62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARGOTA

Zakurrak edukitzearen gaineko ordenantza. Behin betiko onespena

Bargotako Udalak, 2010eko abenduaren 21eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen zakurrak edukitzearen gaineko ordenantza. Erabakia jendaurrean eduki da, Udal honetako iragarki oholean eta 2011ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 3an, jarritako iragarkien bidez.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bargotan, 2011ko martxoaren 14an.-Batzorde Kudeatzaileko burua, Gregorio García Mendaza.

ZAKURRAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Bargotako udal mugapean zakurrak edukitzeko baldintzak ezartzea.

2. artikulua. Baimen orokorra ematen da zakurrak etxebizitza partikularretan edukitzeko, betiere jendeari traba egin gabe, dela etengabeko zaunkak, dela darien usaina, edo arriskurik sortu gabe.

3. artikulua. Bide eta eremu publikoetan zakurrak edo beste animalia batzuk daramatzaten pertsonak behartuak daude lotuta eramatera eta, gainera, beren animaliei iraizkinak eremu publikoetan egiten ez uztera, bereziki oinezkoen joan-etorrietarako diren eremuetan.

4. artikulua. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu zakurrak, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoz lotuak.

Zakurrek inoiz erasorik eginez gero edo arriskutsuak direla aurreikusiz gero muturrekoa eramanen dute nahitaez.

Zakurrek baldintza horiek betetzen ez dituztenean, udal agintaritzak hala ibiltzea zehatuko du.

5. artikulua. Zakurren gorozkiak kale edo lorategi publikoetan egin bezain laster jaso beharko ditu jabeak edo zakurra daraman arduradunak.

6. artikulua. Zakur zaintzaleak askaturik ibiltzen ahalko dira jabetza partikularreko barrutietan, baldin eta eremu publikotik erabat itxita badaude eta bertatik kanpora iristerik ez badago. Jabeak zakurra dagoela ohartarazi beharko du ongi ikusi eta irakurtzen ahal diren seinaleen bitartez, barruti hertsira sartzeko toki guztietan kokatuta.

III. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Ordenantza honetan xedatua ez betetzeak udal agintaritzaren salaketa ekarriko du. Zehapen prozedura Udalaren langileek abiarazten ahalko dute, edo Bargotako edozein herritarrek edo entitatek eskaturik. Ustezko arau-hauste horiek salatzen dituztenek interesdun izaera izanen dute prozeduran.

8. artikulua. Udal mugapean dauden zakurren jabeak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

9. artikulua. Zehapenaren tramitazioa eta prozedura Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorrari eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duenari atxikiko zaizkie.

10. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

a) Arau-hauste arinak: zakurrak arduradun batekin loturik ez ibiltzea.

b) Arau-hauste larriak: arau-haustean hiru aldiz berrerortzea eta zenbait egunetan zakurrek zaunka behin eta berriz egitea.

c) Arau-hauste oso larriak: hiru arau-hauste larritan berrerortzea.

11. artikulua. Arau-hausteak ondoko moduetan zeha daitezke:

a) Arau-hauste arinak: ohartarazpena edo 60 euro arteko isuna.

b) Arau-hauste larriak: 60,01 eta 150 euro bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriak: 150,01 eta 300 euro bitarteko isuna.

Zehapenak egindako arau-hausteen kopuruaren arabera ezarriko dira. Hortaz, lehen arau-hauste arinak 20 euroko zehapena izanen du, bigarrenak 40koa, eta hirugarrenak 60koa. Lehen arau-hauste larriak 90eko zehapena izanen du, bigarrenak 120koa, eta hirugarrenak 150ekoa. Lehen arau-haustea oso larriak 200 euroko zehapena izanen du, bigarrenak 250ekoa, eta hirugarrenak 300ekoa.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan adierazitako epeak iragan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan hartuko du indarra ordenantza honek.

Hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezarritako ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: L1104893