64. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

17/2011 FORU DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren egitura organikoa, irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duena.

Irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onetsi eta erakunde horren egitura organikoa ezarri zen.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga kudeatu eta kontrolatzeko lanen eraginkortasuna hobetzearren, urtarrilaren 11ko 1/2010 Foru Dekretuak zerga horrekin zerikusia duten eginkizunak Zuzendaritza bakar batean eta Zerbitzu bakar batean batzeko prozesua bultzatu zuen, antolaketan behar diren aldaketak eginda.

Berrantolatze administratiboaren prozesu horretan beharrezkotzat jotzen da aldaketa batzuk gehitzea urtarrilaren 11ko 1/2010 Foru Dekretuak egindakoei. Lehendabizikoa Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen egungo Atalaren izena eta eginkizunak aldatzea da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Atal Tekniko eta Kontrolekoa deituko baita. Bigarrenik, beharrezkotzat jotzen da unitate organiko berri bat sortzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako Kanpainaren Atala, eremu material horren berezko eginkizunak esleitzen baitzaizkio. Eta azkenik, aurrekoarekin bat helduta, bidezko da aldaketa formala egitea atal horiek osatzen duten zerbitzuaren izenean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzua deituta; horrela, ondarearen gaineko zergaren aipamena kentzen da eta egungo errealitatetik hurbilago den izena hartzen du; izan ere, azken zerga horren indarra formal hutsa da 2008tik, zergaldi horretatik aitzina haren aitorpena eta autolikidazioa egiteko betebeharrak kendu egin baitziren.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuetako aldaketa.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak, irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, honela aldatu dira:

Bat.-42 bis artikuluaren erredakzio berria.

"42. bis artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuak atal hauek ditu:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Atal Tekniko eta Kontrolekoa.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako Kanpainaren Atala."

Bi.-42. ter artikuluak testu hau izanen du:

"42. ter artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Atal Tekniko eta Kontrolekoaren eginkizunak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Atal Tekniko eta Kontrolekoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko aitorpenak eta gainontzeko dokumentazioa aztertu, berrikusi eta egiaztatzea, dokumentu bidezko justifikazioa eskatzea eta zergaren likidazioak egitea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituz.

b) Pertsona fisikoen errentarren gaineko zergari buruz gaur egungo araudiak ezarritako berandutza-interesen eta errekarguen likidazioa egitea.

c) Agintzen zaizkion egiaztatze laburtuak egitea.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketak gainbegiratu eta kontrolatzea, bidezko diren likidazioak eginda.

e) Behar diren lanak egitea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioen proposamenak sortzeko eta igortzeko.

f) Atalak agindutako egintzen aurkako inpugnazioak eta berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea.

g) Kontsulta fiskalei alde teknikotik erantzutea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

h) Bere eskumenaren arloko Nafarroako Gobernuaren erabakiak eta ebazpen judizialak tramitatzea.

i) Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta haiek ebazteko proposamenak egitea.

j) Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

k) Ondarearen gaineko zergarekin zerikusia duten a), b), c), f), g), h), i) eta j) letretan adierazitako eginkizunak.

l) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak."

Hiru.-42. quater artikulua gehitzen da, honako edukia duena:

"42 quater artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako Kanpainaren Atalaren eginkizunak.

Bere eskumeneko zerga eremuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako Kanpainaren Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainako datu-orri eta inprimakiak, aitorpenak egiten laguntzen duten programak eta gainontzeko zerbitzuak diseinatu eta prestatzea.

b) Aitorpenak betetzen dituzten langileentzako prestakuntza ikastaroak antolatzea.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainan laguntzen duten entitateek antolaketan jarraitu beharreko irizpideak ematea.

d) PFEZren autolikidazioen proposamenak sortzeko eta igortzeko lanak egitea, baita, zergapekoek eskatuta, aitorpenak haien aurrean egitea ere.

e) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko aitorpenak eta gainontzeko dokumentazioa aztertu, berrikusi eta egiaztatzea, dokumentu bidezko justifikazioa eskatzea eta zergaren likidazioak egitea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituz.

f) Atalak agindutako egintzen aurkako inpugnazioak eta berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea.

g) Kontsulta fiskalen alde teknikoei erantzutea, zerbitzuko gainontzeko unitate administratiboekin koordinatuta.

h) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak."

Lehen xedapen gehigarria.-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren izen aldaketa.

Aldatu egiten da Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeateko Zerbitzuaren izena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzua deituko baita. Horrenbestez, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik, estatutuek eta beste arau batzuek unitate organiko horri egiten dizkioten aipamen guztiak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuari egindakotzat hartu beharko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.-Titularren jarraipena aldatutako unitate organikoetan.

Foru dekretu honetan xedatutakoaren aplikazioak ez du aldaketarik ekarriko ukitutako unitateen titularretan, beren eginkizunak betetzen jarraituko baitute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendari gisa eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Atal Tekniko eta Kontroleko buru gisa.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1105235