62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

303E/2011 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua (Lingua Empresa) deialdia onetsi eta horren diru-laguntzaren gastua baimentzen duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, sektore arteko gizarte eta ekonomia eragileen parte-hartzearekin, Nafarroako aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialen lehentasunezko balio estrategikotzat eta, beraz, enpleguaren egonkortasunerako eta kohesio sozialerako funtsezko tresnatzat jo eta bere gain hartzen du prestakuntza.

Prestakuntza hori enpresen estrategia orokorraren barruan sartu behar da, halaber; horrela, enpresek funtsezko zeregina dute prestakuntza ekintzen antolaketan eta gauzatzean.

Enpresako atzerriko hizkuntzetako prestakuntzaren eremuan bereziki, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2008tik lan egiten du Lingua Empresa programan. Programa horrek enpresako hizkuntzetako prestakuntzaren eredu berria proposatu du, enpresen beharrizan estrategikoei, Lanbiderako Hizkuntza Gaitasunaren (LHG) kontzeptuan oinarritutakoei, erantzuten diena. Kontzeptu horrek langileek beren lana garatzean egiten dituzten eta atzerriko hizkuntzak erabiltzea eskatzen duten zereginak edo lanak barne hartzen ditu.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ekimen horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuak berak Nafarroako enpresen atzerriko hizkuntzen ezagutza mailari eta gure ekonomia nazioarteko bihurtzeko orduan horrek duen zuzeneko eraginari buruz egin duen diagnostikoari zein Komunitateko hurrengo plan estrategikoei erantzuten die: Nafarroako Nazioarteko Plana (NNP), Nafarroako Garapen Ekonomikoaren Eredu Berria (MODERNA) edo Nafarroako III. Plan Teknologikoa (III. NPT).

Horrela, Lingua Empresa programak enpresetako hizkuntzetako prestakuntza ekintzen eredu berritzaile berria proposatzen du, enpresen eta hizkuntza prestatzaileen eskura dauden programako metodologien eta tresnen erabileran oinarritzen dena.

Eredu berriak enpresako hizkuntzetako prestakuntzaren prozesuaren aldi guztiak barne hartzen ditu, horietako bakoitzerako metodologia eta tresnak eskainita, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hizkuntza prestatzaileak gaitu eta akreditatu dituela horietarako.

Deialdi honen bidez, Lingua Empresa programak proposaturiko eredua Komunitateko enpresetan ezartzea lortu nahi da, Lingua Empresa ereduan oinarritzen diren Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinuari lagunduz.

Azken batean, Lingua Empresa programak bultzatzen duen eredu berriak langileen lanbide jarduera hobetzen lagundu, Nafarroako enpresen lehiakortasuna indartu, eta horiek nazioarteko bihurtzea sustatu nahi du.

Helburu horiekin bat etorrita eta langileen lanerako prestakuntzari laguntzeko asmoz, 2009-2012rako Nafarroako IV. Enplegu Planak prestakuntza horren gastuari aurre egiteko aurrekontuak barne hartzen ditu, eta berariaz aipatzen du Lingua Empresa programa. Izan ere, programa hori zuzenean lotzen dio berrikuntzaren kultura aplikatu eta ezarri beharrari lanerako prestakuntzaren eremuan, Nafarroako lanindarraren lanbide prestakuntza bermatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko asmoz.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, ebazpen honen bidez iragartzen diren laguntzak erakunde autonomo horrek kudeatuko ditu.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Horren arabera, besteak beste, beharrezkoa da deialdia eta horren oinarri arauemaileak onestea.

Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak Batzordeak abuztuaren 6an eman zuen 800/2008 EE Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, 2008ko 214. EBAOn, abuztuaren 9an, argitaratu zen Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lanbiderako Hizkuntza Gaitasunaren (LHG) kontzeptuan oinarritzen den Lingua Empresa ereduaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua finantzatzeko diru-laguntza publikoen deialdia onestea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

3. Ehun mila euroko (100.000 euro) gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2011ko Gastuen Aurrekontuko "Langileen Lanerako Prestakuntza Ekintzak" izeneko 882001-84200-4709-242102 kontu-sailaren kargura. RCSA 3234 zenbakia du.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza Kudeatzeko Atalari, Lanerako Prestakuntza Garatzeko Atalari eta Kontabilitate Zentroari.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 2an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

I. ERANSKINA

Lanbiderako Hizkuntza Gaitasunaren (LHG) kontzeptuan oinarritzen den Lingua Empresa ereduaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua finantzatzeko diru-laguntza publikoen deialdiaren oinarri arauemaileak

Lehenbiziko oinarria.-Xedea eta helburua.

