65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

8/2011 FORU LEGEA, martxoaren 24koa, Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

HILTZEKO PROZESUAN PERTSONAREN DUINTASUNARI DAGOZKION ESKUBIDEEI ETA BERMEEI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Azken hamarkadetan, izugarrizko aldaketak izan dira gizartean, eta, hori dela-eta, bizi itxaropena handitzeaz gain, populazioa zahartu egin da. Horrek gaixotasun kronikoak eta itzulezinak areagotzea ekarri du, eta, medikuntzan nahiz hari lotutako beste zientzia batzuetan izandako aurrerabideen ondorioz, galdera eta erronka berriak sortzen dira hiltzeko prozesuen inguruan, bizi-funtzioak orain arte pentsaezinak ziren mugetaraino luzatzea ahalbidetzen baitute.

Osasun-laguntza erabat teknifikatuko testuinguru honetan, gero eta prozesu gehiagoren ezaugarri dira bizi-pronostiko laburra, gaixotasunaren sendaezintasuna, sufrimendu pertsonal, fisiko edo moral eta familiar handia; halatan, gizarte demokratiko batean, pertsonaren askatasuna, erlijio-sinesmenak eta borondatearen autonomia errespetatu beharra dago gaixotasunak dirauen bitartean eta, bete-betean, hiltzeko prozesuan.

Hortik heldu da duintasunez hiltzeko nahia ziurtatuko duten bermeak eta askatasunak legez arautzeko beharra, horrek berekin dakarren guztiarekin. Sufrimendu fisiko, psikiko edo espiritual txikienarekin hiltzea. Maite diren pertsonen ondoan hiltzea. Ongi informatuta hiltzea, hala nahi baldin bada, eta ez esperantza irreal baten gezur errukior faltsu batean. Jaso nahi ez diren tratamenduei uko egin ahal izanez hiltzea. Bizi-testamentu batean aldez aurretik adierazitako barru-barruko desiren arabera hiltzea. Intimitate pertsonal eta familiarrean hiltzea. Alegia, baliagarriak ez diren eta amaiera alferrik luzatu besterik egiten ez duten tratamenduak -asmo oneko profesionalek, sendatzen ez duten terapietan tematuek, emanak- jaso gabe hiltzea.

Ongi zainduta hiltzea, garaiz hiltzea, nahi izanez gero lo hiltzea. Bakean hiltzea. "Era naturalean" hiltzea, luzamendu artifizialik gabe, garaia heltzen denean.

Sufrimendua giza izaeraren parte da. Gaixoen bizitzaren amaierako sufrimenduak mina funtsezko osagarri du, nahiz eta ez den hori osagarri bakarra. Badira aldagai psikosozial batzuk sufrimenduaren esperientzia baldintzatzen dutenak. Interbentzio egokiak eginda, gutxitu egin daiteke sufrimenduaren intentsitatea, iraupena eta maiztasuna. Baina gaixoak eta bere familiak, gaixotasunean, nahitaez sufritzen dute. Eta heriotza, bizitzaren amaiera, prozesu gogorra da berez. Horregatik, foru lege honek helburutzat hartzen du, besteak beste, sufrimendua arintzea eskura dauden baliabide guztiekin. Legegilearen iritziz, ezin dugu sufrimenduaren ukatze erabatekoaren lagungarri izan, arriskua baitago nolabait uste izateko kontrola erabatekoa izan daitekeela, eta arrisku horri aurrea hartu behar zaio. Izan ere, ekidin behar da gaixoek, beren ahaideek, profesionalek eta gizarte osoak uste izatea sufrimendua, berez, erabat saihestu daitekeela.

Ordenamendu juridikoak heriotza duinaren ideala zehaztu eta babestu behar du. Giza eskubideak eta gizakien duintasuna biologiaren eta medikuntzaren aplikazioetatik babesteari buruzko Europako Kontseiluaren Itunak -Giza Eskubideei eta Biomedikuntzari buruzko Ituna, 1997ko apirilaren 4an Oviedon sinatua- 5. artikuluan ezartzen duenez, osasun arloko interbentzio bat egin ahal izateko, ezinbestekoa izanen da ukitutakoak aldez aurretik baimena libreki eta zalantzarik gabe ematea. Unescoren Konferentzia Nagusiak 2005eko urriaren 19an onetsitako Bioetikari eta Giza Eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsaleko 5. artikuluak ezartzen duenez, berriz, pertsonaren autonomia errespetatuko da, erabakiak hartzeko ahalmenari dagokionez.

Heriotza duinaren idealari buruz adostasuna duen funtsezko beste edukietako bat da gaixoek eskubidea dutela kalitatezko zainketa aringarri integralak jasotzeko. Hala ezarri zuen Europako Kontseiluaren Parlamentu-biltzarraren 1418/1999 Gomendioak, "Gaixo terminalen eta hil-hurren daudenen giza eskubideen eta duintasunaren babesari buruzkoak". Organo horren beraren Zainketa aringarriak antolatzeari buruzko 24/2003 Gomendioak, berriz, zainketa aringarriei buruzko esparru koherente bat ezartzeko lege-neurriak hartzeko gomendatzen du. Helburua da jada ezarrita dagoen ideia oinarrizko eskubidearen mailara eramatea.

