62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

278E/2011 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Merkataritzako Hirigintza Programa" izeneko diru-laguntzaren 2011ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008-2011) merkataritzako hirigintza programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programaren helburua da toki administrazioak inplikatzea hirietako merkataritza eta herrietako hurbileko merkataritza sustatzeko eta hobetzeko politiketan, merkataritza sektorea udal politikak ezartzeko giltzarri gisa hartuz eta merkataritzaren garapenerako behar den hirigintza ingurunea finkatuz.

Aurreikusita dauden jarduketa neurrien artean hauek daude: hiriaren merkataritza eredua definitzea, hirigintza ingurunea hiriko merkataritzaren garapenaren beharrei egokitzea, jarduketa plan kolektiboak sustatzea eta hiri-bilbeko merkataritza eremuei loturiko ingurune-elementuak hobetzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Hirigintzako merkataritza programa" izeneko diru-laguntza emateko 2011ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Baimena ematea 400.000 euroko gasturako, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, kontu-sail hauen kargura:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

400.000,00

G/850002/7609/431400: Toki entitateentzako transferentziak merkataritza ekipamenduetarako

2011

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 11n.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.-Xedea.

Diru-laguntza honen onura publikoa da toki administrazioei sostengu ekonomikoa ematea hirietako merkataritza eta herrietako hurbileko merkataritza sustatu eta hobetzeko politiketan, merkataritza sektorea udal politikak ezartzeko giltzarri gisa hartuz eta merkataritzaren garapenerako behar den hirigintza ingurunea finkatuz.

2. oinarria.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa

1. 2010eko abenduaren 1etik 2011ko azaroaren 30era bitarte, biak barne, gauzatzen diren ondoko ekintzek jaso dezakete diru-laguntza, fakturatzen den eguna izanik, ondorio horietarako, gastua egin den eguna:

A) Merkataritzan erakartzeko eta antolatzeko planak egiteko azterketak. Azterlan horietan, gutxienez, arlo hauek jasoko dira:

-Planaren helburuak.

-Udalerriaren azterketa komertziala: eskaintza, eskaria, merkataritza ekipamendu bereziak, zentralitate osagaiak (administrazio, kultura, kirol eta bestelako arloetakoak), hirigintza egokitasuna (sarbideak, hiri altzariak, aparkalekuak, eta abar), merkatari elkarteak, eta abar.

-Saltoki asko biltzen dituzten eremuak identifikatu, mugatu eta karakterizatzea.

-Merkataritza eremu identifikatuen kokagunea: gaitasun komertziala eta gaur egungo egokitasun maila.

-Jarduteko oinarrizko ildoak, merkataritza eremuaren arabera, kudeaketa planaren proposamena eta adierazleen definizioa.

-Hiriguneetako merkataritza eremuak eta dentsitate handiko bizitegi eremuak hirigintzaren aldetik hobetzeko neurriak.

Ekintza honi dagokion diru-laguntza kanpoko kostuaren %70ekoa izanen da, gehienez ere 20.000 euro.

B) Merkataritza eremuak hobetu eta egokitzea, baldin eta, bertako saltoki kopuruagatik, hiriko merkataritza zentrotzat edo merkataritza kale edo ardaztzat joak izateko gaitasuna badute. Diru-laguntzak, zehazki, jarduketa hauetarako izanen dira:

B.1) Merkataritza kale eta/edo ardatzak oinezkoendako moldatzeko hirigintza azpiegiturak egokitzeko edo bideak baterako kaleak bihurtzeko inbertsioak (ibilgailuak eta oinezkoak batera ibiltzekoak), non oinezkoek lehentasuna izanen baitute ibilgailuen trafikoaren aldean.

Diruz lagunduko dira 0 kotaren gaineko obrak gauzatzeko kostuak, baina 0 kotatik beherako lur mugimenduak, eraispenak edo azpiegiturak ez dira sartuko. Diruz laguntzen diren jarduketek eragin garbia eta zuzenekoa izan behar dute merkataritza jarduera hobetzeko.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %40 adinakoa izanen da.

B.2) Hiri ekipamendua, iraunkorra edo ez, handitu eta berritzea, merkataritza eremuetako hiri paisaia eta estetikoa hobetzen badute, hala nola: altzariak, argiak, lorategiak, seinale komertzialak eta merkataritza jarduera hobea sustatzen duten osagarriak.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

B.3) Aparkalekuetako sarbideak eta haiek egokitzea, lur azpiko edo dorre itxurako aparkaleku berrien eraikuntza izan ezik, baldin eta merkataritza eremutik gertu badaude eta merkataritza eremu horretako balizko bezeroen artean hedatu eta horren berri emateko neurriak hartzen badira.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

B.4) Aurreko puntuetan aipatzen diren jarduketak zehaztu, gauzatu eta haien segimendua egiteko azterlanak eta/edo kanpo aholkularitza teknikoa.

