64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

25/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana. Horren bidez, enpresa edo lanbide, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduera eta sari eta errenta egozpen zehatzen lan etekinei buruzko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren aitorpenaren 715 eta 745 ereduak onetsi dira.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru legearen testu bateginaren 80.2 artikuluak zehazten du zein pertsona eta entitate dauden behartuta atxikipenak eta zergaren konturako sarrerak egitera. Era berean, atxikipenak eta konturako sarrerak Nafarroako Ogasun Publikoari ordaintzeko agintzen du, erregelamenduz ezartzen diren epeak eta modua errespetatuta. Alde horretatik, testu bateginaren 87. artikuluak xedatzen du atxikipenak eta konturako sarrerak egin behar dituen subjektuak atxikitako diru-kopuruen edo egindako konturako ordainketen aitorpena aurkeztu beharko duela, edo horiek egitea bidezkoa ez zenean, aitorpen negatiboa, erregelamenduz ezartzen diren epeetan, moduan eta lekuetan.

Horrez gain, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsitako zergaren Erregelamenduaren 90. artikuluak betebehar hori garatzen du, aitorpenak hilean edo hiru hilez behin (kasuen arabera) aurkeztu behar diren eta horiek aurkezteko eta ondoriozko zenbatekoa sartzeko zein epe dagoen ezarrita. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 62. artikuluaren 3. zenbakiaren 1. eta 1. bis idatz-zatiek aipatzen dituzten inguruabarrak dituzten tributudunek hilero egin beharko dute aitorpena; gainerako tributudunek, aldiz, hiru hilez behin.

Foru agindu honen bidez, enpresa edo lanbide, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduera eta sari eta errenta egozpen zehatzen lan etekinei buruzko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren hiru hilez behingo eta hileko aitorpenen 715 eta 745 ereduak, hurrenez hurren, onetsi dira.

Aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak arautzeko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak uztailaren 3an emandako 132/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hiru hilez behingo aitorpenaren 715 eredua bide telematikoaren bitartez aurkeztuko da nahitaezkoa denean, foru aginduaren 1. artikuluan ezarritako irizpideen aplikazioa beteta, baita aukeran subjektu pasiboak aurkezteko modu hori hautatzen duenean ere. Hileko aitorpenaren 745 ereduari dagokionez, bide telematikoen bitartez aurkeztu beharko da.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsitako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 90.5 artikuluak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria gaitzen du 715 eta 745 ereduak onesteko.

Amaitzeko, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez erregula dezan zergadunek eta entitateek zein kasutan eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliz.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 715 eredua onestea.

1. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Enpresa edo lanbide, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduera eta sari eta errenta egozpen zehatzen lan etekinei buruzko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenak eta konturako diru-sarrerak" izeneko 715 eredua onetsi da, foru agindu honen I. eranskinean agertzen dena.

2. Subjektu pasiboak hautatzen ahalko du 715 eredua paperean edo bide telematikoa erabiliz aurkeztea, nahitaezko aurkezpen telematikoa ezarrita duten subjektu pasiboek izan ezik. Aurkezpen hori baldintza orokorrekin bat eta 7. eta 8. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako prozeduraren arabera eginen da.

2. artikulua. 715 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako irizpideen arabera, Nafarroako Foru Komunitateari 715 eredua aurkeztu beharko diote, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsitako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduan xedatutakoaren arabera atxikipenak edo konturako sarrerak egitera behartuta egonda, aitorpenaren xede den hiruhileko naturalean atxikipena edo konturako sarrera behar duten eta aurreko artikuluari lotuta dauden diru errentak edo jenerotakoak ordaindu dituzten pertsonek eta entitateek. Beraz, ezin izanen dute 715 eredua erabili aurreko hilari dagozkion atxikitako diru-kopuruak eta konturako sarrerak hilero aitortu eta sartu behar dituzten eta atxikipenak edo konturako sarrerak egitera behartuta dauden pertsonek eta entitateek.

3. artikulua. 715 eredua aurkezteko tokia eta epea, eta ordaintzeko modua.

1. Paperezko 715 eredua, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua onesten duen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, entitate laguntzaileetan aurkeztu beharko da.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 90.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, 715 ereduaren aurkezpena eta, hala denean, haren zenbatekoaren ordainketa hiruhileko bakoitzaren ondoko hilabeteko lehenengo hogei egun naturaleko epean eginen dira, bigarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkienak izan ezik, aurkezteko modua edozein dela ere horiek abuztuaren 5era eta urtarrilaren 31ra arte egiten ahalko baitira, hurrenez hurren.

3. 715 eredua aurkeztera behartuta dauden subjektuak aurreko 2. idatz-zatian ezarritako epeen barnean ondoriozko tributu zorraren zenbatekoa sartzera behartuta daude, Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako onartzen dituen ordainketa bideen edozein erabilita.

4. artikulua. 745 eredua onestea.

1. "Enpresa edo lanbide, nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintza jarduera eta sari eta errenta egozpen zehatzen lan etekinei buruzko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren aitorpena" 745 eredua onetsi da, bide telematikoen bitartez aurkezteko baino ez.

2. 745 ereduaren aurkezpena baldintza orokorrekin bat eta 7. eta 8. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako prozeduraren arabera eginen da.

5. artikulua. 745 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako irizpideen arabera, Nafarroako Foru Komunitateari 745 eredua aurkeztu beharko diote, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 62. artikuluaren 3. zenbakiaren 1. eta 1. bis idatz-zatiek aipatzen dituzten inguruabarrak dituzten eta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduan xedatutakoaren arabera atxikipena edo konturako sarrera egitera behartuta egonda, aitorpenaren xede den hilabetean atxikipena edo konturako sarrera behar duten eta aurreko artikuluari lotuta dauden diru errentak edo jenerotakoak ordaindu dituzten pertsonek eta entitateek.