Aitzitik, ez dago adostasun ez etikorik ez juridikorik sufritzen duen gaixoak bizitza amaiarazte aldera hirugarren pertsonen laguntza eskatzeari dagokionez. Egoera hori "eutanasia" terminoarekin dago lotuta. Etimologiari erreparatuta, "heriotza ona" esan nahi du, baina delitu gisa dago tipifikatuta Zigor Kodean.

Foru lege honek tratamenduari uko egitea, biziari eusteko neurriak mugatzea eta sedazio aringarria arautzen ditu. Horiek, ordea, ez dira eutanasia-ekintza gisa kalifikatu behar, ez dutelako heriotza berariaz bilatzen, ezpada sufrimendua arintzea edo ekiditea, gaixoaren autonomia errespetatzea eta bizitzaren amaierako prozesua leuntzea.

Hitz hori, hala ere, esanahi ugariz eta gehigarri emozionalez zamatu da; era horretan, zehaztugabea bihurtu da, eta foru lege honetan definizio zehatza behar du. Horrela, eutanasia hitzaren esanahia mugatu nahian, gaur egun joera gero eta handiagoa dago eutanasiatzat honako hauek bakarrik hartzeko: a) gaixoen heriotza modu zuzenean eta nahita eragitea, kausa-ondorio erlazio bakar eta arartegabeko baten bidez; b) gaixoak espresuki eskatuta eragitea heriotza, gaixoak eskaera hori denboran zehar behin eta berriz egin badu eta, gaitasuna izan duen garaian, informatuta egin badu eskaera hori; c) sendaezina den gaixotasun baten ondoriozko sufrimendu-egoera batean eragiten den heriotza, gaixoak egoera hori onartezina dela jotzen badu eta sufrimendua arintzeko modurik izan ez denean, zainketa aringarrien bidez, esate baterako; eta d) profesional sanitarioek eragindako heriotzak, profesionalok gaixoak ezagutzen dituztenean eta haiekin harreman kliniko esanguratsua dutenean eragindakoak hain zuzen. Foru lege honek ez du eutanasiaren araubiderik jasotzen.

Funtsezko beste eduki bat da aurretiazko borondateen adierazpen-agiria edo bizi-testamentua egiteko eskubidea, zeinetan jasota utziko baita zer tratamendu jaso nahi den baldin eta nork bere erabakiak hartzeko modurik ez badu.

Hori izanen litzateke pertsonaren borondatearen autonomia printzipioaren ikuspuntutik erabakitzeko bi tresnetarik bat, legez araututa. Bestea informazio klinikoari, baimen informatuari eta erabakiak hartzeari buruzko eskubidea da. Aurretiazko borondateen adierazpen-agiria, izatez, horren zuzenketa bat baizik ez da.

Aurretiazko borondateen adierazpen-agiria betetzerakoan herritarren irisgarritasuna areagotzea eta osasun arloko profesionalena hobetzea aurreikusten da.

Bizi-testamentuak ordezkari bat izendatzera mugatu ohi dira, inolako jarraibiderik edo egoera klinikorik ezarri gabe; hori dela eta, foru lege honen bidez bizi-testamentuen egitekoa osatu nahi izan da, bai eta ordezkari horrek, unea iritsiz gero, eta ezgaitasun kasuetan bakarrik, kontuan izan ahal dituen interpretazio-irizpideak ere, halako moduz non beti jardunen duen ordezkatutako pertsonaren onurarik handiena bilatu nahian eta haren duintasun pertsonalarekiko errespeturik handienarekin.

Hiltzeko prozesuko duintasun osoa egiaz ziurtatze aldera, foru lege honek, ataka horretan pertsonei dagozkien eskubideak ezarri eta garatzeaz gain, pertsonak hiltzeko prozesuan artatzen dituzten osasun arloko langileen betebeharrak ezartzen ditu, eta zenbait betebehar ezartzen dizkie erakunde publiko nahiz pribatuei, pertsonen eskubideak ziurtatzea helburu; hartara, historia klinikoan jasota ageriko dira prozesu terminalari buruzko informazioa eta gaixoaren lehentasunak erabakiak hartzerakoan.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 48. eta 53. artikuluek arautzen dute Nafarroako Foru Komunitatearen arlo horretako legegintza-ekimena.

Halatan, osasunaren babeserako eskubidea 1978ko Konstituzioko 43. artikuluan dago jasota. Konstituzio-eskubide hori, berriz, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak garatu zuen.

Estatuko legedian ez ezik, osasunari buruzko foru legeetan ere jasota daude foru lege honek arautu nahi dituen osasun arloko eskubideak. Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 3. artikuluan jasota ageri dira, herritarren eskubideen artean, herritarren nortasuna, giza duintasuna eta intimitatea inongo diskriminaziorik gabe errespetatua izatearekin zerikusia dutenak.

Foru lege honek bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen eskubideak arautu eta garatu nahi ditu, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen espirituan eta araudian sakonduta, bereziki horren 54. artikuluari dagokionez.

Badago oinarrizko adostasun etiko eta juridikoa heriotza onaren idealaren eduki eta eskubideetako batzuen gainean: zainketa aringarri integralak eta kalitatezkoak jasotzeko eskubidea, biziari eusteko neurriak ez hastekoa edo kentzekoa baldin eta bizitza biologiko hutsari artifizialki eusteko baizik ez badute balio, eta pertsonaren autonomia errespetatzekoa hiltzeko prozesuan. Foru lege honek, hartara, eskubide horiek ziurtatzeko oinarrizko tresnak zehaztu nahi ditu, eta, horretarako baliatzen ditu informazio klinikoa, baimen informatua, erabaki-hartzea (pertsona gai denean) eta aurretiazko borondateen adierazpen-agiria (pertsona gai ez denean). Lege honetako artikuluek hori guztia jorratzen dute.

