64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VILLATUERTA

Deialdia, Villatuertako Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat, C mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Villatuertako Alkatetzak martxoaren 11ko 34/2011 ebazpenaren bidez onetsi zen Villatuertako Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia. Honako hauek dira hartarako oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Villatuertako Udalaren zerbitzuko plantillako langileen artean, betiere deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Lanpostua oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez beteko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluak aurreikusi bezala. Villatuertako Udalaren zerbitzuko plantillako langileek parte hartzen ahalko dute, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

1.2. Hauta-probak gainditurik, administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko izendatua gertatzen den izangaia C maila edo taldean egokituko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak hartuko ditu.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Gizarte segurantzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanaldia udal bulegoetako gainerako langileek duten bera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokitzen ahalko da; beraz, Udalak edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Administrari-ofizialaren lanposturako izendatzen dena eginkizun beretan arituko da, baina, gainera, maila edo talde berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkio.

Konparaziorako eta zerrenda agortu gabe, hona eginkizun batzuk:

-Oro har, betearazpen, tramite eta lankidetza lanak Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunarekin.

-Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri behar bezala ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.

-Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari jasotzen diren agirien berri ematea.

-Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibideei loturik.

-Bere ardurapean badaude, jarduera sailkatuei, ikuskizun publikoei eta jolas jarduerei etab. dagozkien espedienteen kudeaketaz, jarraipenaz eta kontrolaz arduratzea, baita espedienteen tramite administratiboak gauzatzea ere, behar diren agiriak erantsiz.

-Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak prestatzea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraituz.

-Horrela erabakiz gero manatzen ahal zaizkion lan alorretan, txosten, proposamen, espediente eta mota ezberdinetako lanetan datuak lortzera eta eranstera laguntzea.

-Zerbitzuak horrela behar duenean, Udalaren administrazio zerbitzuei atxikitako administrazio eta mendeko langileen artean lanak banatzea, Udalaren administrazio zerbitzuetako arduradunaren jarraibideekin bat.

-Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2. Honako oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartua izan dadin, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko ditu izangaiak:

2.1. Villatuertako Udalaren zerbitzuko langile finko izatea.

2.2. Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.3. D mailakoa izatea.

2.4. Administrari laguntzailearen lanpostu baterako izendapena jabetzan izatea edo lanpostu horretarako lan-kontratu finkoa edukitzea.

2.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin dituela frogatzea.

2.6. Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako bigarren gradukoa edo horien baliokidea izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

2.7. Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.8. Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintzak, eta hautapen prozesu osoan beharko dira bete, izendatzeko unera arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Villatuertako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 9:30etik 15:00ak arte, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabide horrekin batean, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, baita honako hauek ere:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Beharrezkoa bada, Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo baliokide denaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Deialdiko 7.2 atalean ezarritakoari jarraikiz, izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak.

d) Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Villatuertako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea bururaturik, eta horiek ebatzi ondoan, Villatuertako Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Francisco Ortega Gallardo, Villatuertako Udaleko alkatea.

-Mahaiburuaren ordezkoa: Maite Esparza Aldave, Villatuertako Udaleko alkateordea.

1. mahaikidea: Yolanda Ana Zapata Pagola, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

-Ordezkoa: Diego Goñi Lara, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

2. mahaikidea: Igor Garín Lasheras, Villatuertako Udaleko langileen ordezkaria.

-Ordezkoa: José Javier Echave Redín, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

4. mahaikidea: Idazkaria: José Miguel Vela Desojo, Villatuertako Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: María Jesús Hernández Luri andrea, Azagrako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutxienez ere kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

Halaber, oposizio-lehiaketaren azterketa saio guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak ebazteko ahalmena izanen du, betiere deialdian azaltzen diren oinarriei egokituz.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia: onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7. oinarria.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

Administrazio Publikoetan, administrari laguntzailearen edo administrari-ofizialaren lanpostuan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 30 puntu.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, puntuazioa modu proportzionalean banatuko da.

