64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

EKONOMI ETA OGASUN DEPARTAMENTUA

43/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, 2011ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan aurkezten diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteek hauteskundeetan egiten ahal dituzten gehieneko gastuak eta hauteskundeetako jardueretarako diru-laguntzen zenbatekoak finkatzen dituena

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, martxoaren 28ko 1/2011 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egin du.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak, 43. artikuluan, alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle-elkarte bakoitzak hauteskundeetan egiten ahal duen gehieneko gastua ezartzen du. Gastu hori Nafarroako bizilagunen kopurua berrogeirekin biderkatzetik ateratzen dena da. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 10ean emandako 16/2011 Foru Aginduak ezartzen duenez, Nafarroako bizilagunak 636.924 dira.

Foru lege horrek, 44. artikuluan, alderdi politiko, federazio, koalizio eta haustesle-elkarteek kobratzen ahal dituzten diru-laguntzak ezartzen ditu eta hautesleei propaganda, gutun-azalak, txartelak eta hauteskundeetarako publizitatearen bestelako osagaiak zuzenean igortzeak eragindakoak ere bai.

43. artikuluak, 2. idatz-zatian, hauxe xedatzen du: "aurreko idatz-zatian aipatzen den diru kopurua pezeta iraunkorretan ematen da. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, foru agindu baten bidez, diru kopuru eguneratua finkatuko du, hauteskundeetarako deiaren ondorengo bost egunetan". Eguneratze hori hauteskundeetarako diru-laguntzei ere dagokie, 44. artikuluko 3. idatz-zatiarekin bat. Eguneratze hori kontzeptu bakoitzerako ezarririko kopuruari KPIa gehituz eginen da.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak apirilaren 3an emandako 98/2007 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Parlamenturako 2007ko hauteskundeetan aurkezten diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteek egiten ahal dituzten gehieneko gastuak eta hauteskundeetako jardueretarako diru-laguntzen zenbatekoak finkatu ziren. Hori dela eta, bidezkoa da foru agindu horretan ezarritako zenbatekoak eguneratzea, kontuan hartutako aldiko Kontsumorako Prezioen Indizearen hazkundearen arabera, %9,7 gehituz.

Horrenbestez, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarte bakoitzak egiten ahal duen gehieneko gastua, hautesleei zuzenean propaganda, gutun-azalak, txartelak edo hauteskundeetarako bestelako osagaiak zuzenean igortzekoa izan ezik, 389.697 eurokoa da, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Foru Legeko 131. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako muga aplikatzea, bidezko bada, deusetan galarazi gabe.

2. Alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei ematen ahal zaizkien diru-laguntzen zenbateko eguneratuak hauexek izanen dira:

a) 11.472 euro lortzen duten eserleku bakoitzagatik.

b) 0,92 euro boz bakoitzagatik, gutxienez eserleku bat lortzen duten hautagai zerrendendako.

3. Hautesleei zuzenean propaganda, gutun-azalak, txartelak edo hauteskundeetarako publizitatearen bestelako osagaiak igortzeko kostua 0,23 euroz finantzatuko da hautesleko, gutxienez eserleku bat lortzen duen hautagai-zerrenda bakoitzarendako, jarduera hori egiazki egin dela frogatuz gero.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 29an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1105499