Horrenbestez, foru lege honek harreman klinikoaren erdigunean jartzen du pertsona, pertsona baita eskubideen titularra eta bere prozesua gidatu behar duena, laguntza-langileekin batera hausnartuta. Profesionalek ezin dute informazioa baliatu eta ez dute informazioa baliatu behar pertsona alde batera utzita, ez eta hura kontuan hartu gabe erabakiak hartu ere.

Ondoko artikuluen bidez orobat jaso nahi dira profesionalen eginbeharrak eskubide horiek baliagarri bihurtze aldera, besteak beste informazioa eta dokumentazio klinikoa emateko beharra eta nork bere borondatez libreki hartutako erabakiekiko errespetua.

Hori guztia, finean, pertsonen erabaki-autodeterminaziorako eta informazio-autodeterminaziorako eskubideak ezartzeko harreman klinikoaren esparruan.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea

Foru lege honen xedea da honakoak arautzea: pertsonaren eskubideen erabilera hiltzeko prozesuan, gaixo horiek artatzen dituzten osasun arloko langileen betebeharrak, eta prozesu horri dagokionez erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek eman beharreko bermeak.

2. artikulua. Helburuak.

Hona foru lege honen helburuak:

a) Pertsonaren duintasuna zaintzea hiltzeko prozesuan.

b) Pertsonaren autonomia eta haren borondatearekiko errespetua ziurtatzea hiltzeko prozesuan, aurretiazko borondateen adierazpen-agirian aldez aurretik adierazitakoarekikoa barne, betiere gaixoaren autonomia arautzen duen azaroaren 14ko 41/2002 Legean ezarritako mugen barruan.

c) Arautzea pertsonak hiltzeko prozesuan dituen eskubideak, gaixo horiek artatzen dituzten osasun arloko langileen betebeharrak eta prozesu horri dagokionez erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek gaixoei zein profesionalei eman beharreko bermeak.

3. artikulua. Norainokoa eta aplikazio eremua.

Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko zaie hiltzeko prozesuan dauden pertsona guztiei edo prozesu horrekin lotutako erabakiak hartzen dituztenei, bai eta horien laguntza sanitarioan nahiz soziosanitarioan inplikatutako langileei eta Foru Komunitatean zerbitzu ematen duten zentro publiko nahiz pribatu guztiei ere, zentrook zerbitzua zuzenean nahiz etxean eman.

4. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Hona foru lege honen oinarrizko printzipioak:

a) Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasun osoarekiko errespetua ziurtatzea.

b) Pertsonaren askatasunaren, autonomiaren eta borondatearen sustapena, haren desirekin, lehentasunekin edo balioekin bat, bai eta haren intimitatea eta konfidentzialtasuna gordetzea ere.

c) Tratamendu bat pertsonaren borondatez ukatzeak edo eteteak laguntza soziosanitario integrala eta hiltzeko prozesuan pertsonak duintasun osoa izateko duen eskubidea kaltetuko ez diren bermea.

d) Pertsona guztiek zainketa aringarri integralak eta hiltzeko prozesuan minaren eta bestelako sintoma batzuei aurre egiteko tratamendu egokia jasotzeko eskubidearen bermea.

e) Egiazko berdintasuna eta diskriminazio eza hiltzeko prozesuan gizarte nahiz osasun arloko zerbitzuak jasotzerakoan.

5. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, horrela ulertuko dira hurrengoak:

a) Bizi kalitatea: bizi-baldintza objektiboekiko norbanakoaren gogobetetasuna, norberaren balioak eta sinesmenak oinarri.

b) Baimen informatua: Gaixoaren autonomia eta informazio nahiz agiri klinikoen alorreko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legeko 3. artikuluan ezarritakoarekin bat, "gaixo baten adostasun libre, borondatezko eta kontzientea, informazio egokia jaso eta ulertu ondotik bere ahalmenak osotara baliatuta adierazia, bere osasunari eragiten dion jarduketa bat egin dadin".

c) Zainketa aringarriak: osasun arloko interbentzioen multzo koordinatua, gaixoen eta haien ahaideen bizi kalitatea hobetzera zuzendua, ikuspuntu integral batetik; horien bidez, gaixotasun edo egoera terminal baten ondoriozko arazoei aurre egiten zaie, prebentzioaren eta oinazearen arintzearen bidez, bai eta minaren eta beste sintoma fisiko, psikosozial eta espiritual batzuen identifikazio, balorazio eta tratamenduaren bidez ere.

d) Aurretiazko borondateen adierazpen-agiria: Biziaren gaineko aurretiazko borondateak egiteko eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzeko eskubideei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 54. artikuluan ezartzen denez, sendagile arduradunari zuzendutako agiri bat da, non pertsona adindun batek edo foru lege honi jarraituz gaitasuna aitortzen zaion adingabeko batek bere aurretiazko nahiak adierazten baititu, balizko jarduketa medikoei buruz, zenbait baldintzaren ondorioz pertsonalki haiek adierazi ezin dituen egoeran kontuan hartu beharrekoak; adierazpen hori baimen informatuaren bitartez eginen da, eta sendagile arduradunak eta egoera horretan hari laguntza ematen dion talde medikoak kontuan hartu beharrekoa izanen da.