Bat.-Deialdi honen xedea da, Lanbiderako Hizkuntza Gaitasunaren (LHG) kontzeptuan oinarritzen den Lingua Empresa ereduaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua finantzatzeko diru-laguntzak ematea, araudi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Bi.-Deialdi honek finantzatu beharreko Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinuak helburu nagusi izanen du langile okupatuen lanbiderako hizkuntza gaitasunak hobetzen laguntzea, edozein sektoretan edo jarduera adarretan lan egiten dutela ere.

Helburu horiek lehiaketaren eta administrazioaren eta enpresen arteko erantzukizunaren bidez lortu nahi dira, eta Lingua Empresa programak proposatzen dituen metodologiak eta tresnak erabiltzea eskatuko dute.

Prestakuntzaren planifikaziotik eta programaziotik ondorioztatzen diren eta Enpresako Hizkuntzetako Prestakuntza Planetan sartutako prestakuntza ekintzek ezin izanen dute deialdi honen diru-laguntzarik jaso.

Hiru.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua ematen den urteko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egin beharko da.

Lau.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinuari diru-laguntzak emateko, lehiaren, publizitatearen eta objektibotasunaren printzipioak kontuan hartuko dira.

Bigarren oinarria.-Diru-laguntzen zenbatekoa.

Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinu bakoitzerako emanen den gehieneko diru-laguntza deialdi honetako II. eranskinean (kostuak eta moduluak) agertzen diren modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

Hirugarren oinarria.-Entitate onuradunak.

Bat.-Deialdi honetan aurreikusiriko Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinuari buruzko diru-laguntzen entitate onuradunak izaten ahalko dira Nafarroan kokaturiko enpresa pribatuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunak izateko ezartzen dituen betebehar orokorrak betetzen dituztenak.

Salbuespen gisa eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari kontsultatu ondoren, langile kopuru txikia dute-eta baterako prestakuntza plana diseinatzea egokiagoa omen duten enpresen elkarteen eskabideak onartzen ahalko dira.

Kasu horretan, elkarteko enpresa bakoitzak partaidetza konpromisoa (eredu normalizatuaren araberakoa) sinatu beharko du, eta horietako bat izanen da enpresa guztien ordezkari administrazioaren aurrean. Beste zerrenda batean, taldea osatzen duten enpresak azalduko dira, haien jarduera eta kokalekua zehaztuta.

Bi.-Ez dira entitate onuraduntzat joko aldi baterako laneko enpresak eta berenak diren langileentzako prestakuntzako entitate edo zentroak.

Hiru.-Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateei.

Laugarren oinarria.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua.

Bat.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinutzat joko da hurrengo aldietan sartzen diren zereginen multzoa:

-1. aldia: estrategia.-Enpresa onuradunaren hizkuntza estrategia diseinatzea, haren enpresa estrategian oinarritutakoa.

-2. aldia: azterketa.-Langileen hizkuntzetako prestakuntza beharrizanak aztertzea, hautatutako hizkuntza estrategiaren eta lanpostu bakoitzerako lehenetsitako lanbiderako hizkuntza gaitasunen arabera.

-3. aldia: planaren definizioa.-Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren definizioa, estrategian eta hizkuntzetako prestakuntza beharrizanen azterketaren emaitzetan oinarritzen dena eta ikasturte baterako iraupena izanen duena.

-4. aldia: irakaskuntza programazioa.-Lingua Empresa metodologiaren araberako prestakuntza ekintzen irakaskuntza programazioa, planifikazioari jarraikiz ikasturtean garatu nahi dena.

-5. aldia: autoebaluazioa.-Prestakuntza Planak ukitzen dituen langileen gaitasunei buruzko autoebaluazioa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren hizkuntza deskribatzaileen araberakoa.

Bi.-Arau honen ondorioetarako, diruz laguntzen ahal den Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinutzat joko dira Lingua Empresa metodologiaren bidez eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gaitu eta akreditatzen dituen hizkuntza aholkulari eta prestatzaileen aholkularitza aditua izanda egiten direnak.

