1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
6/2011 FORU LEGEA, martxoaren 17koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 9. bis artikulua sortzen duena.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUARI ATXIKITAKO LANGILEEN ARAUBIDE BERARIAZKOA ARAUTZEN DUEN URRIAREN 20KO 11/1992 FORU LEGEKO 9. BIS ARTIKULUA SORTZEN DUENA.
ZIOEN AZALPENA
2011rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legeko hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez indargabe gelditu zen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 9. bis artikulua, eta araubide berria ezarri zen arrisku berezia dakarten lanpostuetan aritzen diren langileentzat. Xedapen horretarako arrazoia da "osasun-langileen lanpostuetan gertatzen diren arriskuen hasierako definiziorik eza" eta "arrisku horiek eta haiei ordaintzera bideratutako sistema bat uztartzeko zailtasun handia".
Bi argudio horiek ez dute oinarri nahikorik legean sartutako aldaketa justifikatzeko, nahiko izanen litzatekeelako azterlan metodologiko bat egitea, osasun-langileek betetzen dituzten lanpostuetako arriskuak definituko dituena.
Ikuspuntu juridikotik, onetsitako proposamen horrek urratu egiten ditu osagarri horien lege-oinarrien azpian dauden printzipioak, definizioz honako hauek baitira: "osagarriak dira oinarrizko soldatari gehitzen zaizkion lansariak, eta lanpostuaren ezaugarrien arabera ezartzen dira". Hogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren bidez emandako araubide berriak printzipio hori hausten du, horren arabera arloak hartzen baitira kontuan osagarriak esleitzerakoan, eta arloen arabera diskriminatzen dira lanpostuak, eta horrek ez du batere lege-euskarririk. Halaber, arloei buruz egiten duen garapen zehatzean ere gertatzen da diskriminazioa; izan ere, horietan ez dira ageri, besteak beste "oinarrizko laguntzako ekipoak, emakumeari laguntzeko zentroak, ospitalez kanpoko kontsultak, eta abar."
Lan-arlo bakoitzaren tipologiaren berezitasuna berezko arriskuen arabera jasotzearen aitzakian, arrisku bereziko osagarriaren araubide osoa berritu da berez, osagarri horren edukia nabarmen aldatuta eta epai bidez aitortutako eskubideak kaltetuta.
Lege-prozeduraren ikuspuntutik, bete beharreko izapideak ere ez dira bete; izan ere, negoziazio kolektiboa da lansari hori, horren zenbatekoa, bidezkotasuna eta abar hitzartzeko tresna. Horixe da foru lege honen xedea.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea aldatzen duen foru lege honen egitura honakoa da: artikulu bakar bat, zeinak aipatutako foru legeari 9. bis artikulua gehitzen baitio arrisku bereziko osagarria arautze aldera, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.
Artikulu bakarra.-9.bis artikulua gehitzea.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean 9. bis artikulu berri bat eransten da. Testu hau izanen du:
"9.bis artikulua. 1. Arrisku bereziko osagarria erregelamenduz esleituko zaie berekin toxikazio, neke edo arrisku bereziko egoerak dakartzaten lanpostuei.
Osagarri honen zenbatekoa lanpostu bakoitzerako zehaztuko da, arrisku bereziko ezaugarri berariazkoak aintzat hartuta, eta ez da inolaz ere izanen kasuan kasuko mailako hasierako soldataren ehuneko 10ekoa baino handiagoa.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuaren bidez, toxikazio, neke edo arrisku bereziko egoerek dakartzaten arriskuei buruzko azterlan zehatz bat eta ebaluazio bat eginen ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lanpostu bakoitzerako. Azterlan hori gizarte eragileekin negoziatuko du".
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko zazpigarren xedapen gehigarria indargabetzen da.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2011ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen du eragina.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2011ko martxoaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1105108