e) Osasunaren alorreko interbentzioa: azaroaren 14ko 41/2002 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, helburu prebentibo, diagnostiko, terapeutiko, errehabilitaziozko edo ikerketazkoekin eginiko jarduera oro da.

f) Ahalegin terapeutikoa mugatzea: biziari eusteko neurri bat kentzea edo ez hartzea, gaixoa tratatzen ari diren osasun arloko profesionalek uste dutelako haren pronostiko txarraren ondorioz, etorkizuneko bizi kantitateari eta kalitateari dagokionez, erabat hutsala dela, eta soilik balio duela hobetzeko arrazoizko aukerarik ez duen egoera klinikoa denboran luzatzeko.

g) Biziari eusteko neurria: pertsonaren bizi-konstanteak mantentzera bideraturiko osasun arloko interbentzioa, kontuan hartu gabe interbentzio horrek eragin terapeutikoa duen edo ez pertsonaren bizitza arriskuan jartzen duen oinarrizko gaixotasun edo prozesu biologikoarengan.

h) Mediku arduraduna: azaroaren 14ko 41/2002 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, mediku arduraduna da "gaixoari edo erabiltzaileari buruzko informazioa eta haren osasun arloko laguntza koordinatzeko ardura duen profesionala. Bera izanen da solaskide nagusia gaixoaren arretari eta informazioari dagokionez laguntza-prozesu osoan, ezertan galarazi gabe laguntza-jardueretan parte hartzen duten beste profesional batzuen betebeharrak."

i) Setatze terapeutikoa: hiltzeko prozesuan dagoen pertsona bati erabilgarritasun klinikorik ez duten neurriak aplikatzen hastea edo jarraitzea; neurri horiek gaixoaren bizi kalitatea okertu dezakete, eta haren bizitza biologikoa luzatzeko besterik ez dute balio, hobera egiteko edo sendatzeko aukera errealik gabe; hori dela eta, neurri horiek mugatu egin daitezke.

j) Hiltzeko prozesuan dauden pertsonak: gaixotasun sendaezina eta itzulezina duten pertsonak, egoera terminalean edo hilzorian daudenak.

k) Ordezkaria: pertsona adinduna eta gaitasuna duena, eta beste baten ordezkari gisa baimena ematen duena, horretarako izendatua izan ondoren aurretiazko borondateen adierazpen baten bidez, edo, halakorik izan ezean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenei jarraikiz.

l) Sintoma immunea: tratamendu egokiari erantzuten ez diona eta, kontrolatu ahal izateko, gaixoaren konortea murriztea eskatzen duena.

m) Hilzorian egotea: heriotzaren aurreko fase graduala, ondoko adierazpen klinikoak dituena: hondatze fisiko larria, erabateko ahuldadea, kognizio- eta konorte arazoak, harremanak izateko eta jateko zailtasunak eta, azkenik, egun batzuetako bizi-itxaropena.

n) Izatezko ezgaitasun egoera: pertsonek, de facto, beren bizitza modu autonomoan gobernatzeko behar adina entendimendu eta borondatea falta duten egoera.

ñ) Egoera terminala: gaixotasun aurreratu, etengabeko, sendaezin eta itzulezin bat edukitzea, berariazko tratamenduari erantzuteko arrazoizko aukerarik gabe, bizi-pronostiko mugatuarekin eta sintoma bizi eta aldakorrekin; eta gaixotasun horrek eragin emozional handia izatea gaixoengan eta ahaideengan, eta, azkenean, eragin horren ondorioz, osasun arloko profesionalek askotan berariaz esku hartu behar izatea.

o) Sedazioa hilzorian: sedazio aringarria, hilzorian dagoen gaixo baten sufrimendu fisiko, psikologiko edo espiritual bizia arintzeko behar den graduan, aurretiazko baimenarekin, hain zuzen ere foru lege honetako 8. artikuluan ezarritako moduan, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean ezarritakoa ezertan kendu gabe.

p) Sedazio aringarria: botikak ematea, behar diren dosi eta konbinazioen arabera, gaixo baten kontzientzia gutxitzeko hiltzeko prozesuan, sintoma immune bat edo gehiago egoki arintze aldera, aurretiaz baimena eman ondoren, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean ezarritako moduan.

q) Bizi-testamentua: aurretiazko borondateen adierazpenaren sinonimo bat da.

r) Bizi-balioak: pertsona baten bizi-proiektuari zentzua ematen dioten balioen eta sinesmenen multzoa, pertsona horren erabakiak eta lehentasunak oinarritzen dituena gaixo eta hiltzeko prozesuan dagoenean.

II. TITULUA

Pertsonen eskubideak hiltzeko prozesuan

6. artikulua. Informazio klinikorako eskubidea.

Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoa ezertan kendu gabe, informazio klinikorako eskubidearen titularra hiltzeko prozesuan dagoen pertsona da. Informazioa emanen zaie, halaber, harekin arrazoi familiarrengatik edo izatezko arrazoiengatik lotutako pertsonei, gaixoak horretarako baimena ematen badu, betiere 10. artikuluan ezarritakoa ezertan ere kendu gabe.

7. artikulua. Erabakiak hartzeko eta informazioan oinarrituriko baimena.

Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 49. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

8. artikulua. Interbentzio bat errefusatzeko eta erretiratzeko eskubidea.

1. Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 26. eta 53. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Sinatu ahal ez badu, haren ordez beste pertsona batek sinatuko du, zeina lekukoa izanen baita aurrez eskatuta, eta lekuko haren identifikazioa jasota geratuko da, bai eta baimen informatua atzera botatzen duen pertsonak ezin sinatzeko arrazoia ere. Hori guztia idatziz jaso beharko da historia klinikoan.

3. Nolanahi ere, osasun agintariek, osasun administrazioak eta profesional medikoek uneoro zainduko dute gaixo guztiek, beren inguruabarrak gorabehera, beren duintasunaren araberako gutxieneko zainketak jaso ditzaten, lex artis delakoari jarraituz.

9. artikulua. Aurretiazko borondateen adierazpena egiteko eskubidea.

1. Pertsona orok eskubidea du aurretiazko borondateen adierazpena egiteko, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetan.

2. Behin aurretiazko borondateen adierazpena egin ondoren, hori historia klinikoan -ospitalekoan nahiz pertsonaren oinarrizko osasun laguntzakoan- jasoko da, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

3. Halaber, Nafarroako Aurretiazko Borondateen Erregistroan jasotako aurretiazko borondateen adierazpena aurretiazko jarraibideen erregistro nazionalean sartuko da, 1214/2007 Errege Dekretuan ezarritako moduan.

10. artikulua. Aurretiazko borondateen adierazpenean izendatutako ordezkaria.

1. Aurretiazko borondateen adierazpenean ordezkari bat izendatzen denean, ordezkari horrek beti jardunen du ordezkatzen duen pertsonarentzat onurarik eta errespeturik handiena bilatzeko moduan. Nolanahi ere, zainduko du adierazpenean jasotako egoera klinikoetan, ordezkatuak ezarritako jarraibideak betetzen direla.

2. Agirian berariaz jaso gabeko egoera klinikoei buruzko erabakietan, ordezkariak kontuan hartuko ditu bai adierazpenean jasotako bizi-balioak edo -aukerak, bai ustez kasuko pertsonak izanen zukeen borondatea, baldin eta une horretan gaitasuna izan bazuen.

3. Interesdunak ordezkariaren eginkizunak mugatu edo zabaldu ahalko ditu, eta ordezkariak haiek bete egin beharko ditu.

11. artikulua. Ezgaitasun egoeretan dauden pertsonek informaziorako, erabakiak hartzeko eta informazioan oinarrituriko baimenerako duten eskubidea.

1. Aurreko 6. eta 7. artikuluen esparruan, laguntza emateaz arduratzen den sendagilearen iritziz pertsona bat, izatez, ezgaitasun egoera batean dagoenean, bai informazioa jasotzea bai informazioan oinarrituriko baimena ematea honako pertsona hauen bitartez gauzatuko dira, hemen ezartzen den hurrenkeran: aurretiazko borondateen adierazpen-agirian xede horretarako izendatutako pertsona, ezkontideak edo hari afektibotasun-harreman batez loturiko pertsona, maila hurbileneko ahaideek eta gradu beraren barrenean zaharrena edo, azken kasuan, agintari judizialek erabakitzen dutena.

2. Judizialki ezgaitutako pertsonen kasuan, ezgaitzeari buruzko epaian ezarritakoari begiratuko zaio, salbu eta hartan berariazko inongo debeku edo mugarik ez dagoenean informazioa jasotzeari buruz edo informazioan oinarrituriko baimena emateari buruz; izan ere, egoera horretan, sendagile arduradunak baloratuko du izatez pertsona horiek zer gaitasun duten, 20. artikuluan ezarritako moduan.

3. Ezgaitasun egoera ez da oztopoa izanen artatutako pertsonei informazioa emateko edo erabakiak hartzeko prozesuan parte har dezaten, daukaten bereizmen graduaren arabera egokia den moduan.

4. Ezgaitasun egoeran dauden pertsonek beren eskubideez baliatu ahal izateko, beti haien onurarik handiena eta haien duintasunarekiko errespetua bilatuko dira. Gaixoaren borondatea interpretatzeko kontuan hartuko dira bai haren nahiak, aurretiaz adierazitakoak, bai orain gaitasun egoeran egonen balitz ustez adieraziko lituzkeenak ere.

12. artikulua. Adingabeen eskubideak.

Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean ezarritakoa ezertan kendu gabe, adingabe emantzipatuek edo hamasei urte bete dituztenek beren kabuz emanen dute baimena, baina, kasua denean, haien gurasoei edo legezko ordezkariei informazioa emanen zaie eta haien iritzia kontuan hartuko da amaieran erabaki bat hartzeko. Gatazkarik izanez gero, adingabearen iritziari emanen zaio lehentasuna, azaroaren 14ko 41/2002 Legeko 9.3.c) artikuluan ezarritakoari jarraituz. Halaber, adingabe emantzipatuek edo hamasei urte beterik dituztenek eskubidea izanen dute informazioan oinarrituriko baimena ezeztatzeko eta osasun arloko profesionalek proposaturiko interbentzioa errefusatzeko, foru lege honetako 8. artikuluan aurreikusitako moduan.

13. artikulua. Pertsonek zainketa aringarri integralak jasotzeko eta haiek hartzeko helbidea hautatzeko daukaten eskubidea.

1. Egoera terminalean edo hilzorian dauden pertsona guztiek eskubidea dute kalitatezko zainketa aringarri integralak jasotzeko.

