62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

812/2011 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko langabeentzako Enplegu Aukeretarako Ibilbideak abian jartzeko diru-laguntzen deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzen dituena, Nafarroako Gobernuak krisiaren aurka 2011ko ekitaldirako ezarri dituen neurrien barruan.

Gaur egungo krisi ekonomikoa luzatzen ari baita, geroz eta gehiago dira lanik gabe dauden pertsonak gure Komunitatean, eta batzuek prestazioak eta/edo sorospenak jasotzen dituzte baina beste batzuek ez. Egoera horren aringarri, dudarik gabe, langabeen taldearen lanbide kualifikazioa izan daiteke, Enplegu Aukeretarako Ibilbideetan parte hartuz lortzen dena. Guztiaren helburua da haien lan gaitasuna hobetzea, lan merkatuan berriz sartzeko aukera gehiago eta hobeak izan ditzaten. Finean, xedea da egun langabezian dauden pertsonen enplegu aukerak handitzea.

Egoera horretan, Nafarroako Gobernuak ekonomia eta lan merkatua dinamizatzeko proposatu dituen krisiaren aurkako neurrien planaren barruan, langabeen kualifikaziorako eta egoera ahulean dauden gizataldeetako pertsonen babeserako, 960.000 euro jarri dira jarduketa ildo horietako batean lan egiteko: lanbide gaitasuna hobetzen lagundu dezaketen Ibilbideak antolatzea, hartzaileek parte har dezaten "Enplegu Aukeretarako Ibilbideak" izeneko ekintzetan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, langabeentzako Enplegu Aukeretarako Ibilbide horiek finantzatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, deialdi publikoa eginda.

Azaldutakoarekin bat , Batzorde Iraunkorraren aldeko txostena jasorik, eta irailaren 13ko 59/2010 Foru Dekretuak onetsi dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuak krisiaren aurka 2011ko ekitaldirako hartutako neurrien barruan, Nafarroako Foru Komunitateko langabeentzako Enplegu Aukeretarako Ibilbideak abian jartzeko diru-laguntzen deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Diru-laguntzak 2011ko gastuen aurrekontuko "Krisiaren aurkako neurriak-9. Enplegu Aukeretarako Ibilbideetarako diru-laguntzak" izeneko 882001/84200/4709/242109 kontu-sailaren kargura ordainduko dira, 960.000 euroko zenbatekoarekin (RCSA: 3188).

3. Aurreko puntuan aipatzen den kontu-sailaren kargura 960.000 euroko zenbatekoa duen gastua baimentzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 15ean.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta jarduketa esparrua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko langabeentzako Enplegu Aukeretarako Ibilbideak abian jartzeko diru-laguntzen araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen barnean.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Entitate hauek jaso ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuraduna izateko ezartzen dituen baldintza orokorrak betetzen dituzten sektore arteko enpresa erakundeak eta sindikatuak.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuraduna izateko ezartzen diren betebehar orokorrak betetzen dituzten eta esperientzia frogatzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateak, sozietatearen helbidea Nafarroan dutenak.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, onuraduna pertsona juridikoa denean, onuradunaren kide elkartuak, baldin eta diru-laguntzaren xede diren jarduera guztiak edo zati bat haren izenean eta kontura egiteko konpromisoa hartzen badute, onuraduntzat hartuko dira.

3. oinarria. Enplegu Aukeretarako Ibilbideen definizioa eta ezaugarriak.

1. Enplegu Aukeretarako Ibilbidea da izaera desberdineko ekintzak batera betetzeko helburua duena, hala nola: informazioa, orientazioa, enplegurako prestakuntza, lanekoak ez diren praktikak eta prospekzioa, langabezian dauden pertsonen enplegu aukerak hobetzeko xedearekin.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Agentzietan izena emanik dauden langabeentzat dira Enplegu Aukeretarako Ibilbideak.