Ekintza honi dagokion diru-laguntza kanpoko kostuaren %60koa izanen da, gehienez ere 8.000 euro.

Proiektu teknikoak erredaktatzeko kostuak eta obra zuzendaritzakoak diruz lagungarriak izanen dira, betiere dagokion inbertsioa gauzatzen bada.

C) Udal azokak modernizatzea.

C.1) Udal azoken antolamendu fisiko eta funtzionala hobetzeko azterlanak.

Ekintza honi dagokion diru-laguntza kanpoko kostuaren %70ekoa izanen da, gehienez ere 9.000 euro.

C.2) Udal azoken hobekuntza fisiko eta funtzionalerako inbertsioak, erabilera komunitarioko instalazioak eta horiei erantsiriko inguruneak barne.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

D) Merkataritza ibiltariaren eremuak egokitu edo daudenak hobetzeko jarduketak, hiri-ingurunean kokatuak, hala nola:

-Jarduera hori garatzeko eremua egokitzea.

-Merkataritza jarduera horri zerbitzua emateko ekipamendua eta azpiegiturak: karpak, desmuntatzen ahal diren egiturak edo antzekoak.

-Sostengu zerbitzuak ematea, hala nola, elektrizitatea, ura eta abar.

Jarduketa horiek diru-laguntzak har ditzaten, erdialdean gauzatu beharko dira, edo udalerrian ezarritako merkataritzatik hurbil dauden eremuetan, eta udalerriaren eta/edo merkataritza eremuaren merkataritza jarduera dinamizatzen lagundu beharko dute.

Jarduketa honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %50 adinakoa izanen da.

E) Banaketarako erregulazio biltegiak eta merkataritza hornidurarako plataformak ezartzeko jarduketak, hiriko merkataritza txikiari edo hurbileko merkataritzari zerbitzua ematen dietenak.

Jarduketa honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

F) Udal titulartasuneko lokalak egokitzeko jarduketak, "Eskurako saltokien sarean" integraturiko saltoki bat abian jartzeko.

Jarduketa honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

2. Oinarri honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jarduketa horiei egozten ahal zaizkien mantentze eta zainketa gastuak eta langileria gastuak ez dira kanpoko kostutzat hartuko.

3. araua.-Onuradunak.

Berpiztu edo dinamizatzen ahal diren merkataritza kontzentrazioak izanik, oinarri arautzaile hauen II. eranskinean jaso diren udalerriek hartzen ahalko dituzte diru-laguntzak.

Aurreko oinarriko F) letraren 1. atalean adierazitako jarduketetarako, 3.000 biztanletik beherako udalerriak izaten ahalko dira onuradun, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroak (CEIN) ekintza hori garatzeko emandako aldeko txostena badute, izan ere, Nafarroako Gobernuak CEINi laguntzen dio "Eskurako saltokien sarea" izeneko proiektua garatzen.

4. oinarria.-Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, argitaratzen den hileko egun berberean bukatuko da, baina hurrengo hilabetean.

2. Eskabideak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Fitxan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta guneak jarriko ditu, zerbitzuen katalagoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan eskaerak aurkezteko moduari buruzko aholkuak emanen dira, eta hartarako, aurreko paragrafoan adierazi bezala, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Sinadura elektronikoaren titularra eskabidean emandako datuen egiazkotasunaren erantzulea izanen da, bai eta eskabideari lotutako agiri elektronikoen benetakotasunarena ere.

3. Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta eskaneatuta, agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta izen batekin (ad: "Balorazio irizpideak", "BEZaren ziurtagiria", "Proiektuaren memoria" eta abar) egon beharko dute:

a) Inguruabarren justifikazioa. Deialdiaren 5.1 oinarrian ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira.

b) Udal idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzeko ea deialdi honetan aurkeztutako jardueketei aplikatzen zaien BEZa udalak berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa den edo ez.

c) Deialdia argitaratu eta biharamunetik 2011ko azaroaren 30era bitarte egitea aurreikusi diren jarduketetarako, aurreikusten diren proiektu bakoitzaren memoria bat aurkeztuko da, honako hauek adieraziz:

-Lortu nahi diren helburuak.

-Eginen diren jarduera zehatzak.

-Kalkulatutako aurrekontua, gaika zehaztua.

-Gauzatzeko aurreikusitako epea eta zein fasetan dagoen orain.

d) 2010eko abenduaren 1etik deialdia argitaratu den egunera bitarte gauzatutako ekintzetarako, deialdi honen 7. oinarriaren 1. atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

4. Eskaerak aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio epe zehatz batean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatu eta espedientea artxibatuko dela. Hori gertatuz gero, interesdunari jakinaraziko zaio.

5. oinarria.-Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak.

1. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu horien artean lehentasun ordena ezartzeko, irizpide hauekin bat:

a) Jarduketaren xede den udalerri edo merkataritza eremuaren gaitasun komertziala. Gehienez ere 30 punturekin baloratuko da.

b) Udalerriaren berezitasuna hurbileko merkataritzaren bidez sustatzeko jarduketak egitea. Gehienez ere 50 punturekin baloratuko da.

c) Jarduketak Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2008-2011 II. Planaren proposamenaren araberakoak izatea. Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da.

d) Jarduketak merkataritza jardueraren garapenari loturiko beste entitate publiko edo pribatu batzuekin elkarlanean egitea edo haiek koordinatzea. Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da.

2. Jarduketa bakoitzari 2. oinarrian ezarritako diru-laguntzaren portzentajea aplikatuko zaio, puntuaziorik handiena lortu duten jarduketetatik hasita.

3. Aurrekontuko diru kopurua aurreko atalaren ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, ondoko irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen atzetik:

-Aurreko urtean inbertsioetarako diru-laguntzarik eman bada, zer neurritan exekutatu diren inbertsio horiek, salbu dagozkion beherako aldaketaren berri eman bazaio organo eskudunari, 9.1.a) oinarrian ezarritako moduan.

-Udalerri bakoitzarentzako gehieneko diru-laguntza 100.000 eurokoa izanen da.

-Dena dela, muga hori aplikatu ondoren aurrekontuan dirurik gelditzen bada, murrizketa aplikatu zaien eskaeren artean hainbanatuko da, jarduketa bakoitzerako onartu zaien aurrekontuaren arabera.

4. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

6. oinarria.-Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. oinarria.-Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedea bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastu eta ordainketa guztiak justifikatu beharko dituzte, honako dokumentazio hau Erregisto Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuz, 4. oinarrian adierazitako moduan:

a) Txosten tekniko zehaztua. Gutxienez honako hauek jaso beharko dira:

-Garatu diren jarduketen deskribapena:

-Helburuak zenbateraino bete diren.

-Diru-laguntza jaso duten jarduketen froga grafikoa.

b) Fakturen eta ordainketak justifikatzeko kontabilitate-agirien kopiak.

c) Azterlanak egiteko diru-laguntzen kasuan, haien frogagiri bat ekarri beharko da.

d) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz esleitu direla frogatzen duena, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela frogatzeko.

2. Frogagiriak aurkezteko epeak hauek dira:

a) 2010eko abenduaren 1etik deialdia argitaratu eta biharamunera bitarte egin diren ekintzetan, justifikazioa diru-laguntza eskaerarekin batera aurkeztuko da.

b) Deialdia argitaratu eta biharamunetik 2011ko azaroaren 30era bitarte egiten diren jarduketen kasuan, 2011ko abenduaren 16an bukatuko da epea, egun hori barne.

3. Oinarri honetan ezarritako epean eta moduan justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Dena dela, justifikazioa egiteko epean ezin bada inolako agiririk aurkeztu, onuradunak horren arrazoiak azaldu eta epea luzatzeko eskatu beharko du. Beharrezkoa izanen da organo eskudunak eskaera hori onartzea, eta ezartzen duen epe berria jakinaraziko dio onuradunari.

8. oinarria.-Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Aurreko oinarrian xedatutakoarekin bat justifikatuz gero, hein bateko obra ziurtagiriei edo ordainketei dagozkien ordainketa partzialak egiten ahalko dira.

9. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Merkataritzarako Zerbitzuen Atalari jakinaraztea diru-laguntza jaso duen edozein ekintzaren aurrekontuetan izaten diren merkatzeak. Jakinarazpen hori merkatzearen berri jakin bezain pronto egin beharko da, eta betiere, 2011ko abuztuaren 31 baino lehen.

b) Egindako gastu eta ordainketak justifikatzea, 7. oinarrian ezarritako moduan eta epeetan.

c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko eginbeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasunaren printzipioari jarraikiz edo, kasua zein den, dagokion zenbatekoa itzuliz.

10. oinarria.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11. oinarria.-Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaileen aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

12. oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Altsasu

Antsoain

Agoitz

Aranguren

Aribe

Auritz

Aiegi

Azagra

Barañain

Baztan (Elizondo)

Bera

Beriain

Berriobeiti

Berriozar

Burlata

Caparroso

Zarrakaztelu

Cascante

Castejón

Oltza Zendea

Cintruénigo

Zizur

Corella

Cortes

Doneztebe

Eguesibar

Aurizberri

Lizarra

Etxarri Aranatz

Galar

Uharte

Irurtzun

Izaba

Leitza

Lekunberri

Lodosa

Los Arcos

Irunberri

Mendabia

Milagro

Murchante

Noain (Elortzibar)

Obanos

Otsagabia

Erriberri

Orkoien

Iruña

Azkoien

Gares

Ribaforada

San Adrián

Zangoza

Tafalla

Tutera

Viana

Atarrabia

Zizur Nagusia

Iragarkiaren kodea: F1104722