64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Deialdia, Corellako Udaleko gizarte-hezitzaile izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Corellako Udaleko gizarte-hezitzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Corellako Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, funtzionarioak nahiz lan-kontratudun finkoak izan, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.

1.2. Hautapen probak gainditu ondoan gizarte-hezitzaile lanposturako izendatzen den izangaia B mailan sailkatuko da eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Izangai izendatuek bizilekua Corellako udal mugapean izan beharko du.

1.5. Lanpostua eskuratzen duen lagunak burutu beharreko egitekoak, bere mailari eta kategoriari dagozkienak izango dira. Udalaren alor berari atxikita jarraituko du, berak zituen egitekoak eginez, maila berria edo laneko jardun berriaren ondoriozkoez gain.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Corellako Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea, C maila edo taldekoa.

b) Corellako Udalak gizarte.hezitzaile lanpostu baterako izendatu izana.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Gizarte Hezkuntzako diplomadunaren titulua edukitzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Corellako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Orobat, lehiaketaldian baloratu beharreko agiriak ere aurkeztuko dituzte.

3.2. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2.1 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea egindakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

Onartuen behin behineko zerrendan ez bada inor onartu gabe uzten, hura behin betikotzat hartuko da eta ez da behar izanen berriz argitaratzerik.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: José Javier Navarro Arellano, Corellako Udaleko alkatea.

-Ordezkoa: Antonio Guillorme Ochoa, Corellako Udaleko zinegotzia.

-1. mahaikidea: M.ª Jesús Arellano Ayala, Corellako Udaleko gizarte-langilea.

-Ordezkoa: Aitana Aguirre Bueno, Corellako Udaleko gizarte-langilea

-2. mahaikidea: Mikel Arrikaberri Bergara. Lehen osasun laguntzako gizarte-hezitzailea

-Ordezkoa: Concepción Tanco Lanas: Turerako Udaleko gizarte-hezitzailea.

-3. mahaikidea: Silvia Enrique Modrego, Castejongo Udaleko gizarte-hezitzailea.

-3. mahaikidearen ordezkoa: Sara Apastegui Herrera, Buñuelgo Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

-4. mahaikidea: Milagros Pérez Barquín, langileen ordezkaria.

-Ordezkoa: José Manuel Mateo Jiménez, langileen ordezkaria.

-Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Rosana Ugarte, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Gero, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, egoki denean paratu ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Prestakuntza.

Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

-15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

-15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu 1.

-30 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1,5 puntu.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

b) Administrazio publikoetan, gizarte-hezitzailearen lanpostuan egindako urte bakoitzeko puntu 1. Gehienez ere, 15 puntu.

7.3. Lehiaketan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai paratuko du oposizioaldira onartutako izangaien zerrenda Corellako Udalaren iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: ariketa praktikoa izanen da, deialdiko 2. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa.

Ariketa hau egiteko 2 ordu emanen dira gehienez.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu.

b) Bigarren ariketa: 40 galdera teoriko edo teoriko-praktikoak (test motakoak) erantzun beharko dira, deialdiko 3. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa hau egiteko ordu bat izanen da gehienez.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du. Kalifikazio guztien banaz bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa atal bakoitzaren emaitza.

8.4. Ariketa bakoitza burututa, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Corellako Udaleko iragarki oholean emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

8.5. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak Corellako Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin zen tokian ikusgai jarriko du azterketa gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan ateratako puntuazioak batu ondoren.

9.2. Epaimahaiak organo eskudunari bidaliko dio puntuaziorik altuena lortu duten lehiakideak izendatzeko proposamena edo lanpostua haiei esleitzeko proposamena.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatu hautatze prozesua bukatutakoan, alkateak ebazpen baten bidez Corellako Udaleko gizarte-hezitzaile izendatuko du puntuazio handiena lortzen duen izangaia, Corellako Udaleko gizarte-hezitzaile izateko lanpostuan ari dadin deialdi honen 9.2 oinarrian ezarri bezala.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatzen diren izangaiek hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik. Epe horretan, eta ezinbertzekoak salbu, baten batek edo denek jabetzarik hartzen ez badute, administrari-ofizialaren mailari dagozkion eskubide guztiak galduko dituzte, eta gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

C) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Corellan, 2011ko martxoaren 21ean.-Alkatea, José Javier Navarro Arellano.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ...... ; jaioteguna: .........; jaioterria: ........... (................), bizilekua: (.............), karrika: ................, zenbakia: .......... posta kodea: ......................; telefonoa: .............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Corellako Udaleko gizarte-hezitzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horiek horrela,

Eskabide hau onartzea eta, ondorioz, Corellako Udaleko gizarte-hezitzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

CORELLLAKO UDALEKO ALKATE-UDALBURUA.

2. ERANSKINA

1. gaia.-125/2007 Foru Dekretua, irailaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

2. gaia.-15/2005 Foru Legea, abenduaren 5eko, Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.

3. gaia.-15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

4. gaia.-69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.

5. gaia.-Delituen biktimendako laguntza Nafarroan. Eskaintzen diren zerbitzuak.

6. gaia.-Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa: ikuspegia, egitekoa, printzipioak, xedeak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.

7. gaia.-Gizarte hezitzaileen kode deontologikoa. Eginkizunen eta eskumenen katalogoa.

8. gaia.-Talde lana. Gizarte hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean. Diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.

9. gaia.-Asertibitatea eta komunikazio estilo pasiboak eta/edo oldarkorrak. Teknika asertiboak eta hezkuntzako entrenamendua.

10. gaia.-Elkarrizketa hezkuntzako eta laguntzako harremanetan: aldaketa eta ikaskuntza errazteko jarraibideak, irizpideak eta baldintzak.

11. gaia.-Prebentzioa: kontzeptua eta motak.

12. gaia.-Gizarteko eta hezkuntzako esku-hartzea. Definizioak eta kontzeptuak. Gizarteko eta hezkuntzako esku-hartzearen eremuak. Esku-hartzearen estrategiak edo teknikak. Talde dinamika.

13. gaia.-Gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko programen diseinua eta ebaluazioa. Programen prestaketa. Premien azterketa. Faseak: diagnostikoa, plangintza, aplikazioa eta gauzatzea, ebaluazioa.

14. gaia.-Haurrak babesteko esku-hartzearen esparru teorikoa. Atxikimenduaren teoria. Eredu sistemikoa. Babes faktoreak indartzearen eredua.

15. gaia.-Haurren aurkako tratu txarrak eta haurrak abandonatzea. Tipologia eta larritasun mailak, haurren babesgabetasun egoeretan Nafarroako Foru Komunitatean esku hartzeko eskuliburuaren arabera.

16. gaia.-Haurrak babesteko zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean. Kasu egin beharreko biztanleria. Zerbitzuen definizioa eta eskumenak.

17. gaia.-Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasun egoeretan esku hartzeko prozesua. Prozesuaren faseak eta faseen garapena.

18. gaia.-Haurren babesgabetasun egoerak baloratzeko irizpideak.

Iragarkiaren kodea: L1105156