64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXALAR

Aldaketa, Auzolanaren ordenantzan. Behin betiko onespena.

Etxalarko Udalak, 2011ko urtarrilaren 14an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Auzolana arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.

Ordenantza hori jendaurrean egon zen, ediktua argitaratuta 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2011ko urtarrilaren 31n eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko hogeita hamar eguneko aldian ez da alegaziorik egin.

Horrenbestez ordenantzaren aldaketa behin betikoz onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak (maiatzaren 31ko 15/2003 Foru Legearen bidez aldatua) 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bidezkoa da, beraz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea bai ediktua eta bai ordenantzaren testu osoa.

Etxalarren, 2011ko martxoaren 16an.-Alkatea, Patxiku Irisarri Elizagoien.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo lan pertsonala arautzea, Etxalarko Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzua izaki.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau Etxalarko auzolanen ohitura zaharrean oinarritzen da nagusiki eta baita ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenean.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Etxalaren bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra. Etxalarren etxebizitza izan eta bertan jarraian bizi ez direnak ere auzolana egitera behartuta egonen dira.

4. artikulua. Hona salbuetsiak.

a) Hemezortzi urtez beheitiko eta berrogeita hamabostez goitikoak.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak.

d) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak.

Bizilagunen batek Udal Erroldan baja egiten badu auzolana ez egiteagatik, frogatzen bada herrian bizi dela, auzolanaren ordenantza bete beharreko bizilagunen zerrendan sartuko dute.

5. artikulua. Arauketa.

Etxalarko Udalak asegurua izan beharko du auzolana egiten ari diren lagunek egiten dituzten lanen arriskuak babesteko, dagokion polizan aipatatutako termino eta baldintzetan.

6. artikulua. Auzolana egiteko hiru aukera.

a) Aldez aurretik mugatutako lan zehatza, bizilagunak egin beharrekoa. Udalak auzolanen plana eginen du urtero egin beharreko lanen inguruan, lehentasunaren arabera. Plan hori batzarrean onartuko da. Hala ere, bizilagunak egiten ahal du berak aukeratzen ahal duen momentuan egiteko lan bat, kontuan izanik urteko zer alditan egin behar den, asteko zer egunetan, zer ordutan, etab.

Udalak onetsi beharko ditu lana bera eta orduak. Lana egin ondoren, bizilagunak horren berri emanen dio udal enplegatuari.

Horretarako, Udalak inkesta eginen du bizilagun bakoitzak bere lehentasunak eta iradokizunak ager ditzan. Batek baino gehiagok lan bera egin nahi badute, Udalak erabakiko du bere irizpideei jarraikiz, eta, beharrik bada, zozketa eginen da.

Egindako zerrendak balio mugagabea izanen du; zerbitzu anitzetako enplegatua izanen da horren arduraduna. Altak, bajak edo lanen zein taldeen aldaketak arduradunari jakinaraziko zaizkio urte bukaeran, hurrengo urteko auzolanak antolatu ahal izateko. Ez bada ezer jakinarazten, egoera bere horretan jarraitzen duela ulertuko da.

b) Tresnekin edo makinekin egiten diren lanak. Auzolanetan obra eta zerbitzuak beste bitarteko batzuekin egiten direnean, hala nola garraiatzeko ibilgailuekin, makinez egindako lanak, lantegietako lanak eta abar.

c) Presako lanak, aldez aurretik zehaztu gabeak. Tradizioan erabili den sistema da; Udalak antolatzen ditu presako lanetarako eta sortzen diren beharretarako. Udaleko enplegatuak behar denean egiteko aginduko du.

Edozein moduz, tresnak edo makineriak ekartzen dituzten bizilagunak, beraienak izanik, horien egoera eta erabilerearen erantzuleak izanen dire, aipatutako tresnak edota makineriak behar den bezala erabiliko direla bermatu beharko delarik.

Herritarren lana edo auzolana urtean lau egunetan eginen da, gehienez; egunak ez dira izanen elkarren segidakoak. Asteko egun guztiak izanen dira lan egiteko egunak, hala parte hartzeko aukerak zabaltzeko. Bizilagunen batek ezin badu, lan aferak direla-eta, Udalari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ez sortzearren beste auzolan bat deitzeko. Interesatuaren ordez beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez egiten baldin badu. Aldez aurretik, ordezkapen horren berri emanen zaio Udalari. Edozein kasutan, ordezkapena egiten duen laguna udalak kontratatutako aseguruaren barrenean egonen da, beti ere 16 urte baino gehiago eta 65 urte baino guttiago baditu.

Udaleko biztanle-erroldan alta edo baja emanez gero, auzolana egiteko betebeharra honela ezarriko da:

-Urteko lehenengo seihilekoan baja ematea: urte horretarako aurreikusitako auzolanen erdia egin beharko da.

-Urteko lehenengo seihilekoan alta ematea: urte horretarako aurreikusitako auzolan guztiak egin beharko dira.

-Urteko bigarren seihilekoan baja ematea: urte horretarako aurreikusitako auzolanen erdia egin beharko da.

-Urteko bigarren seihilekoan alta ematea: urte horretarako aurreikusitako auzolanen erdia egin beharko da.

Halaber, auzolanaren librantza egin daiteke diru kopuru bat ordainduta; Udalbatzak erabakiko du urte bakoitzeko zenbatekoa. Kalkulatu da 2009. urtean 30 euro zirela auzolaneko, gutxi gorabehera 4 ordukoa bakoitza; baina denbora bitarte hori aldatzen ahal da lan bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera. Zenbateko hori eguneratzen ahal da urteko KPIari jarraikiz. Zenbateko hori borondatezko ordainaldian ordaintzen ez bada derrigorrezko dirubilketa erabiliko da ehuneko 20ko errekarguarekin. Urtean egiten diren auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

Bizilagunak urte hasieran jakinarazten ahalko du auzolanen ordez dirua ordaindu nahi duela, sortzen diren lanetara dei ez dezaten.

7. artikulua. Etxalarko Udalak lau auzolanetarako deia eginen du gehienez urtean; 48 ordu lehenago eginen du deialdia, bando bidez eta iragarki oholean paratuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bide bat erabiliz.

8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek edo zerbitzu anitzetako enplegatuak zuzenduko du.

9. artikulua. Etxalarko Udalak, interesatuek eskaturik, auzolana egin ordez ordaintzea onartzen ahalko du, auzolanetan obra edo zerbitzuak beste bitarteko batzuekin egiten direnean, hala nola garraiatzeko ibilgailuekin, makinez egindako lanak, lantegietako lanak eta abar. Auzolana egin ordez ezin izanen da ordaindu baldin eta Auzolanaren Batzordeko kide batek ez badu aldez aurretik hori onetsi idatziz, lanak egin aurretik.

10. artikulua. Auzolanaren librantzari buruz ordaintzen den diru kopurua Etxalarko Udalak jasoko du eta berriz inbertituko du auzolanekin lotutako gaietan (istripuen arriskuaren gaineko asegurua, herramintak, etab).

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan.

Iragarkiaren kodea: L1105274