Hiru.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua diruz laguntzen ahal den ekintza bakarra da. Hala ere, ekintza hori ondoz ondoko 5 aldi bereizik osatuko dute, horiek ezin izanen direla partzialki finantzatu.

Lau.-1. (estrategia) eta 2. (azterketa) aldiak Lingua Empresa eredua enpresetako hizkuntzetako prestakuntzan kudeatzeko online aplikazioaren (Forlingüe kudeatzailea) bidez egin eta kudeatuko dira. Lan horiek horretarako behar bezalako akreditazioa eta gaitasuna dituzten hizkuntza aholkulariek baino ezin izanen dituzte gauzatu, deialdi honetako III. eranskinean ezarritako akreditazio betebeharren arabera.

Bost.-3. aldia (planaren definizioa) garatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako diseinatzen duen eta enpresen eskura jarriko den plantilla erabiliko da.

Prestakuntza Planaren iraupena ikasturte batekoa izanen da. Beraz, deialdia onesten den urteko irailean edo urrian hasiko da, eta hurrengo urteko maiatzean edo ekainean amaituko da.

Lan hori horretarako behar bezalako akreditazioa eta gaitasuna dituzten hizkuntza aholkulariek baino ezin izanen dute gauzatu, deialdi honetako III. eranskinean ezarritako akreditazio betebeharren arabera.

Sei.-4. aldia (irakaskuntza programazioa) Melissa online aplikazioaren bidez egin eta kudeatuko da. Lan horiek horretarako behar bezalako akreditazioa eta gaitasuna dituzten hizkuntza prestatzaileek baino ezin izanen dituzte gauzatu, deialdi honetako III. eranskinean ezarritako akreditazio betebeharren arabera.

Zazpi.-5. aldia (autoebaluazioa) Portfolio Lingua Empresa online aplikazioaren bidez egin eta kudeatuko da. Gaitasunen autoebaluazioa Prestakuntza Planaren 3. aldian sartutako langileetako bakoitzak eginen du. Hori egiteko, hizkuntza prestatzaileen laguntza eta aholkularitza izanen dituzte.

Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinuaren ekintzaren emaitza gisa, enpresa bakoitzak hainbat agiri sortu beharko ditu, IV. eranskinean deskribatzen direnak, hain zuzen.

Aldi bakoitzeko lanak garatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aplikazioetarako behar diren sarbide gako pertsonalizatuak emanen dizkie hizkuntza aholkulari eta prestatzaileei.

Oinarri honetan ezarritako arauetako edozein betetzen ez bada, diruz laguntzen ahal den ekintza "ez egintzat" joko da, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako.

Bosgarren oinarria.-Eskabideak, aurkezteko epea eta dokumentazioa.

Bat.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinua finantzatzeko diru-laguntzen eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira, eredu normalizatuak erabiliz; entitate eskatzaileek eskura izanen dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian.

Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.

Bi.-2011rako eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hiru.-Diru-laguntzen eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Justifikazio memoria, enpresako zuzendaritzak baimenduriko lege ordezkariak sinatutakoa. Memoria hori eredu normalizatuari jarraikiz egin beharko da.

b) Entitate eskatzailearen eraketa eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia.

c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

d) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da, eta horrekin batera NANaren fotokopia aurkeztuko da.

e) Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Ogasuneko tributu betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.

f) Langileen ordezkariek egindako txostena, Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinuari buruzko iritziak biltzen dituena edo, halakorik ez bada, ez izatea justifikatuko duena.

g) Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, Nafarroako Gobernuaren eredu normalizatuaren arabera egindakoa, diru-laguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

h) Enpresen elkarteak badira, hirugarren oinarrian aipatu den eta eredu normalizatuaren arabera egiten den partaidetza konpromisoa erantsi beharko da.

i) Deialdiari lotutako lanetan parte hartuko duten hizkuntza aholkulari eta prestatzaileen diplomen fotokopia.

Aurrekoaz gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Ez da beharrezkoa izanen lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan zeuden agiriak aurkeztea. Halakoetan, eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. artikuluaren f) letran ezarritakoari heltzen ahal dio, baina Nafarroako Enplegu Zerbitzuan zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

Seigarren oinarria.-Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

Bat.-Diru-laguntzarako eskabidea eta dagozkion agiriak aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Bi.-Aurrekoa gorabehera, ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

Zazpigarren oinarria.-Balorazio irizpideak.

