65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

9/2011 FORU LEGEA, martxoaren 24koa, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako.

FORU LEGEA, NAFARROAKO MERKATARITZA ETA INDUSTRIA GANBERA OFIZIALARI BURUZKO AZAROAREN 19KO 17/1998 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Inbertsioa sustatu eta enplegua sortzeko zerga, lan eta liberalizazio arloetako jarduketei buruzko abenduaren 3ko 13/2010 Errege Dekretu-Legeak kendu egin du ganberaren baliabide iraunkorra. Baliabide hori nahitaez eskatzen zitzaien enpresa guztiei, eta merkataritza eta industria ganbera ofizial guztiak finantzatzeko balio izan du. Hori deusetan galarazi gabe, arau horren lehenengo xedapen iragankorrak aldi baterako araubide berariazkoa ezarri du araubide komuneko merkataritza eta industria ganbera ofizialak egoera berriari egokitu ahal izateko, bakoitzak bere finantzabideak eguneratu eta aldatuz.

Aldi baterako araubide horrekin eta ganberek ezarrita duten likidazio prozedurarekin bat, 2009. urtean sorrarazi diren sozietateen gaineko zergaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota edo oinarriei dagokien zenbatekoa izanen da araubide komuneko ganberek 2011. urtean eskatuko duten ganberaren baliabidea. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotei dagokien ganberaren baliabideaz den bezainbatean, 2011. urtean, araubide komuneko ganbera horiek likidatu, likidatu eginen dute 2010. urtean sorrarazi den zerga horri dagokion ganberaren baliabidea, baina bakar-bakarrik sozietateen gaineko zergari lotutako entitatearen negozio bolumena aurreko ekitaldian hamar milioi eurokoa edo handiagoa izan baldin bada. 2012. urtean, araubide komuneko ganberek 2010. urtean sorrarazi den sozietateen gaineko zergari dagokion ganberaren baliabidea besterik ez dute eskatuko, baina bakar-bakarrik sozietateen gaineko zergari lotutako entitatearen negozio bolumena aurreko ekitaldian hamar milioi eurokoa edo handiagoa denean.

Ganberaren baliabidea tributu bat dela kontuan hartuta, eta horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateak horren gaineko eskumen esklusiboa duela, azpimarratu beharra dago Nafarroan ez dela aplikatzen araubide komunean ezarritako aldi baterako araubidea.

Bestalde, ganberaren baliabide iraunkorra likidatzeko prozedura beste modu batean betearazten denez, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, araubide komuneko ganberekin alderatuz, urtebeteko aldearekin jasotzen du baliabide hori, eta hori gertatu da baliabideak indarra hartu zuenetik. Gauzak horrela, 2010. urtean, araubide komuneko ganberek 2008. urtean sorrarazi ziren sozietateen gaineko zergari eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokien ganberaren baliabidea eskatu badute ere, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak 2009. urtean sorrarazitako zerga horiei dagokien baliabidea bildu du.

2011. urtetik aurrera baliabidearen subjektu pasiboaren kontzeptua aldatuko denez eta ganbera guztien finantza egoera parekatuko denez, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala bidegabeki baztertua izan ez dadin, beharrezkoa da Nafarroan aldi baterako araubide berezi bat ezartzea, zertarako eta, araubide komuneko ganberentzat lehen adierazitakoaren ildotik, 2011. urtean eskatu ahal izateko 2010. urtean sorrarazi ziren sozietateen gaineko zergaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota edo oinarriei dagokien ganberaren baliabidea, baita 2011. urtean sorrarazten den jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotei dagokien ganberaren baliabidea ere. Hori hala izanik ere, azkeneko kasu horretan baliabidea eskatuko da, bakar-bakarrik, jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako entitatearen negozio bolumena aurreko ekitaldian hamar milioi eurokoa edo handiagoa baldin bada. Azkenik, 2012. urtean, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, araubide komuneko ganberekin bat, eta lehen aipatutako denbora-aldea konpontzeko asmoz, 2011. urtean sorrarazten den sozietateen gaineko zergaren oinarriei dagokien ganberaren baliabidea eskatzen ahalko du, baina bakar-bakarrik zerga horri lotutako entitatearen negozio bolumena aurreko ekitaldian hamar milioi eurokoa edo handiagoa baldin bada.

Foru lege honen testuak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea aldatzen du, xedapen iragankor bat eransten baitio, lehen aipatutako irizpideetara egokitu ahal izateko.

Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 157. artikuluaren babesean, foru lege honen izaera kontuan harturik, Parlamentuko Osoko Bilkuraren aurrean irakurketa bakarreko prozedura bidez tramitatu da.

Artikulu bakarra. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea honela aldatuko da:

Bat. Honela idatzita agertuko da 8. artikulua:

"8. artikulua. Hautesleak.

Hauxek dira Merkataritza eta Industria Ganberaren hautesleak: Ganberaren baliabide iraunkorraren subjektu pasiboaren izaera dutenen artean aldez aurretik hautesleak izateko borondatea adierazten duten pertsona fisiko edo juridikoak, foru lege honetako laugarren xedapen iragankorrarekin bat".

Bi. Laugarren xedapen iragankor berri bat gehitzen da, testu hau duena:

"Laugarren xedapen iragankorra.-2011. eta 2012. urteetan Ganberaren baliabide iraunkorra eskatzea.

1. 2011. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak foru lege honetan ezarritako ganberaren baliabide iraunkorra eskatuko du, hain zuzen, 2010. urtean sorrarazi ziren sozietateen gaineko zergaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuotei edo oinarriei dagokiena.

2. 2011. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak urte horretan berean sorrarazitako jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotei dagokien ganberaren baliabide iraunkorra eskatu ahal izateko, baliabide horren subjektu pasibotzat hartuko dira 2011. urtean sorrarazitako jarduera ekonomikoen zergan edo lizentzia fiskalean subjektu pasibo izan direnak.

3. 2012. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak 2011. urtean sorrarazten den sozietateen gaineko zergaren oinarriei dagokien ganberaren baliabide iraunkorra eskatzearen ondorioetarako, baliabide horren subjektu pasibotzat hartuko dira zerga horri lotutako entitateak, baina bakar-bakarrik sorrarazpen horren aurre-aurreko ekitaldian haien negozio bolumena hamar milioi eurokoa edo handiagoa baldin bada."

Azken xedapenetan lehena.-Barne Araubideari buruzko Erregelamendua egokitzea.

Foru lege honek indarra hartu eta bederatzi hilabeteko epean, Merkataritza eta Industria Ganberak foru lege honetan xedatutakora egokituko du gaur egungo Barne Araubideari buruzko Erregelamendua. Erregelamendu hau Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko martxoaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1105597