6. artikulua. 745 eredua aurkezteko epea eta ordaintzeko modua.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 90.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, 745 ereduaren aurkezpena eta, hala denean, haren zenbatekoaren ordainketa aurreko hilabete bakoitzaren ondoko hilabeteko lehenengo hogei egun naturaleko epean eginen dira, ekainari, uztailari eta abenduari dagozkienak izan ezik, horiek abuztuaren 5era, irailaren 20ra eta urtarrilaren 31ra arte egiten ahalko baitira, hurrenez hurren.

2. 745 eredua aurkeztera behartuta dauden subjektuak aurreko 2. idatz-zatian ezarritako epeen barnean ondoriozko tributu zorraren zenbatekoa sartzera behartuta daude, Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako onartzen dituen ordainketa bideen edozein erabilita.

7. artikulua. 715 eta 745 ereduak bide telematikoen bitartez aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 715 eta 745 ereduen aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek ezarri dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak eta ziurtapen zerbitzuak ematen dituztenen zerrenda Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta kontsulta daiteke.

c) Aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko eta tributu zorren ordainketa baliabide telematikoak erabiliz tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezleak, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimendutako pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa, aurreko b) letran aipatzen dena, eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik, aurkezpen telematikoa egiteko prestatu den inprimakia erabili ezean. Laguntza programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak 715 eta 745 ereduetako aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bera duen fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren erregistroen diseinuen araberakoa izanen da.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematikoa egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai: http://www.hacienda.navarra.es.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.

8. artikulua. 715 eta 745 ereduei dagozkien aitorpenak Internet bidez bide telematikoan aurkezteko prozedura.

715 eta 745 ereduen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko, prozedura hau erabiliko da:

a) Webguneko datu-orritik prozesu hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez jakinaraziko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak jakinaraziko du aurkeztutako aitorpen bakoitzari esleitutako zenbakia eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

b) Nafarroako Zerga Ogasunak prestatutako laguntza programatik abiatuta, prozesu hau segitu beharko da:

1. Aitorpena bete laguntza programa erabiliz.

2. Aitorpena bete ondoren, balioztatu egin behar da, aurkeztu aurretik.

3. Aitorpena balioztatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu, ekitaldi eta urte berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen du, ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balioztatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, Interneteko ondoko helbidean aitorpenak kontsultatzeko erabiltzen ahal den aplikaziotik abiatuta: http://www.hacienda.navarra.es.

Xedapen gehigarri bakarra. 715 eta 745 ereduen aurkezpenaren koordinazioa, ordainen bidez zergen arloko zor batzuk kitatzeko sistema arautzen duen abenduaren 30eko 276/2002 Foru Dekretuan ezarritako konpentsazio sistemaren bidezkoa.

715 eta 745 ereduen aurkezpena ez da nahitaezkoa izanen, ordainen bidez zergen arloko zor batzuk kitatzeko sistema arautzen duen abenduaren 30eko 276/2002 Foru Dekretuan ezarritako konpentsazio sistema erabili bada erregelamenduz ezarritako epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko otsailaren 28an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

I. ERANSKINA

f1103851euskera.pdf

II. ERANSKINA

Atxikipenen ereduak.

Hiru hilez behingoak: 715.

Hilekoak: 745.

DATUA

LAUKIA

MOTA

LUZ.

BALIOZTATZEA

EDUKIA

Eredua

A

3

Nahitaezkoa

Denak

Bidezko eredua: 715, 745

Urtea

Z

4

Nahitaezkoa

Denak

Aitorpenari dagokion zergaldiaren lau zifrak

Hiru hilez behingoa

Z

1

Nahitaezkoa

Denak

"1T","2T","3T" edo "4T", aitorpenaren hilabetea zein hiruhilekotakoa den kontuan hartuta.

Hila

Z

2

Nahitaezkoa

Denak

"01", "02" edo "12", aitorpenaren hilabetea adierazita.

Frogagiriaren zenbakia

Z

13

1

Ordainketa gutunaren zenbakia

Subjektu pasiboaren datuak

IFZ/IFK

A

9

Nahitaezkoa

Denak

Baliozko IFZ/IFK

Aitortzailearen izen-abizenak edo sozietatearen izena

A

40

Nahitaezkoa

1

Tel. zk.

Z

9

1

Helbide elektronikoa

9000

A

50

3

Sartu beharreko diru-kopurua

01

Z

15

2

13 osoko zenbaki eta 2 hamartar

Banku kontua

Z

20

1

20 digitu

Ordainketa Ogasunaren bidez tramitatzeko eskaera

Z

1

1

0: ordainketa tramitatzeko eskaerarik ez dela egin adierazten du.

1: ordaintzeko aitorpenetan besterik ez. Adierazten du Ogasunak aitorpenaren ordainketa banketxearekin tramita dezala eskatzen dela, bide telematikoak erabiliz, norberaren izenean (kasu hau ez da ohikoa izanen).

2: ordaintzeko aitorpenetan besterik ez. Adierazten du Ogasunak ordainketa banketxearekin tramita dezala eskatzen dela, bide telematikoak erabiliz, aurkezlea aitorpenaren aitortzailearen izenean arituta.

3: ordaintzeko aitorpenetan besterik ez. Adierazten du Ogasunak ordainketa banketxearekin tramita dezala eskatzen dela, bide telematikoak erabiliz, aitorpenaren aurkezlearen funtsen horniduraren bitartez.

F1103851

Iragarkiaren kodea: F1103851