3. Deialdi honen ondorioetarako:

a) Ibilbideak gehienez ere 20 pertsonako taldeetan gauzatuko dira.

b) Ibilbide bakoitzean prestakuntzan emanen diren orduak ehun izanen dira gehienez, lanekoak ez diren praktikak barne.

4. Ibilbideetan parte hartzen dutenek lanekoak ez diren praktikak egin ahal dituzte, enplegu aukerak hobetzeko prestakuntza ibilbidearen zati gisa. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek enpresekin adostuko dituzte praktika horiek, eta ez dute prestakuntza ekintzak berak baino gehiago iraunen.

Praktika horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, entitate onuradunaren eta praktikak bete beharreko enpresaren arteko hitzarmen berariazko baten bidez arautuko dira. Lanekoak ez diren praktikak hasi baino lehen sinatu beharko da hitzarmen hori.

5. Deialdi honen xede den ibilbide batean, lanekoak ez diren praktikak barne, parte hartzen duten pertsonek diru-laguntzen onuradun diren entitateen estaldura izanen dute jardueren ondoriozko arriskuari dagokionez, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, berme gutun bat, estaldura hau izanen duena, gutxienez:

-Laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, mugarik gabeko zenbatekoan, parte hartzen duen programako ordutegian gertatutako edozein istripuren ondorioz; bisita baimendurako irteerak eta partaideak bere ohiko bizilekutik programa egiten den tokira egiten duen joan-etorria barne hartzen ditu.

-36.000 euroko gutxieneko kalte-ordaina heriotzagatik eta 72.000 euroko gutxienekoa elbarritasun iraunkorragatik, bi egoerak programan sartutako jardueren eta "in itinere" egindako joan-etorrien ondorioz gertatu badira.

6. Praktikak hasi baino lehen, sinatzen diren akordio edo hitzarmenen berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte-hartzaileen zerrenda igorriko zaie.

4. oinarria. Enplegu Aukeretarako Ibilbideak nori zuzenduta dauden.

1.1. Deialdi honetan aipatzen diren ibilbideen hartzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Enplegu Agentzietan izena emanik dauden langabeak dira, lehentasuna emanez gizatalde hauetakoren bateko kideei:

-30 urtetik beherakoak.

-45 urtetik gorakoak.

-Langabeziako prestazioa amaitua dutenak.

-Langabezian denbora luzea daramatenak, hau da, 25 urtetik beherakoak, gutxienez 181 egunez izena emanda daudenak, eta 25ekoak edo hortik gorakoak, gutxienez 360 egunez izena emandakoak.

-Lan munduan sartzea zail duten taldeak: genero indarkeriako arazoak dituzten emakumeak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta krisian dauden taldeetako pertsonak.

1.2. Hartzaileek ibilbideetako partaideak hautatzeko egunean bete beharko dituzte baldintzak.

2. Ibilbideetako partaideak oinarri honetan zehaztutako gizatalde bat edo gehiago izan daitezke.

3. Hartzaileek ez dute Enplegu Aukeretarako Ibilbide bat baino gehiago egiterik izanen deialdi honen babesean.

5. oinarria. Ibilbideen eskatzaileak hautatzeko irizpideak.

Enplegu Aukeretarako Ibilbideak zein entitatetan egiten diren, entitate horiek eginen dute hautatze prozesua. Ibilbideetako ikasleak hautatzeko prozesua Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gainbegiratuko du eta, horretarako, entitateak hautaketa egin ondoren, prozesuaren akta igorriko du, egiazta dadin.