Bat.-Deialdi honi loturik aurkezten den eskabide bakoitzaren balorazio teknikoa 100 punturen gainekoa izanen da, eta irizpide hauei jarraikiko zaie:

a) Hizkuntzetako Prestakuntza Plana egin beharra kualitatiboki justifikatzea: 17 puntu, gehienez.

Atal honetan hauek baloratuko dira:

-Egoitza nagusia Nafarroan eta instalazioak edo ordezkaritzak atzerrian dituen enpresa.

-Nazioarteko hedapen prozesuan murgilduta dagoen enpresa nazionala.

-Azken hamar urteetan azterketak edota prestakuntza plana (orokorra) egin izana, atzerriko hizkuntzak jakin beharra agertzen dutenak.

-Berrikuntza proiekturen bat egitea, atzerriko solaskideekin lan egin beharra dakarrena.

-Azken hamar urteetan plan estrategikoa egin izana, atzerriko hizkuntzak jakin beharra argi eta garbi adierazten duena.

b) Hizkuntzetako Prestakuntza Plana egin beharra kuantitatiboki justifikatzea: 43 puntu, gehienez.

Atal honetan hauek baloratuko dira:

-Atzerrian egiten diren salmenten bolumenaren portzentajea.

-Atzerrian egiten diren erosketen bolumenaren portzentajea.

-Enpresak hizkuntzetako prestakuntza egiten daramatzan urteen kopurua (azken 10 urteetan).

-Aurreko urtean hizkuntzetako prestakuntza egin duten langileen portzentajea, langile guztietatik.

-Hizkuntzetako prestakuntza orduetan emandako denboraren portzentajea, prestakuntzan emandako ordu guztietatik (azken urtean).

-Hizkuntzetako prestakuntzan egindako inbertsio ekonomikoaren portzentajea, prestakuntzan egindako inbertsio guztietatik (azken urtean).

c) Hizkuntzetako Prestakuntza Plana hedatzeko gaitasun teknikoa: 40 puntu, gehienez.

Atal honetan hauek baloratuko dira:

-Laugarren oinarrian adierazitako 4. eta 5. aldietako lanak eginen dituzten eta akreditazioa duten hizkuntza prestatzaileen (aholkulariak barne) kopurua. Hedapen gaitasuna aztertzeko, kopuru hori Prestakuntza Planak ukituko dituen langileen kopuruari lotuko zaio.

Bi.-Eskabide guztiak baloratu ondoren, emandako puntuazio handienaren %50 lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Zortzigarren oinarria.-Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Diru-laguntza ondoko irizpideen arabera emanen da:

a) Emanen den diru-laguntza Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimentzen duen zenbatekoaren arabera zehaztuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko, ekonomia ekitaldi bakoitzerako.

b) Diruz laguntzen ahal diren ekintzen kostua dauden baliabide ekonomikoak baino handiagoa bada, kontuan hartuko da eskabide bakoitzak deialdi honetako zazpigarren oinarrian lortzen duen puntuazioa.

Berdinketa badago, langileen portzentaje handiagoa ukitzen duen prestakuntza plana duen enpresaren ekintza lehenetsiko da.

(Ukitutako langileen kopurua * 100 /
Enpresako langileen kopurua)

c) Diru-laguntzaren zenbatekoa finantzatzen ahal den kostuaren %60koa izanen da.

d) Emandako diru-laguntza kalkulatzeko, deialdi honetako II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak hartuko dira erreferentzia.

Bederatzigarren oinarria.-Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

Bat.-Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Bi.-Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza Kudeatzeko Atalari dagokio.

Hiru.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honetako eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

Lau.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntza teknikoa kontratatzen ahalko du, emandako diru-laguntzen jarraipen, kontrol, likidazio eta auditoretza zereginetarako.

Bost.-Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinuaren balorazioaren emaitzak ikusita eta diru-laguntza zehaztuta, deialdi honetako bigarren oinarrian xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, eta espedientea eta aginduzkoak diren txostenak ikusi ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako eskabideen eranskina gehituta.

Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzaren gaineko ebazpena emanen du.

Sei.-Espedienteko ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da, gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Zazpi.-Diru-laguntzari buruzko espedientearen ebazpenari onetsitako eta/edo ukatutako eskabideen eranskina gehituko zaio.

