62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Nafarroako Erriberagoieneko H.H.S.en Mankomunitateko kudeatzaile izateko lanpostu bat, lan-araubide finkoarekin, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.-Deialdi honen xedea da Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko kudeatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Azkoienen aritzeko. Kudeatzailea hondakinen bilketa zein garraioaren eta birziklatzeko plantaren zuzendaritza eta kontrol lanez arduratuko da, bertako giza baliabideak eta baliabide materialak zuzen kudeatzen direla bermatu beharko du eta zerbitzuaren maila behar bezalakoa dela begiratuko du, eta zerbitzuaren eta entitatearen premietara egokituko.

2.-Izendapenak Nafarroako Erriberagoieneko H.H.S.en Mankomunitateko lan-araubideko langile finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztiekin, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko kide eginen dira, eta ezarritako probaldia egin beharko dute.

3.-Harreman juridiko-laborala Langileen Estatutuari eta lanaren arloan indarra duten arauei lotuko zaie.

4.-Ordainsaria izanen da Mankomunitateko aurrekontuan kudeatzaile lanposturako aurreikusitakoa.

5.-Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da betiere, eta Mankomunitateak edozein momentutan alda dezake. Izendatuek agintzen zaizkien eginkizunak izanen dituzte, baita Mankomunitatearen helburuak lortzeko beharrezko diren gainerakoak ere.

6.-Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu, bertzeak bertze:

-Langileriaren kudeaketa: bi lan ildoen giza baliabideak neurtu eta antolatzea, kontuan hartuz lantaldeak, teknikariak, Mankomunitatean biltzen diren hondakin kopuruak eta birziklatzeko planta ahalik eta ongien baliatzeko behar diren kopuruak.

-Alor ekonomikoa: jarduera ildoen aurreikuspen eta kudeaketa ekonomikoa.

-Kudeaketa sistemak: kalitate planak prestatu eta garatzea, laneko arriskuei aurre hartzeko plana kontrolatu eta kudeatzea, eta proiektuak abiaraztea eta jarduera kontrolatzea.

-Jardueraren azterketa eta etorkizunerako proposamenak.

-Gobernu organoen aholkularitza teknikoa, beharrezkoak jo eta egindako zerbitzuei dagozkien gai guztietan.

-Laneko segurtasun eta higieneko arauak betetzea.

-Aipatutakoez gain, agintzen zaizkion bestelako erantzukizunak ere hartu beharko ditu bere gain, betiere bere maila profesionalarekin bat datozenak, lanpostuaren erantzukizunetan behar den malgutasuna egon dadin.

7.-Izangaiek ondoren azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Gutxienez ere unibertsitateko diplomadunaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

Baldintza horiek deialdi honetako 8. oinarrian adierazietako epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, baita bete ere oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

8.-Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak Azkoienen duen egoitzan aurkeztu beharko dira (Bakearen etorbidea, 21, 1.B), iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-12. oinarrian ezarri diren merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, lehiaketaldian baloratuko baitira. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

-Aurreko oinarriko a), b) eta c) baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu eta frogatu beharko dituzte, agiri bidez, baldintzak eta merezimenduak, edo, betiere, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean. Dokumentazio hori ezarritako epean eta moduan aurkezten ez bada, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldian aurkeztu beharreko merezimenduak kontuan hartzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna izanen da epearen muga.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

9.-Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

10.-Honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: Lourdes Aramburu Ortega - Mankomunitateko burua.

-Ordezkoa: Rafael Abad Callejas-Mankomunitateko buruordea.

-1. mahaikidea: Mankomunitateko langile bat, horretarako hautatuko dena.

-Ordezkoa: Mankomunitateko langile bat, horretarako hautatuko dena.

-2. mahaikidea: Andrés Sola, Nilsako zuzendaria.

-Ordezkoa: Mikel Satrústegui, ekonomilaria.

-3. mahaikidea: Javier Horcada, ingeniaria.

-Ordezkoa: Belén Pascual, ekonomilaria.

-Mahaikide idazkaria: María Jesús Hernández Luri.

-Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma.

Izangaiek mahaikideak ezesten ahalko dituzte, legean aurreikusitako modu eta baldintzen bitartez.