A) Ibilbiderako onartzeko baldintzak betetzen dituzten hautagaien kopurua aurreikusita dauden postuena baino handiagoa denean, honako irizpide eta puntuazio hauen arabera eginen da hautaketa:

Programan sartzeko hautagaiak baloratzeko taula:

Adina

Prestazioak

bukatu

zaizkio

Denbora

luzean langabezian

Lan munduan sartzea zail duten taldeetako kidea:

-Desgaitasunen bat duten pertsonak

-Genero indarkeriako arazoak dituzten emakumeak 1

-Krisian dauden taldeetako pertsonak 2

Prestakuntzaren eta/edo

esperientziaren profila

betetzearen ondoriozko balorazioa

Ibilbidean parte hartzea komeni dela adierazten duten txostena izatea 3

30 urtetik beherakoa

2

1

1

1

1

1

45 urtetik gorakoa

2

1

1

1

1

1

30 - 44 urte

0

1

1

1

1

1

(1) Atal honetako gehieneko puntuazioa puntu batekoa izanen da.

(2) Krisian dauden taldeak, kontuan hartu beharrekoak: eraikuntza, txikizkako merkataritza motordun ibilgailuena eta motozikletena izan ezik, elikagaien industria, janari eta edarien zerbitzuak, nekazaritza, abeltzaintza eta horiekin zerikusia duten zerbitzuak.

(3) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko edo erakunde laguntzaileetako orientazio arloko teknikariek egina izan behar du txosten horrek.

B) Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, irizpideak eta lehentasuna honako hauek izanen dira:

a) Ibilbidean parte hartzea komeni dela adierazten duten txostena aurkeztea, eredu normalizatua erabiliz.

b) Adina. Lehentasuna izanen dute.

1. 30 urtetik beherakoek.

2. 45 urtetik gorakoek.

c) Lan munduan sartzea zail duten taldeetako kidea izatea.

d) Lan ibilbidean langabeziako prestazioak amaituta izatea.

6. oinarria. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Eman beharreko kopurua zehazteko, hurrengo 1. eta 2. puntuak aplikatuta ateratzen diren zenbatekoak batuko dira.

1. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko zenbatekoa.

1.1. Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, partaide eta ordu bakoitza bider 13 egitearen emaitza izanen da, baina jaso beharreko diru-kopurua 1.300 eurokoa izanen da gehienez partaide bakoitzeko.

1.2. Zehazten den diru-laguntza horrekin entitatearen gastuak ordainduko dira, zehazki hauen ingurukoak:

a) Programatutako ekintzak partaideekin egiteko behar diren langileen soldata eta gizarte segurantzako kostuak, entitate onuradunean zerbitzuak ematen dituztenenak barne, eta horretarako kontratatu daitezkeen beste batzuk, gehienez ere 42.000 euro urtean langile bakoitzeko. Lehenbiziko kasuan, proiektuan egiaz emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio programari.

b) Langile horien dieta eta joan-etorrien gastuak, legez ezarritako mugekin.

c) Programatutako ekintzak partaideekin egiteko kanpoko bitartekoak kontratatzeak ekarritako gastuak, bai eta 3. oinarrian ezartzen diren aseguru polizak ere.

d) Programan sartutako ekintzak egiteko behar diren materialen eta ekipo teknikoen amortizazio gastuak.

e) Programatutako ekintzak egiteko errentan hartutako ikasgelen eta ekipoen gastuak (leasing-a alde batera utzita).

f) Programatutako ibilbideak gauzatzean erabilitako material didaktikoaren gastuak.

g) Programatutako ibilbideen publizitateak sortutako gastuak.

h) Ibilbideak gauzatu eta betetzeko behar diren bestelako gastu orokorrak, programaren kostu osoaren 100eko 20 egiten dutenak, gehienez ere. Gastu hauek sartzen dira:

-Mantentze-lanak (errentamenduan sartuta ez badaude). Argindarraren, uraren, berokuntzako erregaiaren hornidura (errentamenduan sartuta ez badago). Komunikazioak (telefonoa, posta, etab.)

-Garbiketa.

-Segurtasuna eta zaintza.

-Erantzukizun zibileko aseguruak.

-Funtzionamendurako beharrezkoak diren beste gastu batzuk, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen baditu ibilbide bakoitzean.