Zortzi.-Eskabideen gaineko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamargarren oinarria.-Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

Bat.-Diru-laguntzaren sarrera eta finantzaturiko ekintzen exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan "lanerako prestakuntza" erreferentzia jarrita.

Bi.-Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinuak egiteak oinarritzen du diru-laguntza ematea, deialdi honen baldintza eta betebehar formal eta materialei jarraikiz eta balorazio teknikoa egiteko eta diru-laguntza zehazteko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat.

Hiru.-Prozedura instruitzeko, eta Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinua gauzatu eta likidatzeko fasean behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea langileek azterketa aldian parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek eta prestatzaileak/aholkulariak edo ekintzaren arduradunak sinatuak eta ezarriko diren gutxieneko betebeharren arabera.

Lau.-Frogatzea diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla, baita diru-laguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla ere.

Bost.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta horren kontrol organoek sustatzen dituzten ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipen jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta datu guztiak emanez.

Horretarako, Prestakuntza Planaren Diseinua abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez, lau urtez. Epe hori onuradunak diru-laguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean hasiko da.

Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitate onuradunek entitatean gorde diren agiri horien kopia igorri beharko diote organo eskudunari.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratazioa egiten bada osorik edo partzialki.

Sei.-Eskaeran edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

Zazpi.-Deialdi honen babeseko ekintzen informazio eta publizitate jardueretan adieraziko du haiek finantzaketa publikoa izan dutela eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.

Entitate onuradunak bere jakinarazpen, argitalpen, material eta produktu guztietan gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino neurri txikiagokoa. Betiere jatorrizko proportzioak eta gama kromatikoa errespetatuko dira.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratazioa egiten bada osorik edo partzialki.

Hamaikagarren oinarria.-Gauzatzea, diruz laguntzen ahal diren ekintzen amaiera, kostuak justifikatzeko jarraibideak, eta diru-laguntzen likidazio ekonomikoa.

Bat.-Deialdi honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan xedatutakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu entitate onuradunak diruz laguntzen ahal diren ekintzak.

Bi.-Entitate onuradunek hurrengo agiriak bidali beharko dituzte, azaroaren 30a baino lehen:

a) Gastuen likidazioaren eskaera.

b) IV. eranskinean (agiriak) planeko langileen kopuruaren, taldeen eta prestakuntza moduluen arabera zehaztutako agiri teknikoak.

c) Enpresako Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinuaren lanak azpikontratatzearen fakturaren jatorrizkoa eta kopia, hori konpultsatzeko. Azpikontratistek ematen duten faktura banakatuta egon beharko da, laugarren oinarrian adierazitako 5 aldietako bakoitzari egotzitako gastuak identifikatu ahal izateko.

Nolanahi ere, diruz lagundutako kostuak benetako kostuekin bat etorri beharko dira. Kostu horiek egin, ordaindu eta fakturen edo antzeko froga balioa duten kontabilitate agirien bidez justifikatuko dira, jatorrizko zigilaketa egin ondoren, eta behar bezain zehatzak izanen dira, funtsak zuzen aplikatu direla egiaztatzeko. Agiri horiek entitate onuradunak gordeko ditu.

Zigilaketak honako informazio hau izanen du:

"Nafarroako Gobernuak Enpresetako Hizkuntzetako Prestakuntza Planen Diseinurako emaniko diru-laguntzaren kontura, ............... urteko deialdirako, honako zenbatekoa justifikatzen da: .......... euro".

d) Faktura ordaindu dela egiaztatzen duen agiriaren jatorrizkoa eta kopia, hori konpultsatzeko.

e) Entitate onuradunak Gizarte Segurantzarekin eta Foru Ogasunarekin dituen zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua. (Horietako bakoitzak hiru hilabeteko balioa izanen du, luzatzen den egunetik hasita).

Lehen aipatu diren agiriak eredu normalizatuan eta/edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen euskarri informatikoetan igorriko dira.

Hiru.-Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa hartuko du bere gain administrazioaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak zuzen garatu direla.

Lau.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

Lau.-Frogagiriak aurkeztu ez badira, edo aurkeztutakoak aski ez badira emandako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako hutsuneen berri emanen die onuradunei, 15 eguneko epean zuzen ditzaten. Epe horretan zuzentzen ez badira, horrek diru-laguntza galtzea ekarriko du.