2. Kontraindikatuta ez dagoenean, hiltzeko prozesuan dauden pertsonek eskubidea dute behar dituzten zainketa aringarriak eman diezazkieten Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean izendatzen duten helbidean, beren premia kliniko eta sozialetarako eta helbidearen ezaugarrietarako egokiak diren baldintzetan.

14. artikulua. Pertsonek sufrimendua (mina eta bestelako sintomak) arintzeko duten eskubidea.

Pertsonek eskubidea dute laguntza egokia hartzeko, min fisikoari aurrea hartzeko eta hura arintzeko, horren barne sedazioa dela, baldin eta sintoma berariazko tratamenduaren eragina baldin bada.

15. artikulua. Intimitate pertsonal eta familiarrerako eta konfidentzialtasunerako eskubidea.

Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean ezarritakoa ezertan kendu gabe, hiltzeko prozesuaren aurrean, gaixoek eskubidea dute beren intimitate pertsonala eta familiarra zain dakien eta osasun laguntzarekin loturiko datu guztiak babestuta edukitzeko.

III. TITULUA

Hiltzeko prozesuan dauden gaixoei laguntza
ematen dieten profesionalak

16. artikulua. Informazio klinikoaren inguruko betebeharrak.

Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 76.2 eta 76.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17. artikulua. Erabaki klinikoak hartzearen inguruko betebeharrak.

1. Sendagile arduradunak, pertsona batentzako hiltzeko prozesuan osasun arloko interbentzio bat proposatu aurretik, segurtatu beharko du interbentzio hori klinikoki indikatua dela, eta horri buruzko bere ebazpen klinikoa egin beharko du, honakoetan oinarrituta: eskueran dagoen ebidentzia zientifikoan, daukan esperientzian eta ukituta dagoen pertsonaren egoera klinikoan, larritasunean eta pronostikoan. Ebazpen profesional horren ondorioa baldin bada osasun arloko interbentzio bat dela indikatuta dagoena, interesdunaren baimen libre eta borondatezkoa eskatuko da; izan ere, kasuko pertsonak aukera izanen du proposatutako interbentzioa onartzeko, eskaintzen zaizkion aukera klinikoen artean libreki hautatzeko edo interbentzio horri ezezkoa emateko, profesionalaren eta gaixoaren arteko komunikazio egokiko prozesu batean, hain zuzen ere foru lege honetan eta azaroaren 14ko 41/2002 Legean ezarritako moduan.

2. Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean ezarritakoa ezertan kendu gabe, laguntzan inplikaturik dauden osasun arloko profesional guztiek pertsonen balioak, sinesmenak eta lehentasunak errespetatu beharko dituzte erabaki klinikoak hartzerakoan, lege honetan eta azaroaren 14ko 41/2002 Legean ezarritako moduan. Nolanahi ere, ez dituzte inposatuko beren sinesmen eta konbikzio pertsonal, erlijioso edo filosofikoetan oinarrituriko jarduera-irizpideak.

18. artikulua. Aurretiazko borondateen adierazpena dela-eta bete beharrekoak.

1. Osasun arloko profesional guztiek, harreman klinikoaren uneren batean, informazioa eman beharko dute aurretiazko borondateen adierazpena egiteko eskubideari buruz.

2. Gaixoei hiltzeko prozesuan laguntza ematen dieten osasun arloko profesionalek nahitaez galdetu behar diete ea aurretiazko borondateen adierazpena egina duten, eta, baiezkoan, hura kontsultatuko dute.

3. Artatutako pertsona izatezko ezgaitasun egoeran baldin badago, profesionalak nahitaez zuzenean kontsultatuko du aurretiazko borondateen adierazpena.

4. Osasun arloko profesionalek aurretiazko borondateen adierazpenean jasotako balio eta jarraibideak errespetatu beharko dituzte, foru lege honetan eta azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean eta haiek garatzeko arauetan ezarritako moduan.

19. artikulua. Izatezko ezgaitasun-egoeran egon daitezkeen pertsonekiko betebeharrak.

1. Sendagile arduraduna izan beharko da baloratuko duena ea artatutako pertsona izatezko ezgaitasun egoeran dagoen, eta egoera horrek bere kabuz erabakiak hartzea eragozten ote dion. Balorazio hori behar den bezala jaso beharko da historia klinikoan. Izatezko ezgaitasun egoera bat ezartzeko, klinikoki komenigarritzat jotzen diren faktoreak ebaluatuko dira; honakoak, besteak beste:

a) Ematen zaion informazioa ulertzeko zailtasunik ote duen.

b) Erabakiak hartzeko prozesuan informazio hori modu okerrean barneratzen ote duen.

c) Erabakiak hartzeko prozesuan informazioa modu logikoan erabiltzen ote duen.

d) Egon litezkeen aukeren balizko ondorioak atzematerakoan huts egiten ote duen.

e) Amaieran erabaki bat hartzea edo hura komunikatzea lortzen ote duen.

2. Irizpide horiek baloratzeko, gaixoei arreta ematen zuzenean inplikaturiko beste profesional batzuen iritzia eskatu beharko da. Halaber, ahaideei eta maite diren pertsonei kontsultatu ahalko zaie, ahal den informaziorik onena lortzeko.

3. Behin izatezko ezgaitasun egoera dagoela ezarrita, sendagile arduradunak historia klinikoan jaso beharko ditu pertsona ezgaituaren ordez jardun behar duen pertsonaren datuak, betiere foru lege honetako 10. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

20. artikulua. Ahalegin terapeutikoa mugatzearekin lotutako betebeharrak.