2. Auditoretzako gastuaren zenbatekoa.

2.1. Kontzesioaren ebazpenean zehaztuko da auditoretza kontzeptuan (hamaseigarren oinarria) diruz lagun daitekeen gehieneko gastua, diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko kalkulatu den zenbatekoaren %5 gehienez.

2.2. Auditoretzaren kontzeptuan onargarria den gastua diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko justifikatu den zenbatekoaren %5 izanen da gehienez.

3. Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen entitate eskatzaileak bete beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bera bakarrik hartuta edo beste administrazio publiko batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako diru-laguntzekin batera.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

1. Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta entitate horren erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (horien zerrenda ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan jaso zen), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako erregistro eta bulegoetan.

2. Entitateek ibilbide bat edo gehiago egiteko eskaera aurkez dezakete.

3. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

4. Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztuta, deialdian aipatzen diren agiriak eta informazioak erantsirik ez baditu, interesdunei eskatu ahalko zaie zuzen dezatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8. oinarria. Agiriak.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatutako ibilbide bakoitzaren azalpen txostenaren bi ale; ezinbestekoa izanen da horiek aurkeztea eskaera baloratzeko. Txostenean alderdi hauek azalduko dira, aipatzen den ordenan:

-Ibilbidearen izena.

-Ibilbidearen deskribapena, hura osatzen duten ekintza guztiak zehazki aipatuta.

-Ibilbidea hasteko eta bukatzeko aurreikusitako egunak.

-Ekintzak egiteko tokia, helbide osoa azalduta.

-Ibilbidea zein gizatalderentzat den.

-Ibilbideko partaide kopurua.

-Ibilbidearen kostu osoaren balorazio ekonomikoa.

-Zein jarduera, sektore eta lurralde esparrutan aritu nahi den.

-Teknologien erabilera eta aplikatu beharreko metodologia.

-Familia eta lana bateratzeko neurriak, ibilbidean sar daitezkeenak.

-Eskatzaileak dituen edo eskura ditzakeen baliabide materialen eta langileen zerrenda, bertan zehaztuta haien baldintzak eta langileen historiala eta gaitasunak, adieraziz, halaber, proposatutako ekintzak egiten haietako zein ariko diren.

-Enplegurako programa integralak edo informazioaren, lanbide orientazioaren, lanbide heziketaren arloko ekintzak edo lanekoak ez diren praktikak gauzatzeko beste programa batzuk kudeatzeko eginkizunetan duen esperientzia azaldu eta justifikatzea.

b) Eratzeko eskritura publikoaren eta entitate eskatzaileek nortasun juridikoa dutela eta irabazi-asmorik gabekoak direla dioten estatutuen kopia konpultsatua.

c) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak hura ordezkatuz eta haren izenean jarduteko gaitasuna duela frogatzen duen dokumentazioa, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.

d) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientearen ebazpenerako beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izanen du.

Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan baldin badaude. Halakoetan, entitate eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) letran ezarritakoari heldu ahalko dio, baina zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

9. oinarria. Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena duen organoa.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzio organoak Bitartekaritza eta Behatoki Zerbitzuko Orientazio Atala eta Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko Lan-munduan Sartzeko Atala izanen dira.

10. oinarria. Balorazio Batzordea.

Kide anitzeko organo bat osatzen da, eskaerak ebaluatzeko. Batzorde horren irizpena lotzailea izanen da. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Aurkezten diren eskaeren balorazio batzordea ondoko kide hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Bitartekaritza eta Behatoki Zerbitzuko zuzendaria.

-Batzordeko buruordea: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Batzordekideak: Lan-munduan Sartzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko burua eta Orientazio Ataleko burua.

11. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Aurkeztutako proiektuek deialdi honetan zehazten diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Balorazio Batzordeak aztertu eginen ditu, balorazio irizpide hauen arabera:

1. Aurkeztutako programetan sartutako ekintzak. Programetan sartuta egon beharko dira lau ekintza posibleetako bi gutxienez. Gehieneko puntuazioa 30ekoa izanen da, eta ekintzetako bakoitzak balio eta baldintza hauek izanen ditu:

-Lanbide informazio kolektiboa: 2 puntu.

Bi saio sartu beharko dira gutxienez.

Lanbide orientazio pertsonalizatua: 6 puntu.

Bi elkarrizketa sartu beharko dira gutxienez.

Taldearentzako lanbide orientazioa: 2 puntu

Taldeko bi ekintza sartu beharko dira gutxienez.

-Enplegurako lanbide prestakuntza: 12 puntu.

Gutxieneko iraupena 40 ordukoa izanen da.

-Lanekoak ez diren praktikak: 8 puntu

Partaideen heren batekin programatu beharko da gutxienez.

2. Entitate eskatzailearen esperientzia frogatua. Gehieneko puntuazioa 30ekoa izanen da.

Enplegurako programa integralak, programa esperimentalak, ibilbide pertsonalizatuak eta aurreko atalean aurreikusitako ekintzetako bat baino gehiago hartzen dituzten beste programa batzuk kudeatzeagatik:

5 puntu bakoitzeko, 30 puntu gehienez.

Nafarroan, lanbide orientazioko eta lanbide heziketako ekintzen edo lanekoak ez diren praktiken bidez laneratzeko programak kudeatzeagatik:

2 puntu bakoitzeko, 15 puntu gehienez.

3. Gauzatu beharreko programaren alderdi berritzaileak eta/edo erraztekoak. Gehienez ere 20 puntu emanen dira eta lau puntu emanen zaizkio gehienez hauetako bakoitzagatik:

-Jardueren deszentralizazioa. Programak Nafarroako toki desberdinetan eskaintzea.

-Teknologia berrien erabilera ekintzak egitean eta haien jarraipenean.

-Programako parte-hartzea ahalik eta onena izan dadin laguntzen duten metodologia aktibo eta berritzaileak.

-Laneko eta familiako eginkizunak bateratzen laguntzen duten neurriak sartzea.

-Programak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako beste enplegu eta prestakuntza programa batzuekin duen lotura.

-Enpresen prospekzioa. Programaren xede den jarduerarekin lotutako enpresekin eta enpresa elkarteekin izandako harremana frogatzea.

-Arreta pertsonalizatu gehiago izatea. Programako partaide bakoitzarentzat 2 ordu baino gehiagoko orientazio pertsonalizatua sartzea.

-Lanekoak ez diren praktikak. Lanekoak ez diren praktikak sartzea partaideen heren batentzat baino gehiagorentzat.

4. Langileak eta baliabideak. 20 puntu lortu ahalko dira gehienez.

Langileen arloan gehienez ere 10 puntuko balorazioa emanen da.

Langileei dagokienez, programan aritzen diren langileen eta partaideen arteko "ratioa" baloratuko da. Langileek beren lanaldiaren %20 gutxienez programan eman beharko dute.

-Ratioa 10 edo gutxiagokoa: 10 puntu.

-Ratioa 11tik 12ra bitartekoa: 8 puntu.

-Ratioa 13tik 14ra bitartekoa: 6 puntu.

-Ratioa 15etik 16ra bitartekoa: 4 puntu.

-Ratioa 17tik 18ra bitartekoa: 2 puntu.

-Ratioa 19 baino gehiagokoa: 0 puntu.

Baliabideen arloan gehienez ere 10 puntuko balorazioa emanen da.

Aurkeztutako memorietan zehaztutakoan oinarrituta baloratuko dira, kontuan hartuz: banakako nahiz taldekako arretarako lokalen neurriak eta egokitasuna, ekintzak behar bezala gauzatzeko behar diren baliabideak, eta instalazioen, bitarteko didaktikoen eta sistemen kalitatea.

