu.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako eta larreetarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

41. artikulua. Larraiozko Kontzejuko herrilurren azalera hartzen du.

Larraiozko Kontzejuko herri larreen aprobetxamendua herritarren arteko zuzeneko esleipena erabiliz gauzatuko da, eta horien barruan sartuko dira laborantzarako herri lurzatiak, larreetakoak izan ezik.

42. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Larraiozko Kontzejuaren baimena beharko du, edo, kasua bada, Txulapaingo Udalarena edo gai horri buruzko eskumenak dituzten bestelako erakunde autonomoena, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

43. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

44. artikulua. Esleipena 10 urterako izanen da.

45. artikulua. Soilik bazkatu ahalko du Kontzejuak baimendutako animalia kopuruak (AzLU).

46. artikulua. Larraiozko Kontzejuak herrilurren aprobetxamendu horietarako urteko kanona ezarriko du ustiapenaren hasieran.

47. artikulua. Larraiozko Kontzejuak onetsitako esleipen prezioa urtero berrikusiko da bizi-kostuaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera (Abeltzaintzako KPIa)

48. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, ekitaldi bakoitzaren hasieran.

49. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

50. artikulua. Prozedura. Kontzejuak erabakia hartu baino lehen, hamar eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste duten pertsonek larreen esleipena eska dezaten.

51. artikulua. Eskaerak jasota, Kontzejuak eskatzaileen egoera ekonomikoa baloratuko du -lehentasuna izanen dute egoera okerrenean dauden familia unitateek-, eta aprobetxamenduak behin-behinekoz esleituko ditu.

52. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua.

53. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie hala eskatzen duten familia unitateei, betiere haien titularrek ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Etxerako egurra aprobetxatzea eskatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izanen da Txulapaingo Udalean erroldatua egotea eta bizitokia Larraiozko Kontzejuan izatea egiazki.

54. artikulua. Larraiozko Kontzejuak urtero finkatuko du esleitu beharreko epaitzen bolumena, eskaeren eta mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

55. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

56. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

Herri bideak ez hondatze aldera, egur loteak Kontzejuak urtero finkatzen dituen egunetan atera beharko dira. Egun horiek urteko sasoi lehorrean izanen dira, nomalean ekainetik irailera bitartean.

VI. KAPITULUA

Herrilurren bestelako aprobetxamenduak

57. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

58. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Larraiozko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

59. artikulua. Larraiozko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute: haien gaineko kargak kentzea, herrilurra hobetzea, zuhaitzak landatzea eta/edo gizarterako proiektuak edo hirigintzako planeamenduaren arabera lurzoruaren erabileraren aldaketa dakartenak egitea.

60. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

61. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

62. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

63. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hilabete batez jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

64. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Larraiozko Kontzejuak finkatutako epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Kontzejuak esleitu gabe, herrilurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak etab.) Kontzejuaren baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Larreetan Larraizko Kontzejuak adierazitako abelburuak baino gehiago edo beste mota batekoak sartzea.

j) Hildako abereak bertan uztea.

k) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

l) Produktu naturalak biltzea horretarako txartelik izan gabe.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

65. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Gainera, l) arau-haustearen kasuan, bildutako produktuak konfiskatuko dira.

Herri ondasunetan eragindako kalteak (azpiegiturak, instalazioak, lokalak, basoak, larreak eta abar) udal zerbitzuek edo Larraiozko Kontzejuak kontrataturiko hirugarrenek konponduko dituzte. Konponketa horiei dagozkien gastuak kaltea eragin duenaren kontura izanen dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira herrilurretako aprobetxamenduak arautzeko Kontzejuaren arau guztiak, indarra badute honako honek indarra hartzean.

Iragarkiaren kodea: L1105232