1. Gaixo bakoitzaren ardura duen sendagileak, praktika kliniko egokiaz baliatuta, egoera klinikoak hala eskatzen badu, ahalegin terapeutikoa mugatuko du eta saihestuko du setatze terapeutikoa. Mugatzearen justifikazio hori gaixoaren historia klinikoan jasoko da.

2. Mugatze horrek eskatuko du, gaixoa zaintzeko ardura duen erizainaren irizpide profesionala entzun ondoren, gutxienez ere gaixoari osasun arreta ematen parte hartzen ari diren osasun arloko beste bi profesional erabaki berekoak izatea. Profesional horien identitatea eta haien iritzia historia klinikoan jasoko da.

3. Edonola ere, sendagile arduradunak eta gaixoak artatzen dituzten gainontzeko osasun arloko langileek haren zainketa eta erosotasun egokiak bermatzeko behar diren osasun arloko interbentzio guztiak eskaini beharko dizkiote.

IV. TITULUA

Zentro eta erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek
emanen dituzten bermeak

21. artikulua. Artatutako pertsonen eskubideak bermatzea.

1. Nafarroako administrazio publikoek eta 3. artikuluan jasotako erakundeek bermatu beharko dute foru lege honetako I. tituluan ezarritako eskubideak betetzen direla.

2. Pertsonei zuzeneko arreta emateko ardura duten erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek behar diren bitartekoak jarri beharko dituzte pertsona horien eskubideak ez daitezen inoiz ere murrizturik egon, ezta profesionalak ezezkoa ematen duenean edo falta denean edo beste edozein arrazoi dagoenean ere.

22. artikulua. Gaixoei laguntzea.

1. Osasun arloko zentro eta erakundeek uneoro bideratuko dute eta bermatuko dute ahaideen laguntza hiltzeko prozesuan, eta laguntza hori koordinatuko dute gaixoari kalitatezko laguntza eskaintzeko behar diren laguntza-neurriekin, bereziki bizitzaren amaierako fasean.

2. Artatutako pertsonek, haien ordezkariek edo haien ahaide eta hurbilekoek eskatuta, osasun zentro eta erakundeek, haien konbikzio eta sinesmenen arabera laguntza espirituala eman dezaketenen sarbidea erraztuko dute, eta begiratuko dute pertsona horiek, nolanahi ere, ez dituztela oztopatzen osasun taldearen jarduketak.

23. artikulua. Gaixoak artatzeko laguntza.

1. Zentro eta erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek egoera terminalean dauden gaixoei laguntza profesional egokia ziurtatuko diete, zainketa aringarrietan haiei laguntza integrala, banakatua eta jarraitua emate aldera, bai gaixoaren etxean, bai osasun zentroan. Horretarako, behar diren tresnak ezarriko dituzte laguntzaren jarraitutasuna eta bestelako baliabideekiko koordinazioa ziurtatze aldera.

2. Laguntza profesional honek honakoak hartuko ditu bere baitan: egoera terminalean dauden gaixoen identifikazioa; haien premien balorazio integrala eta zainketetarako plan baten ezarpena; sintoma fisiko eta psikikoen balorazioa eta kontrola; minaren eta gainerako sintomen tratamendu farmakologikoaren eta ez farmakologikoaren indikazioa; gaixoarentzako informazioa eta laguntza prozesuaren fase desberdinetan eta erabakiak hartzerakoan; eta gaixoarekin zerikusia duten pertsonentzako informazioa, aholku sanitarioa, aholkularitza eta laguntza. Beharrezkoa den egoeretan, eta batez ere kasu zailetan, osasun-laguntzako edo/eta laguntza sozialeko nahiz zerbitzu espezializatuetako egituren bitartezko arreta erraztuko da, bai kontsultetan, bai gaixoaren etxean edo gaixoa ospitaleratuz, kasua bada.

24. artikulua. Familiari eta zaintzaileei laguntza ematea.

1. Zentro eta erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek bermatuko dute bai gaixoaren etxean, bai zentro sozio-sanitarioetan, hiltzeko prozesuan dagoen gaixoaren pertsona zaintzaileei eta familiei babes eta laguntza ematea, haren laguntza eta zainketak errazteko, eta konfiantzazko giroa erraztuko du, emozioak intimitate giroan adierazi ahal izan dezan eta familiak amore eman dezan ekiditeko.

2. Zentro eta erakunde sanitarioek eta soziosanitarioek laguntza integrala bermatuko du ahaideen eta zaintzaileen doluan, eta neurriak sustatuko dituzte lagun maitearen heriotza onartzeko eta dolu zailak ekiditeko.

25. artikulua. Aholku espezializatua zainketa aringarriei eta aurretiazko borondateei buruz.

1. Hiltzeko prozesuan dagoen pertsonari bere osasun egoerari buruzko eta bere prozesuan zehar jasoko dituen zainketa aringarriei buruzko informazioa bermatuko zaio, betiere bere premien eta lehentasunen arabera.

2. Herritarrari bermatuko zaio, eskatzen duen laguntza mailan, garrantzizko informazio klinikoa izatea, nahi baldin badu bere iritziak eta jarraibideak adierazi ahal ditzan aurretiazko borondateen bitartez.

26. artikulua. Hiltzeko prozesuan dauden pertsonek banakako gelan egotea.

Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 26.6 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

27. artikulua. Osasun laguntzaren etika batzordeak

1. Osasun zentro edo erakunde guztiek sarbidea edo, kasua bada, lotura izanen dute osasun laguntzaren etika batzorde batekin. Batzorde horrek aholkua emateko eginkizunak izanen ditu gatazka etikoak planteatzen diren erabaki klinikoen kasuan.

2. Komiteek aztertu, aholku eman eta erraztu ahalko dute erabaki klinikoa hartzeko prozesua, aukera edo konponbide etikoak proposatuz hiltzeko prozesuan profesionalen, herritarren eta erakundeen artean sor daitezkeen gatazketan. Inolaz ere ez dituzte ordeztuko osasun arloko langileek, erakundeek edo gaixoek edo haien ordezkariek daukaten erantzukizuna.

3. Osasun laguntzaren etika batzordeetako kideek nahitaez isilekotasuna gorde beharko dute deliberazioen edukiaren inguruan, eta batzordeko kide gisa osasun arloko langileei, gaixoei edo haien ahaide eta hurbilekoei buruz ezagutu dituzten datuen konfidentzialtasuna babestu beharko dute.

4. Batzordeen osaketa, funtzionamendu-tresnak eta kreditatze prozesuak abuztuaren 24ko 435/2001 Foru Aginduan eta haren ondorengo arauetan ezarritakoa izanen da.

V. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

28. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Oro har, arau-hauste arinen, arau-hauste oso larrien eta zehapenen kasuan, 17/2010 Foru Legan ezarritakoari jarraituko zaio.

17/2010 Foru Legean ezarritakoaz gain, ondokoak joko dira arau-hauste larritzat:

a) Datu klinikoak edo aurretiazko borondateei buruzkoak betetzeko arauak ez betetzea, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 54.3 artikuluan ezarritako baldintzetan.

b) Ahaideen laguntza eragoztea, salbu eta hori justifikatzen duten inguruabar klinikoak daudenean.

29. artikulua. Eskumena.

Zehapen ahalmenaz baliatzea azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 85. artikuluan ezarritako organo zehatzaile eskudunei egokituko zaie.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Azterlana.

Osasun Departamentuak, urtebeteko epean, azterlan bat eginen du foru lege honetan ezarritakoaren betetze-mailari buruz eta, bereziki, Nafarroako herritarrek hura dela eta erakusten duten gogobetetze mailari buruz. Azterlana bi urtez behin gaurkotuko da, foru lege honen aplikazioa eta eraginak erregulartasunez ebaluatu ahal izateko.

Bigarren xedapen gehigarria.-Legea zabaltzea.

Osasun Departamentuak, lege honek indarra hartu eta gehienez ere bi hileko epean, behar diren tresnak ezarriko ditu foru lege honi ahal den zabalpen handiena emateko profesionalen artean eta, oro har, herritarren artean.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Zainketa aringarriak.

Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, zainketa aringarriak direla-eta foru lege honetan ezarritakoa hobeki betetze aldera, behar diren neurriak sustatuko dituzte Nafarroako Osasun Sistema Publikoan zainketa aringarrien unitateen eta euskarri-ekipoen kopuru eta dotazio egokiak egon daitezen, eta ekitatea bermatuko du herritarrek haietarako sarbidea izatearen arloan, edozein dela ere herritar horien bizitokia.

Laugarren xedapen gehigarria.-Aurretiazko borondateen adierazpenak

Osasun Departamentuak osasunaren arloko profesionalen artean eta herritarren artean modu aktiboan sustatuko du aurretiazko borondateen adierazpenak egin daitezen. Horretarako, prestakuntza ikastaroak, informazio kanpainak, protokoloak eta egokitzat jotzen diren gainerako bitartekoak erabiliko dira.

Bosgarren xedapen gehigarria.-Aurretiazko Borondateen Erregistroa historia kliniko informatizatuan sartzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bidea emanen du bi hileko epean Nafarroan dauden aurretiazko borondateen adierazpen guztiak zuzenean eta modu arinean kontsultatu ahal izan daitezen historia kliniko informatizatuaren bitartez, bai osasun etxeetan, bai ospitaleetan ere, betiere datu horiei buruz behar den konfidentzialtasuna gordez.

Seigarren xedapen gehigarria.-Osasun laguntzaren etika batzordea

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, hiru hilabeteko epean, oinarrizko osasun laguntzaren arloko osasun laguntzaren etika batzordea sor dadin sustatuko du, oinarrizko osasun laguntzaren osasun arloko profesionalei eta erabiltzaileei, eztabaida eta gatazka eragiten dituzten gai etikoetan, aholkua eta laguntza bermatzeko, betiere ezertan kendu gabe Osasun laguntzako etika batzordeen sorrera eta kreditatzea arautzen dituen abuztuaren 24ko 435/2001 Foru Aginduan ezarritakoa.

Xedapen iragankor bakarra.-Aurretiazko borondateen erregistroa kontsultatzea.

Aurretiazko borondateen adierazpenaren edukia historia klinikoan sartzen ez den bitartean, foru lege honetako 9.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hiltzeko prozesuan dauden gaixoen ardura duten osasun arloko profesionalek aurretiazko borondateen erregistroa kontsultatu beharko dute.

Xedapen indargabetzailea.-Arauen indargabetzea.

Foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indarrik gabe geratu dira.

Azken xedapenetan lehena.-Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituen erregelamendu mailako xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2011ko martxoaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1105598