62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIA

Udal ordenantza, Eliako Kontzeju Etxea erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Eliako Kontzejuak, 2011ko urtarrilaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Eliako Kontzeju Etxea erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza (2011ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 22an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Elian, 2011ko martxoaren 14an.-Kontzejuko burua, Jorge Camino Unzu.

ELIAKO KONTZEJU ETXEA ERABILTZEKO ORDENANTZA

1.-Xedea.

Eliako Kontzejuak udalerri horretan duen etxeko lokalen erabilera arautzea dute xede ordenantza hauek. Orobat, erabileraren araberako tasak ezarri dira.

2.-Erabilera.

Lokalak Eliako Kontzejuaren beharretarako dira, Kontzejuaren beraren bileretarako eta bulego gisa.

Orobat, Eliako herritarren harreman onak bultzatzeko edozein jardueratarako, hala nola, bilera, bazkari, afari, joko eta abarretarako.

Kultura sustatzen duen edozein jardueratarako, hala nola, ikastaro, tailer, kultur jarduera eta abarretarako.

3.-Erabiltzaileak.

Eliako Kontzejuak beti izanen du lehentsuna instalazioak erabiltzeko, zein den ere jarduera. Gainerakoentzat, honela sailkatu dira erabiltzaileak:

Bi mota ezarri dira:

-Eliako bizilagunak.

-Lokalen erabilera eskatu eta Kontzejuaren baimena eskuratzen duten pertsona edo elkarteak.

3.a) Eliako bizilagunak.

Familia gune bakoitzak bere giltza izanen du eta egokia iruditzen zaionean erabiltzen ahalko ditu lokalak 2. artikuluan aurreikusitako xedeetarako, erreserba aldez aurretik eskatuta Kontzejuko idazkariari.

Sukaldea eta berogailua erabiltzeko tasa bakarrik ordaindu beharko diote Kontzejuari.

3.b) Lokalen erabilera eskatu eta Kontzejuaren baimena eskuratzen duten pertsona edo elkarteak.

Nahi duten pertsona edo elkarteek eskabide bat baliatuz eginen diote eskaera Kontzejuari etxea erabiltzeko. Eskabidean zehaztu egin beharko da zertarako eskatzen den baimena; eskaera egiten duen pertsona fisikoa izanen da erantzulea, giltza utziko zaio tasa eta 60 euroko fidantza ordaindu ondoren, eta funtzionamenduaren oinarrizko arauen berri emanen zaio.

4.-Sukaldearen erabilera.

a) Sukaldea erabiltzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba liburuan izena ematea.

b) Otorduetarako elkartearen edukiera gaindituz gero, zein ordenatan erreserbatu den sukaldearen erabilera, hari emanen zaio lehentasuna.

c) Otordu bakoitzaren bazkide erantzulearen ardura da sukaldea, baxera, mahai tresnak eta abar garbitzea, baita mahaiak eta gela ere. Hondakinak bildu eta edukiontzian utzi beharko dira.

d) Sukaldearen erabilera lehenbiziko solairuaren erabilerarekin lotuta dago.

5.-Gelen erabilera:

a) Ekitaldiaren arduradunaren kontura izanen da mahaiak eta gela garbitzea. Hondakinak bildu eta edukiontzian utzi beharko dira.

b) Ahalik eta argi, berogailu eta ur gutxiena erabiliko da, energia eta dirua aurreztearren.

6.-Tasak.

-Gelen erabilera:

  • Beheko solairua:
  • Egun erdia: 20 euro.
  • Egun osoa: 30 euro.
  • Lehenbiziko solairua:
  • Egun erdia: 20 euro.
  • Egun osoa: 30 euro.
  • Bazkariak 12:00etatik 19:00etara: 15 euro.
  • Afariak 19:00etatik 02:00etara: 15 euro.

-Berogailuaren erabilera:

  • Egun erdia, 10 euro solairuko.
  • Egun osoa, 20 euro solairuko.
  • Bazkaria: 10 euro.
  • Afaria: 10 euro.

-Sukaldearen erabilera: euro bat, bazkaltiar bakoitzeko.

-Egun osoa 00:00etatik 24:00etara dela ulertuko da.

-Egun erdia 00:00etatik 12:00etara edo 12:00etatik 24:00etara dela ulertuko da.

7.-Erreserbak.

Aldez aurretik erreserbatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da. Erreserba egitean 10 euro ordaindu beharko dira, itzultzeko eskubiderik gabe.

8.-Tasen ordainketa.

Eliako Kontzejuaren kontu korrontean sartu beharko da dirua.

Erabiltzaileak Kontzejuaren intereseko kultur edo gizarte jarduerak egiten dituzten elkarte edo pertsonak badira, tasak ordaindu beharrean edo haiek murrizteko, zerbitzuren bat ematen ahalko dute edo Eliako herritarrek onuraren bat aterako dute trukean, Kontzejuak egoki ikusiz gero.

Tasak ez ordaintzea erabakitzen ahalko du Kontzejuak, egiten diren jarduerak interes orokorrekoak eta irabazi asmorik gabe egiten direnean.

Elian, 2011ko urtarrilaren 12an.-Kontzejuko burua, Jorge Camino Unzu.

Iragarkiaren kodea: L1104816