68. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Entregatutako lehengaien hiruhileko zerrenda" 521 eredua onesten duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateari dagokiola fabrikazioko zerga berezien ordainarazpena, haiek Nafarroan sorrarazten direnean. Horrez gain, artikulu horrek ezartzen du Foru Komunitateari dagozkiola Nafarroan dauden establezimenduen kontrola eta baimen-araubidea.

Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarriak ezartzen du lurralde erkidean indarrean dauden arauak aplikatuko direla, Foru Komunitateak zerga bereziak aplikatzeko behar diren arauak eman arte.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak irailaren 19an emaniko 172/2000 Foru Aginduak, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi, eta haiek kudeatzeko arauak ezartzen dituenak, "Entregatutako lehengaien hiruhileko zerrenda" izeneko E-21 eredua onetsi zuen, besteak beste.

Uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 89.4 artikuluak (Zerga Berezien Erregelamendua aldatzen duen otsailaren 26ko 191/2010 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren 70. idatz-zatiak emandako idazketaren arabera) mantendu du, ardo alkohola fabrikatzeko lehengaiak diren produktuak biltegiratzen dutenentzat, aurreko hiruhilekoan destilaziorako edo errektifikaziorako fabrikei igorritako produktuen zerrenda aurkezteko beharra, kudeaketarako bulegoan, hiruhileko bakoitza bukatu eta hurrengo hogei egunetan. Zerrenda ereduaren araberakoa izanen da, eta bertan agertuko dira igorpenen eguna, jasotzailearen izena, industria, helbidea eta destinoko herria, zenbatekoa eta graduazioa. Halaber, ezartzen da zerrendan sartuko direla patsak, piketak eta ardogintzako gainerako hondakinak, haien destinoa edozein delarik ere.

Bestetik, zerrenda hori aurkeztetik salbuesten da negatiboa baldin bada. Bestalde, otsailaren 26ko 191/2010 Errege Dekretuak indargabetu du 62. artikulua, garagardo fabrikak hornitzen zituzten malta ekoizle eta hornitzaileei kudeaketarako bulegoari hiruhileko parte bat emateko betebeharra jartzen ziena.

Betiere, Zerga Berezien Erregelamenduaren 89.5 artikuluak ezarritako betebeharra mantentzen da, hau da, zerrenda hori aurkeztu behar dute edozein mota edo jatorritako azukre kristalizatuak edo isoglukosa fabrikatzen eta ekoizten dituztenek eta melazen biltegizainek, haien fabrika edo biltegietatik noranahi ateratzen diren melazari eta isoglukosari dagokienez.

Kontuan hartuta, gainera, informazio horiek aurkezteko betebeharra gauzatzeko egungo E-21 eredua ez datorrela bat zerga berezien kudeaketan erabiltzen diren gainerako ereduekin, formatu, numerazio eta jarduera eta produktu kodeen aldetik, beharrezkotzat jotzen da eredu berri bat onestea. Eredu horrek Zerga Berezien Erregelamenduak eskatzen dituen datuak izan behar ditu, eta egungo kudeadeta-dokumentuekin bat etorri behar du. 521 eredua, foru agindu honen bidez onesten dena, bide telematikoa erabiliz aurkeztu beharko da nahitaez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak uztailaren 3an emandako 132/2009 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Legearen 6. artikuluak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena ematen dio 521 eredua onesteko. Halaber, 13/200 Foru Lege horren zazpigarren xedapen gehigarriak baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arau dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliz.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 521 eredua onestea.

Onesten da 521 eredua, "Entregatutako lehengaien hiruhileko zerrenda". Derrigorrez aurkeztuko da bide telematikoak erabilita, interneten bidez, foru agindu honetan aurreikusitako baldintzekin eta prozedurarekin bat.

2. artikulua. 521 eredua aukeztera behartuta daudenak.

521 eredua aukeztera behartuta daude ardo alkohola fabrikatzeko lehengaiak biltegiratzen dituztenak, haien Nafarroako establezimenduei dagokienez. Patsak, piketak eta ardogintzako gainerako hondakinak ereduan sartuko dira, destinoa edozein delarik ere.

Halaber, 521 eredua aurkeztu behar dute edozein mota edo jatorritako azukre kristalizatuak edo isoglukosa fabrikatzen eta ekoizten dituztenek eta melazen biltegizainek, haien fabrika edo biltegietatik noranahi ateratzen diren melazari eta isoglukosari dagokienez.

Eredua aurkeztu behar da hiruhilekoan produktuen entregak edo igorpenak izan badira soilik.

3. artikulua. 521 eredua aurkezteko epea.

521 eredua aurkeztuko da hiruhileko natural bakoitza bukatu eta hurrengo hogei eguneko epean, bigarren eta laugarren hiruhilekoetan salbu, horietan abuztuaren 5 arte eta urtarrilaren 31 arte aurkeztu ahalko baitira, hurrenez hurren.

4. artikulua. 521 ereduaren internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.

1. 521 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak eta ziurtapen zerbitzuak ematen dituztenen zerrenda interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta kontsulta daiteke.

c) Aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezleak, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimendutako pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa, aurreko b) letran aipatzen dena, eduki beharko du.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

5. artikulua. 521 ereduaren internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko prozedura.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa egiteko, internet bidez, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bidali. Aitorpena bete ondoren, "bidali" aukera erabili, eta sistemak aitorpena baliozkotuko du.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera, E-21 ereduari dagokionez indargabetuta geratuko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak irailaren 19an emandako 172/2000 Foru Agindua. Hartan, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergei dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi ziren eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren eragiketei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2011ko martxoaren 15ean.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1104814