62. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

296/2011 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, "2011. eta 2012. urteetan, ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezartzeko".

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du beharrezkoa dela arautzea Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzak, hiri eremuetan erortzeko arriskuan diren ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten. Arautze hori bat dator Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzen arloan ezartzen duen lege esparruarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.3 artikuluari eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.5 artikuluari jarraituz, diru-laguntzak hurrengo ekitaldietan gastuak ekartzen dituenean, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko du aldez aurretik urte anitzeko gastuaren konpromisoa.

Nafarroako Gobernuaren 2011ko otsailaren 21eko Erabakiaren bidez, Herri Lanetako zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onesteko gastu konpromisoa hartzeko, 2011. eta 2012. urteetan ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten.

Horrenbestez, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 8. artikuluari dagokionez, esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onestea, 2011. eta 2012. urteetan ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezartzeko. Deialdia ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarriek arautuko dute.

2. Gehienez ere 400.000,00 euroko gastua onestea, 2011. eta 2012. urteetan ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezartzeko; 100.000 euro 2011. urteko aurrekontuko "Ezponda harritsuak" izeneko 610002-61320-7609--456300 kontu-sailaren kargura ordainduko dira, eta gainerakoa, 300.000,00 euro, 2012. urteko aurrekontuko kontu-sail baliokidearen kargura. Espedientearen zenbakia: RCSA 3268.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 14an.-Herri Lanetako zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

ERANSKINA

Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak, 2011. eta 2012. urteetan ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak
egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten

1. Xedea eta helburua

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak ematea, hiri eremuetan erortzeko arriskuan dauden ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzaten.

Laguntza hauen helburua da jendearentzako arriskutsuak diren lur mugimenduak gertatzeko aukerak murriztea, alegia, pertsonak, etxebizitzak edo azpiegiturak ukitzen ahal dituzten lubiziak edo lerradurak gutxitzea. Hirigintza hobetzeko jarduketak ez dira laguntza hauen xede.

2. Diruz lagun daitezkeen jarduketak, betebeharrak eta baztertutako jarduerak

Diru-laguntzak honako jarduketa hauek edo horietako batzuk hartuko ditu: proiektua prestatzea, laguntzaren xedeko obrak zuzentzea eta gauzatzea.

Aurretik egindako deialdietan aurkeztu arren aintzakotzat hartu ez ziren eskabideak ez dira onartutzat emanen eta, beraz, berriro eskatu beharko dira diru-laguntzak, deialdi honetako baldintzen arabera.

Aurkezten diren proiektuek kasu bakoitzean proposatutako irtenbidea arrazoitu beharko dute, kontuan hartuz obren helburu bakarra dela lubiziak edo bestelako lur mugimendu arriskutsuak gertatzeko aukerak saihestu edo gutxitzea. Zehaztu eginen da zer arrisku dagoen, zergatik den arriskutsua eta zer neurri hartu diren arrisku hori saihesteko, neurri horiek behar bezala baloratuz eta justifikatuz.

Baztertu eginen dira hartutako irtenbideak behar bezala arrazoituak jasotzen ez dituzten proiektuei dagozkien eskabideak edo lurra egonkortzeko egin beharreko obretarako aurrekontu desorekatua dutenak, baita proiektuetan hasiak edo bukatuak diren obrak biltzen dituztenak ere.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, aurrekontuko diru kopurua aski bada, obrak egiteko kontratuen ziurtagirien eta likidazioen zenbatekoak finantzatuko ditu, eta kasua bada, proiektua prestatu eta obrak zuzentzearenak ere.

Aurrekontuko diru-izendapenak baldintzatuko ditu diru-laguntzak, eta honela eginen da: 100.000,00 euro arte, 2011ko aurrekontuko "Ezponda harritsuak" izeneko 610002-61320-7609-456300 kontu-sailaren kargura, eta 300.000,00 euro, 2012ko aurrekontuko kontu-sail baliokidearen kargura.

4. Onuradunak

Diru-laguntzaren xedeko jardueretan interesa duten Nafarroako toki entitateek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan.

5. Eskaerak

Eskaerak aurkezteko epea 2 hilekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura zuzenduko dira, eta Nafarroako Gobernuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, 31002-Iruña) edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian (2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 9koa) ageri diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren gainerako bulegoetako edozeinetan edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

6. Ebaluazio organoa

Eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde tekniko batek ebaluatuko ditu:

Batzordeburua: Cristina Presmanes Zatarain, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Esteban Felipe Faci Paricio, Geologia eta Geoteknia Ataleko burua.

Mahaikidea: José Francisco López García, Proiektuen Ataleko burua.

Mahaikidea: Juan Carlos Pena Echeverría, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko Kontrol Administratiboaren Bulegoko burua, idazkari lanetan.

7. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Eskaerak baloratzeko, lehiatzen den kasu bakoitzak Foru Komunitatearentzat dituen interes eta errentagarritasun soziala hartuko dira kontuan, eta, bereziki, eskatutako jarduketaren arriskua eta presa. Diru-laguntza emanen zaie batzorde teknikoak arriskuaren arabera prestatutako zerrendan lehentasun handiena duten eskaerei, eta gainerakoak deialditik kanpo geldituko dira, aurrekontuaren mugagatik. Batzordearen irizpena lotzailea izanen da.

