64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

20/2011 FORU DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Iruñeko Osasun Barrutiko Adimen Osasuneko Sektoreak aldatzen dituena.

Abenduaren 27ko 244/1985 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako sektorizazio psikiatrikoa ezarri zen.

Geroago, maiatzaren 27ko 108/2002 Foru Dekretuaren bidez, zenbait Osasun Eskualde Oinarrizkoren eta Adimen Osasuneko Sektoreren lurralde mugapena aldatu zen.

Iruñeko alde batzuetan eta inguruko herrietan azken urteotan izan den bilakaera demografikoak berarekin ekarri ditu osasun eskualdeak ukitzen dituzten zenbait gertakari. Biztanleak gehitzearen ondorioz, gorabeherak sortu dira biztanle horiek gaur egungo eskualdeetan banatzerakoan, eta horrek eragina izan du bai Osasun Eskualde Oinarrizkoetan bai Adimen Osasuneko Sektoreetan, haiek bilduta eratuetan. Horien guztien artean, Osasun Eskualde Oinarrizkorik kaltetuenak Antsoaingoa eta Buztintxurikoa dira.

Sortu diren antolakuntzako behar berriek erakusten dute komenigarria dela maiatzaren 27ko 108/2002 Foru Dekretuan agertzen diren adimen osasuneko sektoreen lurralde mugapenean beste aldaketa bat egitea.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Iruñeko Osasun Barrutiko Adimen Osasuneko Sektoreak aldatzea.

Adimen osasuneko arreta antolatzearren, Iruñeko Osasun Barrutiak sektore hauek izanen ditu, ondoko Osasun Eskualde Oinarrizkoez osaturik:

IA.-Alde Zaharra: Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Leitza, Alde Zaharra-I. Zabalgunea eta Azpilagañako Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

IB.-Burlata: Lesaka, Elizondo, Doneztebe, Ultzama, Auritz, Agoitz, Uharte, Atarrabia eta Burlatako Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

IC.-Buztintxuri. Buztintxuri, Berriozar, Orkoien eta Sanduzelaiko Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

ID.-Antsoain. Antsoain, Arrotxapea eta Txantreako Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

IIA.-Arrosadia: II. Zabalgunea, Arrosadia, Gares, Noain, Zangoza, Zaraitzu eta Izabako Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

IIB.-Ermitagaña: Ermitagaña, Zizur, Barañain eta Etxabakoizko Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

IC.-Donibane: Donibane, Iturrama eta Mendillorriko Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

IV.-Tafalla: Tafalla, Artaxoa, Zarrakaztelu, Erriberri eta Azkoiengo Osasun Eskualde Oinarrizkoak hartzen ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Antsoaingo eta Buztintxuriko Adimen Osasuneko Sektoreek Antsoaingo eta Buztintxuriko osasun etxeetan izanen dituzte adimen osasuneko zentroak, hurrenez hurren.

Bigarren xedapen gehigarria.-Buztintxuriko Adimen Osasuneko Sektoreko zuzendaria.

Adimen osasuneko sektoreetako eta osasun eskualde oinarrizkoetako erizaintza unitateko zuzendaritzak eta burutzak eta horien eginkizunak eta eskudantziak ezartzen dituen ekainaren 15eko 225/1992 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, I. multzoan sailkatzen da Buztintxuriko Adimen Osasuneko Sektoreko zuzendaritza.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu da zenbait Osasun Eskualde Oinarrizkoren eta Adimen Osasuneko Sektoreren lurralde mugapena aldatu zuen maiatzaren 27ko 108/2002 Foru Dekretuaren 6. artikulua, eta foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.-Foru dekretu hau garatzeko gaikuntza.

Baimena ematen zaio Osasuneko kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Antsoaingo eta Buztintxuriko Adimen Osasuneko Sektoreen egitura ezartzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Antsoaingo eta Buztintxuriko Adimen Osasuneko Sektoreen egitura ezartzeko beharrezkoak diren ebazpenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1105313