1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
5/2011 FORU LEGEA, martxoaren 17koa, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea aldatzekoa.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, NEKAZARITZA AZPIEGITUREI BURUZKO MARTXOAREN 7KO 1/2002 FORU LEGEA ALDATZEKOA.
ZIOEN AZALPENA
Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 68.3 artikuluan hartzaileek aurretiaz bete beharreko zenbait baldintza ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak edo bere sozietate publikoen bidez obrak egin ahal izateko. Baldintza horietako bat artikulu horretako 3. idatz-zatiko a) letran ezarritakoa da: dagokien finantzaketa zatia eta hala bide denean egiten diren likidazioak aurrez aportatzea. Finantzaketa zati hori, hasiera batean, obra horien kostuaren ehuneko 50ekoa da.
Onartu beharra dago bizi dugun zailtasun ekonomikoko une honek eragin berezia izan duela toki entitateen diru-sarreretan, nabarmen jaitsi baitira likidezia, finantzatzeko ahalmena eta, azken batean, gastua; horrenbestez, bereziki zail dute baldintza hori betetzea. Beraz, entitate horien ekarpena erraztea komeni da; hartara, finantzaketari kalte egin gabe, erraztu eginen da, entitate horien ekarpenak obrak egiteko prozesuaren erritmoari egokituta.
Artikulu bakarra.-Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen aldaketa.
Testu hau izanen dute ondoren aipatzen diren Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen agindu hauek:
Bat.-51.2 artikulua.
"Instalazio horietarako laguntza publikoak eskuratzeko, instalaziook oinarrizko ureztatze-azaleraren adinakoak edo handiagoak izan beharko dute. Irizpide hori ez da aplikatuko ureztaketarako ezarritako azalera oinarrizkoaren neurria lortzerik ez duten finketan, bai topografi edo isolamendu arazoengatik bai ageriko ezintasun teknikoengatik".
Bi.-52.4 artikulua.
"Ureztatze-unitate berean ura lurzatian aplikatzeko sistema bakarra erabiltzen ahalko da. Aukeratutako sistema prestatuko da laboreetarako hobekien den moduan, arrazoi agronomikoak eta kostua kontuan harturik. Lurzatian ura aplikatzeko sistemek, bakoitzak bere aldetik, oinarrizko ureztatze-unitatearen tamaina baino handiagoa badute, aurreko irizpide orokorretik salbuetsita egonen dira. Foru lege honetan aurreikusitako dirulaguntzak aplikatuko zaizkie tamaina hori gainditzen duten ureztatze-sistemari edo ureztatze-sistemei".
Hiru.-68.3.a) artikulua.
"3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak edo bere sozietate publikoen bidez obrak egin ahal izateko, hainbat baldintza aurretiazko ezarriko dira, hartzaileek bete beharrekoak eta erregelamendu bidez garatzekoak, honako oinarri hauetan oin hartuta:
a) Dagokien finantzaketa zatia eta, kasua bada, egiten diren likidazioak aldez aurretik egitea.
Hala ere, foru lege honetako 71.2 artikuluko bigarren ataleko d) letran ageri diren barne banaketako obren kasuan, herrilurretan nahiz gisako lursailetan egiten direnetan, onuradunek obra horien esleipen-zenbatekoaren ehuneko 50 jarri beharko dute obrak hasi aurretik, foru lege honetako 73.4 artikuluarekin bat, edota, bestela, zenbateko bereko abal solidario bat, Espainian eragiketak egiteko baimena duen banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek lehenbiziko errekerimendua egindakoan exekutatzeko modukoa. Abala aurkeztea hautatuz gero, onuradunek dagokien zenbatekoa ordaindu beharko dute obra-ziurtagiri bakoitzean, ziurtatutako epea amaitu eta hirurogei egun pasa aurretik".
Lau.-71.2 artikulua. f) letra berria gehituko zaio.
"f) Herrilurretan egindako lurralde-hobekuntzak: Nekazaritza-azpiegituren jarduketarekin batera, herrilurrak berrantolatzeko eta hobetzeko prozesuaren barruan egiten diren inbertsio oro, herrilurretako laborantza-loteak hobetzea helburu. Kontzeptu horren barruan sartuko dira laborantza-lote berrietan mugarriak jartzeko lanak, drainatze-obrak eta laborantza-finken lurralde-hobekuntzatzat jotzen den beste edozein inbertsio. Edonola ere, obra horiek kontratatuta egon beharko dute ureztaketa abiatzeko deklarazioa egin eta hiru urteko epea amaitu aurretik".
Bost.-73.4 artikulua.
"Foru lege honetako 71.2 artikuluko bigarren ataleko d) letran aipatzen diren obrak finantzatzeko, herrilurretako barne banaketari buruzkoak, baldintza ezinbestekoa izanen da barne banaketa hori presiopeko sareen bidez egitea, eta hartara, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gehienez ehuneko 75 finantzatuko du, eta kasuko toki entitateak edo eite berekoak gainerakoa, gainerako hori kalkulaturik egoeraren arabera finkatzen ahal diren erreferentziako kostuen gainean. Horrez gain, toki entitateak hamabost urtez eutsi beharko dio bere hartan loteen tamainari; ez da zilegi izanen tamaina hori oinarrizko ureztatze-azalera baino txikiagoa izatea, eta adjudikaziorako baldintzak foru lege honetako 42.5 artikuluan esaten denaren araberakoak izanen dira. Ehuneko 75eko gehieneko dirulaguntza hartzeko baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.
Ehuneko 50eko oinarrizko dirulaguntza Administrazioak jarriko du obren exekuzioa gauzatzen den bitartean. Ehuneko 25eko dirulaguntza osagarria lortzeko baldintzak erregelamenduz garatuko dira; oinarria izanen da saritzea herrilurren adjudikazio-hartzaile direnek Nafarroako Ustiategien Erregistroaren arabera dituzten ezaugarriak, eta saritzea, halaber, zer prestakuntza duten ureztatzearekin zerikusia duten gaietan eta zer kontrol beren ur-kontsumoen gainean. Behin egiaztapena eginda, erregelamenduz ezarritako baldintzei jarraituz, ehuneko 25 hori ordainduko da".
Sei.-73. artikulua. 6. idatz-zatia gehituko zaio.
"6. Foru lege honetako 71.2 artikuluko bigarren ataleko f) letran aipatzen diren obrak toki entitateek sustatu eta eginen dituzte, eta Nafarroako Gobernuak, gehienez ere, ehuneko 40ko dirulaguntza emanen die. Gehieneko dirulaguntza hori eskuratzeko baldintzak erregelamendu bidez garatuko dira".
Xedapen indargabetzailea.-Foru lege honen aurka doazen lege- nahiz erregelamendu-xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.
Azken xedapena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den unean bertan.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2011ko martxoaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1105098