62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEIRE

Aldaketa antolamendu xehakatuko determinazioetan.
Behin betiko onespena

Beireko Udalak, 2011ko martxoaren 11n egin bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea Beireko Udal Planeko aldaketa xehakatuak: 81.2 artikulua. Eraikuntzaren baldintzak; 65. artikulua. Solairu kopurua eta garaierak, eta 69. artikulua. Estalkiak. Sustatzailea Beireko Udala da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen dira behin betiko onespena eta haren hirigintza arauak.

Beiren, 2011ko martxoaren 15ean.-Alkatea, Sergio Fresán Oroz.

Aldaketaren deskribapena eta hirigintza arauak

81.2 artikulua. Eraikuntzaren baldintzak. 2.8 atala. (aldatua).

2.8.-Estetika: Eraberritze lanetan, agur egun diren bezalaxe mantenduko dira konposizioa, baoen tipologia eta estalkiaren eta/edo fatxaden materialak , eta halaxe hartuko beharko dira kontuan egiten diren jarduketa guztietan.

Eraikuntza berrietan, fatxadetako baoen erritmoa zutika antolatu eta zerrendatuko da; bao guztien proportzioa karratua izanen da edo, bertzenaz, nagusiki zutikakoa, beheko solairuko batean izan ezik, hura etzana izaten ahalko baita eta 3 metrorainoko zabalera izan, edo zerbait gehiago karrikaren mehartasunak horretarako bidea ematen badu.

Beheko solairuko fatxadaren planoak bat eginen du goiko solairuetakoenarekin; espresuki debekaturik daude gorputz irtenak, baina onartzen dira balkoiak eta begiratokiak, hirigintzako araudi orokorrean zehazten diren baldintzetan; haien hegalkina 60 cm baino handiagoa izan beharko da, eta haien osagaiak, nahitaez, izanen dira metalezko elementuak edo hormigoizko lauzakoak, gehienez ere 12 cm-ko lodierakoak, ertz molduratua eta tantakina dituztenak. Balkoien zutikako babesak izanen dira burdin trinko edo burdinurtukoak; espresuki debekaturik daude karel itsuak nahiz fabrikakoak.

Fatxadako materialak gehienbat tradizionalak izanen dira (harria, emokadura pintatuak, arotz lan zurezko nahiz metalezkoak, kolore deigarrietakoak etab.), eta espresuki debekaturik daude bistako hormigoizko blokeak eta bistako adreiluzkoak, haien tamaina, kolorea eta ukia adreilu "zaharraren" gisakoa ez bada: gehienez ere 3 cm, kolore horia edo nabarra eta uki zimurtsua.

65. artikulua. Solairu kopurua eta garaierak. (aldatua).

Plan honetan edo garapena egiteko bertzelako planeamendu batean, kasuan kasuko antolamendu planoan grafiaturiko solairu kopurua da lizentzia jaso dezakeen gehienekoa; horri dagokionez, lehen solairua halakotzat hartuko da baldin eta haren sestrako kota metro batetik goiti badago kanpoko lerrokaduraren punturen batean, betiere karrikako edo lurreko sestratik neurtuta.

Eraikin berrietan, solairu kopurua ez da inoiz gehieneko solairu kopurua ken bat baino gutiago izanen. Murrizketa hori gertatzen bada eraikin batean diren mehelinen artean, agerian gelditzen diren mehelinei ongi egokitzen zaien maneran tratatu beharko dira.

Betiere, eraikinen garaiera neurtuko da fatxadaren lerroaren erdiko puntutik pasatzen den bertikalean, espaloiaren mailatik fatxadaren planoko teilatu-hegalaren beheko alderaino. Beheko solairuaren garaiera librea 3 m izanen da gutienez (2,5 m, beheko solairuko etxebizitzan) eta 4 m gehienez; garaiera betiere 4 m baino tikiagoa izanen da karrikako sestratik haren sabairaino. Gainerako solairuetan, gutieneko garaiera librea 2,5 m izanen da, hauek izanik gehienekoak:

BS izanez gero, gehieneko garaiera: 4 m.

BS + 1 izanez gero, gehieneko garaiera: 7 m.

BS + 2 izanez gero, gehieneko garaiera: 10,00 m.

69. artikulua. Estalkiak. (aldatua).

Eraikinen estalkiak lauzak edo maldunak izan daitezke, eraitza gehienez ere metro batekoa (60 cm, karrikaren zabalera 5 m baino gutiago bada) eta malda gehienez ere %40koa.

Akabera egokiak izanen dira teilatuak edo zoladurak, zeramikoak edo hormigoizkoak, kolore okre edo gorrixketan.

Eraikinak industrian erabiltzeko, biltegitako, ekipamenduetarako edo erabilera berezikoak badira, onartuko da material plastikoak erabiltzea, funtzionalki behar den proportzioan, eta orobat fibrozementua, ahal dela aipatu koloreetan.

Eremu homogeneo bakoitzaren araudi partikularrean zehaztuko da teilatupean aprobetxamendurik egiteko aukerarik dagoen ala ez. Hona hemen horretarako baldintzak:

-Juxtu azpian duen solairuaren erabilerak etxebizitzetarako beharko du izan eta teilatupea horri loturik egon.

-Teilatupeak atal irtenik badu, halakoetan debeku dira aprobetxamendu mota guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1104865