Epaimahaiak pertsona edo/eta erakunde adituen laguntza har dezake, hautapen probetarako.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta ezin izanen du jardun gutxienez kideen gehiengoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

Oinarri hauek lotesleak izanen dira deialdia egin duen Mankomunitatearentzat, epaimahaiarentzat eta izangai guztientzat.

11.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Ondotik, epaimahaiak garaiz jarriko ditu ikusgai hurrengo probak egiteko iragarkiak Mankomunitateko iragarki oholetan.

12.-Lehiaketaldia.

Izangaiek alegaturiko eta, hala bada, agiri bidez frogaturiko merezimenduak baremo honen arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:

Enpresa publiko edo pribatuan kudeatzaile lanpostuan aritu izanagatik, 3 puntu lan egindako urte bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez.

Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

Master edo graduondokoen bidezko prestakuntza kalitatean, ingurumenean, enpresen kudeaketan, giza baliabidetan: 2 puntu master bakoitzeko eta 10 puntu gehienez.

Ikastaroak, gutxienez ere 20 ordukoak eta kalitateari, ingurumenari, enpresen kudeaketari eta giza baliabidei buruzkoak izanik: puntu bat ikastaroko eta 5 puntu gehienez.

Lehiaketa honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke. Ez da baztergarria izanen.

13.-Oposizioaldia.

Lehenbiziko proba: lanpostuarekin zerikusia duen kasu praktikoa. Gehienez ere, 50 puntu.

Lehenbiziko proba baztergarria izanen da, bazterturik geldituko baitira gehieneko puntuazioaren erdia eskuratzen ez duten izangaiak.

Bigarren proba: proba psikoteknikoak. Gehienez ere, 25 puntu.

Hirugarren proba: elkarrizketa bai epaimahaikoekin bai izendatuko den enpresa aholkulariarekin. Balorazio objektiboa egiteko irizpideak erabiliko dira. Elkarrizketak gehienez ere 10 puntu izanen ditu.

Oposizioaldiko proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Mankomunitateko iragarki oholean, azterketa gainditzen duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, baita hurrengo proba noiz eta non eginen den ere.

Probak egiteko dei bakarra izanen da. Haietara, izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legez baliokidea den agiriren bat aldean dutela azaldu beharko dute, eta eskatuz gero erakutsi; bertzenaz, kanporatu eta baztertuak izanen dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du probak hasi aitzin.

Azken balorazio edo kalifikazioa zein den jakiteko, oposizioaldiko ariketa guztietako puntuazioak eta lehiaketaldikoak batu eginen dira.

14.-Oposizioaldia eta lehiaketaldia burutu ondoan, epaimahaiak Mankomunitateko iragarki oholean paratuko ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen dio Mankomuinitateko Burutzari. Mankomunitatearen iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenbiziko proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

15.-Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitatearen Erregistroan:

a) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena. Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

b) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun-ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituenari ezin izanen zaio esleitu lanpostua, eta jarduketa guztiak deuseztatuak geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

Horrelako kasuetan, baja hori oposizioa gainditu dutenen zerrendan ondotik heldu direnekin beteko da, hurrenez hurren.

Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

16.-Izendapena eta jabetza hartzea.

Hautapen prozesua bukaturik eta izangaiak aurreko oinarrian zehazturiko agiriak aurkeztu ondotik, Mankomunitateko Burutzak lan-kontratudun finko izendatuko du deialdiko lanpostuan aritzeko. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza eta kontratua sinatu.

Epe horren barrenean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Erriberagoieneko H.H.S.en Mankomunitateko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

17.-Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiko zaio.

18.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa Mankomunitatearen Burutzari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi diren egintzak edo erabakiak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Azkoienen, 2011ko martxoaren 18an.-Mankomunitateko burua, Lourdes Aramburu Ortega.

ESKABIDE EREDUA

Izena: .........................................................., adinez nagusia; NAN zk.: .....................; jaioteguna: ...................; helbidea: .............; kalea: ..............; zk.: ......; telefonoa: .......

Honako hau azaltzen dut:

Erriberagoieneko H.H.S.en Mankomunitateko kudeatzaile izateko lanpostua, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan, betetzeko deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala (deialdia, ....(e)ko ......aren .....(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua).

Horrenbestez, lanpostua eskuratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.

Data eta eskatzailearen sinadura.

Iragarkiaren kodea: L1105285