Sei.-Aurkezturiko agiriak egiaztatu ondoren, horiek Lingua Empresa proposamen metodologikoarekin bat etortzeari buruzko balorazio teknikoa eginen da. Egindako agiri guztiak edo batzuk ez badatoz bat metodologia horrekin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako hutsuneen berri emanen die onuradunei, 15 eguneko epean zuzen ditzaten. Epe horretan zuzentzen ez badira, horrek diru-laguntza galtzea ekarriko du.

Zazpi.-Azken frogagiriak aztertu ondoren, Enplegurako Prestakuntza Kudeatzeko Atalak prestakuntza planaren espedientea amaitu eta azken likidazioa egiteko proposamena igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.

Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

Hamabigarren oinarria.-Kontrola eta ebaluazioa.

Bat.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenak erabiliz, arau honen bidez diruz laguntzen diren ekintzen kontrol eta ebaluazio eginkizunak egiten ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein agiri eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz eginkizun horiek betetzeko bidezkoa bada.

Bi.-Kontrol jarduketak Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinuaren exekuzioa amaitu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntza arduradunei, langileei edota prestatzaileei/aholkulariei egindako elkarrizketen bidez biltzen diren fisika, lekukotza eta dokumentu ebidentzien bidez, deialdiaren betebeharrak eta egindako diru-laguntzaren proposamena oinarri hartuta erabiltzen diren metodologiari eta tresnei buruzko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz.

Era berean, kontrol hori diruz laguntzen ahal den ekintzaren kostuak justifikatuz egiten ahalko da: frogagiriak, haien kontabilizazioa eta ordainketa, kontuan hartuta indarra duen araudian ezartzen diren betebeharrak.

Hamahirugarren oinarria.-Diru-laguntzaren ordainketa.

Enpresako Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinu bakoitzaren espedienteari bukaera emateko ebazpena eman eta gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, entitate onuradunak Foru Ogasuneko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean dituela egiaztatu ondoren, diru-laguntza ordainduko du, onuradunak titular gisa duen kontu korrontera, berak jakinarazitakora, egindako banku transferentzia bidez.

Ez da diru-laguntzaren konturako aurrerakinik emanen.

Hamalaugarren oinarria.-Azpikontratazioa.

Bat.-Entitate onuradunek Enpresako Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinuen xede diren eta diruz laguntzen ahal diren ekintzak egitea osorik eta behin baino ez azpikontratatu beharko dute.

Kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa, alegia.

Bi.-Hurrengo agenteekin baino ezin izanen da azpikontratatu:

a) Deialdi honetako III. eranskinean (akreditazio betebeharrak) ezarritako akreditazio betebeharren arabera akreditazioa duten langile autonomoak.

b) Beren langileen artean deialdi honetako III. eranskinean (akreditazio betebeharrak) ezarritako akreditazio betebeharren arabera akreditazioa duten langileak dituzten entitateak.

Hamabosgarren oinarria.-Exekuzioaren jarraipen teknikoa.

Bat.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarrraipen teknikoa egiten ahalko du «benetako denboran», laugarren oinarrian ezarritako bost aldiak garatzeko erabili beharreko aplikazio informatikoetan sartutako datuak eta informazioa kontsultatuz.

Bi.-Lana amaitu eta gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean diseinatzen den Prestakuntza Planaren hedapen maila ezagutzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osoa eskatzen ahalko die entitate onuradunei. Enpresak zein neurritan gauzatu duen diseinaturiko prestakuntza plana eta nola egin duen jakin nahi da.

Hamaseigarren oinarria.-Diru-laguntzak itzultzea.

Bat.-Arau honen babesean ematen diren diru-laguntzak osorik itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera arte sortutako berandutza interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan eta deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete ezik.

Bi.-Aurreko bigarren puntuan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hiru.-Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.

Hamazazpigarren oinarria.-Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honen bidez finantzatzen ahal diren ekintzen diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Beste diru-laguntza batzuk badaude, diru-laguntza hartzen duen enpresak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi, eta diru-laguntza itzuli beharko du, aurreko oinarrian adierazitakoaren arabera.

Hemezortzigarren oinarria.-Datuen babesa.

Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek agirietan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

Hemeretzigarren oinarria.-Aplikatu beharreko arauak.

Bat.-Oinarri hauetan aipatzen den deialdian parte hartzeak berarekin dakar oinarriak oso-osorik eta bete-betean onartzea.

