2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZABALTZA
Minusbaliatuei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Zabaltzako Udalak, 2010eko azaroaren 18an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Minusbaliatuei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2010eko 151. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Arraitzan, 2011ko martxoaren 10ean.-Alkate udalburua, Alfredo Izco Rezusta.
ZIOEN AZALPENA
Minusbaliatuak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dioenez, udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriek ibilgailua aparkatzeko erraztasuna izan dezaten, eta agerian da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren ondoriozko abantailen onura hartzen dutela.
Irizpide bera du Europar Batasuneko Kontseiluak; izan ere, desgaitasuna dutenendako aukera berdintasuna aipatzen duenean bidezkotzat jotzen du mugikortasun murriztuko pertsona guztientzat neurri gehigarri zehatz batzuk izatea haien integrazioa, lanean zein gizartean, laguntzeko. Hori dela eta, bidezkoa iruditzen zaio Europa osorako ekimen bateratua bideratzea desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko, haien zirkulazio librea bulkatu beharrez.
Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an Gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela sortu beharrez. Estatu kide guztiek elkarri onartutako eredu europar bakar baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz.
Mugikortasun arazoen mailak zehazteko irizpideak ezarri ziren Minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan. Egungo araudian, Nafarroako Foru Komunitate osoan ezin da bertze irizpiderik erabili "mugikortasun murriztua" edo "mugatua" ebaluatzeko, alor honetan indarra duten legezko eta erregelamenduzko aginduen ondorioak bete daitezen. Eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dagokio hura egitea, eta horretarako arrazoia irizpideak batuta izatearen komenentziaz haratago doa. Izan ere, Nafarroan indarra duen legediaren arabera, Udal batek luzaturiko txartelek bertze udalerrietan ere eragina dute.
1. artikulua. Xedea.
Desgaitasuna duten pertsonetan mugikortasun murriztua dutenek gidatutako ibilgailuentzat edo haiek daramatzatenentzat aparkatze txartela eskuratzeko prozedura eta haren erabilera arautzea ditu xede ordenantza honek, baita txartel hori Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioan hartutako ereduari egokitzea ere.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Desgaitasuna duten pertsonetan mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko txartelak, Ordenantza honetan aurreikusitako prozeduraren arabera emanak, Zabaltzako Udalaren lurralde eremurako balioko du, eta gaitasuna emanen dio titularrari aparkaleku erreserbatuak erabiltzeko eta pertsona ezinduentzat ibilgailua aparkatzeko ezartzen diren eskubideak izateko; bertzetik, Europar Batasuneko Estatu kide guztietan erabiltzen ahal da, Europako udal bakoitzak ibilgailuen antolamendu eta zirkulazio arloan ezarrita duenaren arabera.
Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazioek desgaitasuna duten pertsonetan mugikortasun murriztua dutenei emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Zabaltzako lurralde eremuan.
3. artikulua. Eskubidearen titularrak.
Desgaitasuna duten pertsonetan mugikortasun murriztua dutenendako aparkatze txartela eskuratu eta erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira: bizilekua Zabaltzan izatea, mugikortasunari larri eragiten dion urritasun fisiko edo psikikoa izatea, balorazio unitate egokiko medikuek hori baieztatzen duen irizpen teknikoa eman izana, eta minusbaliotasuna %33tik goitikoa izatea.
4. artikulua. Aparkatzeko txartela erabiltzeko baldintzak.
1.-Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.
b) Txartela aurreko haizetakoan jarri beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko moduan dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.
c) Txartela daraman ibilgailua desgaitasuna dutenendako erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.
d) Denbora tarte mugatu batean aparkatu ahalko da, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.
e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:
-Txartelaren titularra eramaten ez duenean.
-Oinezkoen pasabideetan.
-Espaloi gainean.
-Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.
5. artikulua. Txartelaren deuseztapena.
Txartela erabiltzeko baldintzak edo polizia-agenteen oharrak betetzen ez badira, gertatutakoa egiaztatu, eta txartela erabiltzeko eta aparkatzeko eskubideak galtzen ahalko dira.
6. artikulua. Aparkatze txartela emateko prozedura.
Zabaltzako Udalari dagokio txartela ematea, ondoko prozeduraren arabera:
A.-Eskaera.
Interesdunak inprimaki bidez eskatuta abiatuko da espedientea. Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahal du. Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona izanen da beti txartelaren titularra.
B.-Dokumentazioa.
Honako hau da eskaerarekin bat aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1.-Eskatzailearen NANaren fotokopia.
2.-Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.
3.-Titularraren bi argazki, nortasun agirikoaren tamainakoak.