Lor daitezkeen 100 puntuetatik gutxienez 50 puntu lortzen dituzten enplegurako ibilbideak soilik finantzatuko dira, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

12. oinarria. Espedienteen ebazpena.

Aurkeztutako eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu.

Diru-laguntzak emateko, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak ibilbide bakoitzari aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera. Ezarritako epea espresuki emandako ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, entitate eskatzaileak ulertu beharko du eskaera isiltasun administratiboz ezetsi dela.

Eskaeren gaineko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman eta entitate onuraduna zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzari dagozkionetan egunean dagoela egiaztatu ondoren, diru-laguntzaren %80 arteko aurrerakina ordaindu ahalko da.

Aurrerakina ordaintzeko beharrezkoa izanen da entitateek aurrerakin hori eskatu eta arrazoitzea, diru-laguntzarako eskabidearekin batera.

Abenduan, onuradunak eskaera egin eta aurreko aurrerakina justifikatu ondoren, aurretiaz ordaindu ahalko da onartuta dagoen gainerako diru-kopurua.

60.000 eurotik gorako aurrerakinak jasotzen dituzten entitateek, horiek jaso aurretik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aldeko bermeak edo abalak ezarriko dituzte, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako salbuespenekin.

14. oinarria. Enplegu Aukeretarako Ibilbideak garatzea.

Ibilbide horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak emateko ebazpena onesten den egunetik aurrera gauzatu ahalko dira.

Ibilbideen hartzaileek eredu ofizialaren araberako eskabidea bete eta curriculuma erantsiko dute, eta Enplegu Agentzietan edo programak gauzatuko diren zentroetan aurkeztuko dute.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, ibilbide bakoitzeko entitate onuradunak hautatze prozesua eginen du.

Ibilbideak gauzatzeko epea 2011ko abenduaren 31n bukatuko da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako ikastaro bat egiten ari diren pertsonek ezin izanen dute hura utzi eta ekintza horietan sartu.

Prestakuntza ekintzetan, partaideak ordeztu ahal izanen dira baldin eta ekintzaren %25 iragan ez bada.

15. oinarria. Diruz lagundutako ekintzen jarraipena eta kontrola.

Diruz lagundutako ibilbideen egiaztapen, jarraipen eta kontrol teknikoaren jarduketak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginen ditu, beste erakunde batzuei dagozkien kontrol jarduerak ukatu gabe.

Entitate onuradunek ibilbidea amaitzen duten partaideen zerrenda erantsi beharko dute, eta ekintzen kontrol fitxa bat, partaideek sinatua, programako jardueretan izan direla frogatzen duena.

Horrez gain, ibilbide bakoitzean hasitako pertsonen zerrenda ere aurkeztu beharko da. Aurkezteko epea programa hasi aurreko bi egun naturalekoa izanen da. Programan hasitako partaideen zerrendan aldaketaren bat gertatuz gero, aurkezpena aldaketa egin eta bi eguneko epean egin beharko da.

16. oinarria. Azpikontratazioa.

Diru-laguntza jasotzen duen entitatea haren erantzulea izanen da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean, eta jarduketak bete ahal izanen ditu, berak, edo beste entitate batzuen bitartez; zuzenean ezin gauzatu ditzakeen programako ekintzak azpikontratatu ahal izanen ditu, %100eraino, hirugarrenekin nahiz onuradunarekin berarekin lotutako entitate edo pertsonekin. Lotutako entitateekin egiten badu kontratua, azpikontratazioa merkatuko baldintza arruntekin egin beharko da, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du, entitate onuradunak 15 egun lehenago eskaera egin ondoren. Ebazpena 10 eguneko epean jakinarazten ez bada, baimena isiltasun administratiboaren bidez eman dela ulertuko da. Entitate onuradunak azpikontratatutako ekintzen fakturak aurkeztu beharko ditu, helburuak betetzen ote diren jakiteko behar bezain zehatzak.

Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

17. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzen amaierako likidazioa.