Bi.-Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Programa honetako diru-laguntzek Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 EE Erregelamenduan aldez aurretik ezarritako muga eta baldintzak beteko dituzte. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, 2008ko 214. EBAOn, abuztuaren 9an, argitaratu zen Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).

Hogeigarren oinarria-Epeen kontaketa.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen VI. tituluko I. kapituluarekin bat, deialdi honetan adierazitako epe guztiak luzaezinak dira, eta egun baliodunek osatuak, non ez den kontrakoa xedatzen espresuki.

Hogeita bigarren oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Prestakuntza Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

Kostuak eta moduluak

Bat.-Kostu finantzagarriak.

Bat.-Kostu finantzagarriak dira Enpresako Hizkuntzetako Prestakuntza Planaren Diseinuen xede diren eta diruz laguntzen ahal diren ekintzak egitea osorik eta behin baino ez azpikontratatzetik ondorioztatutakoak. Kontuan hartuko da, betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. eta 28.3 artikuluen edukia.

Ez da diruz lagunduko inolako jarduketa partzialik. Hori dela eta, aldi horietako baten bat egiten ez bada, ez da inolako diru-laguntzarik hartuko.

Ez da diruz lagunduko Lingua Empresa proposamen metodologikoarekin teknikoki osorik bat ez datorren jarduketarik.

Bi.-Modulu ekonomikoak.

Modulu ekonomikoen banaketa Hizkuntzetako Prestakuntza Planak ukituko dituen langileen kopuruaren arabera eginen da.

Deialdi honek ematen dituen diru-laguntzak likidatzeko aplikatzen ahal diren modulu ekonomikoak jarraian adierazten direnak izanen dira:

HIZKUNTZETAKO PRESTAKUNTZA PLANAK UKITZEN DITUEN

LANGILEEN KOPURUA

KOSTU

FINANTZAGARRIA

DIRU-LAGUNTZA

(KOSTUAREN %60)

10 pertsona, gehienez:

1.310,00 euro

786,00 euro

11-20 pertsona:

3.210,00 euro

1.926,00 euro

21-30 pertsona:

5.170,00 euro

3.102,00 euro

31-40 pertsona:

7.130,00 euro

4.278,00 euro

41-50 pertsona:

9.150,00 euro

5.490,00 euro

51-60 pertsona:

11.170,00 euro

6.702,00 euro

61-70 pertsona:

13.190,00 euro

7.914,00 euro

71-80 pertsona:

15.210,00 euro

9.126,00 euro

81-90 pertsona:

17.230,00 euro

10.338,00 euro

90 pertsona baino gehiago:

19.250,00 euro

11.550,00 euro

III. ERANSKINA

Akreditazio betebeharrak

Diruz laguntzen ahal diren ekintzak garatzean hizkuntza prestatzaileek eta aholkulariek duten gaitasunari buruzko akreditazio betebeharrak, Lingua Empresa ereduaren metodologiaren eta tresnen arabera.

Deialdi honetako ekintzak enpresarekin zerikusirik ez duten eta horri lotuta ez dauden hizkuntza prestatzaileek eta aholkulariek baino ezin izanen dituzte gauzatu, horretarako behar bezalako akreditazioa eta gaitasuna badituzte.

Laguntzarako eskabide guztiek akreditazioa duten hizkuntza aholkularia eta hizkuntza prestatzailea, gutxienez, adierazi beharko dituzte, nahiz eta pertsona bera izan daitekeen.

Akreditazioa hurrengo betebeharren arabera eginen da:

A.-Hizkuntza aholkularien akreditazioa.

Langileak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Iturrondo Prestakuntza Zentroak emandako Lanbide Garapeneko Programaren (LGP) hurrengo moduluetan parte hartu beharko du, behar bezalako probetxua izanda:

-1. modulua, izen hauek hartzen ahal dituena:

  • Asmo profesionalak izanda hizkuntza trebakuntzarako metodologia didaktikoa.
  • Asmo profesionalak izanda hizkuntza trebakuntzarako Lingua Empresa metodologia.
  • Lingua Empresa Methodology: Language Training for Professional Purposes.

-3. modulua, izen hau duena: Asmo profesionalak izanda hizkuntza trebakuntzaren kudeaketa.

Hizkuntza aholkulariak gaituta daude 1. (estrategia), 2. (azterketa) eta 3. (planaren definizioa) aldiei lotutako lanak egiteko.

