60. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2011. urtean nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak emateko arauak ezarri zituen, eta 2008rako deialdia onetsi zuen. Foru agindua 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28an.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordeko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek 2008ko irailaren 1ean igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta aipatu arau proiektua erregistratu zuen, XA332/2008 zenbakiarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarriak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Azaldutakoarekin bat, foru agindu honen bidez, nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia egin da 2010eko ekitaldirako. Deialdiari Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ekainaren 27an emandako 355/2008 Foru Aginduan aipatzen diren arauak aplikatuko zaizkio.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Enpresak kudeatzeko planetarako, nekazaritzako kooperatibei laguntzak emateko 2011ko deialdia onestea. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkie laguntza horiei.

2. Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

3. Foru agindu honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko 104.870 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak" izeneko 721000- 72210-4701-413107 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 15ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1105028