Diruz lagundutako programa amaitu eta bi hilabeteko epean, entitate onuradunak diruz lagundutako programa gauzatzean egindako gastuen justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko du, kontzeptuen arabera zehaztuta.

Justifikazio ekonomikoa justifikazio kontuaren bitartez egin beharko da, auditore baten txostenarekin batera, alderdi eta eduki hauei buruzko irizpen bat jasoko duena:

-Entitate onuradunak bete beharreko baldintzak, bai diru-laguntzari buruzko araudian bai onuradunari ezartzen zaizkion betebeharrei buruzko dokumentazioan jasotakoak.

-Onuradunak aurkeztutako justifikazio kontuaren egiaztapena, ibilbidean adierazitako elementu guztiak dituela egiaztatzeko.

-Justifikazio kontua horretarako behar adina ahal dituen pertsona batek izenpetu duela egiaztatzea.

-Jarduketa memorian dagoen informazioa eta justifikazio ekonomikorako aurkeztutako agiriak bat datozen aztertzea.

-Memoria ekonomiko laburtuan jasotako informazioa diruz lagundutako ekintzaren gastuen zerrenda sailkatuan oinarritua dagoen, gastu bakoitzaren hartzekoduna, zenbatekoa, jaulkipen data eta ordainketa data zehaztuta dakarren zerrenda alegia.

-Onuradunak ibilbidea gauzatzeko egindako gastu guztiak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin lotura argia dutela egiaztatzea, bai eta ibilbidea justifikatzeko finkatutako epearen barruan ordaindu direla ere.

-Onuradunak egindako gastuen eta ordainketaren jatorrizko frogagiriak dituela egiaztatzea, bai eta agiri horiek onuradunaren kontabilitate erregistroetan islatu direla ere.

-Zeharkako gastuak ekintzaren ekitaldiari egozteko erabili den banaketa sistema zuzena eta proportziozkoa dela eta kontabilitatearen arloan oro har onartutako printzipio eta arauekin bat datorrela egiaztatzea.

-Gastu guztiek deialdi honen baldintzak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak betetzen dituztela egiaztatzea.

-Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean azpikontratazioaren arloan jasotzen diren xedapenak betetzen diren egiaztatzea.

-Onuradunaren adierazpenen gutuna lortzea, justifikazio kontua izenpetu zuen pertsonak sinatua.

-Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuragarria ez dela, inongo kasutan, frogatutako gastuetako zenbateko handienaren gisan sartu egiaztatzea.

Txostena egiten duen auditorea entitate onuradunak aukeratuko du, baina Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da, eta proposatzen zaizkion jardun eta gainbegiratze arauak bete beharko ditu. Bere txostenaren kostua diruz lagun daiteke, seigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztean, edo geroago, entitate onuradunak arrazoiturik eskatu ahalko du justifikazio ekonomikoa justifikazio kontua gastuen frogagiriekin eta memoria ekonomikoarekin batera aurkeztuz egin ahal izatea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kontzesioaren ebazpenean emanen dio erantzuna eskaera horri, edo, bestela, eskaera aurkeztu eta 15 eguneko epean, edukia eta bete beharreko baldintzak zehaztuz, aldekoa izanez gero.

Bidezkoa den kasuetan, justifikazio ekonomikoarekin batera Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde egindako ordainketaren frogagiria ere aurkeztu beharko da, aurrerakinaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearena, likidazioari buruzko ebazpenean ezarritakoari eragin gabe.

Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean ez frogatzeak justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak likidazioa egin eta espedientea amaitzeko ebazpena emanen du, justifikatu gabeko kopuruak edo diru-laguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko eskaerarekin, halakorik bada. Gastatu gabeko edo itzuli gabeko kopuruak itzultzeko epea hilabetekoa da, likidazioa jakinarazten denetik.