Haien akreditazioa egiaztatzeko, goian aipatu diren prestakuntza moduluen probetxuari buruzko diplomen fotokopia aurkeztu beharko da.

B.-Hizkuntza prestatzaileen akreditazioa.

Langileak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Iturrondo Prestakuntza Zentroak emandako Lanbide Garapeneko Programaren (LGP) hurrengo moduluan parte hartu beharko du, behar bezalako probetxua izanda:

-1. modulua, izen hauek hartzen ahal dituena:

  • Asmo profesionalak izanda hizkuntza trebakuntzarako metodologia didaktikoa.
  • Asmo profesionalak izanda hizkuntza trebakuntzarako Lingua Empresa metodologia.
  • Lingua Empresa Methodology: Language Training for Professional Purposes.

Hizkuntza prestatzaileak gaituta daude 4. (irakaskuntza programazioa) eta 5. (autoebaluazioa) aldiei lotutako lanak egiteko.

Hizkuntza aholkulariek hizkuntza prestatzailearen akreditazioa ere izanen dute, 1. modulua egiten dutelako.

Haien akreditazioa egiaztatzeko, goian aipatu den prestakuntza moduluaren probetxuari buruzko diplomaren fotokopia aurkeztu beharko da.

IV. ERANSKINA

Agiriak: lanak amaitutakoan enpresak igorri beharreko agiriak.

-1. agiria (1. aldiari -estrategia- lotutakoa).

"Hizkuntza estrategia eta hizkuntza trebakuntzako beharrizanen azterketa".

-Enpresa bakoitzak txosten bakarra bidali beharko du.

-Forlingüe kudeatzailea online aplikazioaren bidez eginen da.

-Akreditazioa duen hizkuntza aholkulari batek egin eta sinatu beharko du.

-2. agiria (2. aldiari -azterketa- lotutakoa).

"Banakako azterketa"

-Prestakuntza Planean parte hartuko duen langile bakoitzeko txosten bat bidali behar da.

-Forlingüe kudeatzailea online aplikazioaren bidez eginen da.

-Akreditazioa duen hizkuntza aholkulari batek egin eta sinatu beharko du.

-Aldi berean, azterketa horrek ukitzen duen langileak sinatu beharko du.

-3. agiria (3. aldiari -planaren definizioa- lotutakoa).

"Enpresako hizkuntzetako prestakuntza plana"

-Enpresa bakoitzak txosten bakarra bidali beharko du.

-Lingua Empresa atarian (www.linguaempresa.es) erabilgarri dagoen plantillaren bidez eginen da.

-Akreditazioa duen hizkuntza aholkulari batek egin eta sinatu beharko du.

-4. agiria (4. aldiari -irakaskuntza programazioa- lotutakoa).

"Mailako modulu bakoitzaren irakaskuntza programazioa"

-Ikasleen talde bakoitza mailatzat joko da.

-Maila bakoitzak irakasleak egokitzat jotzen dituen beste prestakuntza modulu izanen ditu. Ez dago mailako moduluen gehieneko kopururik.

-Prestakuntza modulu baten gutxieneko iraupena prestatzaileak ezarri beharreko irizpidea da.

-Prestakuntza modulu batek ezin izanen ditu 40 prestakuntza ordu baino gehiago izan. Horrek esan nahi du, maila batek guztira 80 ordu baditu, bi modulu, gutxienez, izan beharko dituela, 40 ordukoa bakoitza.

-Irakaskuntza programazioa prestakuntza modulu baterako lan plana da.

-Melissa online aplikazioaren bidez eginen da.

-Akreditazioa duen hizkuntza prestatzaile batek egin eta sinatu beharko du.

-5. agiria (5. aldiari -autoebaluazioa- lotutakoa).

"Langileen hizkuntzen pasaportea"

-Prestakuntza Planean parte hartuko duen langile bakoitzeko pasaporte bat igorri behar da.

-Lingua Empresa ereduak garatutako Portfolio Lingua Empresa online aplikazioaren bidez eginen da.

-Langile bakoitzak bere kabuz egin beharko du, baina hizkuntza prestatzailearen laguntza eta aholkularitza izanen ditu.

-Ondoriozko txostena aholkulari lan egin duen hizkuntza prestatzaileak eta hori egin duen langileak sinatu beharko dute.

Iragarkiaren kodea: F1104198