64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CADREITA

Deialdia, Cadreitako Udalaren zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizioaren bidez betetzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Cadreitako Udaleko bulegoetan aritzeko administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizioaren bidez eta funtzionario araubidearekin betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Cadreitako Udaleko funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da eta hartan kidetuko.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko D mailari dagozkion ordainsariak.

1.4. Izendatuaren lanak eta eginkizunak deialdiko mailari nahiz kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkionak izanen dira. Lan eta eginkizun horien artean izanen dira jendeari harrera egitea, idazmakinak edo kalkulagailuak maneiatzea, ordenagailuak, pantailak eta terminalak erabiltzea, eragiketa aritmetiko eta aurrekontuetakoak eta, eskuarki, esleitzen zaizkion administrazioko eta antzeko eginkizun guztiak, bere lanpostuko eginkizunen barnean.

Era berean, aurreikusten denez, suerta daiteke ikuskatze eta kudeatze jarduerak lantokitik kanpo egitea, baita agintzen zaizkion prestakuntza ikastaroetan parte hartzea ere.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da beti eta Udalak noiznahi aldatu ahalko du.

1.6. Gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehen-lehenik, deialdiko lanpostua betetzeko, gainditzen duen izangaiak lanpostua betetzen ez ote duen; eta bigarrenik, itxaron zerrenda eratzeko, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar ote dituen. Halakoetan, hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari hertsiki lotuz eginen da kontratazioa.

2. oinarria.-Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Espainiako, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko edo nazioarteko tratatuen arabera bidezko den estatuetako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Gutxienez ere eskola graduatua izatea, edo Lanbide Heziketako lehen graduko titulua edo baliokidea izatea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Cadreitako Udaleko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta azken eguneko 14:00etan bukatuko da epea. Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskaerak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraituz egin behar dira, eta eskabidearekin batean aurkeztu beharko dira Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta Udal honek titular gisa edozein banku entitatetan irekirik duen kontu korrontean azterketa eskubideengatik 6 euro ordaindu izana frogatzen duen gordekina. Agiria ez aurkezteak probetara ezin aurkeztea ekarriko du.

3.2. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bururatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko, halakorik bada.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea bururaturik, eta horiek ebatzi ondoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horretan edo geroagoko batean, betiere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, zehaztuko dira probak hasteko tokia, data eta ordua, eta, hala behar badu, Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko da ikusgai.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Cadreitako alkatea.

-Ordezkoa: lehen alkateordea.

-Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturikoa.

-Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturikoa.

-Mahaikidea: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutakoa.

-Ordezkoa: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutakoa.

-Mahaikidea: Cadreitako Udaleko langileen ordezkari bat.

-Ordezkoa: Cadreitako Udaleko langileen ordezkaria.

-Mahaikidea: Cadreitako Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Alesbesko Udaleko idazkaria.

5.2. Izangaiek mahaikideak errefusatu ahalko dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

Errefusatze, abstentzio edo bertzelako zioak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bat gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikide berriak eta haien ordezkoak izendatzeko.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, gutxienez kideen gehiengo osoa bilduta. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da, deusetan ukatu gabe erabakigarriak ez diren zainketa edo kontrol jarduketetarako kideek delegazioak egitea.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

Berdinketak mahaiburuaren kalitatezko botoak ebatziko ditu.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizioaren hasiera eta garapena.

6.1. Oposizioaldia nola eginen den.

Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

6.1.1. Lehenbiziko proba.

Lehen ariketa: teorikoa. Ordubeteko iraupena izanen du eta II. eranskinean jasotzen den programako gaiei buruzko galdera motz edo test modukoei idatziz erantzun beharko zaie.

0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 10 puntu beharko dira.

Bigarren ariketa: praktikoa. Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edota ahoz egin ahal izanen du epaimahaiak. Bestetik, dokumentua makinaz, eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak nahiz agiriaren aurkezpena, baita epaimahaiak ematen dituen datuak behar bezala jasotzea ere, proba ahoz egiten bada.

Probaren gehieneko iraupena: 30 minutu.

0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 10 puntu beharko dira.

Hirugarren ariketa: ortografia. Epaimahaiak prestatu edo hautatutako agiri baten zuzenketa ortografikoa izanen da edo, bestela, diktaketa bat egitea.

Horretarako 20 minutu izanen dira gehienez ere.

0,25 puntu kenduko da letra baten erabilera desegoki bakoitzeko, ortografiako, azentuazioko eta puntuazioko akats bakoitzeko

0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 10 puntu beharko dira.