4.-Nafarroako Gobernuko Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak luzaturiko ziurtagiria, garraiobide publiko kolektiboak erabiltzerik ez duela egiaztatzen duena. Onuradunak A, B edo C kasuetako batean egon beharko du, edo zazpi puntu eskuratu Nafarroako Minusbaliatuen Oinarrizko Zentroko Balorazio, Diagnostiko eta Orientaziorako Taldeak erabiltzen duen baremoko D, E, F, G eta H atalak batuta (abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua).
C.-Ebazpena.
Alkate udalburuak hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udal Erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita.
Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea administrazio isiltasunaren bidez ezetsia dela ulertuko da.
D.-Formalizazioa.
Udalak, txartelarekin batera, hura erabiltzeko baldintzen laburpena emanen dio, bai Udalean bai Europar Batasuneko estatuetan bete beharrekoak jasoko dituena.
7. artikulua. Balioaldia.
Txartelean berean zehaztuko da noiz arte balioko duen. Bi faktoreren mende dago: titularraren adina eta mugikortasunaren gaineko irizpeneko ezaugarriak; alegia, behin betikoa edo aldi baterakoa den.
-18 urtez goitikoendako, 5 urteko balioaldia du txartela ematen den egunetik aitzina; betiere, irizpenak behin betiko mugikortasun murriztua agertu beharko du.
-Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordu arteko balioa izanen du.
-Titularra 18 urtez azpikoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da gehienez ere. Irizpenean mugikortasun murriztuaren iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.
-Edonola ere, indarraldia amaitutzat joko da Zabaltzako biztanleen erroldan baja ematen bada; halakoetan, hogei eguneko epea izanen da, baja egunaren biharamunetik hasita, txartela udaletxean uzteko.
8. artikulua. Txartelaren berritzea.
1.-18 urtez goitikoak, behin-betiko irizpena dutenak: 6 urtean behin berrituko dute. Udalak non bizi eta erroldatuta den begiratuko du eta interesdunak nortasun agirikoaren tamainako bi argazki beharko ditu aurkeztu.
2.-18 urtez goitikoak, behin-behineko irizpena dutenak: balioaldia amaitzen den egunean berrituko dute. Kasu honetan, berritzeko, interesdunak mugikortasunaren gaineko irizpen berria aurkeztu beharko du, baita bi argazki ere, nortasun agirikoaren tamainakoak, eta non bizi eta erroldatuta dagoen frogatu.
3.-18 urtetik beheitikoak: aldi baterako balioa bukatzen den egunean berrituko da; ez da 2 urterako baino gehiagorako emanen eta interesdunak irizpen berria aurkeztu beharko du.
4.-Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.
5.-Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxean aurkeztu beharko du txartel zaharra.
6.-Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
7.-Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste administratiboak dira:
a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.
Arau-hausteak 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.
Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
b) Txartelak erabiltzea administrazioaren kontzesiorik gabe edo haren indarraldia amaituta.
Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.
Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnak eramateko erabiltzea.
Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.
Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.
Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
I. ERANSKINA
Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren eskabidea
-Pertsona desgaituaren datuak.
Izena: ..............................................., NAN zenbakia: .............., bizitokia: ..................................., karrika: ..............................., PK: ........................ eta telefonoa: ..........................
-Legezko ordezkariaren datuak.
Izena: ................................................ NAN zenbakia: ..............; bizitokia: .....................; karrika: .............; PK: .......; telefonoa: ............, gorago aipatu pertsona desgaituaren legezko ordezkari gisa.
Eskatzen dut:
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txartela ematea, atzealdean ageri diren baldintzen arabera, 2010eko ......... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ........ aren .... (e)ko ordenantzan xedatutakoari jarraikiz. Ordenantza horren bidez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txartela Europako ereduari egokitu zaio eta hura eskuratzeko baldintzak ezarri dira.
Zabaltzan, 2.....(e)ko ........................................aren ..........(e)an.
DESGAITASUNA DUTENEK APARKATZEKO TXARTELA ERABILTZEKO BALDINTZAK
-Baimen hau norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularrak berak gidatu beharko du ibilgailua edo beste norbaitek, titularra barrenean dela.
-Horretarako seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du, baita aparkatzea debekatua dagoen tokietan ere behar-beharrezko denboran, salbuespen hauekin:
-Oinezkoendako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoendako pasabideak.
-Gelditzea debekatua dagoen tokian.
-Pasabideak edo larrialdiko irtenbideak oztopatzen diren tokietan.
-Zirkulazio lerroak murrizten dituzten tokietan ("bigarren ilara")
-Udaltzainen oharrei kasu egin beharko zaie une oro.
Iragarkiaren kodea: L1104481