Justifikazioarekin batera entitate onuradunak jardueren amaierako txostena aurkeztu beharko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, bertan deskribatuta programa nola gauzatu den eta xede izan diren gizataldeak, eta parte hartu duten pertsonen berri emanez.

Enplegu Aukeretarako Ibilbidearen ordu kopuruaren %75 betetzen ez duten partaideen kasuan diru-laguntzaren murrizketa proportzionala ezarriko da.

Lana aurkitu dutela-eta programa bertan behera uzten duten partaideek Enplegu Aukeretarako Ibilbidea amaitu dutela ulertuko da. Prestakuntza ekintza horren %25a egin baino lehen uzten badute, zilegi izanen da halako ikasleak ordeztea.

18. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

Hurrengo kasu hauetan itzuli eginen dira, osorik edo hein batean, entitate onuradunek jasotako diru-laguntzak eta funtsak ordaindu zirenetik sortutako berandutza korritua:

a) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

b) Zein xedetarako eman ziren, hura ez betetzea.

c) Jarduera bete dela frogatu beharra ez betetzea edo behar den moduan ez frogatzea.

d) Jarraipena eta kontrola egiteko ahalmena duten erakundeen ekintzak oztopatzea eta datuak emateko betebeharrak ez betetzea.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ez jakinaraztea xede bererako bestelako laguntza edo diru-laguntza publiko batzuk, Estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak, lortu direla.

f) Deialdi honetan ezarritako beste baldintza eta betebeharren bat ez betetzea.

Aurreko lehenengo puntuan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Oinarri honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.

19. oinarria. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastua, obraren bat egiten den kasuetan, 30.000 eurotik gorakoa bada edo, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen horniketa egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan, 12.000 eurotik gorakoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Hori betetzeko, kasu bakoitzean hiru aukera hauetako bat hautatuko da:

a) Gutxienez hiru eskaintza eskatu eta jasotako proposamenetatik onena hautatu izana, salbu eta, diruz lagundu daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntzarako eskaera egin aurretik egina bada. Entitateak justifikaziorako txostena aurkeztu beharko du adjudikazioa eskaintza merkeenari egiten ez zaionean.

b) Merkatuan dauden pareko operazio errealen prezioen metodoa: merkataritzako trafikoan balio duen euskarriko agiriak aurkeztuz frogatu beharko da merkatuan pareko eta antzeko eragiketak daudela, diru-laguntzaren xede den eragiketaren ekonomia eta eragimena agerian uzten dutenak.

c) Garai bereko aurrekontuen deflaktazio metodoa: onuradunak antzeko eragiketa alderagarrien egungo aurrekontuak aurkeztu ahal izanen ditu, kontratazioa egin zenetik alderdi hau frogatu bitarte izandako KPIren gorabeherarekin zuzenduta (deflaktatuta), agerian utziko dutenak kontratazioa eragimenez eta ekonomiaz egin zela.

Oinarri honetan xedaturik dagoena ez da aplikatzekoa izanen, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

20. oinarria. Onetsiriko proiektuen aldaketak.

Proiektuak aldatuz gero edo diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, baimen ditzan. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du diru-laguntza emateko hasiera bateko ebazpena aldatzeko. Onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera utzi ahalko da, aldaketen garrantziaren arabera.

Aurkezten den partaideen behin betiko zerrendak entitate onuradun bakoitzari onetsi zaion ibilbidearekin bat etorri beharko du, deialdian aipatzen diren talde desberdinen partaidetzari eta banaketari dagokienez. Ez-betetzerik edo bat ez etortzerik izaten bada, horrek diru-laguntza proportzionalki murriztea ekarriko du, eta kenduko den zenbatekoa honela kalkulatuko da: partaideko batez besteko kostua bider ibilbidera egokitzen ez diren partaideen kopurua.

21. oinarria. Araudi osagarria.

Deialdi honetan araututa ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

22. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Entitate onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerrarazi beharko dute.

23. oinarria. Datuen babesa.

Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

24. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F1105041