65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

519/2011 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez jarraibideak onesten dira, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren (lehen Kultur Gutxiengoen Programa) barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasle funtzionarioen barne mugikortasuneko prozedura arautzeko.

Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak txosten bat egin du eta adierazi Entzumen eta Hizkuntzako eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko programetako irakasleen dotazioa aldatzeko beharra dagoela, Nafarroako eskualde desberdinetako ikastetxeek ikasturte bakoitzean dituzten beharren arabera. Hori horrela, beharrezkoa da prozedura bat ezartzea, eskualde bakoitzeko behin betiko irakasleek ikastetxe batean duten egonkortasuna eta eskualdearen barnean mugitzeko aukera bateragarri egin ahal izateko.

Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jarraibideak onestea, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren (lehen Kultur Gutxiengoen Programa) barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasle funtzionarioen barne mugikortasuneko prozedura arautzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Kultura-aniztasunaren Atalera, Berariazko Programen Bulegora eta Langileriaren Kudeaketarako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2011ko martxoaren 17an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Jarraibideak, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren (lehen Kultur Gutxiengoen Programa) barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasle funtzionarioen barne mugikortasuneko prozedura arautzeko

Lehena.-Mugikortasun orokorra lau urtean behin.

Lau ikasturtean behin, ikasturtea hasi baino lehen, nahitaezko ekitaldi publiko bat eginen da, zeinean destinoa eskualdean duten irakasle guztiek hautatu beharko dituzten eskualdeko ikastetxea edo ikastetxeak, lanpostu ibiltarien kasuan, betiere programa bakoitzeko irakasle espezialistak behar badituzte.

Bigarrena.-Urteko mugikortasuna.

1.-Nahitaezko ekitaldi publikoa egiten ez den urteetan, ikasturte bakoitza hasi baino lehen, ekitaldi publiko bat eginen da eta hauek parte hartu beharko dute:

-Destinoa eskualdean duten irakasleak, beren ikastetxean edo ikastetxeetan beharra osorik desagertu bada.

-Lekualdatze lehiaketen bidez eskualdean destino berria lortu duten irakasleak.

-Destinoa eskualdean izanik, eskualde horretan ikastetxea aldatzeko beren borondatez parte hartuko duten irakasleak.

2.-Ez daude ekitaldi publikoan parte hartzera behartuta kasu hauetako batean dauden irakasleak:

-Lanpostua ibiltari izatetik irakastordu guztiak izatera pasatzen denean zerbitzuak ematen dituen ikastetxeetako batean.

-Lanpostua ikastetxe bakar batekoa izatetik ibiltari izatera pasatzen denean.

-Lanpostu ibiltarian, zerbitzuak ematen dituen ikastetxeetako bateko irakastordu batzuk edo guztiak desagertzen direnean eta beste ikastetxe batean osa daitezkeenean.

3.-Ekitaldi horretan, behar berriak sortu zaizkien ikastetxeak edo ikastetxe multzoak eta/edo aldaketen ondorioz libre geratzen direnak eskainiko dira, bai eta beren borondatez parte hartzen duten irakasleek okupatutakoak ere.

4.-Urteko ekitaldi publikoaren aurretik eta zehazten den epean, destinoa beren borondatez aldatzea aukeratzen duten irakasleek eskabide baten bidez adierazi beharko diote Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, hurrengo ikasturtean ez dutela jarraitu nahi zerbitzuan aritu diren ikastetxean edo ikastetxeetan edo, beren lanpostuak aldaketak izanez gero, aritu beharko luketen tokian.

Hirugarrena.-Lehentasun hurrenkera.

Lanpostua hautatzeko, bi ekitaldi publikoetan, ezinbestekoa izanen da kasuan kasuko irakasle zerrendan egotea, eta honako irizpide hauei jarraikiz ezarriko da hautatzeko hurrenkera:

1. Behin betiko destinoa eskualdean, espezialitatean edo programan izanik duten atxikipeneko antzinatasuna; borondatezko eszedentziako denbora ez da zenbatuko.

2. Behin betiko destinoa, borondatezko eszedentziaren denbora zenbatu gabe, espezialitatean edo programan, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak banatzen diren eskualdeetako edozeinetan, izanik duten atxikipeneko antzinatasuna.

3. Maisu-maistren Kidegoko funtzionario gisa duten antzinatasuna. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriaren arabera kidegoan sarturiko langileen kasuan, Maisu-maistren Kidegoan karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatuta dutena gehituko zaio, lehenengo zerbitzu urtea kenduta.

4. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran lortutako puntuazio handiena.

Laugarrena.-Prozedura.

1.-Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren (lehen Kultur Gutxiengoen Programa) barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasleei lanpostuak esleitzeko ekitaldi publikoa Hezkuntza Departamentuko web orrian (www.educación.navarra.es) iragarriko da, garaiz.

2.-Aldez aurretik, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak aipatu web orrian argitaratuko ditu eskainiko lanpostuen zerrenda eta eskualde bakoitzean irakastordurik ez izateagatik lekuz aldatutako irakasleen zerrenda, eta hiru eguneko epea emanen da bigarren arauko 4. atalean aipatutako ekitaldi publikoan borondatez parte hartzeko eskabideak aurkezteko.

3.-Aurreko atalean aipatutako epea bukatutakoan, parte-hartzaileen zerrenda, hirugarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera ordenatua, eskainitako lanpostu hutsak eta lanpostuak hautatzeko ekitaldi publikoaren eguna argitaratuko dira.

4.-Deituta egon arren ekitaldi publikora agertzen ez diren irakasleei ofizioz emanen die destinoa Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak, ekitaldi publikoan hutsik gelditzen diren lanpostuetako batean.

5.-Prozedura honen aplikazioak ez du ekarriko behin betiko destinoko eskualdea aldatzeko aukera.

Bosgarrena.-Jarraibide hauen lehenengo atalean aipatzen den nahitaezko lehen mugitzea 2012-2013 ikasturtea hasi aurretik eginen da.

Iragarkiaren kodea: F1105143