Proba honetan, gehienez ere, 60 puntu lor daitezke.

6.1.2. Bigarren proba: informatika.

Ariketa praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, eta horren barnean Wordi, Exceli edo Accessi buruzko ezagutzen gaineko probak sar daitezke.

Gehieneko puntuazioa: 25 puntu; gainditzeko, 12,50 puntu behar dira.

Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du probak hasi aurretik.

6.1.3. Proba psikoteknikoa. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek eginen dituzte.

Puntuazioa, gehienez ere: 15 puntu.

6.1.4. Oposizioko ariketak osatzen dituzten proba guztiak baztertzaileak izanen dira. Hortaz, bazterturik geldituko dira proba horietan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez duten oposiziogileak, eta epaimahaiak ez ditu zuzendu ere eginen ariketa horretako gainerako probak.

6.1.5. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.

6.1.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute.

Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

6.1.7. Plika itxien sistema erabiliko da.

6.1.8. Oposiziogileen kopuru handiagatik batera eginen ez diren probak eratzen badira, gaien hautapen eta zozketa talde bakoitzerako bereiz eginen da.

Ariketa bakoitza baztertzailea izanen da eta epaimahaia ez da hasiko hurrengo ariketa zuzentzen egindako ariketa bakoitzean gutxieneko puntuazioa lortu ez bada.

Azken emaitzan berdinketarik bada, hura lehen proban puntuaziorik altuena dutenen alde hautsiko da; eta, berdinketa mantenduz gero, bigarren proban puntuaziorik altuena dutenen alde, eta orobat hurrengoetan.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azkeneko ariketa zuzendu ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, erdietsitako puntuazio osoaren araberakoa, igorriko du Udalera; horretarako zenbatuko ditu izangai bakoitzak oposizioaldiko ariketetan erdietsitako puntuak; zerrenda horrekin batera puntuaziorik handiena erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena ere igorriko du. Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren bulegoetan:

1.-NANaren fotokopia konpultsatua.

2.-Bigarren oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, lehenago ekarri ez bada.

3.-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

4.-Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.

Zuzenbidean ezarritako bestelako frogabideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aitzineko ataletan azaldu bezalako jokatuko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bururatuta eta izangaiek 7.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak aurkeztuta, Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, Cadreitako Udaleko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzailearen lanpostua bete dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, eta aski arrazoituriko ezinbertzekoak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Cadreitako Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan eta harekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, hauetako errekurtso bat para daiteke:

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, :bon.ean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aitzinetik eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Cadreitan, 2011ko martxoaren 16an.-Alkatea, Alfonso Montori Prat.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ............, bizitokia: ................................... (..........................), kalea: ......................., zenbakia ..........., solairua ......, posta kodea: ............., telefonoa: .................

Honako hau azaltzen dut:

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, horretarako emandako epea bukatzen den egunean, Cadreitako Udalean administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, ........ zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ......(e)ko .................aren .......(e)an.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala.

Horrenbestez:

Eskabide hau onartu eta, beraz, Cadreitako Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Cadreitan, 201...(e)ko ..........aren .......(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

II. ERANSKINA

1. gaia.-6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

2. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa.

3. gaia.-Nafarroako toki entitateen aurrekontu orokorrak. Egitura. Nafarroako toki ogasunen baliabideen zerrenda eta sailkapena. Udal zergak. Tasak eta prezio publikoak.

4. gaia.-Udalaren osoko bilkura arruntak, bereziak eta presakoak; kontzeptua eta deialdia. Bilkuretan erabakiak hartzea: gehiengoen zenbaketa, egitatezko eta zuzenbidezko kideak, botoaren zentzua, abstentzioa, kalitatezko botoa, bozketa motak.

5. gaia.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina.

6. gaia.-Alkatearen hautapena eta kargugabetzea. Eskumenak. Eskumenak bertze baten esku uztea. Alkateordeak. Eginkizunak. Osoko bilkura: osaera, eskumenak eta horiek beste baten esku uztea. Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak. Gobernu Batzarra.

7. gaia.-Nafarroako toki entitateen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herri ondasunak.

8. gaia.-Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

9. gaia.-Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak. Kontratatzeko espedienteen tramitazioa. Orriak. Kontratuak esleitzea, hobetzea, formalizatzea eta esleitzeko moduak.

10. gaia.-Hirigintzako lizentziak eta jarduera sailkatuen lizentziak eta irekitzeko lizentziak. Edukia eta prozedura.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoan onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L1105015