62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoa
eta erregistro elektronikoa sortzea

Alkatetzaren martxoaren 11ko 176/2011 Dekretuaren bidez, ondotik ematen den testua duen ebazpena eman da:

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea bete beharrez, eta gure herritarrei gure entitatearekin komunikatzeko sistema telematikoa eman nahian, erabaki honen bidez sortu da Eguesibarko egoitza elektronikoa, bai eta egoitza elektroniko horri lotutako erregistro elektronikoa ere.

Eguesibarko Udalak, 2010eko abenduaren 15ean, hasiera batean onetsi zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Jendaurreko epea iragan ondoren inork alegaziorik aurkeztu gabe, testua Nafarroako Aldizkari Ofizialera igorri zen argitara eman zedin.

Ekainaren 11ko 11/2007 Legea eta Eguesibarko Udalaren administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza bete beharrez,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoa eta horri lotuta dagoen erregistro elektronikoa sortzea, ebazpen honen eranskinean zehazten diren ezaugarriekin, helbide elektroniko honetan: www.sedeelectronica.valledeegues.com.

Egoitza elektronikoaren ezaugarriak:

Egoitza elektronikoa aplikatzeko eremua Eguesibarko Udalaren toki entitatea izanen da, eta haren erakunde autonomoek ere erabiltzen ahalko dute.

Helbide elektronikoa hau izanen da: www.sedeelectronica.valledeegues.com, Interneteko domeinua, Eguesibarko Udalarena. Egoitza horren titularra Eguesibarko Udala da, eta kudeaketaren eta zerbitzuen organo arduradunak dira Udalaren organo guztiak eta haien funtzio-alorrak, alkatetza-udalburutzak koordinatuta.

Egoitzan identifikatuko dira sartzeko bide erabilgarri guztiak.

Egoitza elektronikoan zehaztuko dira zein diren iradokizunak eta kexak egiteko moduak eta, betiere, erabiltzen segitzen ahalko dira modu tradizionalak, sarreren Erregistro Orokorrean berean aurkeztuta.

Organo eskuduna den Alkatetza-Udalburutzaren zuzendaritza politiko-organikoaren menpean, kanal telematikoaren bitartez kudea daitezkeen prozedurak zehaztuko dira eta egoitza elektronikoan argitaratuko.

Baliabide teknikoak urriak izanik eta prozedura administratibo eta eragileak konplexuak direnez gero, erabaki da herritarrek estatistikoki gehien eskatzen dituzten prozedurak lehenetsiko direla.

Bigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.-Udalaren alor guztiei jakinaraztea, baita Eguesibarko Udalaren webgunean argitaratzea ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Eguesen, 2011ko martxoaren 16an.-Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

Iragarkiaren kodea: L1104863