Lehiaketaldiko puntuazioa, guztira, 30 puntukoa izanen da, gehienez ere.

Merezimendu hori frogatu ahal izateko, administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, lan-kontratua edota haren fotokopia konpultsatua.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Villatuertako Udalaren iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: teorikoa. II. eranskineko arautegiko gaietatik zozketaz aterako dira 2 gai, eta haietako 1 aukeratuta, hari buruzko idatzia.

Ariketa honengatik gehienez ere 40 puntu bil daitezke, eta gutxienez ere 20 puntu eskuratu behar dira gainditzeko.

Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

b) Bigarren ariketa: praktikoa. Lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzko bi agiri edo gehiago prestatu beharko dituzte, epaimahaiak zer erabakitzen duen, horiexek.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edota ahoz egin ahal izanen du epaimahaiak. Bestetik, dokumentua eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak nahiz agiriaren aurkezpena, baita epaimahaiak ematen dituen datuak behar bezala jasotzea ere, proba ahoz egiten bada.

Ariketa honengatik gehienez ere 30 puntu bil daitezke, eta gutxienez ere 15 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Ariketa horiek egiteko 60 minutu izanen dituzte, gehienez ere.

Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Villatuertako Udaleko iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko atalean puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gutieneko puntuazioa gainditu eta puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahiak Villatuertako Udaleko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, non hautagaiak adierazi behar baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikotatik.

9.4. Izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatua izanen eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna ukatu gabe.

9.5. Aurreko 9.4 atalean azaldutakoa gertatuz gero, azterketa gainditzen dutenen zerrendan, 9.1 atalekoan, hurrengo datorren izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aitzineko oinarrian aipatu hautapen prozedura buruturik, alkateak, ebazpen baten bidez, Villatuertako Udaleko administrari-ofizial izendatuko du hautapen prozedura gainditurik puntu gehien lortu dituen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean jabetuko da lanpostuaz izangaia. Ezinbertzeko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Villatuertako Udaleko C mailako funtzionario eta administrari-ofizial bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aitzineko oinarrian aurreikusi bezala jokatuko da.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo,

b) Aldez aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa Alkatetza honi zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Villatuertan, 2011ko martxoaren 10ean.-Alkatea, Francisco Ortega Gallardo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskabidea, Villatuertako Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez eta barne igoeran, betetzeko deialdian parte hartzeko (.......... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ............).

1.-Norberaren datuak:

Izen-deiturak: .................................., N.A.N. zenbakia: ............, egungo helbidea: ........................., posta kodea: ................, herria: ............................, telefonoa: ...............

2.-Administrazio datuak:

Zein lanpostutarako izendatu ninduten: ...................

Maila edo taldea: .......................

3.-Hori dela eta, erantzukizuna nirea izanik, honako hau diot:

a) Karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

b) Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

c) Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

d) Administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua dudala.

e) Villatuertako Udalean jardunean nagoela, D mailako administrari laguntzaile lanpostu batean.

4.-Deialdian onartua izateko, eskabidearekin batera honako tituluak, edo horrelakoak baditudala frogatzeko agiriak, aurkezten ditut: Batxilergokoa, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokidea.

Halaber, eskabideari atxiki dizkiodala baremoan ezarritakoaren arabera lehiaketaldian baloratzeko azaltzen ditudan merezimenduen egiaztagiriak.

(X batez jarri dut erabilitako sarbidea).

[ ] Titulazioa eta egiazko 5 urteko lanaldia.

[ ] Egiazko 8 urteko lanaldia.

Horiek horrela,

Eskabidea behar bezala eta epearen barrenean aurkeztu dela onartzeko eskatzen dut, eta hortaz, Villatuertako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdian onartua izan nadila.

(Eguna eta sinadura)

VILLATUERTAKO UDALEKO ALKATE JAUNA.

II. ERANSKINA

1. 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa.

2. Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

3. 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzkoa.

4. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

5. Villatuertako Udalaren ordenantza fiskalak.

Iragarkiaren kodea: L1104648