Kasu bakoitzaren arriskuaren balorazioa egitean ez da kontuan hartuko aurreko urteetan diru-laguntza eskatu den ala ez.

8. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Batzorde teknikoak eskatu diren diru-laguntza guztien zerrenda eginen du, non lehentasunak ezarriko baititu, arriskuaren arabera. Horrela, batzordearen iritziz arrisku eta presa gehien duten eskabideak lehenengo egonen dira zerrendan eta arrisku gutxiago dutenak ondoren, arrisku gehien dutenetatik gutxien dutenetara antolatuak.

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak zilegi izanen du informazio osagarria eskatzea deialdian eskatzen denaz gainera, eta ebazteko proposamena eginen du.

Diru-laguntza eman edo ukatzeko, ebazpen arrazoitu bat emanen du Herri Lanetako zuzendari nagusiak, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

Diru-laguntzetarako eskaeren ebazpenean zehaztuko da haien zenbatekoa, onuradunak eskatutakoaren arabera eta deialdi honen 3. oinarrian finkatutako mugen barrenean.

Kasuaren berezitasunengatik hala komeni bada, zilegi izanen da diru-laguntza Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta onuradunaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez ematea. Bertan finkatu eginen da bakoitzak zer konpromiso hartzen duen proiektua prestatu, segurtasunerako koordinatzailea izendatu, diru-laguntzaren xedeko obrak zuzendu eta gauzatzeari dagokienez. Edozein kasutan ere, kasuko toki entitateak izanen du obren titulartasuna eta berak izanen du lanak zaintzeko ardura; halaber, hirugarrenei egiten ahal zaizkien kalte eta galeren ardura ere izanen du.

9. Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Ematen den diru-laguntza justifikatzeko, eraikuntza-lanak egiteko kontratuen ziurtagiriak eta likidazioak aurkeztuko dira, eta, kasua bada, proiektua prestatzearenak eta obrak zuzentzearenak ere bai.

Proiektua prestatzea eta obrak zuzentzea beren kontura ari diren teknikari profesionalen gain baizik ez badago, lanbide elkargoen bidez benetan ordaindutako zerbitzu-sariak hartuko dira aintzat, baldin eta haien tarifa orientatiboei lotzen bazaizkie eta ikus-onetsien fakturen bidez justifikatzen badira.

Proiektua eta obrak onuradunarenak diren bitartekoekin prestatu eta zuzentzen direnean, onuradunek entitateko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez frogatuko dituzte diru zenbatekoak.

Egindako obraren ziurtagiria eta proiektuak prestatzeko eta obrak zuzentzeko lanen ziurtagiriak edo likidazioak aurkeztean ordainduko da diru-laguntza, non ez duen ebazpenak beste modu bat ezartzen, deialdi honen 8. oinarrian aipatu inguruabar bereziak kontuan hartuta.

10. Bateragarritasuna

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko jasotzen ahal diren bestelako diru-laguntzekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11. Onuradunen betebeharrak

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzaren xedeko jarduera gauzatzea eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Diru-laguntzen xedeko obrak gehienez ere 3 hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntzak emateko ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik hasita, 2012ko aurrekontuaren kargura erabat ordaintzen diren obra eta lanak izan ezik. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio noiz hasiko diren obrak.

3. Proiektuaren garapenean edukia edo kostua aldatzea ekar dezakeen gorabeherarik izaten bada, haren berri ematea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik sortuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, berariaz onartzen ez badu behintzat.

4. Diru-laguntza ordaintzeko behar den dokumentazioa aurkeztea, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen den moduan.

5. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari.

6. Diru-laguntzaren xedeko jardueren finantziazioa publikoa dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzaren xedeko jarduerak egiteko hornitzaileak eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz kontratatu direla dioen erantzukizuneko aitorpena aurkeztea.

12. Ez betetzea

Oinarri hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, eta, kasua bada, jasotako dirua itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, onuradunak lege horren "Arau-hausteak eta zehapenak" izeneko IV. tituluak xedatzen duenari lotuko zaizkio.

13. Emandako diru-laguntzen publizitatea

Ematen diren diru-laguntzak www.navarra.es web orrian argitaratuko dira, ondoko datu hauek adierazita: deialdia, programa eta diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru laguntzaren helburua.

14. Errekurtsoak

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

ESKABIDE EREDUA

........................................ jaunak/andreak, bizilekua .........................-n, ...................................................................kalean edo plazan, .............. zenbakian duenak, eta telefonoa ...................... eta NANa/IFZ .......................... dituenak, bere izenean edo honako hau ordezkatuz: ........................................................................

Honako hau adierazten du:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatuta, 2011. eta 2012. urteetan ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egin eta neurri zuzentzaileak ezartzeko Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia dela-eta (2011ko ............. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ....................aren ....... (e)an), bertan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, deialdi horretako oinarriak bere hartantxe onartzen dituela, eskatzen den dokumentazioa eransten duela eta ............................................. euroko (eskatzen den diru kopurua letraz eta zifraz adierazi) diru-laguntza emateko eskatzen duela, ................................................. izeneko jarduera finantzatzeko.

Honako hau eskatu du:

Eskabide hau onartu eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jar daitezela.

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1105029